74. ALDIZKARIA - 2002ko ekainaren 19a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Dekretuak

134/2002 FORU DEKRETUA, ekainaren 17koa, orotariko lanuztea dela eta, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko osasun zentro eta bulegoetan hirugarrenek eginiko funtsezko eta gutxieneko zerbitzuen funtzionamendua bermatzen duena.

Unión General de Trabajadores (UGT), Langile Komisioak (CCOO) eta Lanaren Konfederakunde Nagusia (LKN-CGT) sindikatuek, izkribu banaren bidez, iragarri dute ekainaren 20an orotariko lanuzterako dei egin dutela. Bestaldetik, ELA eta LAB sindikatuek iragarki bat igorri dute ekainaren 19an lanuztea egiteko.

Lanuzterako eskubidea aitorturik dago Konstituzioko 28. artikuluko 2. idatz-zatian, baina bat etorri behar du gizartearen oinarrizko zerbitzuen bermearekin. Honek ez du eskubide hura hutsaldu behar, ohiko jurisprudentziak eta konstituzionalak arau hartaz eginiko interpretazioaren arabera.

Lanuzteetarako deialdiak direla eta, hirugarrenek Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko osasun zentro eta bulegoetan eginiko zerbitzuak ezin dira geldiararazi. Izan ere, aginte publikoek bermatu behar duten osasun laguntzaren osagarriak dira. Berme hori Espainiako Konstituzioko 43. artikuluan aipatzen den osasuna babesteko eskubidearen ondorioa da. Beraz, pertsonen oinarrizko eskubideak ukitzen ditu, hala nola, erien bizitzeko eskubidea eta osasuna.

Bestaldetik, herritarren oinarrizko eskubideak babesteko funtsezko zerbitzuak zehaztu eta neurriak hartzeko eskumena Agintaritza Publikoari dagokio, martxoaren 4ko 17/1977 Errege Dekretu-Legeko 10. artikuluan xedaturikoaren arabera. Kasu honetan eskumen hori Nafarroako Komunitateari dagokio, Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoko 49.1.f), 53 eta 58.1.b) artikuluetan xedaturikoaren arabera.

Horrenbestez, Foru Dekretu honen xedea da hirugarrenek eginiko zerbitzuei dagozkien funtsezko eta gutxieneko zerbitzuak arautzea, osasun zerbitzuek ohi bezala jardun dezaten, 2002ko ekainaren 19rako eta 20rako dei eginiko lanuzteak direla eta. Zerbitzu horiek zehazteko, bereziki ezinbestekoak direla hartu da kontuan, herritarrei laguntza emateko, osasun beharrik edukiz gero. Egoera hori dela eta, zerbitzu horiek funtsezkotzat hartu behar dira eta lanuztea egiten deino oso-osorik bete behar dira.

Gutxieneko zerbitzuak zehazteko, alde batetik osasun garraioa bereizi da, non ezinbestekoa baitira larrialdietan eriei laguntzeko zerbitzuak betetzea (hala nola Iruñeko, Lizarrako eta Tuterako Larrialdietarako Plana eta Foru Komunitateko eskualdeetako larrialdietarako iraupen-baseak) eta osasun zentroetara joateko bestelako garraiorik ezin erabili duten eriak errespetatzea, esku-ohean edo gurpil-aulkian eraman behar dituztelako.

Oxigenoterapiako eta etxez etxeko beste arnasketa terapietako zerbitzuei dagokienez, zerbitzu horiek behar dituzten erien ezaugarriak kontuan hartuz, eguneroko 24 orduetan izan litezkeen presako deiei erantzuteko moduko bermeak emanen dira, beharrezkotzat jotzen diren zerbitzuak eman ezik ondorio larriak gerta bailitezke.

Bestaldetik, sendagaiak banatzeko handizkako biltegiei dagokienez, farmaziek eskatzen dituzten larritasun handiko sendagaiak bermatzea ezinbestekotzat jotzen da, baita behar bezala baimenduriko farmazia zerbitzuek eskatzen dituztenak ere.

