95. ALDIZKARIA - 2002ko abuztuaren 7a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Dekretuak

137/2002 FORU DEKRETUA, ekainaren 24koa. Arautzen ditu Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokorraren antolamendua eta jardunbidea.

Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeak bere 38. artikuluan (urtarrilaren 13ko 4/1999 legeak ematen dion testuan), arautzen du nola antolatu behar diren eta nola jardun behar duten administrazioaren erregistroek.

Administrazioko organoen erregistroak aspaldi handitik herritarrarentzako sarbide izan dira botere publikoen aurrean ondorio izan behar duten eskaerak eta idazkiak aurkezteko. Gaur egun, eginkizun horrez gain, administrazioen arteko elkarlanerako tresna baliagarri ere badira eta, herritarrek idazkiak, eskaerak eta beste edonolako dokumentazioa aurkeztu eta esku hartu gogo duten prozeduretan behar diren baldintza tekniko nahiz juridikoen gaineko informazioa eskatzeko tokia izateaz gain, Administrazio Publikoen arteko laguntzarako tresna dira, erregistro horiek gaur asko baitira, bai Administrazioarenak berarenak eta bai hitzartuak, lurraldean ongi kokaturik baitaude eta haietan egiten diren egintzak baliozkoak baitira.

Ikusirik Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokorraren antolamendua bere unitate, organo eta zerbitzuen lurralde sakabanatzearen arabera moldatu behar zela, eta informazio sistemak ere egokitu behar zirela interesatuek teknika elektroniko, telematiko eta informatikoak erabiltzean administrazioarekin komunikabide segurua izan dezaten, eta ikusirik halaber, beste Administrazio Publiko batzuetako erregistroekiko harreman sistema aintzat hartu behar zela, juzgatu da zerbitzu oinarrizko honen antolamendua eta jardunbidea berriro arautu behar zirela.

Hala ere, informazio teknologien eta komunikazioen aurrerabidea gogoan dugularik, eta ikusirik teknika elektroniko, telematiko eta informatikoak pixkanaka administrazioaren arlo guztietan sartu direla, baliteke Foru Dekretu honetako aurreikuspenak zaharkiturik gelditzea, eta horregatik eskumena ematen zaio Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuko kontseilariari teknika hauek sartzeko gaur egun modu konbentzional batean tramitatzen diren prozedura, eskaera eta tramiteetara.

Foru Dekretu hau emateko, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoko 49.1.e) artikuluko eskumena erabiltzen da, eta bai azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 11. artikuluak autoantolamendurako ematen duen eskumena ere, eta lege ber horretako azken xedapen bakarra aplikatzen da, urtarrilaren 13ko 4/1999 legeak ematen dion testuan.

Hori horrela, Nafarroako Kontseiluarekin bat, Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariak hala proposatuta eta bi mila eta biko ekainaren hogeita lauan hartutako Erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua. Printzipio orokorrak.

Herritarrek ondorio juridikoak izan behar dituzten eskaera eta dokumentuak aurkeztu, aurkeztutakoen kopia zigilatuak eskuratu eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari egin nahi dizkioten eskaeren baldintza juridiko eta teknikoen gaineko informazioa eta orientazioa eskuratzeko, eta bai Administrazioagandik jaso behar dituzten komunikazio eta ziurtagiriak jasotzeko, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokorraren bulegoak erabiliko dira, nahiz eta zilegi izanen den Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko Legeko 38.4 artikuluak ezartzen dituen beste aurkezpen bideak ere erabiltzea.

2. artikulua. Erregistro Orokorraren antolamendua.

1. Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokorra erregistro bakar integratuaren sistemaren arabera antolatzen da. Bertan idazpena eginen zaie herritarrek Foru Komunitateko Administrazioaren unitate, organo eta zerbitzuei egiten dizkieten idazki eta komunikazioei, eta bai administrazioak herritarrei eta beste Administrazio Publikoei bidaltzen dizkien idazki eta komunikazioei. Erregistro honetan, halaber, sarrera emanen zaie beste Administrazio Publiko batzuei zuzendutako dokumentuei, azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 38. artikuluak agintzen duen moduan.

2. Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokorra Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuaren mendean dago eta erregistro bulegoak izanen ditu Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa osatzen duten Departamentu guztietan, eta bai haren mendeko erakunde autonomoetan. Erregistro bulego horiek Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuaren Erregistro Orokorraren bulegoaren mende egonen dira funtzionalki eta organikoki Departamentuen idazkaritza teknikoetan integraturik egonen dira edo erakunde autonomoetan dauden antzeko organoetan.

3. Hirugarrenen aurreko ondorio juridikoak dituzten eginkizunak beren gain dituztelarik, Erregistro Orokorraren bulegoak administrazio organo izanen dira eta Foru Komunitateko Gobernuari eta administrazioari buruzko legean Administrazio organoetarako aurreikusten diren moduetako batean integratu beharko dute.

4. Zerbitzuaren premiengatik hala behar denean, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuak zilegi izanen du baimena ematea erregistro bulego berriak zabaltzeko edo lehendik daudenak kentzeko, kasuko Departamentuaren eraikin berean edo hari datxezkion eraikinetan ez dauden Zuzendaritza Nagusien egoitzetan, betiere bateragarritasun eta segurtasun informatikoa eta idazpenen transmisioa segurtatzen badira.

5. Zilegi izanen ere da Nafarroako Toki Administrazioa osatzen duten entitateekin Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari zuzendutako eskaera eta dokumentuen sarrera erregistratzeko eginkizuna hitzartzea, hartarako behar diren prozedura eta hitzarmenak eginaz, beti era segurtatzen bada administrazio horietako erregistroetan egindako idazpenen transmisioko bateragarritasun informatikoa.

3. artikulua. Erregistro lagungarriak.

Herritarrek idazki eta komunikazioak aurkeztu ahal izateko eta Administrazioak ere halakoak bidali ahal izateko, Nafarroako Gobernuko Departamentuek zilegi izanen dute beren antolamenduan Erregistro Orokorraren bulegoko erregistro lagungarriak ezartzea, Erregistro Orokorraren mendean, eginkizunen handiagatik edo nolakotasunagatik hala behar denean.

Erregistro lagungarriak sortzeak, betiere, segurtatu eginen du idazpena egiten zaien dokumentuak jaso eta bidali direneko denbora hurrenkera, eta informatikaz erregistro bakarraren sisteman integraturik egotea.

4. artikulua. Erregistro integratuaren sistema.

Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokorra integraturik egonen da aplikazio informatiko bakar baten bitartez, eta sistemaren koordinazioa, bateragarritasuna eta koherentzia segurtaturik egonen dira. Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuak beren gain izanen du Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokorrari euskarri ematen dion informatika sistemari baimena ematea. Nahitaezkoa izanen da sistema hori erabiltzea Erregistro Orokorraren bulego guztietan eta Departamentu eta erakunde autonomoetan ezartzen diren erregistro lagungarrietan.

5. artikulua. Erregistro Orokorraren eta erregistro lagungarrien bulegoen eginkizunak.

1. Erregistro Orokorraren bulegoek eta erregistro lagungarriek honako eginkizun orokorrak izanen dituzte:

a) Herritarrek aurkezten dizkieten eskaera eta dokumentuak jasotzea.

b) Dokumentu horien sarrera baliozkotzea eta eskaeren kopia baliozkotua aurkezleari itzultzea, edo, hala bide denean, balio bereko hartu-agiri bat ematea.

c) Herritarrei edo beste Administrazio Publiko batzuei egiten zaizkien komunikazio eta jakinarazpenen idazpena egitea eta baliozkotzea.

d) Herritarrei informazioa eta orientazioa ematea herritar horiek egin asmo dituzten proiektu, egintza edo eskaerei xedapen indardunek ezartzen dizkieten baldintza tekniko eta juridikoen gainean, baldin eta prozedura horiek kasuko Erregistro Orokorraren bulegoa kokaturik dagoen Departamentuaren eskumenekoak badira.

e) Dokumentu pribatuen kopiak kautotzea eta dokumentu publikoak konpultsatzea.

f) Administrazio jakinarazpenak bidaltzea.

