74. ALDIZKARIA - 2002ko ekainaren 19a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Agintariak eta Langileak

EBAZPENA, 2002ko ekainaren 3koa, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak emana, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko gizarte langile izateko 4 lanpostu oposizio bidez betetzeko deialdia onesten duena.

Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak 2002ko ekainaren 3an emandako Ebazpenaren bitartez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko gizarte langile izateko 4 lanpostu oposizio bidez betetzeko deialdia onetsi da.

1.-Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da gizarte langile izateko 4 lanpostu, funtzionario araubidekoak, oposizio bidez betetzea. Deialdia honako agindu hauen arabera gauzatuko da: Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina onetsi zuen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua; hura garatu eta gauzatzeko eman zen Sarrera Erregelamendua eta gainerako arau aplikagarriak eta deialdi honen oinarriak. Lanpostuak honela eskaintzen dira:

-Lanpostu bat txanda irekian.

-2 lanpostu igoera txandan.

-Lanpostu bat txanda murriztuan, % 33ko edo hortik gorako minusbaliotasun aitortua duten pertsonentzat.

1.2. Hauek dira eskaintzen diren lanpostuak:

-Lanpostu bat Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuan, plantillako 5821 zenbakikoa, destinoa Iruñean.

-Hiru lanpostu Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteri Departamentuan, bat, plantillako 3696 zenbakikoa, Ezgaitasunak dituzten Pertsonen Atalari atxikia, eta bi, 3354 eta 6564 zenbakikoak, Barañaingo San Jose Zentroari atxikiak.

1.3. Igoera txandako lanpostuak izangaiek hautapen probak gainditzeko behar den gutxieneko puntuazioa atera ez dutelako bete gabe geldituz gero, txanda irekikoei gehituko zaizkie.

Minusbaliotasuna duten pertsonentzako txandako lanpostua, izangaiek hautapen probak gainditzeko behar den gutxieneko puntuazioa atera ez dutelako bete gabe geldituz gero, beste txandetakoei gehituko zaie, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren 15.3 artikuluan ezarritako ordenaren arabera.

Halaber, igoera txandan edo minusbaliatuentzako txanda murriztuan dauden lanpostu hutsen kopurua baino izangai gehiagok gainditzen badituzte probak, txanda horietan prozesua gainditu baina lanposturik eskuratu gabe gelditzen direnek txanda irekiko lanpostua eskuratzeko aukera izanen dute, betiere txanda horretako izangaiekin lehiaketa garbian, lortutako puntuazioaren arabera.

Era berean, txanda irekiko lanpostua eskuratzeko aukera izanen dute, aurreko lerroaldean adierazitako moduan, deialdiko 7.2. oinarrian agiriak aurkezteko ezartzen den epea amaitzen denean txanda horietan parte hartzeko eskakizun berariazkoak betetzen ez dituzten igoera txandako eta minusbaliatuentzako txanda murriztuko izangaiek.

1.4. Izendapenak nomina eta plantillako funtzionario bihurtuko ditu izendatuak, Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko funtzionarioei buruz indarra duten xedapenetan adierazitako eskubide eta betebehar guztiekin.

1.5. Lanpostuek B mailako lansariak izanen dituzte. Horretarako oinarritzat hartu da ondoko hauetan xedatutakoa: uztailaren 4ko 158/1984 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Lansarien Behin-behineko Erregelamendua, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuari, abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsi zen horri, aplikatu behar zaizkion gainerako xedapenak, hori garatu eta betearazteko emandako Sarrerari buruzko Erregelamendua, aplikatu beharreko gainerako arauak eta deialdiaren oinarriak.

1.6. Izangaiak, hautapen probak gainditu eta deialdi honetako lanpostuetan aritzeko izendatu ondoren, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan sartu eta funtzionario eginez gero, Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean afiliatuko dira eta alta emanen zaie, araubide horretan aurreikusitako babesean.

Deialdi honetako lanpostuetarako izendatu eta lehendik eskubide pasiboen eta osasun eta gizarte laguntzaren araubidean, hots, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuan eta gainerako xedapen osagarrietan aipatzen den hartan, afiliatuta dauden funtzionarioek bertan segitzea aukeratzen ahal dute edo Gizarte Segurantzan afiliatzea.

