60. ALDIZKARIA - 2002ko maiatzaren 17a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Aginduak

142/2002 FORU AGINDUA, maiatzaren 8koa, Hezkuntza eta Kultura kontseilariak emana. Nafarroako Foru Komunitatean goi mailako musika ikasketetan sartzeko probak arautzen ditu, eta "Pablo Sarasate" Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioan goi mailako musika ikasketetan sartzeko proben deialdia egiten du, 2002/2003 ikasturterako.

Martxoaren 27ko 7/2002 Foru Legeak LOGSEn jasotako goi mailako musika ikasketak ezartzeko arauak eman ditu, eta "Pablo Sarasate" Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioa sortu du. Legearen 1. artikuluaren arabera, Musikako Goi Maila ezarriko da Nafarroan 2002-2003 ikasturtean, Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrerako urriaren 3ko 1/1990 Legeak xedatuari jarraikiz. Halaber, lehenengo xedapen gehigarriak ezartzen du Nafarroako Gobernuak, Hezkuntza eta Kultura Departamentuaren bitartez, maila horretan sartzeko probak arautuko dituela.

Goi mailako musika ikasketen curriculumeko oinarrizko puntuak eta ikasketa horietan sartzeko hauta-probak arautzen dituen apirilaren 21eko 617/1995 Errege Dekretuak 12. artikuluan ezartzen duenez, hezkuntzako administrazioei dagokie sarrera probak antolatu eta deialdiak egitea beren eskumenekoak diren ikastetxeetan, bai eta espezialitate bakoitzean zenbat plaza dagoen zehaztea ere, ikastetxeen ahalmena eta sektore profesionalen beharrak kontuan harturik.

Hezkuntza eta Kultura kontseilariak apirilaren 17an emandako 109/2002 Foru Aginduaren bidez, baimena eman zaio Iruñeko "Pablo Sarasate" Goi Mailako Musika Kontserbatorioari LOGSEren araberako musikako goi maila irakatsi eta maila horretako espezialitateak ezartzeko. 2. artikuluan zehazten dira 2002/2003 ikasturtean ezarriko diren espezialitateak; sarrera probak ikastetxean bertan gainditzen dituzten izangaien kopuruak baldintzatuko du espezialitateen ezarpena. Sarrera probetarako deialdia Hezkuntza eta Kultura Departamentuak egin beharko du.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Gobernua eta Administrazioa arautzen dituen apirilaren 11ko 23/1983 Foru Legearen 36.2 artikuluak emandako ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1.-Xedea eta esparrua.

Foru Agindu honen xedea da Nafarroako Foru Komunitatean goi mailako musika ikasketetan sartzeko probak arautzea, eta "Pablo Sarasate" Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioan goi mailako musika ikasketetan sartzeko proben deialdia egitea, 2002/2003 ikasturterako.

2.-Sarrera probak antolatu eta deialdia egiteko eskumena.

Hezkuntza eta Kultura Departamentuari dagokio goi mailako musika ikasketetan sartzeko probak antolatu eta deialdia egitea, bai eta espezialitate bakoitzean zenbat plaza izanen den zehaztea ere.

3.-Indarra eta balioa.

3.1. Sarrera proba gainditzeak deialdiari dagokion ikasturtean matrikulatzeko soilik ematen du ahalmena. Proba gainditzen duten izangaien onarpena, espezialitate bakoitzean lortutako puntuazioak kontuan hartu eta handitik txikiranzko hurrenkeran eginen da.

3.2. Plazen eskaria ikastetxeko espezialitate bateko postuen kopurua baino handiagoa denean, plazak adjudikatu behar direnean lehentasuna izanen dute probak ikastetxean gainditzen dituzten ikasleen eskariek.

3.3. Plaza hutsak gelditzen badira, orduan bakarrik adjudikatu ahalko zaizkie proba beste ikastetxe batean gainditu duten ikasleei.

