58. ALDIZKARIA - 2002ko maiatzaren 13a

III. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

F U N E S

Funesko herrilurretako larreen esleipena eta aprobetxamendua arautzen dituen ordenantza behin betikoz onetsirik

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legeko 326. artikuluarekin bat, argitara ematen da Funesko herrilurretako larreen esleipena eta aprobetxamendua arautzen dituen ordenantzaren testu osoa, behin betikoz onetsi baitzen, 2002ko otsailaren 28ko osoko bilkuran hala erabakita.

Funesen, bi mila eta biko martxoaren hogeian. Alkate udalburua, José Luis Díaz Díaz.

ORDENANTZA, FUNESKO HERRILURRETAKO LARREEN ESLEIPENA ETA APROBETXAMENDUA ARAUTZEN DITUENA

1. artikulua. Ordenantza honek helburua du Funesko herrilurretako bazkalekuetako larreen esleipena eta aprobetxamendua arautzea, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/90 Foru Legeko IV. tituluaren II. kapituluan eta harekin bat heldu diren gainerako arauetan xedatutakoari jarraikiz.

2. artikulua. Herrilurretako bazkalekuetako larreen aprobetxamenduen onuradun izateko, oro har, famili unitatearen titularrak bere aziendak Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuaren azienda zentsuaren erregistroan alta emanda izan behar ditu, eta hori ustiapen liburuan jaso. Horrez gain, ondoko baldintza hauek bete beharko ditu:

a) Adinez nagusia izatea edo adinez ttiki burujabea nahiz judizialki gaitua.

b) Udal erroldan herriko biztanle gisa inskribatua izatea, gutienez sei (6) urteko antzinatasunaz.

c) Funesen urtean bederatzi hilabetez, bederen, egiazki eta etenik gabe bizitzea.

d) Funesko Udalarekin zerga betebehar guztiak eguneratuak izatea.

Famili unitatearen kide izanen dira etxebizitza berean bizi diren guztiak. Hala ere, guraso jubilatuak, senideekin bizi arren, famili unitate independiente gisa hartuko dira euren dirusarrerak lanbideen arteko gutieneko soldata baino tikiagoak baldin badira.

Artikulu hau interpretatzean sortzen ahal diren zalantzak Udalak ebatziko ditu osoko bilkuran, Nekazaritza Batzordeak haien gaineko txostena egin ondotik.

3. artikulua. Funesko Udala bazkaleku hauen titularra da gaur egun, eta hauek haien edukiera eta mugak:

Ureztalurrak

Bazkalekuak: La Barca. Azalera, nonbait hor, erregutan: 72; metro karratutan: 64.426.

Bazkalekuak: Sardilla (famili baratzetako esleitzen diren loteei dagozkien erreguak kenduta). Azalera, nonbait hor, erregutan: 1001; metro karratutan: 889.879.

Bazkalekuak: Las Boyas (erreserba). Azalera, nonbait hor, erregutan: 425; metro karratutan: 378.232.

Bazkalekuak: Chopar (erreserba). Azalera, nonbait hor, erregutan: 502; metro karratutan: 446.444.

Bazkalekuak: S. Villafranca (erreserba). Azalera, nonbait hor, erregutan: 307; metro karratutan: 272.837.

Bazkalekuak: Ramales. Azalera, nonbait hor, erregutan: 447; metro karratutan: 397.591.

Bazkalekuak: Soto Tabaca. Azalera, nonbait hor, erregutan: 470; metro karratutan: 417.873.

Bazkalekuak: Ontinar (eskorta eta guzti). Azalera, nonbait hor, erregutan: 72; metro karratutan: 64.171.

Bazkalekuak: Matapiojos. Azalera, nonbait hor, erregutan: 22; metro karratutan: 19.366.

Bazkalekuak: Soto Contiendas. Azalera, nonbait hor, erregutan: 407; metro karratutan: 362.173.

Bazkalekuak: La Majada. Azalera, nonbait hor, erregutan: 12; metro karratutan: 10.252.

Lehorreko lurrak

Bazkalekuak: Castellana (eskorta eta guzti). Azalera, nonbait hor, erregutan: 5.758; metro karratutan: 5.118.581.

Bazkalekuak: Dehesa (eskorta, hurrengo biekin partekatua). Azalera, nonbait hor, erregutan: 2.019; metro karratutan: 1.794.932.

Bazkalekuak: Dehesilla. Azalera, nonbait hor, erregutan: 2.107; metro karratutan: 1.872.870.

Bazkalekuak: Facería. Azalera, nonbait hor, erregutan: 2.882; metro karratutan: 2.562.175.

Bazkalekuak: Iñestar (eskorta eta guzti). Bazkaleku honen % 50, zezenketetarako aziendarendako gordeko da. Azalera, nonbait hor, erregutan: 2.606; metro karratutan: 2.316.691.

Bazkalekuak: Pepeluis (eskorta eta guzti). Azalera, nonbait hor, erregutan: 3.743; metro karratutan: 3.327.389.