1.7. Izendatutako izangaiek destinoko herrian bizi beharko dute, eta horretarako, udalerri horretan eduki beharko dute bizilekua. Administrazioko organo eskudunek destinoa aldatzen ahal dute.

1.8. Lanaldiaren araubidea zerbitzuaren beharretara egokituko da, eta administrazioko organo eskudunek edozein unetan aldatzen ahal dute.

2.-Izangaien betebeharrak.

2.1. Oposizio honetan onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete behar dituzte, eskaerak aurkezteko epea amaitzen den egunetik hasita deialdi honetako 7.2. oinarrian agiriak aurkezteko epeak iraun bitartean eta lanpostuaren jabetza hartu arte:

a) Espainiarra, Europar Batasuneko herritarra edo, Europar Batasunak sinatu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunen arabera, langileen zirkulazio librea onartzen duen herrialde bateko herritarra izatea; parte hartu ahalko dute, halaber, espainiarren eta Europako Batasuneko Estatu bateko nazionalitatea dutenen ezkontideek, ondorengoek eta ezkontidearen ondorengoek, betiere zuzenbidez bereizita ez badaude, haien kontura bizi diren 21 urtetik beherakoek edo adin horretatik gorakoek, baldin eta haien kontura bizi badira.

b) Adin nagusikoa izatea.

c) Gizarte Laneko diploma edo Gizarte Laguntzailearen titulua izatea, edo deialdian parte hartzeko eskaerak aurkezteko epea amaitzen den egunean lortzeko baldintza guztiak betetzea.

d) Lanpostuaren eginkizunak betetzeko behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.

e) Eginkizun publikoetan aritzeko desgaitu edo gabetua ez egotea eta Administrazio Publikoren baten zerbitzutik bereizia ez izatea.

f) Minusbaliatuentzako txanda murriztuko lanpostura jo nahi izanez gero, % 33ko edo hortik beherako minusbaliotasun aitortua izatea.

2.2. Igoera txandako izangaiek, aurreko atalean aipatu diren baldintzez gain, eskaerak aurkezteko epea amaitzen den egunetik hasita deialdi honetako 7.2. oinarrian agiriak aurkezteko epeak iraun bitartean eta lanpostuaren jabetza hartu arte, honako hauek bete beharko dituzte:

a) Nafarroako Administrazio Publiko bateko langile finkoa izatea, eta borondatezko edo behartutako eszedentzian ez egotea, honako igoera hau lortu aurreko lanpostuan.

b) Deialdiko lanpostuen maila berekoa edo beheragokoa izatea.

c) Administrazio Publikoetan bost urteko antzinatasun aitortua izatea.

Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuko zortzigarren xedapen gehigarrian xedatutakoa aplikatuz, igoera txandan Nafarroako Parlamentuko funtzionarioek ere parte hartzen ahal dute, baldin eta txanda horretan parte hartu ahal izateko nahitaezkoak diren gainerako baldintzak betetzen badituzte.

2.3. Lanpostua eskuratzen duten izangaiek betebehar horiek frogatu beharko dituzte deialdi honen 7.2. oinarrian aurreikusitako epe eta moduan, hirugarren oinarrian xedatutakoa izan ezik.

3.-Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak aurkeztu beharko dira Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean (Karlos III.a etorbidea, 2, Iruña) edo Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztientzako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 20ko 30/1992 Legeko 38.4 artikuluan aurreikusitako bideetako edozeinetatik, deialdia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hogeita hamar egun naturaleko epean. Eskabideak deialdi honetan argitaratutako ereduari lotuko zaizkio. Eredu hori Nafarroako Gobernuko Informazio bulegoan eskuratzen ahal da (Karlos III.a etorbidea, 2, ataria) eta idazki horretan izangaiek adierazi behar dute eskabideak aurkezteko emandako epea amaitzerako baldintza guztiak betetzen dituztela.

Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.

