89. ALDIZKARIA - 2002ko uztailaren 24a

III. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

M E N D A B I A

Ordenantzaren behin betiko onespena

Udal honek, 2002ko urtarrilaren 31n egin osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batez onestea Mendabiako eraikinak lehen aldiz erabili edo okupatzeko lizentziak ematea arautzen duen ordenantza.

Jendaurreko epea erreklamaziorik edo iradokizunik aurkeztu gabe iragan denez, behin betikoz onetsirik geratu da aipatu ordenantza, Toki Araubidearen Oinarriei buruzko apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 49. c) artikuluan, apirilaren 21eko 11/1999 Legeak emandako testuaren arabera, xedatutakoari jarraikiz.

Mendabian, bi mila eta biko maiatzaren hamabostean. Alkate udalburua, Samuel Caro Sádaba.

MENDABIAKO ERAIKINAK LEHEN ALDIZ ERABILI EDO OKUPATZEKO LIZENTZIAK EMATEA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA

I. KAPITULUA

Xedea, helburua eta aplikazio eremua

1.-Xedea.

1. Ordenantza honen xedea da eraikinak lehen aldiz okupatu edo erabiltzeko lizentziak emateko baldintzak eta prozedura ezartzea, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko uztailaren 4ko 10/1994 Foru Legeko 221. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

2. Ordenantza honetan eraikintzat hartzen dira ondoko obrak, hirigintzako lizentzia baten babesean eginak:

a) Etxe berriak, salbu eta eraikuntza txikiak, oin bakarrekoak, eraikuntzaren nola teknikaren aldetik munta gutxikoak, etxebizitzarako edo erabilpen purblikorako ez direnak.

b) Dauden eraikinen egiturak handitu, zaharberritu nola berritzetik sortzen direnak.

c) Dauden eraikinen erabilera berariazkoak aldatzea.

d) Etxebizitza berriak sortzea edo daudenetan banaketa nabarmen aldatzea.

2.-Helburua.

1. Lehen aldiz okupatu edo erabiltzeko lizentziak honako helburu hau du zehazki:

a) Eraikina eta horrekin batera egin urbanizazioa, halakorik bada, proiektu teknikoaren eta bere garaian eman hirigintzako lizentziako baldintzen arabera egin diren egiaztatzea.

b) Eraikitakoak bizigarritasun eta higiene baldintzak betetzen dituela ziurtatzea.

c) Eraikina erabilera jakin baterako izan daitekeela baieztatzea.

d) Etxegileak, hirigintzako ekipamendua zein elementuak kaltetuz gero, berriro jarri dituela ziurtatzea.

3.-Aplikazio eremua.

1. Aplikazio eremua Mendabiako udal mugape osoa da.

II. KAPITULUA

Baimenen araubidea

4.-Eskaera.

1. Obrak amaituta, eraikinak lehen aldiz okupatu edo erabiltzeko lizentzia eskuratu nahi dutenek eskaera bat aurkeztuko dute, Mendabiako Udalari zuzendua. Eskaerak hurrengo datu hauek izanen ditu:

a) Interesatuaren edo ordezkatzen duenaren izen-deiturak.

b) Lizentzia zein eraikinetarako eskatzen den, huraxe adierazi beharko da zehatz-mehatz.

c) Tokia, data eta eskatzailearen edo haren ordezkariaren sinadura.

2. Interesatuek eskabidearekin batera hurrengo agiri hauek aurkeztuko dituzte:

a) Obretarako aginduzko lizentziaren fotokopia.

b) Obrak bukatu direla dioen ziurtagiria, eta, hala bada, urbanizazioarena, onetsitako proiektu teknikoaren arabera; hura teknikari eskudunak emanen du eta bertan adierazi beharko da higiezinak okupatzeko beharrezko baldintzak betetzen dituela.

c) Obra bukaerako aurrekontua eta planoak, hasierako proiektuan aldaketak egin badira.

d) Hirilurretako ondasunen gaineko zergan alta eskatu dela dioen ziurtagiria.

e) Udal tasaren ordainagiria.

5.-Lizentzia emateko organo eskuduna.

1. Lizentzia emateko eskumena alkateak izanen du eta Hirigintza Alorreko zinegotzi eskuordeak, kasua bada.

6.-Prozedura.

1. Interesatuak eskaturik prozedura hasita, Alkatetza edo Hirigintzako arduraduna gisa honetan ariko dira:

a) Udalaren zerbitzu teknikoei txostena eskatuko zaie, eta horrek obrak proiektu teknikoaren eta eman hirigintzako lizentziaren arabera egin diren adieraziko du; orobat, obren ondorioz ukituta geratu ahal izan diren hirigintzako elementuak eta hiri ekipamendua berriro jarri diren; segurtasunaren, osasungarritasunaren eta apainketa publikoaren baldintzak betetzen dituen; eta eraikinak eman nahi zaion erabilera izaten ahal duen.

b) Aipatu txosten horren ondorioz, onetsitako proiektuaren gaineko aldaketak daudela egiaztatzen bada, egin den arau-hauste mota eta legeztatzen ahal den adierazi beharko da txosten teknikoan.

7.-Ebatzi beharra.

1. Alkateak edo Hirigintzako arduradunak bi hilabeteko epean ebatzi beharko du eskaera, udal bulegoetan sarrera ematen zaionetik aitzina.

2. Txostenen eta irizpenen onarpena ebazpenerako arrazoitzat hartuko da ebazpenaren testuari gehitu edo eransten zaizkionean.

3. Ebazpenerako epea agortuta, alkateak edo Hirigintzako arduradunak hura eman ez badu, ebazpena baietsitzat hartuko da, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko urtarrilaren 13ko 4/1999 Legean xedatutakoarekin bat.

