58. ALDIZKARIA - 2002ko maiatzaren 13a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Beste Xedapenak

76/2002 FORU AGINDUA, martxoaren 26koa, Hezkuntza eta Kultura kontseilariak emana. 2002ko ekitaldira luzatu baitira, Nafarroako 2001 ekitaldiko Aurrekontu Orokorrei buruzko 19/2000 Foru Legearen 35.6 artikulua garatzen duen deialdi publikoaren oinarriak onetsi dira, 2002/2003 ikasturterako (I. eranskina). Deialdiaren helburua da Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe itunduetan hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleei eta egoera sozial edo kultural behartuan daudenei laguntzeko behar diren baliabideak aldatu edo luzatzea.

Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrari (LOGSE) buruzko urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoan bildutako ikasketak aplikatzeko egutegi berria onetsi zuen 153/1994 Foru Dekretuaren seigarren xedapen gehigarriak. Horrek Hezkuntza eta Kultura Departamentuaren esku utzi zuen hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleei laguntza egokia emateko behar diren neurriak hartzea, LOGSEren 36 eta 37. artikuluetan aurreikusitakoaren esparruan.

Ikastetxeen parte-hartze, ebaluazio eta gobernuari buruzko azaroaren 20ko 9/1995 Lege Organikoaren (LOPEGCE) bigarren xedapen gehigarrian xedatzen da: hezkuntza premia bereziko ikasleak dira beren eskolatzearen denbora batean edo osoan hezkuntza arloko laguntza eta arreta berariazkoa behar dutenak, ezgaitasun fisiko, psikiko edo zentzumenezkoak edo jokabidearen arazo larriak dituztelako edo laguntzarik gabeko egoera sozial edo kulturalean bizi direlako.

Hezkuntza eta Kultura Departamentuak ikasle horiei laguntza eman die hainbat baliabide ekonomiko eta giza baliabideren bitartez, hala nola: laguntzako irakasleak, logopedak, orientatzaileak, ikasle ezgaituen begiraleak eta zenbait baliabide ekonomiko. Baliabide horiek eman ziren apirilaren 11ko 147/2001 Foru Aginduak onetsitako deialdi publikoaren bitartez, zein ebatzi baitzen uztailaren 24ko 718/2001 Ebazpenaren bidez, eta urriaren 29ko 1017/2001 Ebazpenaren eta abenduaren 13ko 1212/2001 Ebazpenaren bidez osatu.

Pedagogi Berrikuntzako Zerbitzuko zuzendariak eta Ikastetxeen eta Ikasketetarako Laguntzen Zerbitzukoak adostasun txostena aurkeztu dute hezkuntza premia bereziko ikasleak eskolatzen kolaboratzen duten ikastetxe itunduetan ikasle horiei laguntzeko behar diren baliabideak aztertu eta ezartzeko, eta, hala behar denean, aurreko ikasturteko deialdian emandako baliabideak luzatu edo kentzeko deialdi publikoa onetsi dadin, 2002/2003 ikasturterako.

Ikusirik gorago aipatu LOGSE eta LOPEGCE legeen xedapenetan ezarritakoa, Nafarroako Parlamentuak emandako agindua, 2002ko ekitaldira luzatu 2001eko ekitaldiko Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 29ko 19/2000 Foru Legearen 35.6 artikuluan ezarritako moduan.

Nafarroako Foru Komunitateko Gobernua eta Administrazioa arautzen dituen apirilaren 11ko 23/1983 Foru Legearen 36.2 c) eta d) artikuluak emandako ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. 2001eko aurrekontua 2002ra luzaturik, 19/2000 Foru Legearen 35.6 artikulua garatzen duen deialdi publikoaren oinarriak onestea, 2002/2003 ikasturterako, Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe itunduetan hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleei edo egoera sozial edo kultural behartuan daudenei laguntzeko behar diren baliabideak aldatzeko edo luzatzeko.

2. Foru Agindu hau eta I, II, III eta IV. eranskinak Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

3. Foru Agindu hau eta eranskinak igortzea Hezkuntza zuzendari nagusiari, Pedagogi Berrikuntzako Zerbitzura, Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzura, Giza Baliabideen Zerbitzura, Ikastetxeen eta Ikasketetarako Laguntzen Zerbitzura, Eskolatze Batzordeko buruari, Ikastetxeen eta haien Finantzaketaren Atalera, Hezkuntzaren Berriztapen eta Sustapenerako Atalera, Eskola Orientazioaren Unitate Teknikora, Hezkuntza Bereziaren Unitate Teknikora, Helduen Hezkuntzaren eta Osabidezkoaren Unitate Teknikora eta Hezkuntza Itunen Bulegora, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, bi mila eta biko martxoaren hogeita seian.-Hezkuntza eta Kultura kontseilaria, Jesús María Laguna Peña.

I. ERANSKINA

2002ko ekitaldira luzaturik, Nafarroako 2001eko ekitaldiko aurrekontu orokorrei buruzko 19/2000 Foru Legearen 35.6 artikulua garatzen duen deialdi publikoaren oinarriak, 2002/2003 ikasturterako. Deialdiaren helburua da Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe itunduetan hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleei eta egoera sozial edo kultural behartuan daudenei laguntzeko behar diren baliabideak aldatu edo luzatzea.

1. Deialdiaren xedea.

Deialdi honen xedea da derrigorrezko hezkuntzan eta Haur Hezkuntzako bigarren zikloan hezkuntza premia bereziko ikasleak eta egoera sozial edo kultural behartuan daudenak eskolatzen kolaboratzen duten ikastetxe itunduei emandako baliabide ekonomikoak eta giza baliabideak aldatu edo luzatzea. Gai horri dagokionez hezkuntza bereziko ikasleak eta egoera sozial edo kultural behartuan dauden ikasleak dira LOPEGCE legearen bigarren xedapen gehigarrian aipatzen direnak.

Hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleei laguntzeko behar diren baliabideak aldatu edo luzatuko dira 2001/2002 ikasturtean emandako giza baliabideak luzatuz eta kenduz, dagokionaren arabera, eta beste baliabide batzuk emanez premia gehiago edo bestelakoak dauden tokietan.

Deialdi honetan ez dira sartu Hezkuntza Bereziko ikastetxe itundu berariazkoak, ez eta Lanbide Hastapen Bereziko Programetako eta Helduarora Igarotzeko Prestakuntza Programetako unitateetan, Curriculum Egokituko Unitateetan edo Curriculum Aniztasuneko Unitateetan hartzen dituzten ikasleak ere, dagozkien hezkuntza itun berariazkoak baitituzte. Halaber, ez dira sartu curriculum egokitzapenak aldez aurretik egiteko baliabideak, ez eta eskolan atzeratuta dabiltzan ikasleei laguntzeko beste neurri arrunt batzuk hartzeko baliabideak ere, horiek itun arrunteko dotazioetan sartuta baitaude.

Horren ondorioz, Foru Agindu hau aplikatzeagatik ematen diren baliabideak, hots, gaur egun daudenak aldatu edo luzatzekoak, edo beste baliabide batzuk esleitzekoak, oso- osoan honakoentzat erabiliko dira:

1.A. Ezgaitasun fisiko, psikiko, zentzumenezko edo mugimenduzkoak edo jokabidearen arazo larriak izateagatik hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleak, ikastetxe arrunt batean integrazio modalitatean eskolatu badira. II. eranskinaren 1. eta 2. tauletan adierazi kategorietako batekoak izan behar dute deialdi honetan aipatu ikasleak, eta haientzat eskatzen dira baliabide espezializatuak.

1.B. Egoera sozial edo kultural behartuan dauden ikasleak, hezkuntza sisteman sartu, segitu eta ikasmailak gainditzeko zailtasunak badituzte.

2. Eskaerak egiteko epea eta aurkeztu beharreko dokumentazioa.

2.1. Hezkuntza premia bereziko ikasleak eskolatzen dituzten ikastetxe itunduek, goian adierazitako ezaugarriekin betiere, eskaera orria aurkeztu beharko dute Departamentu honetako Ikastetxeen eta Ikasketetarako Laguntzen Zerbitzuari zuzenduta, Foru Agindu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen denetik 20 egun naturaleko epean, Hezkuntza Zuzendaritza Nagusiko Erregistroan edo azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritako tokietan.

2.2. Ikastetxeen Erregistro berezian agertzen den ikastetxeko titularrak aurkeztuko du eskaera. Titularra pertsona juridikoa denean, horren ordezkaritza legala duenak sinatu beharko du eskaera eta, horretarako, aipatu ordezkaritzarasko aski den ahalorde notariala edo horren fotokopia konpultsatua erantsiko dio eskaerari, ahalorde hori hezkuntza itunak berritu edo aldatzeko beste tramiteren batean aurkeztu denean izan ezik.

Eskaerarekin batera aurkeztuko dira:

2.2.a). Beharrezkotzat jotzen diren giza baliabide eta baliabide ekonomikoen xehetasunak. Bereizita zehaztuko dira 2001/2002 ikasturterako eman ziren giza baliabideak, zeinen luzapena eskatzen baita, eta eskaera berriak, hots, eskatzailearen iritziz 2002/2003 ikasturterako handitu beharko liratekeenak.

Ezgaitasun fisiko, psikiko edo zentzumenezkoak edo jokabidearen arazo larriak izateagatik hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleen kasuan, eskabidea Foru Agindu honen III. eranskineko orientabideei eta ereduari jarraikiz aurkeztuko da.

Egoera sozial edo kultural behartuan dauden ikasleen kasuan, eskabidea Foru Agindu honen IV. eranskineko ereduari jarraikiz aurkeztuko da. Horrekin batera, Gizarte Zerbitzuetako Oinarrizko Unitateek familien egoera ekonomikoari buruz egindako txostenak aurkeztu beharko dira. Txostenetan azalduko da errenta edo dirusarrerarik jasotzen den ala ez, hilean zenbatekoak diren eta finkoak, aldi batekoak edo noizbehinkakoak diren eta familiak zenbat kide dituen.

Bestalde, ikastetxeak eskola atzerapenaren berri emanen du gutxienez bi kurtsokoa bada. Halakoetan, txostenarekin batera, bakoitzaren curriculumaren egokitzapena ere aurkeztuko da.

Ezgaitasunei loturiko hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleen kasuan eta berdin egoera sozial edo kultural behartuan egonik eskola atzerapena dutenen kasuan ere, aurkeztutako datuak egiaztatu eginen dira "Hezkuntza premia bereziak" eta "Egoera sozial eta kultural behartuari lotutako hezkuntza premiak" fitxategietan dauden datuekin.

2.2.b) Komenigarri irizten den dokumentazioa, ikastetxean eskolatuta dauden hezkuntza premia bereziko ikasleak eta horiei laguntzeko behar diren baliabideak ezagutzeko eta horien balorazio egokia egin ahal izateko.

Deialdi honen ebazpenean ematen diren baliabideen dotazio ekonomikoa, kudeaketa eta ordainketa

3.1. Deialdi honen xede diren hezkuntza premia bereziei erantzuteko jartzen diren giza baliabideak izan daitezke laguntzako irakasleak eta irakasle ez diren langile osagarriak, adibidez ikasle ezgaituentzako begiraleak edo logopedak. Egoera sozial edo kultural behartuan dauden ikasleendako giza baliabideak, hots, laguntzako irakasleak ematen direnean, soilik emanen dira Lehen Hezkuntzan edo Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan gutxienez bi kurtsoko eskola atzerapena duten ikasleendako.

3.2. Irakasleen soldatak, antzinatasuna eta karga sozialak zuzenean ordainduko ditu Administrazioak ordainketa eskuordetuaren bidez, irakasleen eta ikastetxe bakoitzeko titularraren arteko lan-harremana galarazi gabe, eta Hezkuntza eta Kultura Departamentuaren eta aipatu irakasleen artean inolako lan harremanik sortzen ez duela, ekainaren 3ko 8/1985 Lege Organikoaren 49. artikuluaren arabera.

3.3. Gainerako giza baliabideen -irakasleez besteko langile osagarrien- soldata, antzinatasuna eta karga sozialak ikastetxeko titularrak ordainduko ditu zuzenean eta Hezkuntza Administrazioak konpentsatuko dio titularrari bi hilabetez behin egindako ordainketen bitartez. Ikastetxearen titularrak, dirusarrera horiek justifikatzeko, irail, urtarril eta maiatzean Gizarte Segurantzari ordaindutako patronalaren eta langileen kuoten frogagiriak aurkeztuko ditu Hezkuntza Itunen Bulegoan (Tc 1 eta Tc 2), banku entitateak behar bezala zigilatuak, azkenik aurkeztutakoaren ondoko likidaziotik aurrera. Langile osagarrien izenak azpimarratuko dira.

Epe horietan beretan aurkeztuko dira, halaberean, langile osagarri guztiek sinatuta, dataren egunean kobrantzak eginak dituztela dioen aitorpena eta pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren kontura egindako atxikipenei buruzko ordainketen frogagiriak, guztiak behar bezala zigilatuak.

3.4. Beren ikastetxeetan lan egiten duten erlijiosoen kasuan, Vatikanoren eta Espainiako Estatuaren artean sinatutako akordioak direla-eta, PFEZ ordaintzetik salbuetsirik badaude, langile horiek erlijiosoak direla eta enpresari emandako dirulaguntzaren xedeko zeregin eta eginkizunak betetzen dituztela frogatzeko agiria beharko da aurkeztu, baita aurreko urteko sozietateen gaineko zergaren aitorpenean haien ordainsariak sartu direla eta, hala denean, langile autonomoen araubide berezian Gizarte Segurantzari eginiko ordainketen agiriak ere.

4. Deialdi honen bitartez giza baliabideak emateko, ikastetxe itunduek Hezkuntza Administrazioaren eta Irakaskuntza Pribatuko enpresa erakundeen eta sindikatuen artean adosten diren neurriak aplikatu beharko dituzte, itunak eta Foru Agindu honen 5. ataleko dirulaguntzak iraungitzearen ondorioz ukitutako irakasleak eta langile osagarriak birkokatzekoak, alegia.

5.1. 2001/2002 ikasturtean emandako dirulaguntzak eta giza baliabideak aldatu edo luzatuko dira, uztailaren 24ko 718/2001 Ebazpenaren bidez onetsi zirenak eta urriaren 29ko 1017/2001 Ebazpenaren eta abenduaren 13ko 1212/2001 Ebazpenaren bidez osatu. Kopuru osoa hauxe da:

Lehen Hezkuntzako, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Haur Hezkuntzako 2. zikloan hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleendako laguntzako irakasleak: astean 1.569 eskola ordu.

Lehen Hezkuntzan eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan egoera sozial edo kultural behartuan dauden ikasleak integratzen laguntzeko irakasleak: astean 173 eskola ordu.

Ikasle ezgaituen begiraleak: astean 433 ordu.

Logopedak: astean 253 ordu.

86.999,50 euro, ikasleen ekipamendu pertsonalerako eta jantokirako laguntza.

66.642,12 euro, ikastetxeentzat, ikasleen % 8 bederen gutxiengo sozial edo kultural behartukoa bada edo gisa horretako % 12 direnean.

31.252,63 euro, funtzionamendu gastuetarako, gutxienez laguntzako bi irakasle dituzten ikastetxeentzat.

5.2. 2002/2003 ikasturtean gehienez ere 2001/2002 ikasturterako eman ziren baliabide berberak, hots, aurreko lerroaldean daudenak, ematen ahalko dira eta, beharrezkoa bada, handituko dira, espezialitatez espezialitate, ondokoak arte:

a) Deialdiko 1.A atalean adierazitako hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleendako laguntzako irakasleak, Lehen Hezkuntzan, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan eta Haur Hezkuntzako bigarren zikloan: astean 1.537 eskola ordu.

b) Deialdiko 1.B atalean adierazitako egoera sozial edo kultural behartuan dauden ikasleak integratzen laguntzeko irakasleak, Lehen Hezkuntzan eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan: astean 182 eskola ordu.

c) Ikasle ezgaituen begiraleak: astean 487 ordu.

d) Logopedak Haur Hezkuntzan eta Haur Hezkuntzako bigarren zikloan: astean 270 ordu.

Baliabide horiek ikastetxe berberetan luzatzen ahalko dira edo beste batzuei eman, Foru Agindu honen 8. atalean arautu proposamen eta ebazpenaren arabera.

5.3. Ematen diren baliabide ekonomikoak izanen dira egoera sozial edo kultural behartuan dauden ikasleen integrazioan agertzen diren oztopoak hein batean gainditzeko, eta H.P.B.ak dituzten ikasleei laguntzeko gainerako funtzionamendu gastuetarako.

Baliabide ekonomiko horiek ikastetxe itunduek jasotzen duten modulu ekonomikoko "beste gastu batzuk" sailari erantsiko zaizkio eta haiek bezala bi hilabetez behin ordainduko dira. Horren aplikazioa ikasturte bakoitzaren amaieran justifikatuko da hezkuntza ituneko "beste gastu batzuk" sailarekin egiten den prozedura erabiliz; hau da, ikastetxeko titularrak zenbateko horien aplikazioari buruz Eskola Kontseiluak hartu erabakiaren ziurtagiria aurkeztuz.

Gehienez ere eta orokorrean, ondoko baliabide ekonomikoak eman ahalko dira 2002/2003 ikasturtean, xedeen arabera:

a) 84.620,80 euro, deialdiko 1.B ataleko ikasleen ekipamendu pertsonalerako.

Egoera sozial edo kultural behartuan dauden ikasleentzako baliabide ekonomikoen azken hartzailea ikaslea bera izanen da, eta horrekin ordainduko dira ikasturtearen hasieran ikasle bakoitzaren ekipamendua, eskolako lan-irtenaldietan parte hartzea eta ikasleentzako beste jarduera osagarri batzuk. Xede horrekin 132,22 euro arte ordainduko da ikasturtean Haur Hezkuntzako 2. zikloko, Lehen Hezkuntzako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasle bakoitzeko.

b) 93.958,80 euro, eskolan egokiro integratzeko eskolako jantoki zerbitzua finantziatu behar bada. Ikasturtean, 361,38 euro gehituko zaizkio a) puntuko laguntzari ikasle bakoitzeko, Haur Hezkuntzako 2. zikloan, Lehen Hezkuntzan eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan.

b) atal honentzat orokorrean ematen den diru kopurua behar adina handituko da, dirulaguntza hau jasotzeko baiezko txostena duten ikasle guztiek, lehen banaketan, 361,38 euro har dezaten.

Aurreko a) eta b) ataletan adierazi zenbatekoak ez dira beti ulertu behar "ikasleko diru kopuru bat" moduan. Kasu batzuetan ikastetxeak dotazio ekonomiko bakar bat erabiliko du ikasle baten baino gehiagoren beharretarako.

c) 68.052 euro, 5.3.a) atalean adierazitako egoera sozial edo kultural behartuan dauden ikasleei laguntzeak sortzen dituen funtzionamenduko beste gastu osagarri batzuetarako.

Egoera sozial edo kultural behartuan dauden ikasleak gutxienez % 8 direnean, 5.3.a) atalean adierazitakoak, ikastetxeei 84 euro bitarteko diru kopuru osagarri bat emanen zaie ikasleko, ikasle horiei edo antzeko ezaugarriak dituzten beste batzuei laguntzeak dakartzan funtzionamendu gastuetarako. Halako ikasleak gutxienez ere % 12 direnean, berriz, diru kopuru osagarria 180 euro artekoa izanen da ikasleko, gastu berberetarako.

d) 44.762 euro, hezkuntza premia bereziko ikasleak hartzen dituzten ikastetxeen funtzionamenduko beste gastu batzuetarako.