3.2. % 33ko edo hortik gorako minusbaliotasun aitortua duten lehiatzaileek, ariketak egin ahal izateko denbora edo baliabideetan egokitzapenik behar badute, zilegi izanen dute eskabidean eskatzea, eta hartarako, aparteko orri batean adierazi beharko dute nolako minusbaliotasuna duten eta zer egokitzapen eskatzen duten. Horrekin batera, legeen arabera minusbaliatuak direla frogatzeko agiria ere aurkeztu beharko dute, organo eskudunak emana.

3.3. Eskabideari honako hau erantsi behar zaio: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren kontuan espedientea formalizatzeko eta azterketa eskubidea izateko 18 euro ordaindu izanaren ziurtagiria.

Azterketa egiteko eskubidea izateko tasa ordaindu ezean, izangaia baztertuko da.

Honakoak daude tasa ordaintzetik salbu:

a) % 33ko edo gehiagoko minusbaliotasun aitortua dutela frogatzen duten pertsonak.

b) Hautapen proben deialdia egin aurretik hilabetez edo luzaroago lan-eskatzaile gisa inskribaturik egon diren pertsonak. Salbuespen hau izateko baldintza izanen da kasuko epean eskainitako inolako lan egokiri uko egin ez izana eta lanbide sustapen, prestakuntza edo eraberritze ekintzetan parte hartzeko uko egin ez izana justifikaturiko arrazoirik ez badago. Hori frogatzeko Enplegu Bulegoaren ziurtagiria beharko da.

3.4. Deialdian igoera txandaren bidez parte hartu nahi duten izangaiek, aurrekoez gain, 2.2. atalean aipaturiko betebeharren frogagiria aurkeztu behar dute.

4.-Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskaerak aurkezteko epea amaiturik, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak Ebazpena emanen du, izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesten duena, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadila aginduko du.

4.2. Baztertutako izangaiek, behin-behineko zerrenda Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu ondoko hamar egun balioduneko epean, erreklamazioak egiten ahal dituzte eta, okerrik izanez gero, haiek zuzendu.

4.3. Erreklamazio epea iraganik, eta haiek ebatzitakoan, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak Ebazpena emanen du, izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duena, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadila aginduko du.

5.-Epaimahaia.

5.1. Epaimahaiak kide hauek izanen ditu:

-Mahaiburua: Milagros Urzainqui Asín andrea, Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuko Oinarrizko Laguntzaren eta Gizarteratzearen zuzendariordea.

-Ordezkoa: María Jesús Vicente Goicoechea andrea, Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuko Familiaren eta Sektore Zerbitzuen zuzendariordea.

-Mahaikidea: Nafarroako Gizarte Laneko Diplomatuen eta Gizarte Laguntzaileen Elkargo Ofizialeko ordezkari bat.

-Ordezkoa: Nafarroako Gizarte Laneko Diplomatuen eta Gizarte Laguntzaileen Elkargo Ofizialeko ordezkari bat.

-Mahaikidea: Katti Eskubi Larraz andrea, Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuko Oinarrizko Laguntzaren atalburua.

-Ordezkoa: María Carmen Aguirre Hernández andrea, Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuko Hirugarren Adinekoentzako atalburua.

-Mahaikidea: Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuko Langileen Batzordearen ordezkari bat, Batzordeak berak hautatua.

-Ordezkoa: Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuko Langileen Batzordearen ordezkari bat, Batzordeak berak hautatua.

-Mahaikide idazkaria: Agustín Oyaga Zalba jauna, Administrazio Publikoko teknikaria (arlo juridikoa), Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuari atxikia.

-Ordezkoa: Lorenzo Apezteguía Bravo jauna, Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuko Giza Baliabideen atalburua.

Epaimahaia hautapen probak hasi baino lehen eratu beharko da.

5.2. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, kideen gehiengo absolutua bildu gabe.

Organo kolegiatuaren eraketak balio izateko, mahaiburuak eta mahaikide idazkariak edo haien ordezkoek bertan egon beharko dute, bai eta kideen erdiek ere, gutxienez.

5.3. Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean aipatzen diren abstentzio-arrazoietako bat gertatzen denean, Kalifikazio-epaimahaikideek ezin izanen dute parte hartu eta deialdia egin duen organoari jakinarazi beharko diote.