Prezioa/erregua

Ureztalurra: 2,22 euro/erregua.

Lehorreko lurra: 0,60 euro/erregua.

Bazkaleku guztietatik aparte geldituko dira makalekin egindako oihan berrietan 5 urte baino gutiago dutenak.

4. artikulua. Funesko Udalaren herri larreen aprobetxamendua modu hauetako batera eginen da:

a) Herritarrei zuzenean esleituz.

b) Ohitura zaharrari jarraikiz, eta bertzenaz

c) Enkante publikoaren bidez esleituz.

5. artikulua. Ordenantza honen 2. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten famili unitateak izanen dira herritarrendako zuzeneko esleipenaren onuradunak.

6. artikulua. Herritar abeltzainek zuzenean aprobetxatuko dituzte larreak eta ez da zilegi izanen haien berrakura edo lagapena. Hori dela eta, Udalak ondoko hauen kasuetan joko du larreak ez direla zuzenean aprobetxatzen ari:

a) Funesko Udalean euren aziendei edo abeltzaintza jarduerari baja ematen dietenak.

b) Eginbehar hori izanik ere, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren aitorpenean azienden errendimenduak deklaratzen ez dituztenak.

c) Bazkalurren jabe izanik ere, haiek hirugarrenei akuran eman edo zuzenean ustiatzen ez dituztenak.

d) Zuzeneko aprobetxamendua egiaztaten duten agiriak, hots, artzainen Gizarte Segurantzako egiaztagiriak, albaiteroen ziurtagiriak, erosketenak edo bertzelakoak eskaturik, paratutako epean aurkezten ez dituztenak.

Udal bazkalekuen esleipena hartu duen famili unitatearen titularrak abeltzaintza ezarritako epea baino lehen uzten baldin badu, Udalak erabakiko du, batzorde eskudunak irizpena eman ondoan, larre horiek nola erabili esleipen epea burutu bitarte.

Aurreko paragrafoetan xedatutakoaren ondorioetarako, larreen zuzeneko aprobetxamendutzat hartuko da onuradunek talde eta elkarteak sortzen badituzte legeari jarraikiz, betiere kideek aipatutako 2. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen badituzte.

7. artikulua. "Herritarrendako zuzeneko esleipena" motako aprobetxamendua izanez gero, epea hamar (10) urtekoa da, baina urtebeteko luzapena egin daiteke, gehienez ere, egoera bereziak gertatuz gero, hala nola, larreak hobetzeko inbertsioak egitea, ordenantza hau aldatzea edo bertzelako egoerak, baldin eta, Udalaren iritzira, luzapena beharrezkoa badute.

8. artikulua. Udalak, osoko bilkuran, aldez aurretik batzorde eskudunak irizpena emanda, hala badagokio, bazkaleku bakoitzak jasan dezakeen azienda-karga ezarriko du, baita esleipen prezioa ere, ez larreen benetako balioaren % 80 baino tikiagoa ezta % 90 baino handiagoa izanen ez dena.

Balio hori zehaztean kontuan hartuko dira, bertzeak bertze, dauden edo sor daitezkeen baliabideek (eskortak, idoiak, etab.) dakarten balio erantsia eta Udalak larreetan egin ditzakeen hobekuntzak. Orobat, kontuan hartuko dira nekazari jardueretan eta lurra maneiatzean izan daitezkeen hobekuntzak, larreen kopurua handitzea eta kalitatea hobetzea dakartenak.

9. artikulua. Bazkaleku bakoitzak jasotzen ahal duen azienda- karga hau da:

a) Lehorreko bazkalekuak: 7 erregu x ardiburu bat.

b) Ureztatzeko bazkalekuak: 2 erregu x ardiburu bat.

(*) Behiburu bakoitzak 8 ardiburu balio du

10. artikulua. Aurreko artikuluan xedatutakoa betetzeko, (+ -) % 20ko tolerantzia ezarri da. Udalak eskubidea izanen du, esleipen egunetik aprobetxamendua amaitu bitarte, behar adina zenbatze egiteko. Legea urratzen duenari egun bakoitzeko eta azienda-karga gainditzen duen buru bakoitzeko 0,60 euroko isuna ezarriko zaio, baldin eta ezarri den tolerantziaren muga gainditzen badu.

11. artikulua. Alkate udalburuak, esleipen hartzaileak eskaera arrazoitua aurkeztu ondoan, bertzeren azienda sartzeko baimena ematen ahalko du, larre guztiak aprobetxatzeko, urte sasoia dela-eta belar ugari sortzen denean.

Bertzeren azienda sartzeko epea ez da bi hilabete baino gehiagokoa izanen urte bakoitzeko, mota bereko abereen kasuan, eta lau hilabete baino gehiagokoa, bertze mota batekoen kasuan.

Dirusarrera gehigarriak Udalarentzat izanen dira, eta dirusarrera gehigarri horien % 50 kenduko da hurrengo ekitaldiari dagokion esleipen preziotik.

Ezin izanen da bertzeren azienda, mota berekoa, sartu, esleipen hartzailearen abelburu kopurua gutitu delako.

