89. ALDIZKARIA - 2002ko uztailaren 24a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Aginduak

FORU AGINDUA, 2002ko uztailaren 1ekoa, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak emana. Ezartzen du zer araubide izanen den 2002. urtean erlezain eta untxizain elkarteentzako dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko.

Nafarroako erlezain eta untxizain elkarteak aspalditik ari dira osasun, gobernatze eta ugaltze gaien gaineko informazio eta aholku lana egiten, abeltzainei profesionalizatzeko bidea erraztuz eta ustiategietako produkzioa eta errentagarritasuna handituz.

Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak laguntza eman izan die elkarte horiei beren jarduerak aurrera ateratzeko. Orain arte urtero ematen ziren hainbat dirulaguntza orain gastu lerro bakar batean bat eginik ageri dira 2002. urterako Nafarroako aurrekontu orokorretan.

Bidezko da, beraz, 2002. urtean eman beharreko dirulaguntzak berariaz gobernatzeko araua onestea, publikotasuna, lehia eta objektibotasuna irizpide direla, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorra ezarri zuen ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legeak agintzen duenaren arabera.

Hortaz, eta Nafarroako Foru Komunitatearen Gobernua eta Administrazioa arautzen dituen apirilaren 11ko 23/1983 Foru Legeko 36.2 b) artikuluak esleitzen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. artikulua. Helburua.

Foru Agindu honen helburua da ezartzea zer arauk gobernatuko dituzten 2002. urteko aurrekontu ekitaldian Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak Nafarroako erlezain eta untxizain elkarteei, beren jarduerak bultzatzeko, ematen dizkien dirulaguntzak.

2. artikulua. Hartzaileak.

1. Foru Agindu honen helburuko dirulaguntza eskatu ahalko dute Nafarroako Foru Komunitateko lurraldean helbidea duten eta lurralde horretan soilik diharduten erlezain eta untxizain elkarteen legezko ordezkariek.

2. Elkarte horiek legearen arabera eratuak beharko dute, eta per- tsonalitate juridikoa eta identifikazio fiskala eduki.

3. Dirulaguntza eskatzen duten elkarteek honakoak izan behar dituzte dirulaguntza eskatzen duten unean:

-Beren ustiategietako gutxienez % 10 inbertsio lehenestekotzat kalifikatuak Nafarroako Nekazaritza Elkarteen Erregistroan, edo,

-Elkarte horren kide diren ustiategien kopurua Nafarroako Nekazaritza Elkarteen Erregistroan kasuan kasuko jardueran inskribaturik daudenen % 50 edo gehiago izatea.

4. Elkarte eskatzaileak frogatuko du, laguntza eskatzen den egunerako, gutxienez hiru urte daramala Nafarroan lanean, etenik gabe.

3. artikulua. Laguntzapeko ekintzak.

Dirulaguntza kalkulatzeko kontuan hartuko da elkarteak zer jarduera egiten dituen elkartekideen emaitza tekniko eta ekonomikoak hobetzeko, egiten dituen jarduera guztien kopuruarekin alderatuta.

4. artikulua. Laguntzen zenbatekoa.

1. Elkarte bakoitzak zenbateko laguntza jaso behar duen finkatzeko, kontuan hartuko da aurreko artikuluan aipatu diren jarduerak zenbat diren eta zenbateko kostu zuzen estimatua sortu duten. Dirulaguntzaren zenbatekoak honako goiko muga hau izanen du:

a) Aurreko artikuluan aipatu diren jardueren kostu zuzen estimatuaren ehuneko 50.

b) 2001. urtean izandako dirusarreren kopuru osoa, elkartekideen kuotetatik edo elkartekideei zerbitzu ematearen aldera lortua, Nafarroan urte hartan izan zen Kontsumoko Prezioen Indizean gehiturik.

c) Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak 2001eko ekitaldiko Nafarroako aurrekontu orokorretatik eman dion dirulaguntzaren zenbatekoa, Nafarroan urte horretan izandako Kontsumoko Prezioen Indizean gehitua.

2. Jardueren kostu zuzen estimatua Abeltzaintza Zerbitzuko Abere Ekoizpenaren Atalak kalkulatuko du, elkarte bakoitzak aurkeztu dituen kontabilitate datuak eta memoria oinarri hartuta, denetarako irizpide berak erabiliz (irizpide horiek eskatzaileei azalduko zaizkie).

3. Eskatzaileei banatu beharreko dirua aurrekontuetako kontusailean finkaturikoa baino gehiago baldin bada, eskaera guztien arteko banaketa proportzionala eginen da.

5. artikulua. Eskaerak non-nola aurkeztu.

1. Eskaerak Foru Agindu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean aurkeztuko dira Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuaren bulego zentralean, Iruñean, Tutera kaleko 20 behean, edo Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko Legeak aipatzen dituen beste administrazio erregistroetan.