Izangaiek, halaber, zilegi izanen dute epaimahaikideak errefusatzea arrazoi horietako bat gertatzen denean.

5.4. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdiaren oinarriak ulertu eta aplikatzeko moduaz sor daitezkeen arazo guztiak.

5.5. Epaimahaiak aholkulari espezialistei dei egiten ahal die proba guztietarako edo batzuetarako. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoan aritzera mugatuko dira eta haietan soilik emanen diote laguntza epaimahaiari.

6.-Oposizioaren garapena.

6.1. Oposizioa 2002ko azaroan hasiko da. Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen Ebazpenean berean finkatuko dira probak hasteko tokia, eguna eta ordua.

Gero, epaimahaiak arauei jarraikiz jakinaraziko ditu gainerako probak egiteko tokia, eguna eta ordua.

6.2. Oposizioko probak hauek izanen dira:

Lehen ariketa: deialdiaren II. eranskineko gai-zerrendako gaiei buruzko test moduko galderak erantzutea.

Bigarren ariketa: gai-zerrendako bigarren zatiko gai bat edo gehiago, epaimahaiak erabaki bezala, garatzea.

Ariketa bakoitza hasi baino lehen, epaimahaiak hori egiteko gehieneko denbora finkatuko du.

6.3. Oposizioko ariketen balorazioan 40 puntu eman daitezke gehienez ere, eta honela banatuko dira ariketen arabera:

Lehen ariketa: 20 puntu gehienez.

Bigarren ariketa: 20 puntu gehienez.

6.4. Oposizioko ariketak baztertzaileak izanen dira. Hori horrela, baztertu eginen dira ariketaren batean gehieneko puntuazioaren erdia gutxienez lortzen ez duten izangaiak, hala nola bigarren ariketako gai batean 0 puntu lortzen dutenak.

6.5. Epaimahaikideek proben kalifikazioak banaka emanen dituzte eta kalifikazio guztien batez besteko aritmetikoa izanen da ariketaren puntuazioa.

Proba bakoitzari emandako puntuazioan epaimahaikideek emandako gehieneko eta gutxieneko balioen artean 100eko 30eko aldea edo handiagoa badago, emandako balioetatik handiena eta txikiena baztertu eginen dira, baldin eta ateratzen den nota, gutxienez, hiru epaimaikideren puntuazioen batez bestekoa egitetik sortutako emaitza bada, betiere.

6.6. Ariketa bakoitza amaitutakoan, epaimahaiak jendaurrean jarriko du, Nafarroako Gobernuaren iragarki oholean eta ariketa egin den lekuan, probak gainditu dituzten izangaien zerrenda, bakoitzaren kalifikazioekin. Horrez gain, oposizioko hurrengo proba non, zein egunetan eta zer ordutan eginen den adierazten duen oharra argitaratuko du, gutxienez hura hasi baino berrogeita zortzi ordu lehenago.

6.7. Ariketa bakoitzerako deialdi bakarra eginen da eta izangaiek Nortasun Agiri Nazionala edo epaimahaiak askiesten duen beste nortasun agiriren bat aldean eraman beharko dute. Azaltzen ez diren izangaiak oposiziotik kanpo geldituko dira eta bai beren nortasuna frogatzen ez dutenak ere.

6.8. Hautapen probak egiteko, eskaera egin duten minusbaliatuentzat bidezkoak diren denbora eta baliabide egokitzapenak eginen dira, eskabidean azaldutakoaren arabera.

7.-Probak gainditu dituztenen zerrenda, izendapen proposamena eta agirien aurkezpena.

7.1. Oposizioko azkeneko probaren kalifikazioa amaiturik, epaimahaiak jendaurrean jarriko du probak gainditu dituztenen zerrenda lortutako puntuazioaren arabera, oposizioko probetan izangai bakoitzak lortutako kalifikazioak baturik, Nafarroako Gobernuaren iragarki oholetan eta azken ariketa egin den lekuan. Gero, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiari igorriko dio probak puntuaziorik altuenekin gainditu eta deialdiko lanpostuen kopuruan sartzen diren izangaien aldeko izendapen proposamena, espediente osoarekin batera. Delako proposamena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.

