89. ALDIZKARIA - 2002ko uztailaren 24a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Aginduak

FORU AGINDUA, 2002ko uztailaren 1ekoa, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak emana, 2002. urtean Nafarroako azienda-hazleen elkarteei dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubidea ezartzen duena.

Azienda hautatuaren hazleen elkarteek Nafarroan lana egin izan dute liburu genealogikoak kudeatzen eta etekinak kontrolatzeko programak eta genetikari, ugalketari eta abeltegiaren kalitate eta kudeaketaren hobekuntzari loturiko bestelako kontuak garatzen, abeltzainei profesionalizatzen laguntzen dietenak eta abeltzaintzaren ekoizpena eta errenta handitzea ahalbidetzen dutenak.

Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak laguntza eman izan die elkarte horiei beren jarduerak egiteko. Orain arteko dirulaguntzak, behi, ardi, ahuntz eta behor aziendarendako, baita beste espezie batzuendako ere, gastu lerro bakar batean bateginik ageri dira 2002rako Nafarroako Aurrekontu Orokorretan.

Bidezko da, beraz, 2002an eman beharreko dirulaguntzei buruzko berariazko arautegia onestea, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubidea ezarri zuen ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legearen barruan, publizitate, konkurrentzia eta objektibotasun printzipioekin bat.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Gobernua eta Administrazioa arautzen dituen apirilaren 11ko 23/1983 Foru Legeko 36.2b) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. artikulua. Xedea.

Foru Agindu honen xedea da Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak Nafarroako azienda hautatuaren hazleen elkarteen jarduerak laguntzeko ematen diren dirulaguntzak onartu, kudeatu eta kontrolatzeko arauak ezartzea, 2002ko aurrekontualdirako.

2. artikulua. Onuradunak.

1. Foru Agindu honetan aipatzen den dirulaguntza eskatzen ahalko dute Aziendako Arrazen Katalogo Ofizialean aipatzen diren Espainiako edo hemengo arrazetako azienda hautatuaren hazleen elkarteen legezko ordezkari behar bezala baimenduek, helbidea Nafarroako Foru Komunitatean badute eta haien jarduketa eremua lurralde hori bakarrik bada. Katalogo hura azaroaren 7ko 1682/1997 Errege Dekretuaren bidez gaurkotu zen.

2. Elkarteek legearen arabera eratuak behar dute eta pertsonalitate juridikoa eta identifikazio fiskala eduki.

3. Dirulaguntza eskatzen duten elkarteek, laguntza eskatzeko egunean, gutxienez ere berrogeita hamar abeltegi elkartu eduki beharko dituzte Nafarroan eta abeltegi horien % 50, gutxienez, lehentasunezkotzat joak behar dute Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan. Baldintza hori ez da bete beharko, Aziendako Arrazen Katalogo Ofizialaren arabera, galtzeko arriskuan dauden arraza espainiar edo autoktonoen kasuan. Aipatu katalogoa azaroaren 7ko 1682/1997 Errege Dekretuaren bidez eguneratu zen.

4. Elkarte eskatzaileak frogatuko du, laguntza eskatzen den egunerako, gutxienez hiru urte daramala Nafarroan lanean, etenik gabe.

3. artikulua. Laguntzaren xede diren jarduketak.

1. Laguntza zehazteko alderdi hauekin zerikusirik duten elkartearen jarduketak hartuko dira kontuan:

a) Kasuan kasuko liburu genealogikoen erregistro bakoitzean sarturiko abereen kopuruarekin.

b) Etekinen kontrolen edo kontrol morfologikoen kopuruarekin. Horretarako, kontuan hartuko dira kontrolaturiko abeltegien kopurua, abeltegi bakoitzean eginiko kontrolen kopurua, kontrolaturiko abereen kopurua eta kasuan kasuko kontrol motaren ezaugarriak.

c) Intseminazio edo estalketa kopuruarekin, testatzeko programen barruan, baloratzeko faseko abereei dagokienez.

4. artikulua. Laguntzen zenbatekoa.

1. Elkarte bakoitzak kobratu beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa aurreko artikuluan aipatzen diren jarduketen kopuruaren eta kalkulaturiko zuzeneko kostuaren arabera zehaztuko da.

2. Laguntzen zenbatekoak, aurreko idatz-zatiaren arabera kalkulatuak, ez du behin ere gaindituko:

a) Aurreko artikuluan aipatzen diren jarduketetarako kalkulaturiko kostu osoaren 100eko 50.

b) 2001ean lorturiko dirusarrera guztiak, elkarturiko nafar abeltzainen kuoten edo haiendako zerbitzuen prestazioaren ondoriozkoak, urte hartako Nafarroako kontsumorako prezioen indizea gehiturik.

3. Jarduketen zuzeneko kostuaren estimazioa Abeltzaintza Zerbitzuko Abere Ekoizpenaren Atalak eginen du, elkarte bakoitzak aurkezturiko kontabilitateko datu egiaztatuen eta memoriaren arabera. Haietarako guztietarako irizpide berak erabiliko dira eta irizpide horien berri eskatzaileei emanen zaie.

