74. ALDIZKARIA - 2002ko ekainaren 19a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Dekretuak

136/2002 FORU DEKRETUA, ekainaren 17koa, ELA eta LAB sindikatuek 2002ko ekainaren 19rako eta Langile Komisioak eta UGT sindikatuek 2002ko ekainaren 20rako lanuzteetarako eginiko deiak direla eta, errepideko hiri barruko bidaiari-garraio erregularrerako funtsezko zerbitzuen funtzionamendua bermatzen duena.

ELA eta LAB sindikatuek lanuzterako dei egin dute Nafarroako Foru Komunitatean 2002ko ekainaren 19ko 0:00etatik 24:00ak bitarte. Bestaldetik, Langile Komisioak eta UGT sindikatuek lanuzterako dei egin dute 2002ko ekainaren 20rako. Hein batean lanuzteekin bat doazen lanaldiak ere osorik ukituko dira, bai lanuztearen aurreko egunean hasi eta lanuztearen egunean bukatzeagatik, bai lanuztearen egunean hasi eta biharamunean bukatzeagatik.

Lanuzterako eskubidea aitorturik dago Konstituzioko 28. artikuluko 2. idatz-zatian, baina bat etorri behar du gizartearen oinarrizko zerbitzuen bermearekin. Honek ez du eskubide hura hutsaldu behar, ohiko jurisprudentziak eta konstituzionalak arau hartaz eginiko interpretazioaren arabera.

Orotariko lanuztea dela-eta, bidaiari-garraio publikoaren zerbitzua ezin da osorik gelditu, izanez ere, gizarteko beste sektore batzuetan kalte eginen bailuke, langileei, ikasleei eta garraio publikoa behar-beharrezkoa duten bestelako erabiltzaileen lekualdaketa galarazi edo eragotziko bailitzateke, gizartearen interes orokorrei eginen litzaizkiekeen gainerako kalte larri guztiez gainera.

Hiri barruko zerbitzuetan beharrezkotzat jotzen da gutxienez ere lanaldi bateko bidaien % 25 bermatzea, egunean zehar gutxieneko eskaintza bati eutsi eta sortzen diren beharrak asetzeko. Izan ere, nabarmentzekoa da lanaldietan hiri barruko bidaiak gehienbat lana eta ikasketak direla eta egiten direla.

Nafarroako Auzitegi Nagusiak Nafarroako Foru Komunitateko errepideko bidaiari-garraio erregularraren funtsezko zerbitzuez epaiak eman ditu. Adibidez, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Sailak, 1992ko azaroaren 16ko epaiaren bidez, adierazi du Konstituzioarekin bat datorrela funtsezko zerbitzuak ezartzea, betiere neurri egokian eginez gero. Izan ere, "langileen lanuztea egiteko eskubideak, gizarteari traba eta kalte nabarmena ekartzen dionak" ezin baitu berarekin ekarri "gizartearen jardueraren erabateko gelditzea, hori giza-taldearen kontrako bortxakeria onartezina bailitzateke, guztiok asko edo gutxi behar dugun zerbitzu publiko batean lanean jardutea aprobetxatuz eginikoa, eta giza- taldeak ezin du ontzat eman geldiarazia izatea".

Ikasleen eta langileen garraioko zerbitzuei dagokionez epai berean esaten da "lanuztea egiteko eskubideak ezin ditu gainerako herritarren bestelako eskubideak mugatu; horrela, lanuztea egiteko eskubidea garrantzitsua baldin bada, hezkuntza jasotzeko eskubidea eta ikasleen garraioa edukitzekoa, edo lan egiteko eskubidea eta langileen garraioa edukitzekoa, hura bezain garrantzitsuak dira."

Halaber, garraioaren funtsezko zerbitzuen funtzionamendua bermatzen zuen maiatzaren 18ko 119/2001 Foru Dekretuari buruz Nafarroako Auzitegi Nagusiak 2001eko azaroaren 9an emaniko epaiaren arabera, ikasleak eta langileak garraiatzeko zerbitzuak "garrantzitsuenak dira gizartearendako. Izan ere, zerbitzu horiek gabe hezkuntza geldiaraziko litzateke eta horrek familien bizitzan ere eragina izanen luke, eta langileen garraiorik gabe ekonomia ere geldiaraziko litzateke".

Horrenbestez, Espainiako Konstituzioaren 28. artikuluko 2. idatz-zatiak, martxoaren 4ko 17/1977 Erregearen Lege Dekretuaren 10. artikuluko 2. lerroaldeak, eta Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Legearen 49. artikuluko 2. idatz-zatiak xedaturikoa kontuan hartuz, Herrilan, Garraio eta Komunikazio kontseilariak proposaturik eta bi mila eta biko ekainaren hamazazpiko bilkuran Nafarroako Gobernuak harturiko erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua. Nafarroako Foru Komunitatean 2002ko ekainaren 19rako eta 20rako lanuzteetan, errepideko hiri barruko bidaiari- garraio erregularrari dagokionez, funtsezko zerbitzu hauek bete beharko dira:

-Hiri barruko garraio erregularra: lanaldietako zerbitzuen % 25.

2. artikulua. Adierazi diren zerbitzuak eman ahal izateko beharrezkoa den plantillak jarduneko egoeran beharko du mantendu.

3. artikulua. Aurreko artikuluetan xedaturikoak ez die inolako mugarik jarriko lanuztea arautzen duen legeriak langileendako onartzen dituen eskubideei.

4. artikulua. Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak Foru Dekretu honek ukituriko zerbitzuen arduradunei eskatzen ahalko die bertan ezarri diren funtsezko zerbitzuen betetze-mailari buruz argibideak igor diezazkietela.

AZKEN XEDAPENA

Foru Dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen den egunean hartuko du indarra.

Iruñean, bi mila eta biko ekainaren hamazazpian.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.-Herrilan, Garraio eta Komunikazio kontseilaria, José Ignacio Palacios Zuasti.

Iragarkiaren kodea: A0206882