60. ALDIZKARIA - 2002ko maiatzaren 17a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Beste Xedapenak

96/2002 FORU AGINDUA, apirilaren 8koa, Hezkuntza eta Kultura kontseilariak emana, Nafarroako Agiritegi Orokorrean lanbide praktikak egiteko bi bekaren deialdia onesten duena.

Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiak, Ondare Historikoaren Zerbitzuaren bidez, Nafarroako Agiritegi Orokorrean lanbide praktikak egiteko bi bekaren deialdia egin du, Filosofia eta Letretako lizentziadunendako, beren prestakuntza akademikoa osatu ahal dezaten agiritegi historikoen antolamendu nahiz funtzionamenduaren ezagupen teoriko eta praktikoarekin, oinarri hauei jarraikiz

O I N A R R I A K

1.-Eskaria egiteko epea.

Deitutako bekak deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara eman eta ondoko hamabost egun naturalen barrenean eskatzen ahal dira.

2.-Betebeharrak.

2.1. Bekak eskuratu ahal izateko baldintza da nafarra izatea edo deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara eman baino lehen helbidea Nafarroan edukitzea. Gainera, Filosofia eta Letretako Lizentziadun tituluaren jabe izan behar da eta titulu hori 1997an edo geroago lortua izan. Ez dute aukerarik izanen aurretik Liburutegi, Museo eta Agiritegietan praktikak egiteko Nafarroako Gobernuak emandako bekez baliatu direnek.

2.2. Eskatzaileek Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean edo Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38. artikuluan ezarritako edozein tokitan agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

a) Eskabide-orria.

b) Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia konpultsatua eta helbidea Nafarroan duela frogatzen duen ziurtagiria.

c) Ikasketa espedientearen ziurtagiria edo haren fotokopia konpultsatua, ikasturte bakoitzeko ikasgai guztien kalifikazioekin.

d) Izangaiaren "curriculum vitae-a", ikasketa osagarriak, ikastaroak, argitalpenak, lortutako bekak, egindako ikerlanak, eta izangaiak egoki iruditzen zaizkion gainerako jarduera edo merezimendu guztiak adierazten dituena. Agertutako merezimenduak agiri egokien bidez behar dira egiaztatu.

3.-Hautapena.

3.1. Hezkuntza eta Kultura kontseilariak horretarako izendatuko duen Batzordeak hautatuko ditu bekadunak. Batzorde horrek aurkezten diren eskaerak aztertu eta baloratuko ditu, eta bekak puntu gehien ateratzen duten bi izangaiei ematea proposatuko du, ondoko baremoan oinarrituz:

a) Ikasketa-espedientea: gehienez ere 10 puntu.

Ikasketa espedientea baloratzeko honako irizpide hauek hartuko dira kontuan:

Ikasgaiak ondoko baremo honen arabera kontatuko dira:

Urri: 0 puntu.

Nahikoa: 1 puntu.

Oso Ongi: 2 puntu.

Bikain: 3 puntu.

Ohorezko matrikula: 4 puntu.

Azkeneko kalifikazioa ateratzeko, irakasgai guztien batuketa eginen da zati erabilitako deialdi kopurua.

Izangaiek egindako ikasketak agiritegi historiko bati - hots, Nafarroako Agiritegi Historikoari- dagozkion lanekin egokitu beharra kontuan hartuz, ondoko puntuazio-sistema erabiliko da:

Historian lizentziatua: 0 puntutik 10era: balorazioaren emaitzatik ateratzen den zifra bider bi eginen da.

Giza Zientzietako beste lizentziatura bat: 0 puntutik 4ra bitarte.

Beste lizentziatura batzuk: 0tik 2ra, espedientearen balorazioaren emaitza bider 0,5 eginen da.

Egokitzapen printzipio hori aintzat hartuta, honako irakasgai hauek bereziki baloratuko dira:

Artxibistika: 0,50 puntu.