12. artikulua. Esleipenaren urteko prezioa ordenantza honen 3. artikuluan finkatua izanen da.

Esleipenaren prezioa urtero berrituko da, nekazariek edo abeltzainek izandako prezio aldaketaren arabera erakunde ofizial eskudunak onetsitako indizeei jarraikiz (Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 2/95 Foru Legearen 27. artikulua).

13. artikulua. Aprobetxamenduaren esleipenaren urteko diru zenbatekoa hiruhilekoka ordainduko da, aldez aurretik, hil bakoitzeko, hau da, urtarril, apiril, uztail eta urri bakoitzeko lehen 15 egunetan.

Jakinarazpena jaso eta hurrengo 15 egunean ordaintzen ez bada diru zenbatekoari % 10 gehituko zaio, eta ordaindu ezean bide exekutiboari ekinen zaio.

14. artikulua. Onuradunak, esleipena gertatu eta hurrengo 5 egunetan, esleipenaren prezioa bider 10 egitetik ateratzen den zenbatekoaren % 2 utzi beharko du fidantzatako.

Fidantzaren partez, arauek agindu bezala egindako banku abala ere aurkez daiteke.

Fidantzak, modu batera edo bertzera emanda, larreen aprobetxamendurako baldintzak bete daitezen balio izanen du eta esleipenaldia akitutakoan kitatu eginen da, Udalak bazkalekuaren eta haren instalazioen egoera aztertu ondotik.

15. artikulua. Herri larreak aprobetxatuko dituzten aziendek osasun ziurtagiria izan beharko dute, hain zuzen ere, herri larreak aprobetxatzen dituzten azienden Osasun Babesari buruzko maiatzaren 4ko 5/1984 Foru Legearen 1. artikuluan eskatutako beharkizunak betetzen dituztela egiaztatzen duena. Orobat, aipatutako foru lege horretan eta haren erregelamenduetan ezarritako baldintza guztiak ere bete beharko dituzte.

16. artikulua. Udalak bere baitan gordetzen du lurraren erabileraz erabakitzeko ahalmena, belar aprobetxamenduaren murrizketa ekartzen baldin badu ere, azpiegitura lanak, landaketak, oihan berritzeak eta bertzelakoak egiteko, betiere bazkalekuko esleipen hartzaileari hilabete bat aurretik, bederen, haren berri eman ondotik.

Kasu hori ematen baldin bada, aprobetxamenduaren prezioa murriztuko da kendutako lur azalaren proportzioaren arabera.

17. artikulua. Udalak erabakia hartu eta ediktua iragarki oholean paratu ondotik, hamar egun balioduneko epea irekiko da eskubidea izan uste dutenek udal bazkalekuak esleitzeko eskabidea egin dezaten.

Eskabideekin batera, nahitaez, ordenantza honen 15. artikuluak aipatzen duen osasun babespeneko ziurtagiria aurkeztu beharko da; bai eta erabili nahi diren bazkalekuen edo alderdien zerrenda eta azken hiru urteetako abelburu kopuruari buruzko ziurtagiria; kopuru horren banaz-bertzekoak balioko du udal bazkalekuetan zenbat buru sartzeko eskubidea duen kalkulatzeko.

Zinpeko aitorpena ere eginen da, alderdi hauek guztiak bildurik:

a) Funesko biztanlea izatea, sei (6) urteko antzinatasunarekin bederen, eta udalerrian urtean bederatzi hilabetetan bederen bizi izatea.

b) Udal honen edozein motatako zergen betebeharretan eguneratua egotea.

c) Famili unitatea osatzen duten kideak, eta herritarrentzat lehentasuna duten aprobetxamenduen kasuan horietariko norbaitek ezintasun fisiko edo psikikorik ba ote duen aipatuz.

d) Zenbateko azaleraren jabe den eta laborantza motak.

e) Errentamenduan edo jabetzakoa ez den bertzelako tituluarekin lantzen dituzten lurrak eta laborantza motak.

f) Famili unitateko kide bakoitzak dauzkan hirilurreko higiezinen katastroko balioak, norberaren etxebizitzarena kenduta, eta abelburuen kopurua, motak eta zenbat adieraziz.

g) Famili unitateko kide bakoitzaren dirusarrerak, bai nekazaritzan, industrian edo zerbitzuetan, bai Gizarte Segurantzaren pentsioa edo bertzelako errentak.

Zinpeko aitorpen hori egiaztatu ahal izateko, Udalak bere baitan gordetzen du beharrezko jotzen dituen agiriak eskatzeko ahalmena, agiri eta datu objektiboetan justifikatutako errenta mailak kalkulatzeko; bertzeak bertze, famili unitateko kide guztien errenta aitorpena edo bidezko jotzen diren gainerakoak eskatzen ahalko ditu.