2. Erregistro Orokorreko bulegoen eginkizun esklusibo izanen da nortasuna eta erregistroa frogatzea zertifikazio digitaleko zerbitzuei dagokienez, sinatzen diren hitzarmenen arabera eta betiere halako bulegoetarako legez ezarrita dauden baldintzak betetzen badira, Hirugarren Xedapen Gehigarrian zerga gaietako sinadura digitalari buruz agintzen dena salbuetsirik.

6. artikulua. Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuko Erregistro Orokorraren bulegoaren eginkizunak.

1. Aurreko artikuluan oro har Erregistro Orokorraren bulegoetarako eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen Departamentuetako erregistro lagungarrietarako ezarri diren eginkizunez gain, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuko Erregistro Orokorraren bulegoak honako eginkizunak izanen ditu:

a) Erregistro Orokorraren bulegoak eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen Departamentuetako erregistro lagungarriak oro har koordinatzea.

b) Urte bakoitzari dagokion sarrera eta irteeren liburu edo artxibo informatikoa eduki eta zaintzea, erregistro bulego horietan egiten diren egintza guztiak bilduz osatua.

2. Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuko Erregistro Orokorraren bulegoaren ardura duen organoak izanen du fitxategi informatizatu horren ardura, Dokumentu Erregistro Orokorraren Datu Basearen izenpean.

7. artikulua. Jardunbidea

1. Erregistro Orokorraren bulegoek eta erregistro lagungarriak beharturik daude erregistratzeko aurkezten zaizkien eskaera eta dokumentuak onartzera.

2. Eskaera eta dokumentuak onartu ala ez onartzeko behar diren baldintzei eta beste prozedura gaiei buruzko erabakietan sartu gabe -erabaki horiek kasuko prozedurak ebazteko eskudun diren organoek hartu beharko baitituzte-, Erregistro Orokorraren eta erregistro lagungarrien bulegoek kasu bakar batean izanen dute zilegi eskaera eta dokumentu horiek ez erregistratzea: dokumentuaren igorlea nor den edo dokumentua zein organori zuzentzen zaion adierazten ez denean, eta erregistro bulegoaren arduradunak dokumentua aurkezten zaionean jakingai horiek argitzeko esan eta hala egiten ez denean. Igorlea nor den zehazteko, izen-deiturez gain, Nortasun Agiri Nazionalaren, pasaportearen edo identifikazio balio bereko dokumentu baten zenbakia aurkeztuko da.

8. artikulua. Zein idazki eta dokumentu erregistra daitezkeen.

1. Erregistro Orokorraren bulegoetan aurkeztu eta edozein prozeduratan ondorio juridikoren bat izan behar duten eta beraz kasuko espedienteari erantsi behar zaizkion idazki eta dokumentu guztiei egin beharko zaie sarrera erregistroa.

2. Irteera erregistroa egin beharko zaie, halaber, Foru Komunitateko Administrazioko organo, unitate edo zerbitzuek egiten dituzten komunikazio eta jakinarazpen guztiei.

3. Ez zaie sarrera erregistrorik eginen eskaerekin batera datozen dokumentuei eta ez publizitate idazkiei, protokolo hutseko korrespondentziari, eta oro har, ondorio juridikorik ez duten eta beraz kasuko prozeduraren espedienteari erantsi behar ez zaizkion guztiei ere.

4. Foru Komunitateko Administrazioaren mendeko langileek postaz edo bestelako mezu-sistemaren batez artikulu honetan agindu denaren arabera erregistratu behar diren idazki edo dokumentuak jasotzen badituzte, hurrengo bi egunetan entregatu beharko dituzte Departamentuko Erregistro Orokorraren bulegoan, behar diren ondorioak izan ditzan.

9. artikulua. Baliabide elektroniko, informatiko eta telematikoak nola erabili.