4.-Deialdiak.

Urtero bi deialdi eginen dira.

4.1. Lehenengo deialdia.

Lehenbizi, 10. artikuluan araututako ariketa eginen dute batxilergoko titulua ez duten ikasleek edo erdi mailako musika ikasketak gainditu ez dituztenek, edo bi baldintza horietako bakar bat ere betetzen ez dutenek.

Gero, 11. artikuluan araututako ariketa eginen dute izangai guztiek.

4.2. Bigarren deialdia.

Lehenengo deialdiari dagokion matrikulazioa egindakoan plaza hutsik gelditzen bada, bigarren deialdia eginen da beharrezkoa den espezialitateetan.

Lehenbizi 10. artikuluan araututako ariketa eginen dute batxilergoko titulua ez duten ikasleek edo erdi mailako musika ikasketak gainditu ez dituztenek, edo bi baldintza horietako bakar bat ere betetzen ez dutenek.

Gero, 11. artikuluan araututako ariketa eginen dute izangai guztiek.

4.3. Epaimahai bakoitzak proben zati bakoitza zein egun eta ordutan eginen den eta emaitzak jendaurrean zein egunetan jarriko diren iragarriko du, 48 ordu lehenago gutxienez, probak egiten diren tokian.

5.-Baldintzak.

Goi mailako musika ikasketetan sartzeko ezinbestekoa da Foru Agindu honen 11. artikuluan araututako sarrera proba gainditzea, batxilergoko titulua izatea eta erdi mailako musika ikasketak gainditu izana.

Batxilergoko titulurik izan gabe eta erdi mailako musika ikasketak gainditu gabe ere sar daiteke aipatu ikasketetan, baldin eta berariazko ariketa baten bidez behar diren baldintzak betetzen direla frogatzen bada.

6.-Izena emateko eskabideak.

6.1. Eredua.

Izangaiek izena emateko eskabidea aurkeztuko dute eta hautatutako espezialitatea adieraziko. Eskabidea 1. eranskinean ageri den eredua bezalakoa izanen da. Espezialitate bat baino gehiago egin nahi izanez gero, lehentasunezko hurrenkeran jarri beharko dituzte.

Eskabidearekin batera aurkeztu beharrekoak:

a) Nortasun Agiri Nazionalaren edo pasaportearen fotokopia konpultsatua.

b) Tasa ordaindu izana frogatzen duen agiria.

c) Baldin badute, batxilergoko tituluaren fotokopia konpultsatua, edo eskatu izanaren frogagiria.

d) Baldin badute, eskolatze liburuaren fotokopia konpultsatua edo kasuko kontserbatorioak luzatutako ziurtagiria, izangaiak erdi mailako musika ikasketak gainditu dituela egiaztatuko duena. Irailaren 10eko 2618/1996 Dekretuak araututako ikasketa planari baldin badagokio, irakasle tituluaren fotokopia konpultsatua ere onartuko da, bai eta kasuko kontserbatorioak luzatutako ziurtagiria ere, izangaiak Dekretu horretan araututako erdi mailako musika ikasketak gainditu dituela egiaztatuko duena.

6.2. Probetarako izena ematerakoan batxilergoko edo erdi mailako musika ikasketetako azken kurtsoa egiten ari diren izangaiek -eta beraz, artikulu honetan aipatutako agiriak ez dituztenek- probak egin aurretik aurkeztuko dituzte beharrezkoak diren agiriak.

6.3. Eskabidea aurkeztea.

Eskabidea ikastetxeari zuzenduko zaio, deialdian ezarritako moduan. Bigarren deialdian izena emateko ezinbestekoa izanen da beste eskabide bat aurkeztea.

7.-Espezialitateak.

Sarrera proben urteroko deialdietan aditzera emanen da probak zein espezialitatetarako eginen diren.

8.-Proben helburua.

