78. ALDIZKARIA - 2002ko ekainaren 28a

III. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

B U R L A T A

Eraikinak zaharberritzeko laguntzen udal ordenantza

Burlatako Udalak, 2002ko apirilaren 4an egin osoko bilkuran, bertzeak bertze, ondoko testua duen erabakia hartu zuen:

1. Eraikinak zaharberritzeko laguntzen udal ordenantzaren berrikuspena behin betikoz onestea. Berrikuspenak testu bateginean bildu dira, bilkurako espedientean behar bezala eginbideturik dagoen hartan. Espedientearen testua erabaki honetan bertan ematen da argitara.

2. Erabakia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean, Udalaren iragarki oholean eta egunkarietan argitara ematea, behar diren ondorioetarako.

ERAIKINAK ZAHARBERRITZEKO LAGUNTZEN UDAL ORDENANTZA

1. artikulua. Xedea eta aplikazio esparrua.

Burlatako udal mugapeko eraikinak zaharberritzeko Burlatako Udalak emanen dituen laguntzak arautzea da ordenantza honen xedea.

2. art. Jarduera babesgarriak.

Udalaren babesa har daiteke eraikineko komunitateak obra hauek egiten dituenean:

2.1. Eraikina egituren aldetik egokitzeko obrak, hots, eraikinari eraikuntzaren segurtasunaren arloan behar adina baldintza ematen badiote, haren egonkortasuna eta sendotasuna bermaturik geldi daitezen.

2.2. Funtzioen aldetik egokitzeko obrak, hots, eraikinari arlo hauetan behar adina baldintza ematen diotenak: estalkia, fatxadak (estaldurak, isolamenduak...), sarbideak (ataria, igogailua eta eskailerak), instalazio orokorrak, segurtasun neurriak, eta oztopo arkitektonikoak kentzea.

3. art. Baldintzak.

3.1. Jarduketa babesgarritzat hartua izateko, eraikinak baldintza hauek bete behar ditu:

a) Gehienbat etxebizitzatako erabiltzea.

b) 15 urte baino zaharragoa izatea.

c) Hirigintzan indarra duten planeamenduak eta araudiak ezarritakoarekin bat etortzea.

3.2. Udalaren babesetik kanpora daude:

a) Eraikinaren barne hustuketa, fatxadak eraistea, bolumena edo azalera eraikia handitzea dakarren jarduketa.

b) Udal zerbitzu eskudunak beharrezkotzat jotzen dituen obrak egiten ez dituen jarduketa.

c) Barne akaberako obrak edo hobetzekoak, jarduketa babesgarriak egiteko nahitaezkoak izan ezik.

3.3. Ordenantza honetan berariaz arautzen ez den orotan, zaharberritze babestuen arloko egungo arauetan zehaztutakoak bete beharko dira.

4. art. Laguntzak.

Udal honek ezartzen dituen laguntzek aipatu baldintzak betetzen dituzten jarduketa babesgarri guztiak izanen dituzte xede, betiere aurrekontu osoa (zergak kanpo), etxebizitza bakoitzari erasaten ahal zaiona, 1.000 euro baino gehiago bada. Diru aldetik, burutze materialaren aurrekontuaren % 10eko banan banako diru laguntzak izaten ahal dira. Hori etxebizitza bakoitzaren erabiltzaile- jabeari egokituko zaio, baldin eta haren familiako dirusarrera ponderatuak, PFEZean aitortuak, lanbidearteko gutxieneko soldata bider bat baino gutxiago badira. Dirusarrera horiek delako soldataren bider batetik bat eta erdi bitartean badaude, % 5 egokituko zaio.

5. art. Onuradunak eta laguntzak hartzea.

5.1. Jarduketa babesgarrien sustatzaileak laguntzen onuradun izan daitezke, baldin eta, aipatu baldintzak beterik, obrak baino lehen eskatzen badituzte eta behar diren frogagiriak ekarri. Aldez aurretik eskumena duen udal zerbitzuak adostasun txostena egin beharko du.

5.2. Obrak burututakoan laguntzak behin betikoak izanen dira. Hortaz, zerbait ez dela bete ohartuz gero, horietarako eskubidea galduko da, bertze ekintza motak egin daitezkeela deusetan ukatu gabe.

5.3. Diru laguntzen dirusarrera sustatzaileek emandako kontu zenbaki batean eginen da, eta haien ardurapean geldituko da behar den banaketa egitea.

Aditzera ematen da, orok jakin dezan eta behar diren ondorioak sor ditzan. Orobat, ohartarazten da egintza honen aurka honako errekurtso hauek jar daitezkeela:

a) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, administrazioarekiko auzien saileko organo eskudunari zuzendua, uztailaren 13ko 29/1998 Legean xedatutakoari jarraituz, bi hilabeteko epean, honen jakinarazpena egin eta biharamunetik hasita.

b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, honen jakinarazpena egin eta biharamunetik hilabeteko epearen barruan; eta

c) Bi horien aurretik, hala nahi izanez gero, berraztertzeko errekurtsoa, jakinarazten den egintza diktatu duen udal organoari zuzendua, honen jakinarazpena egin eta biharamunetik hilabeteko epearen barruan.

Burlatan, bi mila eta biko apirilaren hogeita bian. Alkatea, JosÚ Luis GÍngora Setuáin.

Iragarkiaren kodea: A0204494