74. ALDIZKARIA - 2002ko ekainaren 19a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Dekretuak

104/2002 FORU DEKRETUA, maiatzaren 20koa, "Nafarroako Kualifikazioen Institutua" izeneko atala arautzen duena.

Prestatutako biztanleria aktiboak, enpresen lehiakortasuna handituko badu, lanpostuen kualifikazio eskaerei egokitutako heziketa behar du. Orobat, lanbide prestakuntza egokiak egonkortasuna ematen dio enpleguari, baita segurtasuna ere langileen laneko aldaketen aurrean.

Azken urteotan zenbait aldaketa sozioekonomiko izan dira, kontuan hartu behar direnak Nafarroan lanbide heziketari buruz eramaten den jokabidean. Aldatu egin dira langileei eskatzen zaizkien kualifikazio profesionalak, eta funtsean ari dira aldatzen. Enpresetako giza baliabideen kopurua eta kalitatea dira herrialde ekonomikoki garatu baten lehiakortasunaren adierazgarri. Gaur egun eskatzen diren gaitasun profesionaletan behar bezala prestatutako langileak eta antolaketa eragingarria, horiexek dira enpresa arrakastatsuen adierazgarri berriak.

Gure komunitatean prestatutako Enplegu Plana eta lehiakortasunari eta enpleguari buruz egiten diren bilera eta gailurrek nabarmentzen dute lanbide heziketa, politika estrategikoaren ekimen nagusi bezala. Orobat, azken hamarkadetan, herrialde emergente gehienek berrikuntza estrukturalak egin dituzte, lehiakortasuna handitzearren, oinarrizko baldintzatzat baitaukate hazkunde ekonomikorako eta lanpostu berriak sortzeko.

Langile kualifikatuak prestatzen egindako inbertsioa -neurri handi batean erdi eta goi mailako lanbide heziketa, Nafarroan- estrategikoa eta errentagarria da. Halaber, teknologia berrietan edo antolaketa eredu berrietan biztanleria aktiboaren kualifikazioa hobetzen laguntzen duten ekimenak produktibitatea eta enpleguaren egonkortasuna hobetzeko tresnak dira.

Gaur egun, geldiezina da jakintzaren gizartearen bilakaera, eta lanbideen kualifikazioetan ematen diren aldaketa bortitzak berehalako erantzunen zain daude prestakuntza oinarrizko eta etengabekoaren aldetik. Erantzunik ematen ez bazaio, enpresek eta herriek posizio ekonomikoak galtzen ahal dituzte. Beraz, Nafarroako gizarteak datozen urteetan garrantzi handia hartuko duen egoera du aurrez aurre: guztiz berriak diren prestakuntza eta kualifikazio eskaerak beteko dituzten langile eta gazteak prestatzea. Eskaera horiek, teknologia berriei eta egiteko modu berriei lotutako gaitasun profesionalak izateaz gain, gaitasun estrategiko handiak eskatzen dituzte: ikaskuntza etengaberako jarrera eta trebetasunak, taldeko lana, adimen irekia, komunikatzeko gaitasuna, ongi egindako lanaren aldeko kezka, berritzeko gaitasuna, zeregin anitzetarako balio izatea edo gauza berriak ikasteko prest egotea, eta abar.

Horretaz oharturik, Nafarroako Gobernuak, uztailaren 3ko 247/2000 Foru Dekretuaren bitartez, Nafarroako Lanbide Heziketaren Kontseilua sortu zuen, Administrazioak, enpresariek eta langileek lanbide heziketan aholkua eman eta parte hartzeko organoa izan dadin. Organo horren esku utzi zen, Dekretu honen 2. artikuluak jaso bezala, lanbide heziketaren plan orokorra prestatzea, Nafarroako Foru Komunitatean garatzeko. Agindu horren ondorioz, Kontseiluak Lanbide Heziketa garatzeko Nafarroako Plana proposatu dio Nafarroako Gobernuari eta hark, 2001eko abenduaren 26an hartu Erabakiaren bitartez, onetsi du.