Laginen osasun garraioaz, egin egin behar da, Nafarroa osoko osasun zentro eta kontsultategietatik erreferentziako laborategietara, larritasun handiko analisiak badira, galdu ez daitezen eta erabiltzaileei eragozpenik ez eragiteko.

Azkenik, hirugarrenek Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko osasun zentro eta bulegoetan eginiko beste zerbitzuei (Nafarroako osasun zentroen eta ospitaleen garbiketa, sukaldaritza, segurtasun eta mantentze zerbitzuei) dagokienez, jaiegunetan egiten direnak joko dira funtsezko eta gutxieneko zerbitzutzat.

Horrenbestez, Espainiako Konstituzioaren 28. artikuluko 2. idatz-zatiak, martxoaren 4ko 17/1977 Erregearen Lege Dekretuaren 10. artikuluko 2. lerroaldeak, eta Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Legearen 49. artikuluko 2. idatz-zatiak xedaturikoa kontuan hartuz, Herrilan, Garraio eta Komunikazio kontseilariak proposaturik eta bi mila eta biko ekainaren hamazazpiko bilkuran Nafarroako Gobernuak harturiko erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua. 2002ko ekainaren 19rako eta 20rako lanuzteak ondoren ematen diren funtsezko eta gutxieneko zerbitzuei eutsiz eginen dira:

1. Nafarroako osasun zerbitzuko sektorean funtsezko eta gutxieneko zerbitzu hauek errespetatuko dira:

a) Iruñean, Lizarran eta Tuteran Larrialdietarako Planeko ibilgailuek beren zerbitzuen ehuneko ehun egiteko bermeak emanen dira.

b) Iruña, Tafalla, Zangoza, Izaba, Auritz, Doneztebe, Leitza, Lesaka, Altsasu, Lizarra, Azagra eta Tuterako larrialdiak betetzeko iraupen-baseetako ibilgailuek beren zerbitzuen ehuneko ehun egiteko bermeak emanen dira.

c) Esku-ohean eraman behar diren erien zerbitzuen ehuneko ehun betetzeko bermeak emanen dira, edozein delarik tokiz aldatzeko arrazoia.

d) Gurpil-aulkian eraman behar diren erien zerbitzuen ehuneko ehun betetzeko bermeak emanen dira, edozein delarik tokiz aldatzeko arrazoia.

2. Oxigenoterapiako eta etxez etxeko bestelako arnasketa terapietako sektorean, eguneko 24 orduetan izan litezkeen presako deiak betetzeko bermeak eman beharko dira.

3. Sendagaiak banatzeko handizkako biltegiei dagokienez, farmaziek eskatzen dituzten larritasun handiko sendagaiak bermatzea ezinbestekotzat jotzen da, baita behar bezala baimenduriko farmazia zerbitzuek eskatzen dituztenak ere.

4. Hirugarrenek Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko osasun zentro eta bulegoetan eginiko beste zerbitzuei (Nafarroako osasun zentroen eta ospitaleen garbiketa, sukaldaritza, segurtasun eta mantentze zerbitzuei) dagokienez, jaiegunetan egiten direnak joko dira funtsezko eta gutxieneko zerbitzutzat.

2. artikulua. Aurreko artikuluan aipatzen diren funtsezko zerbitzuak enpresetan horretarako hautatzen diren langileek eginen dituzte. Legez kanpokoa izanen da zerbitzuak osorik edo hein batean ez betetzea. Hala egiten dutenek erantzunbeharra izanen dute.

3. artikulua. Aurreko artikuluetan xedaturikoak ez die inolako mugarik jarriko lanuztea arautzen duen legeriak langileendako onartzen dituen eskubideei.

AZKEN XEDAPENA

Foru Dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen den egunean hartuko du indarra.

Iruñean, bi mila eta biko ekainaren hamazazpian.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.-Osasun kontseilaria, Santiago Cervera Soto.

Iragarkiaren kodea: A0206695