18. artikulua. Esleipena Udalak eginen du behin-behinekoz, dagokionean, batzordeak proposaturik eta ondoko inguruabarrak kontuan izanik:

Kontuan izanen da bazkaleku bakoitzak jasan dezakeen azienda-karga; bazkaleku osoak esleitzerakoan, lehentasuna izanen dute bazkalekuak jasan dezakeen kargaren antzeko abelburu kopurua erregistraturik duten abeltzainek.

Bazkaleku bat abeltzain bati baino gehiagori esleitzen ahal zaio, betiere azienda kopuruak ez badu azienda-karga gainditzen. Halakoetan, esleipenaren prezioa banatu eginen da, abeltzain bakoitzak bazkalekuan zenbat abere bazkatzen duen kontuan izanik.

Bazkaleku bat baino gehiago esleitzen ahal zaio abeltzain bakarrari, behar adina abere badauka eta eskubidea duten gainerako abeltzain herritarren eskaerak asetzen badira.

Baldin eta eskaera egin duten herriko abeltzain eskubidedunen azienda kopuruak azienda-karga osoa gainditzen badu, abeltzain bakoitzari dagokion azalera doitu eginen da, eta soberakoa proportzionalki banatuko da, bakoitzaren abere kopuruen arabera. Banaketa honetan lortutakoa kendu eginen zaio potentzialki bakoitzari egokitutako azalerari.

Nolanahi ere, eta aurreko hipotesiari irtenbidea ematearren, zuzenketa faktore gisara, ondokoak izanen dira kontuan:

1. Herri lurretako alorren aprobetxamenduan "lehentasuna duten herritarrendako aprobetxamendua" motan sartu diren famili unitateek erabateko lehentasuna izanen dute.

2. Famili unitateko kide bakoitzeko dirusarrera tikiagoak dituzten famili unitateek lehentasunezko eskubidea izanen dute, zatidura hori lanbide arteko gutieneko soldata baino tikiago bada.

19. artikulua. Behin-behineko esleipena egin ondoan, hamar eguneko epea emanen da erreklamazioak aurkezteko. Epe hori erreklamaziorik gabe iraganez gero, behin-behineko esleipena behin betiko bihurtuko da.

Erreklamazioren bat aurkeztuz gero, Udalak agerian eta arrazoiturik ebatziko du, eta, ondoren, aprobetxamenduak behin betikoz esleitzeko erabakia hartuko du.

Zernahi dela, behin-behineko esleipenaren hartzaile diren abeltzainek aho batez egindako edozein proposamen, behin-behineko esleipeneko denborari nahiz espazioari buruzkoa, onartzen ahalko du Udalak, behin betiko esleipena baino lehenagoko erreklamazio epean.

Herritarrendako zuzeneko esleipena bukaturik, ez badira ordenantza honetan deskribatutako bazkaleku guztiak esleitu, gainerakoak enkante publikoaren bidez emanen dira. Herritarrendako zuzeneko esleipenaren epe eta baldintza berak izanen dituzte enkantean lortutakoek, esleipeneko postura izan ezik. Gainera, ordenantza honen edukiari eta aplikatzekoa den egungo araudiari jarraituko zaio.

20. artikulua. Herri larreetarako eskubidea edukitzeko baldintzak galtzen dituenak eskubide hori ere galduko du. Orobat, katastroko edo erregistroko azienda kopuruak nabarmen beheiti egiten badu, esleitutako aprobetxamenduaren edukia berrikusten ahalko da.

Katastroko edo erregistroko azienda kopuruak goiti egiten badu, herri larreetan azalera handiagoa aprobetxatzen ahalko da, baina betiere dagoen azalerak eta izan litezkeen onuradunek uzten duten neurrian.

21. artikulua. Boyas, Chopar eta Soto Villafranca izeneko bazkalekuetako larreen aprobetxamendua urtebetekoa baino ez da izanen eta enkante publikoaren bidez emanen dira, soberakin gisara, onuradun potentzialek egin litzaketen eskaerei erantzun ahal izateko.

22. artikulua. Esleitua duen bazkalekuan ez bertze batean kalteak eragiten dituen abeltzaina, arau-hauste eta kalteordainei dagokienez, partikulartzat hartuko da.

23. artikulua. Azienda guztiek dute eskubidea Gururuko bidean markaturiko altxonbidean barna pasatzeko, baina ez hartan alatzeko.

24. artikulua. Errentamenduaren azken hiru hilabetean, esleipen hartzaileak ezin izanen du abelburu bat baino gehiago alatzen izan lau erregutik. Hori betetzen ez badu, ordenantza honetako 10. baldintzan jasotzen den zehapena ezarriko zaio.

Betiere debeku da arbolak diren sailetara ahuntz-azienda botatzea.

Halaber, debeku da 5 urte baino gutiago duten makal gazteak landatuak dauden aldeetan zezenketetarako aziendak, ardiak edo ahuntzak botatzea.

25. artikulua. "Euriondoko araubidea" errespetatu egin beharko da; bi egunekoa, gutienez, laborantzetan eta lau egunekoa mahastietan.

Agindutakoa bete ezean, eta arau-hausleak ordaindu beharreko kalteordainez gain, Udalak 300,51 euro bitarteko zehapenak ezartzen ahal ditu.