Onetsitako Planak zerikusi handia du Lanbide Heziketako Bigarren Programa Nazionalarekin, Ministro Kontseiluak 1998ko martxoaren 13an onetsiarekin, non funtsezko lau printzipio ezartzen baitira gure herrian lanbide heziketa garatzeko ildoetan: kualifikazio profesionala giza kapitaltzat hartzea, lanbide heziketa enpleguaren politika aktiboekin integratzea Europako Batasunaren barrenean, autonomi erkidegoen, Estatuaren eta gizarte agenteen parte hartzea Lanbide Heziketaren Kontseilu Nagusian eta, azkenik, Kualifikazioen Sistema Nazionalaren sorrera. Programa horren esparruan egindako ekimenen artean sortu da Kualifikazioen Institutu Nazionala, martxoaren 5eko 375/1999 Errege Dekretuaren bidez.

Datozen hiru urteetan, Foru Komunitateko Lanbide Heziketaren ildo nagusiak finkatzea da Nafarroan onetsi Planaren xedea, batik bat; horretarako, hamar helburuko multzoa osatu da, irispide handikoak eta estrukturalak lau, heziketa, informazio, orientazio eta egiaztapen profesionaleko sistema integratu baten oinarriak jartzen dituztenak. Ekoizpenaren sektoreak eskatzen dituen gaitasun eta kualifikazio profesionalen inguruan antolatuta daude helburu estrukturalak. Zehazki, honela dio Planeko lehen helburuak: "Kualifikazio profesionalen eta lanbide heziketaren sistema integratua garatzea, Nafarroako Kualifikazioen Institutua eta Laneko Gaitasunaren Ziurtapen Agentzia sortuz".

Lanbide heziketaren modalitate bakoitzak (hastapena, okupazionala eta etengabea) bere erreferentzi esparruak ditu, zereginen abiaburu. Egia da helburu desberdineko sistemek ezin dutela modu berean funtzionatu, baina egia da, baita ere, modalitate guztiek erreferente edo leku komun bat dutela: enplegu guztiek eskatutako gaitasun profesionalak. Horiei esker eraikitzen da oinarrizko esparru komun bat gazteak, langabeak eta langileak prestatzeko. Erreferentziako esparru hori, aldakorra denborari begira, Kualifikazioen Sistema Integratua deitzen ahal da eta ondoko lau elementuez osatzen da, funtsean:

1. Kualifikazioen katalogoa, ekoizpenaren arloak (enpresariak eta langileak) eskatu gaitasun profesionalen zerrenda sistematiko eta antolatua, alegia.

2. Heziketako moduluen katalogoa; hau da, lanbide heziketako eskaintza guztientzako erreferentzien multzoa.

3. Gaitasuna ebaluatu eta aztertzeko sistema, frogatu nahi diren gaitasun profesionalak nork eta zein baldintzatan ebaluatu eta ziurtatuko dituen erabakitzen duena.

4. Informazio eta orientazio profesionaleko sistema integratua, independientea izanik ere, estrategikoa baita sistema berria biztanleria aktiboan txertatzeko eta, horrenbestez, gaitasuna eskuratu eta frogatzeko prozesu guztietan.

Unitate eragile hauetan oinarrituko da funtzionatzeko eredu hori:

-Nafarroako Kualifikazioen Institutua, sistema berriaren ardatzetako bat. Kualifikazioen Institutu Nazionalean oinarrituko da eta elkarrekin lan eginen dute, 375/1999 Errege Dekretuaren 1. artikuluko e) atalean adierazi bezala.

-Lanbide heziketako ikastetxeen sarea, Nafarroako Gobernuaren baimena dutenak lanbide heziketako moduluen katalogoa emateko, informazio eta orientazioko zereginak garatzeko edo gaitasuna ebaluatu eta ziurtatzeko entitate laguntzaile izateko.