1. Foru Komunitateko Administrazioko organo edo entitateen artean, edo haien eta beste edozein pertsona fisiko edo juridikoren artean komunikazioak bidali edo jasotzeko, zilegi izanen da euskarri, baliabide eta aplikazio informatikoak erabiltzea. Elektronikoak eta telematikoak erabiltzean, betiere honako baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Eskuragarritasuna eta sarbidea segurtaturik egotea ezartzen diren baldintzetan.

b) Igorleak eta hartzaileak erabiltzen dituztenak bateragarriak izatea, bien arteko komunikazioa teknikoki ahalbidetzeko moduan. Horren barne izanen da Foru Komunitateko Administrazioak ezartzen dituen erregistro kode eta formatu edo diseinuak erabiltzea.

c) Segurtasun neurriak egotea komunikazioak intertzeptatu eta aldatzea galarazteko, eta bai baimenik ez dutenek haiek hartzea ere.

2. Aurreko atalean aipatu euskarrietan edo bide eta aplikazio horien bidez egindako komunikazioak eta jakinarazpenak baldintza hauen arabera izanen dira baliodunak:

a) Zein egunetan igorri eta hartu diren jasota badago, eta komunikazioen eduki osoa ere jasota badago.

b) Komunikazioaren igorlea eta hartzailea nor diren modu sinesgarrian frogatzen bada.

c) Komunikazio edo jakinarazpena partikular bati bidaltzen bazaio, partikular horiek prozedura hasteko edo tramitazioko edo administrazio egintzaren garabideko edozein unetan adierazi badute Foru Komunitateko Administrazioarekiko komunikazioetarako euskarri, bide edo aplikazio hori nahiago dutela.

3. Aurreko ataletan aipatu diren komunikazioen jasotze data frogatua hartuko da aintzat epeak eta denborak kontatzeko, eta hartarako idatziko dira kasuko Erregistro Orokorrean.

4. Erregistratu beharreko idazki eta dokumentuak aurkezteko bide telematikoa erabiltzeko eskubidearen baldintza orokorrak, Foru Dekretu honen babespean, Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariak zehaztuko ditu Foru Agindu baten bidez.

10. Lan orduak.

1. Herritarrek Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokorraren bulegoetan eskaera eta dokumentuak aurkezteko duten eskubidea segurtatzeko, bulego horiek jendearentzat zabalik egonen dira lan egun guztietan 8etatik 14,30 arte.

Epeak kontatzeko egun bat balioduntzat edo ez balioduntzat deklaratzeak ez du berez baldintzatzen herritarrek Nafarroako Gobernuaren erregistroa zabalik edukitzea ala ez, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 48.6 artikuluak agintzen duenaren arabera.

Hala ere, Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariak aginduko du zenbat eta zein erregistro-bulego egonen diren zabalik administrazio-lanerako baliodun baina jai diren egunetan.

Zilegi izanen da eskaera, idazki eta komunikazioak bide telematikoz aurkeztea urteko egun guztietan eta egunaren hogeita lau orduetan; egun ez baliodun batean jasotzen direnen epeak hurrengo lehen egun baliodunetik kontatuko dira.

2. Urtero Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean eta Foru Komunitatean zabalpenik handiena duten egunkarietako batean argitaratuko da zein ordutan egonen diren irekirik Erregistro Orokorraren bulegoak eta horiek non diren. Informazio hori, gainera, jendaurrean edukiko da, herritar guztiek jakin dezaten, Foru Komunitatea osatzen duten unitate eta zerbitzuen iragarki oholetan.

11. artikulua. Sarrera eta irteera idazpenen datuak.

1. Erregistro Orokorraren bulegoetan jasotzen diren eskaera eta dokumentuak idazpen baten bitartez notatuko dira, honako xehetasunekin:

a) Dokumentuak zer sarrera hurrenkerako zenbaki duen, urtez urte hurrenkatua.

b) Zein egun eta zein ordutan aurkeztu zen Erregistro Orokorraren edo Erregistro lagungarrien bulegoetan.

c) Zein egunetan aurkeztu zen jatorrizko erregistroan, beste erregistro batzuetan aurkeztu denean, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluak agintzen duenaren arabera.

d) Erregistro Orokorraren bulegoetako zeinetan jaso den eskaera, adierazpen alfanumeriko baten bidez.

e) Dokumentua zein Administrazio Publiko, unitate, zerbitzu edo organori zuzentzen zaion, adierazpen alfanumeriko batez.

f) Zer dokumentu klase den, adierazpen alfanumeriko batez zehazturik.

g) Idazki edo dokumentuak zer eduki duen.

h) Eskatzailearen izena, sozietate izena, NAN, IFK edo IFZ, edo eskatzailearena, besteren ordezkari gisa aurkezten badu idazkia.