Gertatzen diren berdinketak oposizioko bigarren ariketan puntuazio handiagoa lortu dutenen alde ebatziko dira; horrela ere berdinketak jarraitzen badu, lehenbiziko ariketan lortutako puntuazioa hartuko da aintzat.

7.2. Izendapen proposamena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu ondoko 30 egun naturaleko epean, proposatutako izangaiek honako agiri hauek aurkeztu behar dituzte Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusian:

7.2.1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren edo haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile finkoak ez diren izangaiek ondoko agiriak aurkeztu beharko dituzte:

a) Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia konpultsatua edo izangaiaren nazionalitatea edo nortasuna frogatzen duen balio bereko agiria.

b) Deialdiaren 2. oinarrian eskatutako tituluaren fotokopia konpultsatua, edo hura eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekinarena.

c) Laneko Arriskuei Aurrea Hartzeko Atalak luzatutako txostena, karguari dagozkion eginkizunak betetzea galarazten dion eritasun edo akats fisiko nahiz psikikorik ez duela frogatzen duena.

Minusbaliotasunen bat alegatu duten izangaiek, gainera, minusbaliotasun mailaren egiaztagiria aurkeztu beharko dute, aurretik aurkeztu ez badute, hala nola minusbaliotasuna deialdiko lanpostuarekin bateragarria dela dioen frogagiria, balorazio eta orientazio talde eskudunek luzatua.

d) Zinpeko aitorpena, eginkizun publikoak betetzeko ezgaitua edo gabetua ez dagoela eta inongo Administrazio Publikoren zerbitzutik ez dela bereizia izan dioena.

e) Zin egite edo promesa, Nafarroako Foru Eraentza begiratu, Konstituzioari eta legeei men egin eta karguaren eginkizunak zintzo beteko direla dioena.

Deialdi hau egin ez duen Nafarroako beste Administrazio Publikoren bateko langile finkoek, gainera, aurreko administrazioko espediente pertsonalean ageri diren inguruabar eta aurrekari guztiak frogatzen dituen ziurtagiria, sarrera, antzinatasun, maila, egoera administratibo eta abarrei buruzkoa.

7.2.2. Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko edo haren erakunde autonomoetako langile finkoak diren izangaiek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

a) Deialdiaren 2. oinarrian eskatutako tituluaren fotokopia konpultsatua edo hura lortzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekinarena. Eskabidearekin batera, titulu hori aurkeztu duten igoera txandako izangaiek ez dute berriz aurkeztu beharrik.

b) Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako funtzionario izateko Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiak eskaturiko dokumentazioa.

Minusbaliotasunen bat alegatu duten izangaiek, gainera, minusbaliotasun mailaren egiaztagiria aurkeztu beharko dute, aurretik aurkeztu ez badute, hala nola minusbaliotasuna deialdiko lanpostuarekin bateragarria dela dioen frogagiria, balorazio eta orientazio talde eskudunek luzatua.

7.3. Aipatu epean, eta behar bezala arrazoitutako ezinbesteko kasuak salbu, agiri horiek aurkezten ez dituztenak ezin izanen dira izendatu, eta beren jarduketa guztiak baliorik gabe geratuko dira, eskabidea faltsutzeagatik izan dezaketen erantzukizuna galarazi gabe.

7.4. Aurreko atalean aurreikusitakoa gertatuz gero, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak probak gainditu dituztenen zerrendan, 7.1. atalean aipatutakoan, hurrengoa den izangaiarekin beteko du baja, eta horrekin ere aurreko ataletan adierazitako moduan jokatuko da.

8.-Lanpostu hutsen hautapena.

8.1. Aurreko oinarrian xedatu dena betetzen duten lehiatzaileek Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiak hartarako jartzen dien epean aditzera eman beharko dute eskaintzen zaizkien lanpostuetatik zein hautatzen duten. Aukeratu beharreko lanpostuak hasieran deitutakoak izanen dira, edo beste batzuk, zerbitzuaren beharren arabera organo eskudunek aldaketaren bat egitea erabakitzen badute.

8.2. Igoera txandan hautapen probak gainditu dituzten lehiatzaileek beti izanen dute lehentasuna deialdiko lanpostu hutsak betetzeko beste txandetakoen aurretik.