Sarrera proben helburua da ikasleek goi mailako musika ikasketak -eskatutako espezialitatean- ongi aprobetxatuz egiteko behar den gaitasuna duten frogatzea.

9.-Proben egitura.

9.1. Batxilergoko titulua ez duten izangaiek eta/edo musikako erdi maila gainditu ez dutenek Foru Agindu honetako 10.1 eta 10.2 ataletan azaltzen diren ariketak eginen dituzte, hurrenez hurren.

9.2. Izangai guztiek Foru Agindu honetako 11. artikuluan aipatzen den sarrera proba egin beharko dute.

10.-Berariazko ariketa.

10.1. Erdi mailako musika ikasketak gainditu ez dituzten izangaiek idatziz eginen dute, bi orduz, grabaketa eta partitura bidez aurkeztutako musika lan baten edo zati baten gaineko iruzkin orokorra eta egitura librekoa. Proba horretan beraien prestakuntza musikala erakutsi beharko dute, bai entzute-gaitasunari dagokionez, bai musikaren teoria eta historiari buruzko ezagutzari dagokionez ere; horretaz gainera, baliabide eta prozedura harmonikoak zein neurritan ulertu eta erabiltzen dituzten ere erakutsi beharko dute.

10.2. Batxilergoko titulua ez duten izangaiek beraien lan eta jarduerak frogatzen dituen memoria aurkeztuko dute proba egin aurretik. Ariketan, ordubetez, aurkeztutako memoriaren inguruko galdera batzuei erantzun beharko diete, idatziz.

11.-Izangai guztiek egin beharreko sarrera probaren edukiak.

11.1. Kantua, musika tresnen espezialitateak eta kantuaren eta musika tresnen pedagogia.

Ariketa hau egiten denean, ikastetxe bakoitzak ezarri eta jendaurreratutako irizpideei jarraituko zaie. Irizpide horiek izanen dira analisiaren eta lanen edo estudioen zailtasun mailari buruzkoak, estilo adierazgarrienen ingurukoak eta, hala denean, programaren parte bat edo programa osoa buruz interpretatu beharrari buruzkoak; erreferentzia gisa har daitezkeen lanak ere adieraziko dira irizpide horietan. Halaber, polifonikoak ez diren musika tresnen kasuan, bakarka edo tresna baten laguntzaz interpretatu behar diren lanen kopurua zehaztuko da.

11.1.1. Akordeoia, Harpa, Kantua, Klarinetea, Kontrabaxua, Fagota, Zehar flauta, Moko flauta, Gitarra, Oboea, Perkusioa, Pianoa, Saxofoia, Tronpa, Tronpeta, Tronboia, Tuba, Biola, Biolina, Biolontxeloa, Kantuaren eta aipatu musika tresnen pedagogia, eta Musika tradizional eta herrikoiaren tresnak (Txistua).

a) Hogeita hamarren bat minutuko programa bat interpretatzea; maila horri dagokion zailtasuneko lanek eta/edo estudioek osatuko dute programa.

b) Epaimahaiak proposatutako lan edo zati bat aztertzea.

c) Bat-bateko irakurketa.

11.1.2. Klabea, Organoa, Klabearen Pedagogia eta Organoaren Pedagogia.

a) Hogeita hamarren bat minutuko programa bat interpretatzea; maila horri dagokion zailtasuneko lanek eta/edo estudioek osatuko dute programa.

b) Epaimahaiak proposatutako lan edo zati bat aztertzea.

c) Melodia baten akonpainamendu inprobisatua kontinuo baten bitartez, epaimahaiak emandako baxu zifratu batetik abiatuta.

11.1.3. Jazza.

a) Hogeita hamarren bat minutuko programa bat interpretatzea; maila horri dagokion zailtasuneko lanek eta/edo estudioek osatuko dute programa.

b) Epaimahaiak proposatutako lan edo zati bat aztertzea.

c) Inprobisazio bat egitea epaimahaiak emandako sekuentzia harmoniko batetik abiatuta.

11.2. Musika tresnik gabeko espezialitateak.

Aurreko a) atalean aipatu lanen artean, zailtasun ertaineko lau lan sartu beharko dira gutxienez, tresnaren literaturako estilo adierazgarrienetakoak, izangaiak berak hautatuak. Kantuaren kasuan, gutxienez zortzi lan sartuko dira zerrendan. b), c) eta d) ataletan, ikastetxeek zehaztu eta aurretiaz jarriko dituzte jendaurrean atal bakoitzaren edukiari eta zailtasun mailari buruzko jarraibideak, horietako bakoitzaren ezaugarriak eta berezitasuna kontuan hartuta.

11.2.1. Konposizioa.

a) Musika tresna nagusiarekin (edo ahotsarekin, kantua bada) hamabosten bat minutuz interpretatzea izangaiak aldez aurretik aurkeztutako zerrendatik epaimahaiak aukeratutako lanak.

b) Izangaiak egindako obra eta lanak aurkeztu eta ahoz defendatzea.

c) Lan harmoniko-kontrapuntistiko bat egitea.

d) Bat-bateko irakurketa pianoz.

11.2.2. Musikologia.

a) Musika tresna nagusiarekin (edo ahotsarekin, kantua bada) hamabosten bat minutuz interpretatzea izangaiak aldez aurretik aurkeztutako zerrendatik epaimahaiak aukeratutako lanak.

b) Obra edo zati bat aztertzea.

c) Lan harmoniko-kontrapuntistiko bat egitea.

11.2.3. Musika hizkuntzaren eta hezkuntzaren pedagogia.

a) Musika tresna nagusiarekin (edo ahotsarekin, kantua bada) hamabosten bat minutuz interpretatzea izangaiak aldez aurretik aurkeztutako zerrendatik epaimahaiak aukeratutako lanak.

b) Ahots proba, bakarka eta taldean.

c) Pieza labur didaktiko bat konposatzea, epaimahaiak proposaturiko melodia edo testu baten gainean.

d) Bat-bateko irakurketa pianoz.

12.-Nortasuna egiaztatzea.

Epaimahaikideek probaren edozein unetan egiaztatu ahalko dute izangaien nortasuna.

13.-Kalifikazioa.

Atal bakoitza zero puntutik hamar puntura bitarte baloratuko da, dezimalik gabe. Kalifikazioak dagokien taularen bidez ponderatuko dira (2. eranskina).

Foru Agindu honen 10. artikuluan ageri diren berariazko ariketak ere berdin puntuatuko dira, eta 3. eranskineko taularen arabera ponderatuko dira probarekin.

Azken kalifikazioa bi dezimalekin adieraziko da. Sarrera proba gainditutzat joko da kalifikazioa 5,00 puntukoa edo hortik gorakoa denean. Emaitzak aktetan azalduko dira; proba zein ikastetxetan egiten den, hango oholean jarriko dira emaitzak (guztira ateratzen direnak eta partzialak).

14.-Ziurtatzea.

Proba gainditu izanaren ziurtagiria emanen da, Foru Agindu honen 4. eranskineko ereduari jarraikiz.

15.-Epaimahaiak.

15.1. Osaera.

Epaimahai bat eratuko da espezialitate bakoitzean. Epaimahaiak kopuru bakoiti batez osatuko dira; gutxienez ere hiru kide, Hezkuntza eta Kultura Departamentuak izendatuak, ikastetxeak berak proposaturik. Kide horiek ikastetxekoak berekoak izanen dira, kasuan kasuko espezialitatekoak edo, behar beste ez badira, hurbileko espezialitateetakoak. Ariketekin lotuta dauden arloetako irakasleen aholkuak jaso ahalko ditu epaimahaiak, beharrezkoa dela uste duenean.

15.2. Iragartzea.

Epaimahaiak zein kidek osatuko dituzten iragarriko da probak egin behar diren tokiko iragarki oholetan, probak hasi baino bost egun lehenago gutxienez.

16.-Elkarrizketa.

Epaimahaiak elkarrizketa egin ahalko du izangaiekin, beraien prestakuntzari eta lan esperientziari buruz eta goi mailako musika ikasketen inguruan espero dutenaren gainean. Epaimahaiak jarduera eta esperientzien egiaztagiriak eskatu ahalko dizkie izangaiei.

17.-Erreklamazioak.

Proben kalifikazioari buruzko erreklamazioak epaimahaiburuari zuzendurik aurkeztuko dira, probak egiten diren tokian, emaitzak argitaratu eta bost egun balioduneko epean. Erreklamazioen gaineko ebazpenak toki berean jarriko dira jendaurrean, aurkezteko epea bukatu eta hamar egun balioduneko epean. Ebazpen horien kontra izangaiek erreklamazioa egin ahalko dute, jendaurrean jarri eta hurrengo bost egunetan, Hezkuntza eta Kultura Departamentuko Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuan.

18.-Dokumentazioa gordetzea.

Probak direla eta sortzen den dokumentazioa gorde eginen da, probak bukatu eta bi hilabetez.

19.-2002/2003 ikasturteko deialdiak.

19.1. Ekaineko deialdia.

2002ko ekainaren 17ko 9:00etan, baldintzak betetzen ez dituzten izangaientzako berariazko ariketa hasiko da; horren ondoren, izangai guztiek egin beharreko proba, 11. artikuluan arautua.

19.2. Iraileko deialdia.

2002ko irailaren 9ko 9:00etan, baldintzak betetzen ez dituzten izangaientzako berariazko ariketa hasiko da; horren ondoren, izangai guztiek egin beharreko proba, 11. artikuluan arautua.

20.-2002/2003 ikasturteko sarrera probak egiteko tokia.

Proba guztiak "Pablo Sarasate" Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioan eginen dira (Iruñeko Agoitz kalea, z.g.).

21.-2002/2003 ikasturteko sarrera probetarako izena emateko eskabideak aurkeztea.

Ekaineko deialdirako izena emateko eskabideak 2002ko maiatzaren 20tik 31ra bitarte aurkeztuko dira, bi egun horiek barne, "Pablo Sarasate" Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioan.

Iraileko deialdirako, plaza hutsak gelditzen diren espezialitateetarako, uztailaren 29tik abuztuaren 2ra, bi egun horiek barne, aurkeztuko dira eskabideak.

22.-2002/2003 ikasturterako sarrera proben deialdia espezialitate hauetarako izanen da:

Akordeoia, Harpa, Kantua, Klarinetea, Klabea, Konposizioa, Kontrabaxua, Fagota, Moko flauta, Zehar flauta, Gitarra, Musika tradizional eta herrikoiaren tresnak (Txistua), Jazza (Baxu elektrikoa, Bateria, Kontrabaxua, Gitarra elektrikoa, Pianoa, Saxofoia eta Tronpeta), Musikologia, Oboea, Organoa, Musika hizkuntzaren eta hezkuntzaren pedagogia, Kantuaren eta musika tresnen pedagogia (Akordeoia, Harpa, Kantua, Klarinetea, Klabea, Kontrabaxua, Fagota, Moko flauta, Zehar flauta, Gitarra, Oboea, Organoa, Perkusioa, Pianoa, Saxofoia, Tronboia, Tronpa, Tronpeta, Tuba, Biola, Biolina eta Biolontxeloa), Perkusioa, Pianoa, Saxofoia, Tronboia, Tronpa, Tronpeta, Tuba, Biolina eta Biolontxeloa.

XEDAPEN GEHIGARRI BAKARRA

2002/2003 ikasturtean LOGSE-Goi Mailako lehen kurtsoko ikasketak ezarriko dira (espezialitateak, berriz, "Pablo Sarasate" Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioan sartzeko probak gainditzen dituzten izangaien araberakoak); horiez gainera, LOGSE-Goi Mailako bigarren kurtsoko ikasketak ere ezarriko dira (espezialitateak, berriz, 2002ko ekainaren 27tik uztailaren 2ra bitarteko epe bakarrean, bi egunak barne, matrikulatutako izangaien araberakoak). Matrikula Nafarroako Foru Komunitatean aplikatutako curriculumari egokituko zaio irakasgaiak eta kredituak onartzeari dagokionez.

XEDAPEN IRAGANKOR BAKARRA

Hezkuntza eta Kultura Departamentuak 2002/2003 ikasturterako sarrera probetan arituko diren epaimahaiak izenda ditzake, Foru Agindu honen 15. artikuluan ezarritakoa alde batera utzita. Epaimahai horietan parte hartu ahalko dute Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuko kideek eta musikako goi mailako tituludunek.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.-Ahalmena ematen zaio Hezkuntza zuzendari nagusiari, Foru Agindu hau garatu eta aplikatzeko beharrezkoak diren xedapenak eman ditzan.

Bigarrena.-Hezkuntza eta Kultura Departamentuak batzorde bat izendatuko du, Departamentuko eta ikastetxeko ordezkariak izanen dituena gutxienez, Foru Agindu honen aplikazioa ebaluatzeko, tituludunen bigarren promozioa izandakoan.

Hirugarrena.-Foru Agindu hau igorriko da Araubide Bereziko Irakaskuntzaren eta Teknologia Berrien Zerbitzura, Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzura, Guraso eta Ikasleentzako Argibide eta Aholku Bulegora, "Pablo Sarasate" Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatoriora, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALera, argitara dadin.

Laugarrena.-Foru Agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, bi mila eta bateko maiatzaren zortzian.-Hezkuntza eta Kultura kontseilaria, Jesús Laguna Peña.

1. ERANSKINA

Goi mailako musika ikasketetan sartzeko probetarako izena emateko eskabidea

2. ERANSKINA

11. artikuluan azaldutako probaren atalen ponderazio taula

11.1.1 45 35 20

11.1.2 45 35 20

11.1.3 45 30 30

11.2.1 20 30 30 20

11.2.2 20 45 35

11.2.3 25 25 25 25

3. ERANSKINA

Berariazko ariketen (10. art.) eta probaren (11. art.) arteko ponderazio taula

10.1 10.2 11.

IZANGAIAREN EGOERA ATALEKO ATALEKO ARTIKULUKO

EHUNEKOA EHUNEKOA EHUNEKOA

Batxilergoa eta Erdi Maila gaindituta 100

Batxilergoa gaindituta eta Erdi Maila gainditu gabe 10 90

Batxilergoa gainditu gabe eta Erdi Maila gaindituta 10 90

Batxilergoa eta Erdi Maila gainditu gabe 10 10 80

4. ERANSKINA

Sarrera proba gainditu izana ziurtatzeko agiriaren eredua

..................... jn/and.ak, goi mailako musika ikasketetan .............. espezialitatean sartzeko probaren (............ Foru Aginduak arautuaren) epaimahaiko idazkari naizen honek,

Ziurtatzen dut:

........................... izangaiak ........ puntuko kalifikazioa izan duela goi mailako musika ikasketetan ............ espezialitatean sartzeko proban. Deialdia Hezkuntza eta Kultura Departamentuak egin zuen Foru Agindu/Ebazpen honen bidez ...........................

Proba honek ............. ikasturterako bakarrik du indarra eta balioa.

Hala ager dadin, ziurtagiri hau sinatzen dut ........ (e)n, 20...(e)ko ............aren .......(e)an.

Mahaiburuak O.E.Idazkaria

Iragarkiaren kodea: a0205101