8.-Eraikinaren titularren eta argindarra, ura eta gasa banatzen dituzten enpresen betebeharrak.

1. Lehen aldiz erabili edo okupatzeko lizentzia eskuratu aurretik eraikinaren titularrek ez dute eraikina okupatzen ahal.

2. Eraikina osorik edo haren zati bat besterentzean, hartzaileei espreski adieraziko zaie lehen aldiz okupatzeko lizentziarik ez dutela, hura besterentzerakoan eskuratu ezean.

3. Lehen aldiz erabili edo okupatzeko lizentzia eskatu dutenen betebehar fiskala hau izanen da:

4. Udaleko osoko bilkurak onetsitako tasak edo eskubideak ordaintzea. 2002an ordaindu beharrekoak I. eranskinean datoz.

5. Argindarra banatzen duten enpresek, hornidura horri dagokionez, aplikatzen ahal zaizkien legezko arauei men eginen diete, obretarako behin-behineko kontagailuez eta etxebizitzak lehen aldiz okupatzeko lizentzia aldez aurretik eskuratu beharraz den bezainbatean.

6. Obretarako ur-hornidura, hirigintzako aginduzko lizentzia eskuratu ondoan, enpresa hornitzaileari dagokio, zerbitzu publikoaren titularra baita; eta behin-behinekoz emanen da, hirigintzako lizentziak indarra duen bitartean bakarrik.

7. Lizentzian obren amaierarako eman epea eta, halakorik bada, bidezko luzapena edo luzapenak agorturik, alkateak edo Hirigintzako arduradunak hornidura eteteko eskatuko die enpresa banatzaileei, eta interesatuei hamar egun lehenago jakinaraziko.

8. Obretarako eman ur-hornidura ez da bestelako jardueretan erabiltzen ahal, etxean, batez ere.

9. Uraren enpresa hornitzaileak ez ditu urez hornitzen ahal lehen aldiz erabiltzeko lizentziarik ez duten eraikinak.

10. Halaber, gas naturalaren enpresa hornitzaileak ez ditu gasez hornitzen ahal lehen aldiz erabiltzeko lizentziarik ez duten eraikinak, etxeko kontsumorako.

III. KAPITULUA

Zehapen araubidea

9.-Arau-hausteak eta zehapenak.

1. Hirigintzako arau-haustea izanen da lehen aldiz okupatzeko aginduzko lizentziarik gabe eraikinak lehen aldiz okupatzea, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko 10/1994 Legearen 247. artikuluak eta hurrengoek, lege beraren 221. artikuluari eta 1978ko ekainaren 23ko Hirigintzako Diziplinaren Erregelamenduaren 90. artikuluari dagokienez, xedatutakoarekin bat.

a) Aitzineko artikuluan aipatu arau-haustea egindako obraren balioaren ehuneko batetik bostera bitarteko isunaz zehatuko da, gehienez ere mila eta bostehun euro, egin jarduera legeztatzea posible bada, Hirigintzako Diziplinaren Erregelamenduaren 90. artikuluak xedatutakoarekin bat.

b) 10.1 puntuan jasotako jarduera legeztatzea posible ez bada, okupatutako eraikinaren, oinaren, lokalaren edo egoitzaren balioaren ehuneko bostetik hamarrera bitarteko isunaz zehatuko da, gehienez ere milioi bat pezetaz, Hirigintzako Diziplinaren Erregelamenduaren 79. artikuluak xedatutakoarekin bat.

10.-Udalak inoiz ere ez dio uzten ahal hirigintzako ordena hautsia zuzentzeko neurriak hartzeari, eta okupazioa berehala bertan behera utz dadila xedatuko du, badaezpadako neurri gisa.

11.-Erantzuleak.

1. Lizentziarik gabeko eraikinak lehen aldiz okupatzean, erantzuleak obren sustatzailea eta okupatzailea izanen dira, pertsona ezberdinak badira, eta ezarriko den isuna bakoitzarentzat izanen da.

12.-Zehapenak ezartzeko organo eskuduna eta ahalmena.

1. Zehapen prozedura ebazteko organo eskuduna alkatea da, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 21.1.k) artikuluak xedatuarekin bat, betiere hark Hirigintzako arduraduna eskuordetzen ez badu eskumen honetarako.

2. Zehapen ahalmena erabiltzeko, abuztuaren 4ko 1398/1993 Errege Dekretuaren bidez horren gainean onetsi zen Erregelamenduan ezarritako prozedurari jarraituko zaio.

IV. KAPITULUA

Araubide juridikoa

13.-Ordenantza honetan aurreikusi gabeko orotan hona indarra izanen duten aginduak: Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko uztailaren 4ko 10/1994 Foru Legea; apirilaren 3ko 85/1995 Foru Dekretua, haren bidez Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko uztailaren 4ko 10/1994 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi baitzen; Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legea; Hirigintzako Diziplinaren Erregelamendua, 1978ko ekainaren 23koa; eta Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legea, urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatua.

AZKEN XEDAPENA

14.-Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeko 326. artikuluan xedatuaren arabera, ordenantza honek, behin betiko onetsi ondoren, aipatu Legeko 325. artikuluan ezarritako prozedurari jarraikiz, indarra hartuko du eta ondorio juridiko osoak sortuko, haren testu osoa Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta gero.

I. ERANSKINA

Lehen aldiz okupatzeko lizentzia emateko tarifak:

-Oin berriko eraikinak: 150,00 euro.

-Egiturak berritzea, handitzea, zaharberritzea: 100,00 euro.

-Erabilera aldatzea, etxebizitzak sortzea: 100,00 euro.

-Betiere, aurreko tarifak baino altuagoak badira, Hirigintza Zerbitzuak fakturatzen dituenak ordainduko dira.

Iragarkiaren kodea: a0205676