8.3. Lanpostu hutsak aukeratzeko orduan, % 33ko edo handiagoko minusbaliotasun aitortua duten izangaiek lehentasuna izanen dute txanda irekiko izangaien aurretik.

Aipatu minusbaliotasuna duen izangairen bat baldin badago, eta minusbaliotasun horrek eskaintzen diren lanpostuetan aritzeko moduan eraginik izan behar baldin badu, lanpostu hutsen hautapena egin aurretik, kasuan kasuko minusbaliotasunari begira egokien diren lanpostu hutsak adjudikatuko zaizkie, txostena ikusirik.

9.-Izendapena eta lanpostuen esleipena eta jabetza hartzea.

9.1. Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak, Ebazpen baten bitartez, aurreko oinarrietan ezarritakoa betetzen duten izangaiak funtzionario izendatuko ditu, enpresa zientzietako diplomatu lanetan aritzeko.

9.2. Izendapena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.

9.3. Izendatutako izangaiek hilabeteko epean hartu beharko dute lanpostuaren jabetza, izendapena jakinarazten denetik aitzina. Ezinbesteko kasuak salbu, jabetza hartzen ez badute, Foru Komunitatearen Administrazioko funtzionario izateko eskubide guztiak galduko dituzte. Kasu horretan, 7.4 atalean ezarritakoari jarraituko zaio.

9.4. Izangai bat funtzionario bihurtu eta lanpostuan batere aritu gabe zuzenean eta berak eskatuta borondatezko eszedentzia ematen bazaio jabetza hartzearen egunetik bertatik, data hartan beste Administrazio Publiko batean ari delako, kasuko lanpostu huts horiek ere beteko dira deialdiko 7.4. atalak agintzen duen moduan.

9.5. Aurreko bi ataletan aipatutako kasuetan, izendapena egin aurretik hautaturiko lanpostua ez da aldatuko. Beraz, funtzionario berriei, zuzenean, lanpostu horiek adjudikatuko zaizkie.

10.-Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka, bere oinarri eta egintzen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da Nafarroako Gobernuari zuzendua, errekurritutako egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztientzako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen -urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatuaren- 114 eta 115. artikuluei jarraikiz.

Iruñean, bi mila eta biko ekainaren hiruan.-Funtzio Publikoaren zuzendari nagusia, Ignacio Bandrés Urriza.

I. ERANSKINA

Eskaera eredua

.............. jaun/andrea, adinez nagusia, ...... zk.ko Nortasun Agiri Nazionalaren (edo horren baliokidearen) jabe, .........(e)n (............), 19...(e)ko ........aren ....(e)an jaioa, ........ nazionalitatekoa, eta egungo helbidea .........(e)ko (.......) ......... kalean, .li.......... posta kodea eta .............. telefonoa duena,

Zure aurrean agertu eta honako hau dio:

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren ......... izateko, .... lanpostu ...... bidez betetzeko deialdian, .......(e)ko .... Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen hartan, onartua izatea eskatzen duela, honako txandan:

f Txanda irekia.

f Igoera txanda.*

f Txanda murriztua minusbaliatuentzat.*

Karguan aritzea galarazten dion eritasun edo akats fisiko nahiz psikikorik ez duela.

Ez duela indarra duten xedapenetan ezarritako ezintasunik.

Ez dela diziplina espediente bidez inongo Administrazio Publikoren zerbitzutik bereizia izan, ezta desgaitua ere eginkizun publikoak betetzeko.

Deialdian adierazitako titulazioaren jabe dela.

Azterketarako eskubideak ordaindu dituela deialdian ezarri bezala, eta ordainketaren gordekina erantsirik doala.

