74. ALDIZKARIA - 2002ko ekainaren 19a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Legeak

18/2002 FORU LEGEA, ekainaren 13koa, Basa fauna eta haren habitatak babestu eta kudeatzeri buruzko martxoaren 5eko Foru Legea aldatzekoa.

NAFARROAKO GOBERNUKO LEHENDAKARIA NAIZEN HONEK

Aditzera ematen dut Nafarroako Parlamentuak ondoko hau onetsi duela:

FORU LEGEA, BASA FAUNA ETA HAREN HABITATAK BABESTU ETA KUDEATZERI BURUZKO MARTXOAREN 5EKO FORU LEGEA ALDATZEKOA

ZIOEN AZALPENA

Nafarroarako Ehiza Plan Estrategikoak ezartzen zuenez - Nafarroako Parlamentuak, zerikusia zuten eragile guztien lankidetza eta parte-hartzearekin, 1997an onetsi zuen-, aldatu beharra zegoen Basa fauna eta haren habitatak babestu eta kudeatzeari buruzko martxoaren 5eko 2/1993 Foru Legea, lege hori planak proposatutakoetara egokitzearren.

Horrenbestez, foru lege honek 2/1993 Foru Legea aldatu eta Nafarroako Gobernuari zenbait ahalmen ematen dizkio basa ugaztunek, hegaztiek eta babestutako espezieek eragindako errepide istripuen ondoriozko kalteordainen ordainketaren inguruan; bestalde, erantzukizuna duten subjektuei dagokienez, errespetatu egiten dira arau zibilak. Mekanismoak ezarri dira, horrenbestez, ehizarako erabil daitezkeen espezieek eragindako kalteen ordainak Nafarroako Gobernuak zuzenean ordain diezazkien kaltetuei.

Ehiza eta arrantza lizentzien balio-epea ere aldatu eta, orain, urtebeterako edo bost urterako izanen da aukeran.

Halaber, zenbait arau ezarri dira eremu jakin batzuen balio ekologikoa babeste aldera, eta espezieen babes eta garapenari laguntzearren. Horrela, erreserbak ezarri dira eremu jakin batzuen balio ekologikoari begira; barruti bakoitzeko ehiza antolatzeko planek ezarriko dituzte erreserbak hartuko dituen lurrak eta azalerak.

Orobat, legean ezarri da ezen bide azpiegitura berrietan beharrezko neurriak hartuko direla basa faunak pasabide bereziak izan ditzan, eta, egungo bide azpiegituretan, beharrezkoak diren prebentzio neurriak eta seinaleak jarriko direla basa faunak eragindako istripu kopurua murrizteko.

Azkenik, zenbait aldaketa egin dira ehiza barrutietan ehiza zaindariak jartze aldera. Esaten dena da behar adinako zaintza jarri behar dela ehiza barrutian, ehiza babesteko, eta ezarri da Nafarroako Gobernuak laguntza ekonomikoak jarri beharko dituela ehiza barrutien titularrek ehiza-zainak kontrata ditzaten.

1. artikulua. Basa fauna eta haren habitatak babestu eta kudeatzeari buruzko martxoaren 5eko 2/1993 Foru Legearen 31. artikuluko 4. idatz-zatia aldatu da. Hona testua:

"Ehizarako edo arrantzarako erabili daitekeen basa faunak eragindako kalteen ordainak lege zibilen arabera erantzule gertatzen direnek ordainduko dituzte. Hala ere, Nafarroako Gobernuak, erantzulearen eta kaltetuaren adostasunez, zuzenean ordainduko dizkio kaltetuari basa ugaztun eta hegaztiek eragindako errepide istripuen ondoriozko kalteordainak."

2. artikulua. Basa fauna eta haren habitatak babestu eta kudeatzeari buruzko martxoaren 5eko 2/1993 Foru Legearen 54 artikuluko 5. idatz-zatia aldatu da. Hona testua:

"Ehiza antolatzeko planek erreserbak ezarriko dituzte eremu jakin batzuen balio ekologikoan oinarrituta edo espezien babes eta garapenari laguntzearren. Erreserba horietan ez da ehizan, arrantzan edo animalientzat gogaikarri izan daitekeen beste edozein jardueratan aritzerik izanen, lur horien nekazaritza, abeltzaintza edo oihangintzako erabilerari dagokiona ez bada. Ehiza antolatzeko planak mugatuko ditu espezie zehatz batentzako erreserbak edo/eta babestokiak lurrak eta azalerak zein diren, baimendutako barrutiaren azalera osoan zuzenean oinarriturik.

3. artikulua. Basa fauna eta haren habitatak babestu eta kudeatzeari buruzko martxoaren 5eko 2/1993 Foru Legearen 57 artikuluko 4. idatz-zatia aldatu da. Hona testua:

"Foru lege honetan ezarritako eskubideak eta betebeharrak, ehiza barrutiez den bezainbatean, jabeari edo finkez eta haien aprobetxamenduaz baliatu eta gozatzea dakarten beste eskubide erreal edo pertsonalen titularrei dagokie, lege zibiletan xedatutakoarekin bat. Hala ere, Nafarroako Gobernuak, erantzulearen eta kaltetuaren adostasunez, zuzenean ordainduko dizkio kaltetuari basa ugaztun eta hegaztiek eragindako errepide istripuen ondoriozko kalteordainak.

4. artikulua. Basa fauna eta haren habitatak babestu eta kudeatzeari buruzko martxoaren 5eko 2/1993 Foru Legearen 59 artikuluko 3. idatz-zatia aldatu da. Hona testua:

"Lizentziak Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak emanen ditu; Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan izanen dute balioa, urtebeterako nahiz bost urtetarako, aukeran, eta epe horietarako ere berritu ahal izanen dira".

5. artikulua. Basa fauna eta haren habitatak babestu eta kudeatzeari buruzko martxoaren 5eko 2/1993 Foru Legearen 72 artikuluko a) letra aldatu da. Hona testua:

"a) Ehiza babesteko behar adinako zaintza ematea barrutiari, ehiza antolatzeko planari jarraikiz. Horretarako, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak ezarriko du zaindarien gutxieneko kopurua eta haien dedikazioa".

XEDAPEN GEHIGARRIA

Lehena.-1. Bide azpiegitura berrietan, beharrezko neurriak hartuko dira basa faunak pasabide bereziak izan ditzan.

2. Basa faunaren eraginez, egungo azpiegituretako zenbait gunek istripu tasa handiagoa badute, beharrezkoak diren prebentzio neurriak eta seinaleak jarriko dira.

Bigarrena.-Nafarroako Gobernuak laguntza ekonomikoak ezarriko ditu ehiza barrutien titularrek ehiza-zainak kontrata ditzaten.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indarrik gabe gelditu dira foru lege honen kontra doazen maila bereko edo baxuagoko xedapen guztiak.

AZKEN XEDAPENAK

Lehena.-Baimena ematen zaio Nafarroako Gobernuari foru lege hau garatu eta betearazteko behar diren arauzko xedapen guztiak eman ditzan.

Bigarrena.-Foru Lege honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, Foru Lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean berehala argitara eta Estatuko Aldizkari Ofizialera igor dadila agintzen dut eta hiritar eta agintariei bete eta betearaz dezaten manatzen diet.

Iruñean, bi mila eta biko ekainaren hamahiruan.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.

Iragarkiaren kodea: A0206815