-Laneko Gaitasunaren Ziurtapen Agentzia, biztanleria aktiboarekin bitartekotza egiteko arduratua, gaitasun profesionala ebaluatu eta frogatzeko prozesuan, baita gaitasunen erregistro ofiziala eramateko ere.

-Informazio eta orientazioko unitateak, hainbat ikastetxek lanbide heziketaz egiten duten eskaintzaren zerbitzu osagarri.

Horrenbestez, lurraldeko organo tekniko bat sortu beharra dago Plana abiarazteko kualifikazioei eta lanbide heziketako moduluen katalogoari dagozkien alderdietan eta Kualifikazioen Sistema Nazionalaren lan teknikorako eta sistema hori garatzeko, Nafarroan. Alde horretatik, Lanbide Heziketa garatzen duen Nafarroako Planeko 3. programan ezarri da Nafarroako Kualifikazioen Institutuaren sorrera.

Dekretu honetan unitate organiko hori arautu da, bere egitura eta eginkizunak ezarri dira eta Hezkuntza eta Kultura Departamentukoez bestelako organoekin harremanak izateko jarraibideak onetsi.

Azaldutakoaren ondorioz, eta Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrerako urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoak, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 47. artikuluak eta abuztuaren 31ko 1070/1990 Errege Dekretuak (eskuz aldatzen ditu unibertsitatetik kanpoko irakaskuntzen eginkizun eta zerbitzuak Estatutik Nafarroako Foru Komunitatera) xedatzen dutenari jarraituz, kontuan hartuz abenduaren 26ko Nafarroako Gobernuaren Erabakia, Lanbide Heziketa garatzeko Nafarroako Plana onesten duena, Nafarroako Lanbide Heziketaren Kontseiluari entzunik, Hezkuntza eta Kultura kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta biko maiatzaren hogeian egin bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua. "Nafarroako Kualifikazioen Institutua" izeneko atala.

"Nafarroako Kualifikazioen Institutua" izeneko atala, Hezkuntza eta Kultura Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen apirilaren 22ko 85/2002 Foru Dekretuaren bidez sortua, da kualifikazio profesionalak kudeatu, garatu eta berritzeko jarraibideak ezartzeko ardura duen organo teknikoa.

2. artikulua. Menpekotasuna.

Atal hau, "Nafarroako Kualifikazioen Institutua" izenekoa, Hezkuntza eta Kultura Departamentuaren menpe egonen da organikoki eta funtzionalki, eta Ikasketen Antolamendu eta Lanbide Heziketaren Zerbitzuari atxikirik, eginkizun guztiak hari erantsita.

3. artikulua. Eginkizunak.

Atal honen eginkizunak dira:

1. Kualifikazio profesionalen sistema integratua behar bezala ezartzeko ekintzak aztertu eta proposatzea, erreferenteak, lurraldekoa, naziokoa eta Europakoa, kontuan hartuta.

2. Nafarroan kualifikazioen sistema integratua abiarazten parte hartzen duten antolaketa unitateen lana bideratzea, ikuspuntu teknikotik.

3. Nazioko zein nazioarteko beste entitate batzuekin lan egiteko akordioak proposatzea kualifikazio profesionalen inguruko alderdiak, haiei loturiko prestakuntzakoak eta esperientziak emandako gaitasun profesionala ziurtatzekoak ikertu eta garatzeko.

4. Gaitasun profesionalak edo kualifikazioak identifikatu eta zehaztea, Nafarroako produkzio sarea garatzeko garrantzitsuak direnak Enpleguaren Behatokiaren arabera.