26. artikulua. Abeltzainak ezin izanen dira mahasti landatu berrietan sartu, landatu eta sei urte iragan bitartean.

Martxoaren 1etik mahats-bilketa egin ondoko hamar egunak iragan bitartean, azienda saldoak ez dira mahastietan sartzen ahalko.

27. artikulua. Riziorik badago, jabeek edo esleipen hartzaileek leku agerian paratu beharko dituzte ohiko seinaleak eta, gainera, jakinarazi beharko diote Udalari, idatziz eskatuz. Udalak bortz eguneko epean jakinaraziko dio abeltzainari seinaleak errespetatu behar dituela eta mugarritutako alorrean ezin dela sartu.

28. artikulua. Udal bazkalekuen esleipen hartzaileek haietan bazkatzen diren aziendak bertako eskortan sartzeko eskubidea izanen dute, aprobetxamenduak iraun bitartean, baldin eta ixtegirik bada. Hartan sortzen den gorotza haiena izanen da eta esleipenaren azken eguna arte erabiltzen ahalko dute; egun hori iragan ondoan, Udalarena izanen da.

Esleipen hartzailearen kontura izanen dira eskorten eta instalazioen inguruko mantentze lanak eta haietan konponketak egitea aprobetxamenduak iraun bitartean, hondamena denean edo behar bezala frogatutako ezinbertzeko kasuetan izan ezik.

Aprobetxamendua bukatu ondoan edo, hala gertatuz gero, titularrak jarduera utzita, nekazaritza batzordeak eskorta eta instalazioak aztertuko ditu, eta irregulartasunak eta kalteak aurkitzen baditu, Udalak konponduko ditu, fidantzatik dirua hartuz.

Esleipen hartzailea behartua dago estalpe eta eskortetan errentamendu bitartean bere aziendak bertan edukitzeko utzitako jantzi eta egurrak kendu eta eramatera, eta erantzule izanen da, desegokiro erabiltzeagatik haietan eragindako kalteena. Horiek gertatu eta berehala konpondu beharko ditu, bertzenaz, Udalak egin beharko ditu, betiere fidantzaren kargura.

Halaber, beren kontura egin beharko dituzte desinfekzio, zuriketa eta garbiketa lanak, gutienez hiru urtetik behin eta bereziki errentamendu epea bukatzean.

Ixtegi, larre, idoi, eta abarretako hobekuntza lanak oro Udalaren lizentziaren menpean egonen dira, beraz haren baimenik gabe ez daiteke inolako lan motarik egin.

Abeltzaintzan aritzeko behar diren lizentzia edo baimenak esleipen hartzaile bakoitzaren kontura izanen dira.

Belarrak aprobetxatu bitartean Udalak bazkalekuetan eskorta berriak egiten baditu, esleipenaren prezioa goitituko da, Udalak zehaztuko duen ehunekoan, eskorta berria amortizatzeko kostuaren ariora.

29. artikulua. Esleipen hartzaileak gaur egun ezarritako zergak ordaindu beharko ditu, baita belarrak aprobetxatu bitartean ezar daitezkeenak ere.

30. artikulua. Esleipen hartzailea bere aziendek eragiten dituzten kalteen erantzulea da, baina erantzukizun horretan ez dira sartuko azienda arrotzek edo iragaitzekoek eragiten dituztenak. Baldintza honek aipatzen duen erantzukizuna administratiboa baizik ez da. Beraz maila honetako agintariek baizik ez dute eskatzen ahal.

31. artikulua. Esleipen-hartzailearen betebeharrak:

1) Aziendak erregistratua edukitzea esleipenak dirauen bitartean.

2) Esleitutako lurrak inori errentan ez eman edo eskuz aldatzea.

3) Erabiltzeko interesik ez badu, esleipenari uko eginen dio eta lurrak Udalaren esku utziko ditu, horrek komenigarrien ikusten duen maneran eslei ditzan.

4) Esleipenaren uneko baldintza beretan mantentzea artegiak, itxiturak, atakak, idoiak eta gainerako instalazioak, eta jarritako fidantzaren bitartez erantzutea egiten diren kalte eta galerengatik.

5) Larreei etekin gehiago atera eta aprobetxamendu hobea egin beharrez, debeku da, herrilurretako lehorreko lurretan laborantzaz den bezainbatean, lurzatiak erein ondoko urteko otsailaren 20a baino lehen goldatzea, salbu eta eskuratutako produktua ereintzan erabilitako hazia baino gehiago ez denean. Kasu horretan, erremate egileak ez du kalte-ordainik hartzeko inolako eskubiderik izanen eta ukitutako lurzatiak larre utziko dira, hurrengo nekazaritza kanpainan erein gabe, Udalak uztondorako edo lekadunak ereiteko erabilitako lurzatiak izan ezik.

Honen gaineko araua hausten dutenei zehapena ezarriko die Udalak, 1,50 euro erregu bakoitzetik. Diru hori Udalari ordainduko zaio, esleipen hartzaileak deus jaso gabe.