Paleografia eta Diplomatika: 0,50 puntu.

Doktore titulua: 1 puntu.

b) Beste ikasketa, ikastaro batzuk: 5 puntu gehienez.

Honako baremo honen arabera puntuatuko dira:

Artxibistikako masterra: 3 puntu.

50 ordutik gorako ikastaroa: 0,5 puntu.

25 ordutik gorako ikastaroa: 0,25 puntu.

25 ordutik beherako ikastaroa: 0,10 puntu.

Biltzarretara joatea: 0,10 puntu.

c) Argitalpenak, komunikazioak biltzarretan, etab.: 5 puntu gehienez.

Honela kontatuko dira:

Monografien argitalpen bakoitzeko, autore bakarra bada: 1 puntu.

Beste batzuekin batera egindako argitalpenak: 0,50 puntu.

Argitaratutako artikulu bakoitzeko: 0,50 puntu.

Biltzarretan aurkeztu baina argitaratu ez diren komunikazioak: 0,25 puntu.

Goiko b) eta c) ataletan aipatu ikastaro-ikasketak, argitalpenak, bekak eta gainerakoek artxibistika, dokumentazio, paleografia edo diplomatikoaren ingurukoak izan beharko dute, bestela ez baitira puntuatuko.

3.2. Bekak Hezkuntza eta Kultura kontseilariaren Foru Aginduaren bidez emanen dira.

3.3. Edozein arrazoi dela-eta emandako bekari uko egiten bazaio, "Vianako Printzea" Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiaren Ondare Historikoaren Zerbitzuari eman behar zaio aditzera.

3.4. Norbaitek bekari uko eginez gero, Batzordeak bekak emateko ezarri duen puntuazio ordenari jarraikiz beteko da haren lekua.

4.-Diru zenbatekoa eta ordainketa.

4.1. Beka bakoitzaren zenbatekoa 6.761,38 eurokoa da.

4.2. Bi hilabetetik ordainduko da, Agiritegi eta Dokumentu Ondarearen atalburuak aldeko txostena eman ondoan.

5.-Iraunaldia.

Bekek hamabi hilabete iraunen dute praktikaldian Nafarroako Agiritegi Orokorrean.

6.-Bekadunen eginbeharrak.

6.1. Bekadunak Nafarroako Agiritegi Orokorraren ataletan ariko dira eta kasuan-kasuan agintzen zaizkion eginkizunak beteko dituzte.

6.2. Praktikaldian hogeita hamar ordu emanen dira astean. Bekadunek, praktikaldiak dirauen bitartean, hogeita hamar egun opor izanen dituzte.

6.3. Bekadunek ez dute lan harremanik izanen Nafarroako Agiritegi Orokorrarekin.

6.4. Praktikaldia bukaturik, bekadun bakoitzak Ondare Historikoaren Zerbitzura igorriko du egindako lanei buruzko memoria, bai eta eskuratutako ezagupen eta teknikei buruzko balorazioa ere.

7.-Praktiken ziurtagiria.

7.1. Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiak, bekadunaren memoria eta agirizain nagusiaren txostena ikusirik, asistentzia eta aprobetxamenduaren ziurtagiria emanen du, onuradunak eskuratutako ikasketa eta ezaguera mailaren arabera.

8.-Gorabeherak.

8.1. Oinarri hauek aplikatu eta interpretatzean sor litezkeen gorabeherei buruz ebaztea Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiari dagokio.

8.2. Deialdi honetan aurreikusitako eginbeharrak ez betetzeak beka kentzea ekarriko du berekin.

9.-Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka eta bere oinarri eta aplikazio egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa jarri ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara eman eta biharamunetik hasita hilabeteko epearen barruan.

Iruñean, bi mila eta biko apirilaren zortzian.-Hezkuntza eta Kultura kontseilaria, Jesús María Laguna Peña.

Iragarkiaren kodea: A0204590