Eskabideak aurkezteko emandako epea amaitzen den egunean, eskatutako baldintza guztiak betetzen dituela.

f Baduela minusbaliotasunik, eta horregatik eskatzen duela ondoko egokitzapena, adierazitako arrazoiengatik. (Beste orri batean zehaztuko dira minusbaliotasunaren nondik- norakoak eta eskatzen diren egokitzapenak).

f Minusbaliotasuna frogatzeko erakunde eskudunak luzaturiko ziurtagiria aurkeztu duela.

f Euskararen Gaitasun Agiria edo onarpen ofiziala duen balio bereko titulazioa aurkeztu duela.*

f Euskararen ezagupenari buruzko proba egitea eskatzen duela.*

Azaldutakoaren ondorioz:

Eskabide hau onartu eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren zerbitzuko ............ izateko, .... lanpostu ...... bidez betetzeko deialdian onartua izatea eskatzen du.

Iruñean, ....eko ......aren ......(e)an.

(Sinadura)

(*) Deialdian sartzen denean soilik.

NAFARROAKO GOBERNUA. LEHENDAKARITZA, JUSTIZIA ETA BARNE DEPARTAMENTUA.

II. ERANSKINA

Gai zerrenda

I. ZATIA

1.-1978ko Espainiako Konstituzioa: prestakuntza prozesua, egitura, printzipioak. Zuzenbidezko estatu sozial eta demokratikoa. Estatu sozialaren jatorria eta bilakaera. Ekintza soziala Konstituzioan.

2.-Funtsezko eskubideak: jatorria, motak eta bermeak. Politika sozial eta ekonomikoaren printzipio gidariak.

3.-Estatuko oinarrizko erakundeak: Koroa, Gorte Nagusiak, Gobernua eta Administrazioa, Botere Judiziala, Konstituzio Auzitegia, Herriaren defendatzailea. Estatuaren lurralde antolamendua.

4.-Nafarroaren foru eraentza: jatorria eta bilakaera. Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoa: lanketa prozesua, egitura eta printzipioak.

5.-Nafarroaren ahalmen eta eskumenak, bereziki, gizarte laguntzaren arlokoak.

6.-Nafarroako Foru Erakundeak. Parlamentua: osaera eta eginkizunak. Nafarroako Gobernua osaera eta eginkizunak. Nafarroako Gobernuko lehendakaria: aukeraketa, eginkizunak eta kargu uztea. Foru Komunitateko Administrazioaren antolaketa.

7.-Nafarroako toki entitateen legezko araubidea: udalerriak, kontzejuak, mankomunitateak eta bestelako toki entitateak. Antolaketa eta administrazioa. Toki entitateek gizarte laguntzaren arloan dituzten eskumenak.

8.-Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen Estatutuaren Testu Bategina: egitura eta haren edukiaren azterketa.

9.-Xedapen eta egintza administratiboak. Administrazio prozedura: kontzeptua eta motak. Administrazio Publikoen Araubideari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko Legea: interesatuak, prozeduraren faseak, administrazio errekurtsoak. Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa.

10.-Gizarte Zerbitzuei buruzko 14/1983 Foru Legea. 11/1987 Foru Dekretua, oinarrizko gizarte zerbitzuen araubidea ezartzen duena.

11.-9/1990 Foru Legea, gizarte zerbitzuen arloko baimen, arau-hauste eta zehapenei buruzkoa. 209/1991 Foru Dekretua, 9/1990 Foru Legea garatzen duena.

12.-10/1998 Foru Legea, Nafarroako Administrazio Publikoen kontratuei buruzkoa: egitura eta edukiaren azterketa. 20/1985 Foru Legea, gizarte zerbitzuen arloko itunei buruzkoa.

13.-Bolondres lanari buruzko 2/1998 Foru Legea.

14.-120/1999 Foru Dekretua, oinarrizko errenta arautzen duena. 58/1999 Foru Agindua, 120/1999 Foru Dekretua garatzen duena.

15.-Europako Batasuneko gizarte politika: Europako Gizarte Eremua, Europako Gizarte Fondoa, Gizarte Ekintzarako Programak.

16.-Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteri Departamentuaren egitura organikoa. Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuaren estatutuak.

II. ZATIA

17.-Nafarroako Plan Gerontologikoa. Zuzentarau orokorrak, egitura eta edukiaren analisia.

18.-Nafarroako Bazterketa Sozialaren Kontrako Plana. Zuzentarau orokorrak, egitura eta edukiaren analisia.

19.-Nafarroako Familiari Laguntza emateko Departamentuarteko Plana. Zuzentarau orokorrak, egitura eta edukiaren analisia.