5. Gaitasuna identifikatu, zehaztu eta ebaluatzeko metodologia eta teknikak diseinatu, egokitu eta esperimentatzea.

6. Kualifikazioen Institutu Nazionalarekin lan egitea Kualifikazio Profesionalen Katalogo Nazionala prestatzeko.

7. Kualifikazioak, gaitasunak eta gaitasun estandarrak proposatzea Kualifikazioen Institutu Nazionalari.

8. Legearen esparruan, zentroak, entitateak eta erakundeak homologatzeko irizpideak ezartzea, gaitasun profesionalaren ebaluazioan parte har dezaten.

9. Legearen esparruan, esperientziak edo ikasteko sistema informalek eskuratu gaitasun profesionala onartu, erregistratu eta ziurtatzeko prozedurak diseinatzea.

10. Legearen esparruan, lanbide heziketaren moduluen araberako katalogoa ezartzea, eskaintzen den prestakuntzarako erreferentzia izan dadin.

11. Hezkuntza eta Kultura Departamentuaren eskumenen esparruan, lanbide heziketa arautuko titulazioak diseinatu edo aldatzea, kualifikazioen bilakaeraren ondorioz.

12. Kualifikazioen sistema garatzeko baliabideak proposatu eta kudeatzea.

13. Nafarroako Lanbide Heziketaren Kontseiluaren esparruan, lankidetzarako bideak ezartzea ekoizpen arloko agenteekin, enpresari eta langileekin, alegia.

4. artikulua. Egitura.

"Nafarroako Kualifikazioen Institutua" izeneko atala lanen espezializazio funtzionalaren printzipioari jarraituz antolatuko da, horretarako hiru jarduketa eremu edo esparru hauek ezarriz: kualifikazioak, prestakuntza eta baliabideak, aholkulari tekniko bat buru dutela.

5. artikulua. Arduraduna.

1. Nafarroako Kualifikazioen Institutua izeneko atalaren kargu funtzionario bat egonen da, atalburu mailakoa, erabateko prestutasunez eta dedikazio osoz bere eginkizunak beteko dituena.

2. Nafarroako Kualifikazioen Institutua izeneko atalaren funtzionario arduraduna Nafarroako Lanbide Heziketaren Kontseiluko idazkari izanen da.

6. artikulua. Beste organoekiko harremanak.

1. Gaitasunak eta kualifikazioak identifikatu eta zehaztuko ditu Institutuak, Enpleguaren Behatokiak prestatu azterlan eta diagnostikoetatik abiatuta, Nafarroako ekoizpen sektoreko enpleguaren bilakaerari buruz.

2. Laneko Gaitasunaren Ziurtapen Agentziaren esku utziko ditu Institutuak bere eginkizunak betetzeko jarraibide tekniko eta metodologikoak. Orobat, Agentziak biztanleria aktiboaren behar eta nahien berri emanen dio Institutuari, esperientziaren bidez eskuratu gaitasuna ziurtatzeari buruz.

3. Institutuak bere jarduera eta proiektuen berri emanen dio Nafarroako Lanbide Heziketaren Kontseiluari; hau da, kualifikazio profesionalen sistema integratuaren garapenari buruzko informazioa. Orobat, Kontseiluak kualifikazio profesionalen alorrean egindako proposamenak aztertu eta baloratuko ditu.

4. Nafarroako Kualifikazioen Institutua eta Kualifikazioen Institutu Nazionala batera ariko dira kualifikazio profesionalen katalogo integratua ezarri eta berrikusten, moduluen araberako katalago erreferentziaduna prestatzen eta zeregin horiei loturiko metodologia eta tresna teknikoak diseinatzen.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.-Baimena eman zaio Hezkuntza eta Kultura kontseilariari Foru Dekretu honetan xedatutakoa bete eta garatzeko behar diren xedapen guztiak eman ditzan.

Bigarrena.-Foru Dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, bi mila eta biko maiatzaren hogeian.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.-Hezkuntza eta Kultura kontseilaria, Jesús María Laguna Peña.

Iragarkiaren kodea: A0206026