2. Irteera idazpenetan honako datuak agertuko dira:

a) Irteera hurrenkerako zenbakia, urtez urte hurrenkatua.

b) Eguna eta ordua.

c) Zein unitate, organo edo zerbitzutik heldu den, adierazpen alfanumeriko baten bidez

d) Dokumentuaren deskripzio laburra.

e) Dokumentua hartu behar duen pertsona edo administrazioaren izena edo sozietate izena, NAN, IFK edo IFZ eta helbidea zehazturik.

12. artikulua. Idazki edo dokumentuen sarrera nola baliozkotu.

Sarrera eta irteera jasotzen dituzten idazpenen bidez erregistratzen diren idazki edo dokumentuak baliozkotu behar dira, eta hartarako zigilu bat jarriko zaie, zeinean "Nafarroako Gobernua" eta kasuan kasuan (baliozkotzea sarrerakoa ala irteerakoa den) "S.E/I.E." testuak azalduko diren, eta bai erregistroa egin duen bulegoaren kodea, unitate horren izena, idazki edo dokumentuaren zenbakia, urtez urteko hurrenkeran, eguna eta ordua ere.

13. artikulua. Beste Administrazio Publiko batzuetako dokumentuak nola erregistratu.

1. Erregistro Orokorraren eta Erregistro lagungarrien bulegoek onartu behar dituzte Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko Legeko bigarren artikuluak aipatzen dituen beste Administrazio Publikoetako bati zuzendutako eskaera eta dokumentuak, baldin eta erregistratzeko baldintza orokorrak betetzen badituzte.

2. Aurreko zenbakiak aipatzen dituen idazki edo dokumentuak erregistratu ondoren, berehala Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuko Erregistro Orokorraren bulegora bidaliko dira, hark, bi eguneko epean idazki horien hartzaile behar duten Administrazio Publikoei bidal diezazkien, behar bezala erregistratutako irteerako igorpen ofizioarekin batera.

3. Idazki bat Foru Komunitateko Administrazioko organo, unitate edo zerbitzuei zuzenduta daudela beste Administrazio Publiko bateko erregistroetatik heldu diren idazkiei, sarrera erregistroa emanen zaie jasotzen direnean, jatorriko erregistroaren sarrera datak epeak bete, eten edo mozteari begira duen balioa ezertan galarazi gabe. Ondoren berehala bidaliko dira hartzaile behar duten Foru Komunitateko Administrazioaren organo, unitate eta zerbitzuetara. Hartzailea nor den jakiten ez bada, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuko Erregistro Orokorraren bulegora bidaliko dira.

14. artikulua. Foru Komunitateko Administrazioaren organoen arteko komunikazioa.

Zilegi izanen da Nafarroako Gobernuaren unitate, organo eta zerbitzuek elkarren artean egiten dituzten komunikazioak barne erregistroetan erregistratzea, bai sarreran eta bai irteeran, prozedura informatiko, mekaniko nahiz eskuzkoen bidez.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenbizikoa.-Erregistro aplikazioa.

Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokorraren bulegoetan nahitaezkoa izanen da I. Eranskinean onetsi eta azaltzen den erregistro aplikazioa erabiltzea, azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 45.4 artikuluak agintzen duenaren arabera.

Bigarrena.-Jende eta material baliabideak.

Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokorraren bulegoak, Departamentu eta erakunde autonomo desberdinetan banaturik daudenak, Departamentu eta erakunde horiexetako baliabideez hornituko dira.

Hirugarrena.-Zerga prozeduretako erregistroa.

Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko bosgarren xedapen gehigarriak agintzen duenaren arabera, zerga prozedurak erregistratzeko, beren araudi berariazkoa hartuko da aintzat eta, osagarri, 30/1992 Legeak eta Foru Dekretu honek agintzen dutena.

Laugarrena.-Erregistroaren bulegoak.