Dena dela, ez da inola ere utziko irailaren 20a baino lehenago uztondoetan aritzerik, eta guztiz debekatua dago uztondoak eta pinu adarrak udal mugapen osoan erretzea. Arau-hausleari Udalak bidezko juzgatzen duen zehapena ezarriko dio.

6) La Castellana, Facería eta Iñestarko herrilurretako lurzatien usufruktudunak, zalgea edo bertze lekadun batzuk erein nahi baditu, Udalari eskatuko dio. Lurzatiaren zenbakia zehaztu beharko du, Udalbatzak ebazpena eman dezan.

Aipatu alderdi horietako herrilurretako lurzatietan, Udalak beretako gordeko du haien usufruktudunei zainzuriak eta mahastiak landatzeko baimena emateko eskubidea.

7) Aipatu bazkalekuen barnean ureztaketa intentsiboko planean lantzen diren lurrak ez dira goldatzen ahalko uzta bildu ondoko 8 egunean, larreen esleipen hartzaileak aziendak bertara bota ahal ditzan.

Erremolatxa ereiten bada, haren hostoa lurzatiaren laborariarendako izanen da eta, nahi badu, erremolatxa bildu ondoko 5 egunean bildu beharko da. Laborariari onartutako 5 egun horien ondotik 8 eguneko bertze epe bat hasiko da. Bitarte horretan lurzatia landu gabe geldituko da, larreak aprobetxa daitezen.

Luzerna ereinez gero, belarren onuraduna hurrengo urteko urtarrilaren 15etik aitzina sartzen ahalko da bere aziendekin, larreak aprobetxatzera.

8) Udalak baimena ematen ahalko du, esleitutako bazkalekuen barnean, edozein herrilurretan arbolak landatzeko. Esleipen hartzaileak, berriz, errespetatu beharko ditu, horren ondoriozko erantzukizuna duela.

Udalak beretako gordeko du gaur egun lantzen ez diren lurrak laborantzarako, larretokiak sortzeko edo oihanberritzeko jartzeko eskubidea. Halakoetan, esleipen hartzaileari kalte-ordaina emanen zaio, esleipen prezioaren gainean okupatutako azaleraren eta larrerik gabe gelditzen den denboraren heinean.

9) Ez zaio mugarik jarriko bazkaleku edo finka bakoitzean halako batean alatzen ahal diren aziendaburuen gehieneko kopuruari, ezen ustea baita esleipen hartzaileak inork baino interes handiago duela larreak modu arrazional batean aprobetxatzeko, galdu gabe, azienda gutixko izateagatik, eta agortu gabe, sobera larratzeagatik. Salbuespena esleipenaren azken hiru hilabetean eginen da, 400 abelburu baizik ez baitira alatzen ahalko arestian aipatu lehorreko hiru bazkalekuetako bakoitzean.

Abelburu horien kontaketan, alatzera ateratzen diren guztiak hartuko dira kontuan, haien adinari begiratu gabe.

Esleipenaren azken hiru hilabetean Udalak ahalmena izanen du aziendekin nahi dituen kontaketa guztiak egiteko, eta klausula honek zehazten duena hausten duena zehatzeko ahalmena izanen du, pezeta bateko isuna ezarriz soberako abelburu eta egun bakoitzetik, eta 15 egun iraganik abelburuak errandako kopurura beheititu ez badu, 0,03 euro ordaindu beharko du soberako abelburu eta egun bakoitzetik. Ordaintzen ez badu, fidantzaren kontura kobratuko da.

10) Berrereintza eginez gero, lurzatien usufruktudunek, ohiko seinaleak leku ageri-agerikoetan paratzeaz landa, Udala egin beharko dute jakitun, larreen esleipen hartzaileari jakinaraz diezaion 8 egunen buruan seinaleak errespetatzeko duen betebeharra eta finka zedarrituan aziendekin sartzeko duen debekua. Aipatu jakinarazpenarekin bat heldu ez bada, larreen esleipen hartzaileak epe bera izanen du erreklamatzeko. Hala gertatuz gero, Udala erreklamazioa ebaztera saiatuko da, horretarako izendaturiko adituen irizpena jakinda.

11) Finka batean uzta bilduta laborariak ahotza paxotan bildu nahi badu, hogei eguneko epean egin beharko du eta horretarako seinaleak paratuko ditu ageri-agerian, larreen esleipen hartzaileak errespeta dezan eta aziendekin ez sartzeko. Esleipen hartzaileak klausula honetan ezarritakoa hausten badu eta aziendak alatzera sartzen bada eta laborariak salatzen badu, larreen esleipen hartzaileak 240,40 euro ordaindu beharko dizkio lurzatien laborariari.

32. artikulua. Halaber, esleipen hartzaileek leku hauek errespetatuko dituzte, haietan ez baita azienda alatzen ahal:

a) Nafarroako Gobernuak edo Udalak landatzen dituen zuhaiztietan.

b) Oro har, herriaren inguruan, inoiz larreak sortzen badira ere, esleitzen diren bazkalekuen barnean ez daudelako.

c) 5 urte baino gutiagoko makaletan.

33. artikulua. Herrilurretan dauden idoietariko bat erabiltzen ahal ez bada, urik ez izateagatik, han larratzen diren aziendak Landazaintzak erraten duen tokira eramanen dira edatera.

Herrilurretako belarren errentamendua duten abeltzainek ez dute kalte-ordainik eskatzen ahal idoiak idortuz gero, haien kontu baita aziendak urez hornitzea.

Bazkalekuetako idoietako mantentze eta garbitze lanak udaltzain bakoitzari dagozkio. Hala ere, Udalak laguntzak eskaintzen ahalko ditu, nahi adina dirutan edo makinerian.

Nekazariek debeku dute belar-hilkariekin, intsektu-hilkariekin edo nekazaritzako tratamendurako erabiltzen diren bertze produktu kimikoekin erabilitako ontzietara ura hartzea idoietatik. Halakorik egiteak Alkatetzaren zehapena ekarriko du.

Debeku da aziendak udal mugapeko idoietan bainatzea.

34. artikulua. Bazkalekuen azaleren eta mugen gainean sortzen diren dudak eta auziak Udalak ebatziko ditu, osoko bilkuran. Lehenago aholkularitza eta aurrekariak eskatuko ditu eta mugak mugarrien bidez markatu behar badira, sortzen diren gastuak bazkalekuaren esleipen hartzailearen edo muga aldaketa eragin duen pertsonaren bizkar izanen dira.

35. artikulua. Bazkaleku bakoitzean diren idoiak edateko bakarrik erabiliko dira eta debekaturik dago ura hartzea belar-hilkariak edo insektu-hilkariak aplikatzeko, ureztatzeko, etab. Idoien mantenimendua eta garbiketa belarren esleipen hartzailearen bizkar egonen dira, hondamena denean edo behar bezala frogatutako ezinbertzeko kasuetan izan ezik.

Idoiak edo aziendak edateko iturriak gaizki erabiltzen dituztenek, azienda pozoitzeagatik edo bertzelako kalteengatik izan litzaketen erantzukizun zibilez gain, 300,51 euro arteko isunaz zehatuko dira.

Bazkalekuetako idoiren bat (idortearen ondorioz edo abeltzain onuradunari egoztekoa ez den bertze ezbehar bategatik) urik gabe suertatuz gero, Udalak bertze bazkalekuetako idoi eta iturriak zehazten ahalko ditu aziendek aldi batean edan ahal dezaten, aldez aurretik pasabide edo biderik egokiena markaturik. Horretarako erabiltzen den bazkalekuaren onuradunak ez du, bide zortasunagatik eta aziendek han edateagatik, kalteordaina jasotzeko eskubiderik izanen. Dena dela, eskubide hori izanen du gidatzaileen erruz, arreta ezagatik edo abereak bere kasa uzteagatik, aziendek egindako kalteak direla eta. Kasu horretan, kaltea eragiten duen abeltzaina zehatu eginen du Udalak.

36. artikulua. Eskura dauden bazkalekuetako batean eskortarik egon ez, eta esleitutako lurretatik kanpo dagoen ixtegiren bat erabili behar badu esleipen hartzaileak, Udalak zehaztuko du abeltzainak zein pasabide erabiltzen ahalko dituen aziendak eskortatik eramatean. Horretarako erabiltzen den bazkalekuaren onuradunak ez du, bide zortasunagatik, kalteordainak jasotzeko eskubiderik. Dena dela, eskubide hori izanen du gidatzaileen erruz, arreta ezagatik edo abereak bere kasa uzteagatik, aziendek egindako kalteak direla eta. Kasu horretan, kaltea eragiten duten abeltzainak zehatu eginen ditu Udalak.

37. artikulua. Aprobetxatzen diren lurretako laborantzetan izandako kalteengatik (idortea, harria, etab.) aseguruak peritazioa egin behar duenetan, kalteak baloratzeko eskumena duen organoak peritazioa egin eta 10 egunen buruan aprobetxatzen ahalko dira herrilurretako larreak, betiere nekazaritzako aprobetxamenduaren titularrak uko egiten badio bildu gabe gelditu den uzta biltzeari.

38. artikulua. Ahotza errotik ateratzen duten edo larreen etorkizuneko aprobetxamendua larriki kaltetuko duten tresna edo bitartekoak ezin izanen ditu erabili nekazariak, Udalak berariaz baimena ematen ez badio.

39. artikulua. Ahotza gordetzeko eta paxoak egiteko erabili behar dituzten lurzatiak zein diren jakinarazi beharko diote alorraren titularrek nahiz usufruktudunek abeltzainari, honek aziendak sar ez ditzan, harik eta lan hori bukatu arte. Arrazoizkoa da batzuen eskubideak eta bertzeen betebeharrak iraupen mugatua izatea; horregatik hogei eguneko epea finkatuko da, alderdien eskaera dela-eta Udalak bertzerik xedatzen ez duenean izan ezik.

