58. ALDIZKARIA - 2002ko maiatzaren 13a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Dekretuak

78/2002 FORU DEKRETUA, apirilaren 15ekoa, Oieregiko (Bertizarana) iralekuen gaineko transakzio hitzarmenaren oinarri orokorrak onesten dituena.

Oieregiko Kontzejuak, hasiera batez herrilurtzat hartzen diren lurzatien titulartasunaren gainean sor daitezkeen erreklamazio auziak saihestu eta herri ondasunak zein diren zehazteko asmotan, iralekuen gaineko transakzio hitzarmen baten oinarri orokorrak prestatu ditu; haren bidez konpentsatu eginen da partikularren aprobetxamendu eskubidea.

Aipatu hitzarmena Toki Entitateen Ondasunei buruzko Erregelamenduaren 30, 31 eta 32. artikuluetan xedatutakoari jarraikiz egin da. Urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretuaren bitartez onetsi zen Erregelamendu horrek Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen zati bat garatzen du.

Horiek horrela, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak hala proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta biko apirilaren hamabosteko bilkuran hartutako Erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

Artikulu bakarra.-Oieregiko iralekuen gaineko transakzio hitzarmenaren oinarri orokorrak onestea. Foru Dekretu honen eranskinean ageri dira.

AZKEN XEDAPENA

Foru Dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, bi mila eta biko apirilaren hamabostean.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.-Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilaria, Ignacio Javier Martínez Alfaro.

OIEREGIKO (BERTIZARANA) HERRI ONDASUNAK BERRESKURATZEAREN GAINEKO TRANSAKZIO HITZARMENAREN OINARRIAK, NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOARI BURUZKO 6/1990 FORU LEGEAREN 116. ARTIKULUARI JARRAIKIZ

1. artikulua. Oinarri hauek Oieregiko KOntzejuak eginen dituen transakzio hitzarmenak arautzea dute xede, herri ondasunen gaineko aprobetxamenduetako eskubideak dituzten partikularrekin.

2. artikulua. Oieregiko Kontzejuaren iritziz, Oieregiko iralekuak, gaztainadiak eta lizardiak, orokorrean, herrilurrak dira eta partikularrek horiek aprobetxatzeko eskubidea baizik ez dute, zuzenbidean oinarrituriko bestelako arrazoiak ukatu gabe.

Iritzi hori defendatu eta aplikatuko du eskura dituen legezko baliabide guztiak erabiliz, batez ere Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legean biltzen direnak.

3. artikulua. Aitzineko artikuluan ezarritakoa goiti- beheiti, Oieregiko Kontzejuak, herri ondasunen gaineko aprobetxamenduen arazoa konpontzeko eta Oieregiko partikularrek zein Kontzejuak berak ere auzi astunik izan ez dezaten, erabaki du Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 116. artikuluan jasotzen den transakzio ahalmena erabiltzea. Horiek horrela, transakzioak egiteko oinarri orokor hauek onetsi ditu, ondotik Nafarroako Gobernuak onetsi beharko dituenak, hori gabe ez baitute baliorik izanen.

4. artikulua. Hitzarmen unitatetzat hartuko da partikular bakoitzaren notario-eskrituretan, 1999ko urtarrilaren 1a baino lehenagoko datarekin, ageri diren aprobetxamendu guztien batuketa. Nolanahi dela, aipatu dataren ondoko notario-agiriak ere onartzen ahalko dira, baldin eta, Oieregiko Kontzejuaren iritziz, haien titularrak saiatu ez badira bidezkoak ez zirenak bereganatzen, herri-ondarearen kontra.

Horretarako, bateratu eginen dira titular desberdinen eskrituretan ageri diren aprobetxamenduak, baldin eta bizitoki, etxe edo sutondo berean elkarrekin bizi badira.

5. artikulua. Notario-agirietan arbola kopuruaren bidez adierazita ageri diren aprobetxamenduetan, neurri hori azalera neurri bilakatu eta hitzarmen unitatea atera ahal izateko, Oieregiko Kontzejuak irizpide honi segituko dio:

Gaztainondo batek hartzen duen lur azalera: 25 metro koadro.

Intxaurrondo batek hartzen duen lur azalera: 35 metro koadro.

Lizar batek hartzen duen lur azalera: 20 metro koadro.

6. artikulua. Lur azalera beraren gainean aprobetxamendu bat baino gehiago baldin badago, onuradun baten baino gehiagoren izenean eskrituraturik, hitzarmen unitatea ateratzeko, aprobetxamendu-azalera hori zatitu eginen da onuradun kopuruaz, non eta aprobetxamenduren bat notario-agirietan arbola kopuruaren bidez adierazita ez dagoen, orduan haren azalera onuradun horrentzat oinarri hauetako bosgarren artikulua aplikatuz aterako baita, eta beste onuradunaren azalera izanen da kenketa bidez ateratzen den aldea.

7. artikulua. Oieregiko Kontzejuak, lur eskrituratuak beren borondatez lagatzearen ordain, bi aukera proposatuko dizkie eskubide horiek dituztenei, nahi bezala hauta dezaten:

a) Agiri publiko baten bidez frogaturik herrilurretan eskubideko duen eremuaren ehuneko 25 onartzea partikularrari, bere jabetza bilaka dadin, hori lehenbiziko 10 hektareetan, ehuneko 12 hurrengo 15 hektareetan, eta ehuneko 6 gainerako eremuan.

b) Azaleraren ehuneko 25 horri dagokion diru ordaina, 30 pezeta metro koadroko prezio unitarioa ezarriz.

8. artikulua. Aprobetxamenduen azaleraren gainerakoa herrilurretan geldituko da, erabat Oieregiko Kontzejuaren esku, eta hemendik aitzina partikularrak ez du inolako ez inongo eskubiderik alegatuko, hitzarmen honen hamaikagarren artikuluan ezartzen dena deusetan ukatu gabe. Partikularrak, hitzarmena sinatzerakoan, espresuki onartuko du baldintza hori.

9. artikulua. Ez dira hitzarmenean sartuko Oieregiko Kontzejuaren aldeko epai irmoa izandako aprobetxamendu eskrituratuak.

10. artikulua. Transakzio hitzarmen bat eskatzen duen partikularrak identifikatu, zehaztu eta mugatu beharko du hitzarmenaren xede diren aprobetxamenduetatik lursail bat, Oieregiko Kontzejuarekin eta Nafarroako Gobernuko Herrilurren Ataleko langileekin batera. Horren gastuak Kontzejuak eta partikularrak ordainduko dituzte, erdibana.

Identifikatutako lur azalera erreala hitzarmen unitatetzat hartzeko ahalmena izanen du Udalak, hitzarmenari dagokionez.

Bestalde, Kontzejuak partikular bakoitzari dagokion partea lurzati batean edo batzuetan emateko ahalmena du, nahiz eta hitzarmenak ukitutako aprobetxamendu zehatzekin bat ez etorri, xedea baita aprobetxamendu horiek biltzea. Aipatu ahalmena partikularraren iritzia entzun ondotik eta hitzarmenak ukitutakoen antzeko ezaugarriak dituzten lurrak emanez erabiliko du

11. artikulua. Ukitutako lurretan dagoen zuhaiztiari dagokionez, honako irizpide orokorrari jarraituko zaio:

a) Hitzarmeneko lurretan dauden arbolak, berez sortuak, Oieregiko Kontzejuarenak izanen dira.

b) Partikularrek landatutakoak partikularrenak izanen dira.

Hori horrela, balizko egoera hauek gerta daitezke:

Partikularren esku gelditzen diren lurretan:

Jatorriz, Kontzejuari zegozkion zuhaiztiak partikularren irizpidearen arabera erabili ahalko dira, baldintza hauei jarraituz:

-Kontzejuaren aldetik: zuhaiztiaren aprobetxamendua eginda, lurra partikularren eskuetara igaroko da oso- osorik.

-Partikularraren aldetik: Mendi Zerbitzuak egiten duen zuhaiztiaren tasazioaren adinako kalteordaina Kontzejuari ordainduta.

Kontzejuaren esku gelditzen diren lurretan:

Jatorriz, Kontzejuari dagozkion zuhaiztiak kontzejuak berak erabili ahalko ditu, bere irizpideen arabera.

Jatorriz, partikularrenak ziren zuhaiztiak, Kontzejuak aldez aurretik azterketa ekonomikoa eginda eta haren irizpidearen arabera, honela aprobetxatzen ahalko dira:

-Kontzejuaren aldetik: landatu duen partikularrari Nafarroako Gobernuko Mendi Zerbitzuko langileek eginiko tasazioaren araberako kalteordaina eman eta gero.

-Landatu duen partikularren aldetik: Nafarroako Gobernuko Mendi Zerbitzuak eginiko tasazioaren % 10eko kanona Kontzejuari ordaindurik, aprobetxamendua bukatzen denean. Zuhaiztiaren aprobetxamenduaren ondoren, lurra oso-osorik Kontzejuarentzat izanen da.

12. artikulua. Debekaturik dago intxaurrondoak moztea. Hala ere, gaur egun gozamenerako eskubidea dutenek haien fruitua eta egurra aprobetxatu ahalko dute arbolak bizi bitartean, kanon baten truke.

13. artikulua. Oinarri hauek aplikatuz eskatutako hitzarmenak, 30 egunetan jendaurrean egon ondoren, Oieregiko Kontzejuak onetsiko ditu lehenik, eta ondotik Nafarroako Gobernuari igorriko zaizkio, horrek ere onets ditzan.

14. artikulua. Oinarri hauek indarrean jarriko dira Nafarroako Gobernuak onetsi eta biharamunean, eta bi urteko indarraldia izanen dute, aipatu egunetik hasita.

Data edo epe haietan transakzio hitzarmena eskatzen ez dutenek, oinarri orokor hauen bigarren artikuluak dioenari men egin beharko diote.

15. artikulua. Oinarri hauei segitzen dieten partikularrek dagokien hitzarmenaren onespena eskatu beharko dute, aurreko artikuluan finkatutako epean, Oieregiko Kontzejuari zuzendutako idazkiaren bidez. Hartan, oinarri hauek onartzen dituztela adierazteaz gain, zehaztuko dute zein aprobetxamenduren gainean eskatzen den hitzarmena. Eskabidearekin batera eskatzaileak aurkeztuko du zinpeko aitorpen bat, eskatzen diren aprobetxamendu guztiak bere eskrituretan ageri direla dioena, Oieregiko aprobetxamenduen gainean izan dezakeen bestelako edozein eskubideri uko egiten diolarik. Halaber, notario- eskrituren fotokopia egiaztatua aurkeztu beharko du.

16. artikulua. Oieregiko Kontzejuak herrilurrei buruzko txosten juridikoan azaltzen diren beste lur batzuei ere aplikatu ahalko dizkie oinarri hauek.

17. artikulua. Hitzarmenaren xede diren lurren artean Kontzejuaren esku oso-osorik gelditzen direnak, Jabetza Erregistroan inskribatuko dira, herri ondasun direla agertaraziz.

18. artikulua. Ahal-emate eta inskripzio gastuak, horrelakorik badago, partikularrak eta Oieregiko Kontzejuak ordainduko dituzte, erdibana.

Oieregin, bi mila eta biko maiatzaren hamaikan.-Oieregiko Kontzejuko burua, José María Galarregui Apezteguía.

Iragarkiaren kodea: a0204402