4. Eskatzaileei guztira banatu beharreko dirua aurrekontuetako kontusailean finkaturikoa baino gehiago baldin bada, aurrekontuetako diruaren banaketa proportzionala eginen da eskaera guztien artean.

5. artikulua. Eskabideen aurkezpena.

1. Eskabideak Foru Agindu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta hilabeteko epean aurkeztuko dira, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko bulego nagusian (Iruñeko Tutera kaleko 20ko behean), edo Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko Legean aurreikusiriko beste edozein erregistro administratibotan.

2. Dirulaguntzaren eskabideak kontu hauek eduki beharko ditu:

a) Elkartearen estatutuen kopia konpultsatua.

b) Abeltzain elkartuek 2001ean pagatu beharreko kuotak eta zerbitzuen kostua. Haiek onetsi zireneko Batzar Nagusiaren aktaren kopia erantsiko da eta bertan unitate bakoitzaren kostua eta aurreikusiriko zenbateko osoa adieraziko dira.

c) Elkarteak 2001. urtean eginiko jardueren memoria. Bertan zehaztuko da, eginiko jarduketen artetik, zenbat diren dirulaguntzaren xede, Foru Agindu honetako 3. artikuluan aipatzen direnen arabera.

d) Elkartearen 2001eko kontabilitate ofizialaren kopia konpultsatua. Bertan sartuko dira liburu nagusia, emaitzen kontua, egoeraren balantzea eta abeltzain elkartuek urte horretan batasuneko kide izateagatik edo haren zerbitzuak hartzeagatik benetan pagaturiko diru kopuruen zerrenda zehatza.

e) Nafarroako ustiategi elkartuen, Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan lehentasunezkotzat joen, zerrenda, dirulaguntza eskatu zeneko egunean.

f) 2002rako aurreikusiriko aurrekontua eta jarduketen plana.

6. artikulua. Ebazpena eta laguntzen ordainketa.

1. Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak, aurkezturiko agiriak ikusirik eta osaturik, behar den ebazpena emanen du.

2. Ebazpena jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izanen da, eskabidea Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko erregistroan sartzen denetik hasita. Epe hori eskatzaileari ebazpenik eman gabe bukatzen bada, hark ulertzen ahalko du bere eskabidea ukatua izan dela administrazioaren isiltasunaren bidez.

3. Laguntza pagatuko da, elkarte bakoitzak urriaren la baino lehen 2001eko lehenengo hiru hiruhilekoetan eginiko jardueren zerrenda hartutakoan eta aurreikusiriko jarduketen planean ezarririkoa eskuarki betetzen dela frogatzen duen txostena luzatu ondoren.

7. artikulua. Onuradunen eginbeharrak.

Foru Agindu honetan aurreikusiriko laguntzen onuradunek betebehar hauek dituzte:

a) Elkartean onartzea Nafarroan dauden eta hala eskatzen duten ustiategien titular guztiak, baldin araudi indardunak kasuan-kasuan jartzen dituen baldintzak betetzen badituzte. Eskaerei unean-unean dagoen jende baliabideen arabera erantzunen zaie.

b) Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuaren esku uztea bere eginkizunak egiteko behar dituen argibide guztiak, bai dirulaguntzaren kudeaketa eta kontrolari loturikoak, bai dirulaguntzaren xedeko elkartearen jarduerei loturikoak.

c) Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuaren edozein egiaztapen onartzea, onartu edo emaniko dirulaguntzei buruz.

d) Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuari jakinaraztea helburu bereko beste dirulaguntza publikorik jaso edo eskatu den.

8. artikulua. Ez-betetzeak eta zehapenak.

1. Aurreko artikuluan ezartzen diren betebeharrak eta legez ezarririko besteak bete ezik, dirulaguntza itzuli egin beharko da eta, hala bada, zehapenak ezarriko dira.

2. Diru-itzultzeak, arau-hausteak eta zehapenak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorra ezarri zuen ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legeko 21, 27, 28 eta 30. artikuluetan xedaturikoari jarraituz arautuko dira.

3. Arau-hausteak zehazteko eta zehapenak ezartzeko prozedura abenduaren 9ko 369/1997 Foru Dekretuarekin bat etorriko da.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehena.-Foru Agindu honetan aurreikusirik ez dagoen guztian Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorra ezarri zuen ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legean adierazi bezala eginen da.

Bigarrena.-Foru Agindu honen ondoriozko gastuak 2002rako Nafarroako Aurrekontu Orokorretako "711011-71310-4810-713200 Programa. Abeltzaintza bultzatzeko elkarteetarako dirulaguntza" izeneko kontusailaren bizkar pagatuko dira.

Hirugarrena.-Foru Agindu hau aplikatzeko emaniko egintzen aurka bidezko da gora jotzeko errekurtsoa paratzea, Nafarroako Gobernuari zuzendua, errikurritu nahi den egintza jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

AZKEN XEDAPENA

Foru Agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, bi mila eta biko uztailaren batean.-Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilaria, Ignacio Javier Martínez Alfaro.

Iragarkiaren kodea: a0207783