20.-Arazo sozialak dituzten haur eta adoleszenteei Laguntzeko Plana. Zuzentarau orokorrak, egitura eta edukiaren analisia.

21.-Nafarroako Plan Soziosanitarioa. Zuzentarau orokorrak, egitura eta edukiaren analisia.

22.-Nafarroako etorkinei Laguntza emateko Plana. Zuzentarau orokorrak, egitura eta edukiaren analisia.

23.-Nafarroako Gizarte Zerbitzuen Oinarrizko Laguntza Berrantolatzeko Oinarrizko Agiria. Zuzentarau orokorrak, egitura eta edukiaren analisia.

24.-Departamentuen arteko koordinazioa, Administrazioaren gizarte zerbitzuen arloko jardunbide gisara.

25.-0-3 urteko haurrentzako ikastetxeen erregulazioa Nafarroan.

26.-Adin txikikoen gaietan esku hartzeko programak Nafarroan, babes eta erreformari buruzkoak.

27.-Familia-laguntzako programak, Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuak kudeatuak.

28.-Ezgaitasun fisiko eta psikikoak, gizarte zerbitzuen jarduketaren xede diren aldetik: legeria.

29.-Adimenaren eritasunak eta gizarte zerbitzuen esku- hartzea Nafarroako pertsona ukituei laguntza emateko: legeria, antolaketa eta prestazioak. Egoera Nafarroan.

30.-Ezgaitasunak dituzten pertsonendako zentro, zerbitzu eta prestazioak, Nafarroako gizarte zerbitzuek emanak.

31.-Elkartze mugimendua ezgaitasunen arloan: entitateen ezaugarriak eta esku hartzeko eremua.

32.-Adindunak gizarte zerbitzuen jarduketarako sektorea osatzen duten aldetik. Zahartzea.

33.-Menpekotasunaren babesa gizartearen eskaera berria den aldetik.

34.-Hirugarren adinekoentzako zentro, zerbitzu eta prestazioak, Nafarroako gizarte zerbitzuek emanak.

35.-Etxez etxeko laguntza Nafarroan.

36.-Inmigrazioa fenomeno soziala den aldetik; haren eragina gizarte zerbitzuetan.

37.-Gutxiengo etnikoak: programa eta jarduketak talde horiekin Nafarroan.

38.-Drogamenpekotasunari laguntza Nafarroan.

39.-Pasadizokoak eta eskaleak Nafarroako Foru Komunitatean.

40.-Bazterketa soziala Nafarroan: jarduketarako neurriak.

41.-Nafarroako Emakumearen Institutua. Eskumenak eta eginkizunak.

42.-Tratu txarrak eta/edo eraso sexualak izan dituzten emakumeentzako berariazko programak.

43.-Garapenerako lankidetza programak Nafarroan.

44.-Etika lanbide jardunean. Gizarte langileen etika kodea. Erabiltzailearen eskubideen katalogoa.

45.-Gizarte lana, pertsona bakoitzari aplikatua. Definizioa eta prozesuan parte hartzen duten elementuak.

46.-Elkarrizketa teknika gizarte lanean. Aplikazioak.

47.-Prozesu metodologikoa gizarte lanean: prozesuaren aldiak. Aldien arteko loturak.

48.-Txosten soziala: idaztea, prestatzea eta egitura. Erreferentziak erabiltzea eta estiloa.

49.-Ikerketa-Ekintza gizarte lanaren metodoa den aldetik.

50.-Boluntario lana gizarte ekintzarako tresna gisara: edukia, programazioa.

51.-Gizartearen parte-hartzea gizarte zerbitzuetan.

52.-Talde lana. Printzipioak, metodologia eta teknikak.

53.-Kalitate kontzeptua gizarte esku-hartzean, hobetzeko prozesuak, kalitatea bermatzeko sistemak, kalitate osoa.

54.-Gizarte zerbitzuen plangintza eta ebaluazioa. Estandarrak eta adierazleak.

55.-Teknologia berrien erabilpena gizarte lanaren garapenean. -- -- A0206405 --

Iragarkiaren kodea: