60. ALDIZKARIA - 2002ko maiatzaren 17a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Beste Xedapenak

876/2002 EBAZPENA, apirilaren 5ekoa, Ingurumen zuzendari nagusiak emana, Xabierko (Nafarroa) Lurzati Berrantolamenduari Ingurumenaren gaineko Eraginaren Deklarazioa egiten diona. Proiektu hori Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak sustatu du.

Ekainaren 21eko 237/1999 Foru Dekretuak, lurzati berrantolamenduko prozesuetan ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioa arautzen duenak, bere 11.1 artikuluan ezartzen du beharrezkoa dela tramitazioan dauden lurzati berrantolamendu publikoei buruz Ingurumenaren gaineko Eraginaren Ebaluazioa egitea.

Ingurumen zuzendari nagusiak irailaren 17an emandako 2228/2001 Ebazpenaren bidez, jendaurrean jarri zen Xabierko Lurzati Berrantolamenduari zegokion Ingurumenaren gaineko Eraginaren Azterlana eta, harekin batera, Obra Planaren dokumentazio teknikoa, aipatu Foru Dekretuko 6. artikuluan ezarritakoaren arabera tramitatzeko. Tramitazio horretan ez da alegaziorik jaso.

Proiektuaren laburpena eta ingurumenean eragina duten ekintzak eta Ingurumenaren gaineko Eraginaren Azterlana Ingurumenaren gaineko Eraginaren Deklarazioaren eranskinean bildu dira. Eraginaren Azterlanak egokiro aztertzen ditu proiektuak ingurumenean sortzen dituen eraginak; gainera, beharrezkoak diren neurri zuzentzaileak ezartzen ditu ingurumenean eragin nabarmenik sor ez dadin.

Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuak Erronkariarren Errege Altxonbidean afekzioak ahalik txikienak izateko hartu beharreko neurri babestaile eta zuzentzaileen gaineko txostena egin du.

Horrenbestez, eta Ingurumenaren gaineko Eraginaren Ebaluazioari buruzko eginkizunak esleitzen dituen abenduaren 4ko 580/1995 Foru Dekretuak emandako ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumenaren gaineko Eraginaren Deklarazioa egitea Xabierko (Nafarroa) Lurzati Berrantolamenduari buruz, zeina Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak sustatu baitu, proposatzen den aukera ingurumenaren aldetik bideragarria dela uste izanik, baina baldintza hauek beteta betiere:

.Lurzatiak bereizten dituzten ezpondak eta inguruneko gainerako elementuak, balio handi edo oso handikoak, Ingurumenaren gaineko Eraginaren Azterlanean markaturik daude banan banan eta oso-osorik errespetatuko dira. Ordezpeneko lurzatien barrenean geldituz gero tarte bat desegiteko baimena emanen da baldin eta beharrezkoa bada ezpondak bereizten dituen lurretara igarotzeko.

.Dena dela, bi metro baino gehiagoko zuhaixkak edo zuhaitzak ez dira inolaz ere kentzen ahalko.

.Nafarroako Oihan Ondarea babestu eta garatzeko 13/1990 Foru Legearekin bat etorriz, lurzatiak berrantolatzeko prozesu hau hastean landu gabe zeuden lur guztiak oihan lurzoru bilakatu dira. Oihan lurzoruaren azalera (zuhaitzekin edo gabe) berbera izanen da berrantolatu aurretik eta ondotik, nahiz tokia eta jabeak beste batzuk diren. Izan ere, proiektuaren sustatzaileak oihan lurzoruen behin betiko kokapena eta lurren jabeei aditzera emanen die proiektua behin betikoz onetsitakoan ez dela luberritze lanik egiten ahalko.

.Bide sare berria gaurkoari egokituko zaio eta trazadura eta zabalera malguak izanen ditu. Ongi kontserbatutako landaretzako toki malkartsuetan bidea estuagoa izanen da. Behar izanez gero eta tarte mugatuetan, landareak bazterretako batetik kenduko dira. C.2.2. bideak ez du 140. lurzatiko saroia gurutzatuko. Bideetan sakanguneak eginen dira ura errazago pasa dadin eta zuhaitz usuko tarteetan ez da aldaketarik eginen, D bidea Unduesko sakanean kasu. Bide bazterrak lehengoratuko dira ereinketa eta landaketekin higadurari aurre egiteko.

.Bide sarea egiteko behar diren agregakinak ateratzeko legar-hobiek ingurumen aldeko baimena izan beharko dute, materiala ateratzen hasi baino lehen.

.Hondakinak botatzeko tokiak eta erabilpenerako hartuko direnak Zuzendari Nagusi honetan tramitatu behar dira lanak hasi baino lehen.

.Bide eta drainatze sareak egin eta finka berriak partitu eta ondoan, Zuzendaritza Nagusi honi lanetan egin den ingurumenaren gaineko jarraipenari buruzko txostena eta, neurri zuzentzaileak aplikatutakoan, ingurumenean gelditu diren gainerako eraginen balorazioa igorriko zaizkio.

.Erronkariarren Errege Altxonbidea eremu horretan barrena pasatzen baita eta ukipenak izanen baititu, ondokoak ere hartu behar dira kontuan:

-Lehorreko lurren berrantolamenduan eta 1. poligonoan, F bideak errepidearekin elkartzen den tokian altxonbidea gurutzatzen du perpendikularki. Bide tarte horren trazadurak, kotetan, maldetan areketan zein gainerako gorabeheretan, ez du oztopatuko, inola ere, aziendak pasatzea.

-2. poligonoan (lehorreko lurra), 15 eta 16. barrutietan, estolden beharrean hormigoizko hodiak paratuko dira eta, tarteka, garbiketarako kutxetak, beti ere aziendak pasatzea oztopatu gabe.

-4. poligonoan (lehorreko lurra), "b" hustubidea aziendak pasatzea oztopatu ez eta higadura prozesurik ez sortzeko moduan eginen da.

-Ureztatze lurretan hodiak altxonbidea zeharkatzen du bi tartetan, H-7 aldera eta H-8 aldera. Horren ordainez aziendendako ur puntu bat paratuko da pausalekuan.

2. Ingurumenaren gaineko Eraginaren Deklarazioa Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea, orok jakin dezan, Ingurumenaren gaineko Eraginaren Ebaluazioari buruzko ekainaren 28ko 1302/1986 Legegintzako Errege Dekretuaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin.

3. Ebazpen hau jakinaraztea Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari, Xabierko Udalari eta Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, bi mila eta biko apirilaren bostean.-Ingurumeneko zuzendari nagusia, José Ignacio Elorrieta Pérez de Diego.

I. ERANSKINA

Proiektuaren laburpena

Berrantolatzeko eremua Xabierko udal mugapea da, 818 ha.koa.

Eremu horretan 16 jabe dira, 12 titularretan bilduak, eta 385 lurzati. 263 lurzati Urzáiz Azlor senideenak dira eta berrantolamenduaren 666 ha. egiten dute (%81,5). Gainerako 122 lurzatiak beste 11 titularrenak dira. Lurzatiak Berrantolatzeko Planean berrantolamendu koefizientea 0,7an dago eta murrizketa indizea 3,05ean. Lurraldeko Lan eta Hobekuntza Planean aurrekontua dago 9 km bide egiteko eta 0,6 km drenaje.

Egungo bi arazo nagusiak dira ustiapenak berregituratu beharra, haietako zenbaiten errentagarritasun eskasa dela medio, eta bideak eta drenajea egokitu beharra, lehenbizikoak zaharkituak daudelakoz eta bigarrenak aldatuak.

Ingurumenaren gaineko Eraginaren Azterlanaren edukia

Ingurumenaren gaineko Eraginaren Ebaluazioak lehenbiziko fase batean egindako landa lanean du oinarria, berrantolatzeko alderdia, egiturari, funtzionamenduari eta gestio arazo antzekoei dagokienez 1/5.000 eskalan ingurumeneko unitate homogenoetan sektorizatu zirenean. Aipatu unitateak planoan adierazita daude. Topografia eta erabilera tradizionalaren ondoriozko habitat zatikatuak ingurumeneko 13 unitate sorrarazi ditu aztertu diren 337 barrutiak biltzeko. Ingurumeneko unitateetako elementu nabarmenak ere inbentariatu eta deskribatu dira, hala nola, geomorfologia, landaredia, drenaje sarea, 9 aztarnategi arkeologiko, interesgune paleontologiko bat, nekazaritza- abeltzaintzako bertako hainbat eraikin eta, gainera, eihera bat.

Eraginen analisia eta deskribapena egin da eta denak daude bateragarri edo arinen mailan.

Eraginaren azterlanean irizpide, jarraibide, aurre-neurri eta neurri babestaile eta zuzentzaileen sail bat proposatzen da lurzati berrantolamendua naturgunearen artapenarekin bateragarri izateko.

Aurkeztutako agirietan ageri ere dira Ingurumena Zaintzeko plana, exekuzio aldian eta ustiapenean ezarriko dena, eta jarduketeei jarraikitzeko txosten teknikoak, haien edukia eta noizerotasuna, eta txosten bereziak.

Iragarkiaren kodea: a0203891