Foru Dekretu honek indar hartzen duenean, xedapen honetako 2. Eranskinean ageri diren guztiak hartuko dira Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokorraren bulegotzat.

INDARGABETZE XEDAPENA

Indargabetzen da azaroaren 7ko 218/1994 Foru Dekretua eta Foru Dekretu honek agintzen duenari kontra egiten dioten xedapen maila bereko nahiz apalagoko guztiak.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.-Ahalmena ematen zaio Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariari Foru Dekretu honek agintzen duen guztia aplikatzeko behar diren garabide xedapen guztiak emateko.

Bigarrena.-Foru Dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, bi mila eta biko ekainaren hogeita lauan.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.-Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilaria, Rafael Gurrea Induráin.

I. ERANSKINA

1. Aplikazioaren izena

Erregistroko Dokumentuak Erregistratu eta Jarraitzeko Sistema.

2. Aplikazioaren deskripzio laburtua.

Erregistroko Dokumentuak Erregistratu eta Jarraitzeko Sistemaren helburua da edonolako dokumentuei jarraipena eta kontrola egitea. Dokumentuak identifikatzeko, sistema honek zenbaki bakarra erabiltzen du, dokumentua hartzen denean berainik esleitzen zaiena. Zenbaki horren bidez identifikatuko da dokumentua harekin egiten diren operazio guztietan, ondorenagoko operazioetan zenbaki berriri esleitu gabe (dokumentua bidaltzea, espediente bati eranstea... eta abar). Dokumentuarekin egiten diren bidaltze eta jasotze aldi guztiek Ibilbide Orria osatzen dute.

Dokumentu batek edo gehiagok espediente bat irekitzea sortu dezakete. Espediente hori administrazio egintza bat edo gehiago burutzeko irekitzen da, dokumentu bakoitzeko edukiari erantzuna emateko asmozkoak. Espedienteak identifikatzeko zenbaki bakarra erabiltzen da sisteman, espedientea sortzean berainik emana. Zenbaki horren bidez identifikatuko da espedientea tramitazio osoan barrena.

3. Programazio eta Bertsio lengoaia.

a) Bezero kodea:

HTML

Javascript

VisualBasicScript

b) Negozio arauak:

Visual Basic 6.0 Service Pack 4-rekin COM+eko osagaietarako

c) Datuetako irispidea:

SQL Server 2.000 datuak kudeatzeko.

Datu pertsonalak dituen fitxategia Nafarroako Gobernuaren datuak erregistratu eta jarraitzeko aplikazioak soilik erabiltzen du.

Fitxategiak Datuak babesteko Erregistro Orokorrean inskribaturik dago, 2001050026 inskripzio zenbakia duela. Fitxategi hori Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariaren martxoaren 13ko 31/2000 Foru Aginduaren bidez sortu zen.

II. ERANSKINA

Nafarroako Gobernuaren Erregistro Bulegoak

Erregistro Orokorra (Lehendakaritza). Karlos III.aren etorbidea, 2.

Ekonomi eta Ogasun Departamentua, Karlos III.aren etorbidea, 4.

Tuterako Lurralde Bulegoa. Plaza Teófano Cortés, 10 (Tafalla).

Lizarrako Lurralde Bulegoa. Koronazioaren Plaza, 2 (Lizarra).

Toki Administrazioko Departamentua. Tomás Caballero parkea, 1.

Industria eta Teknologia, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentua, Tomás Caballero parkea, 1.

Hezkuntza eta Kultura Departamentua, Santo Domingoko aldapa z.g.

Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentua, San Ignazio etorbidea, 3.

Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentua, Tutera kalea, 20.

Nafarroako Emakumearen Institutua. Lizarra kalea, 7.

Nafarroako Kirol eta Gazteri Institutua. Arrieta kalea, 25.

Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutua González Tablas kalea, z.g.

Osasun Departamentua, Amaia kalea, 2 A.

Nafarroako Osasun Zerbitzua. Irunlarrea, 39.

Nafarroako Enpleguaren Zerbitzua. Arcadio María Larraona kalea, 1.

Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteri Departamentua, Yanguas eta Miranda kalea, 27.

Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentua. Alondegi kalea, 1.

Iragarkiaren kodea: a0207549