40. artikulua. Debeku da bideetan, lur larre utzietan, altxonbideetan eta abarretan belar-hilkariak erabiltzea, eta orobat, laborantzako herri lurretako eta ondareko alorretako uztondoetan, luberritzearen ordez. Zuzeneko ereintza izanen da salbuespena; kasu horretan, erein baino hamar egun lehenago, gehienez ere, botako dira produktuak. Nekazariak horren berri emanen dio abeltzainari, belar-hilkaria bota baino bortz egun lehenago.

Belar txar anitz dagoenean (uda hezeetan, kasurako), aipatutako belar-hilkariak erabiltzeko baimena ematen ahalko du Udalak, ordenantza honetan ezarritakoaren arabera, lurra landu daitekeen datetatik aitzina.

41. artikulua. Esleipenean, arriskua eta zoria onuradunarenak dira erabat, eta ez da esleipenaren diru kopurua gutituko, gertatuak gertatu.

Onuradunek, gainera, ez dute izanen larre nahiz ur guztiengatik edo batzuengatik erreklamatzeko eskubiderik, ez eta honako gertakizun hauengatik ere: idorteak edo naturako bertze fenomeno batzuk, epizootiak, azienda hiltzea edo esleitutako aprobetxamendua behar bezalakoa ez izatea dakarren bertze edozein ezbehar. Era berean, haien menpeko langileen lan-istripuetatik sor litezkeen erantzukizunak ez dagozkio Udalari.

Dena dela, administrazio kontratatzaile gisara dituen eskumenak direla-eta, zor dion laguntza emanen dio Udalak esleipen hartzaileari.

42. artikulua. Gizarte Segurantzako nekazaritzako araubide bereziko egungo xedapenak bete beharko ditu esleipen hartzaileak. Horretarako, esleitutako aprobetxamenduan ari diren bere menpeko langileengatik bete beharrekoak bete dituela ziurtatu beharko dio Alkatetzari.

43. artikulua. Ordenantza honetan ezarritako baldintzetako edozein ere ez betetzeak zehapenen aplikazioa ekarriko du, kalte eta galerak ordaindu beharra deusetan galarazi gabe. Udalak eskatuko du haien peritazioa eta horrek sortutako gastuak ere ordaindu beharko dira.

44. artikulua. Honako hauek dira arau-hauste administratiboak:

a) Aprobetxamendua esleipen hartzaileak berak zuzenean eta pertsonalki ez egitea.

b) Indarrean dagoen esleipenaren prezioa Udalak paratutako epeetan ez ordaintzea.

c) Aprobetxamendua modu zuzen eta osoan ez egitea.

d) Aprobetxamendua berariazkoa ez den bertze xede baterako erabiltzea.

e) Paratutako epeak ez errespetatzea.

f) Ordenantza honetan onartzen ez diren garaian eta tokian sartzea aziendarekin.

g) Hildako animaliak abandonatzea, osasun arauak hautsiz.

h) Herri larreak aprobetxatzen dituen aziendaren Osasun Babespenari buruzko Foru Legean eta Erregelamenduan xedatutakoa ez betetzea.

i) Ordenantza honetan ezarritakoari kontra egiten dion bertze edozein egintza.

45. artikulua. Aipatutako arau-hausteak honela zehatuko dira:

a, b, c, d eta g letretan adierazten direnek esleipenaren iraungipena ekarriko dute, Nafarroako Gobernuak edo bertze erakunde eskudun batzuek paratzen ahal dituzten bertzelako zehapenak deusetan galarazi gabe.

e letrakoak udalaren larreen esleipen hartzailea izateko ezgaitasuna ekarriko du.

Gainerako arau-hausteak 150,25etik 300,51 euro bitarteko isunekin zehatuko dira.

Arau-hausteetan berrerortzen baldin bada, zehapenaren zenbatekoa bikoiztuko da.

Arau-hausteak elkarren segidan ematen baldin badira Udalak esleipena deuseztatzea ere erabaki dezake.

46. artikulua. Ordenantzaren interpretazioa dela-eta, edo Udalak, osoko bilkuran, hura aplikatzearekin ikusteko duten egintza edo erabaki guztiak direla-eta sortzen diren afera guztiak errekurtso hauetakoren bat paratuz argituko dira:

Berraztertzeko errekurtsoa, Udalaren osoko bilkurari zuzendua, hilabeteko epean errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Auzitegi Nagusiaren arloko bereko sailari zuzendua, bi hilabeteko epean errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indarrik gabe gelditzen dira ordenantza honetan ezarritakoari kontra egiten dioten edo harekin bat heldu ez diren udal ordenantza eta xedapen guztiak.

AZKEN XEDAPENAK

1. Onesteko erabili den tramitazio bera erabiliko da ordenantza hau aldatzeko edo deus gehitzeko.

2. Ordenantza honek Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen tramiteak beteta hartuko du indarra.

Iragarkiaren kodea: A0203324