2. Dirulaguntza eskaerarekin batera honakoak aurkeztu beha dira:

-Elkartearen estatutuen kopia konpultsatua.

-Elkartekideek 2001. urtean pagatu beharreko zerbitzuen kuotak eta kostuak, onetsi ziren Batzar Nagusiaren kopia ere aurkeztuta, unitateko balioa eta osotara aurreikusten den zenbatekoa adieraziz.

-Elkartearen 2001. urteko jarduera memoria, Foru Agindu honetako 3. zenbakian aipatzen direnetatik zenbat laguntzapeko ekintza egin diren zehaztuta.

-Elkartearen 2001. urteko kontabilitate ofizialaren kopia konpul- tsatua. Horren barne liburu nagusia, emaitza kontua, egoeraren balantzea eta urte hartan elkartekideek elkartekide izan edo zerbitzuak hartzearen aldera benetan pagatu zituzten dirukopuruen zerrenda zehaztua.

-Elkartekide direnetatik Nafarroako Nekazaritza Ustiategien Erregistroan lehenestekotzat sailkaturik diren ustiategien zerrenda, laguntza eskatzen den egunean.

-2002. urteko aurrekontua eta ekintza plana.

6. artikulua. Laguntzak ebatzi eta pagatzea.

1. Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak, aurkeztu dokumentazioa ikusirik eta dokumentazio hori osaturik, tokatzen den administrazio ebazpena hartuko du.

2. Administrazio ebazpen hori jakinarazteko luzeeneko epea sei hilabetekoa izanen da eskaera Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuaren erregistroan sartu zenetik. Epe hori iragan eta eskatzaileari behar den ebazpena jakinarazi ez bazaio, eskatzaileak zilegi izanen du administrazio isiltasunetik eskaera ukatu zaiola jotzea.

3. Laguntza pagatzeko, lehenbizi, urriaren 1a baino lehen, 2002. urteko lehenengo hiru hiruhilekoetan elkarte bakoitzak egin dituen jardueren zerrenda bidali beharko du, eta ondoren txosten bat jaulkiko da aurreikusitako ekintzen planean ezarritakoa, oro har, betetzen dela konprobatzeko.

7. artikulua. Hartzaileen eginbeharrak.

Foru Agindu honetan eratzen diren dirulaguntzak hartzen dituztenek honako egin behar hauek beretzen dituzte:

a) Elkartean onartzea Nafarroan dauden eta hala eskatzen duten ustiategien titular guztiak, baldin araudi indardunak kasuan-kasuan jartzen dituen baldintzak betetzen badituzte. Eskaerei unean-unean dagoen jende baliabideen arabera erantzunen zaie.

b) Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuaren esku jartzea bere eginkizunak bururatzeko behar duen informazio guztia, dirulaguntzak kudeatu eta kontrolatu beharraren gaineko eginkizunak izan ala dirulaguntzen helburuarekin lotura duten jarduerak kudeatzearen gainekoak.

c) Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak emandako edo jasotako dirulaguntzei dagokienez konprobatu nahi duen guztian men egitea.

d) Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuari jakinaraztea helburu bereko beste dirulaguntza publikorik jaso edo eskatu den.

8. artikulua. Ez-betetzeak eta zehapenak.

1. Aurreko artikuluan aipatu diren eginbeharrak eta legez ezartzen diren gainerakoak ez betetzeak dirulaguntza itzuli beharra ekarriko du, eta hala bide denean, kasurako diren zehapenak ezartzea.

2. Itzulketak, arau-hausteak eta zehapenak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorra ezartzen duen ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legeko 21, 27, 28 eta 30. artikuluek agintzen dutenaren arabera gobernatuko dira.

3. Arau-hausteak finkatzeko prozedura eta zehapenen ezarpena abenduaren 9ko 369/1997 Foru Dekretuaren arabera eginen dira.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenbizikoa.-Foru Agindu honetan agintzen ez den guztian, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorra ezartzen duen ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legeak agintzen duena hartuko da aintzat.

Bigarrena.-Foru Agindu hau aplikatzean sortzen diren gastuak, 2002. urteko Nafarroako aurrekontu orokorren "711011-71310-4810- 713200 Abeltzaintza sustatzeko elkarteentzako dirulaguntzak" delako kontusailetik eginen dira.

Hirugarrena.-Foru Agindu hau aplikatzeko emandako egintzen kontra zilegi izanen da gora jotzeko errekurtoa jartzea, Nafarroako Gobernuari zuzendua, errekurritu nahi den egintza jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

AZKEN XEDAPENA

Foru Agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, bi mila eta biko uztailaren batean.-Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilaria, Ignacio Javier Martínez Alfaro.

Iragarkiaren kodea: a0207844