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, berariazko curriculumeko unitateez arduratzeko laguntzako irakasleak dituzten ikastetxeei, maiatzaren 8ko 133/1998 Foru Aginduan xedatutakoaren arabera, 2.702 euro emanen zaie unitate bakoitzeko.

Gutxienez laguntzako bi irakasle dituzten ikastetxeei diru kopuru osagarri bat emanen zaie, ikasleei laguntzeak dakartzan beste funtzionamendu gastu batzuetarako. Horretarako 4.808 euro arte emanen zaizkie laguntzako 3 irakasle, gutxienez, dituzten ikastetxeei, eta 2.404 euro arte laguntzako 2 irakasle, gutxienez, dituztenei.

5.4. Astean 30 ordu erreserban utziko dira, hezkuntza premia bereziko ikasleei laguntzeko irakasleak eta egoera sozial edo kultural behartuan dauden ikasleak integratzen laguntzeko irakasleak batera hartuta; astean 20 ordu, ezgaitasunak dituzten ikasleen begiraleendako eta, astean 15 ordu, logopediarako. Hori, 2. atalean eskabideak aurkezteko ezarri epea bukatzen denetik irailaren 30era arte sortzen diren premia berriei erantzuteko.

5.5. 2. atalean ezarri eskaera epea amaitu ondoren agertzen diren egoera sozial edo kultural behartuko ikasleek ere, eskola integrazio egoki baterako, eskola ekipamendua edo jantokiko zerbitzua finantzatu beharra dutenez, laguntza izanen dute beren ekipamendua finantzatzeko, baita beste laguntza bat ere, jantokiko zerbitzurako, baliabideak adjudikatzeko lehen ebazpenean emandakoak adinakoak.

Eskolatze denboraren araberakoa izanen da aurreko lerroaldean adierazi jantoki zerbitzurako laguntza, ikasturteko hamar hilabeteak erreferentziatzat hartuta.

5.5. atalean kontuan hartutako beharrak finantzatzeko, handitu eginen da 5.3.a) eta b) ataletako zenbatekoa, harik eta 2002/2003 ikasturteko behar guztiak bete arte.

5.6. Deialdi honen xedeko giza baliabideak zein baliabide ekonomikoak finantzatzeko kreditua 3.136.706,80 euro ingurukoa izanen da, honela banaturik:

875.307,63 euro, "Lehen Hezkuntzako irakaskuntza pribaturako dirulaguntza" izeneko 41610-4811-422200 kontusailaren kargura, 2002ra luzatu 2001eko aurrekontutik.

379.375,09 euro, "Bigarren Hezkuntzako lehen zikloko irakaskuntza pribaturako dirulaguntzak" izeneko 41610-4811-422800 kontusailaren kargura, 2002ra luzatu 2001eko aurrekontutik.

Gainerakoa, 1.882.024,08 euro, 2003. urteko gastuen aurrekontuan izen berarekin sortzen diren kontusailen kargu.

6. Ikastetxe bakoitzaren hezkuntza ituna formalizatu zen dokumentuan, zeinetan jasotzen baitira hezkuntza Administrazioak eta ikastetxe itunduaren titularrak elkarrekin dituzten eskubide eta eginbeharrak, klausula gehigarri batean agerraraziko dira ikastetxe itundu bakoitzerako onetsi baliabideen luzapena edo aldakuntza, deialdi hau ebaztearen ondorioz.

Baliabide ekonomikoak 2002/2003 ikasturterako dira, hasiera batean.

Giza baliabideek hurrengo ikasturteetan jarraitu ahalko dute, baldin eta hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleei laguntzeko behar berberek badiraute ikastetxe itundu horietan. Ikasturtez ikasturte aldatu ahalko dira, hezkuntza premia bereziko ikasleen beharrak aldatu ahala.

Horretarako, ikasturte bakoitzean Foru Agindu bat argitaratuko da, hurrengo urterako xede horretara bideratuko diren giza baliabideak eta baliabide ekonomikoak aldatu, murriztu, handitu edo ezabatzeko bidea emanen duena, dauden beharrak aztertu eta baloratu ondoren.

7.-Deialdiaren prozedura eta ebazpena

Pedagogi Berrikuntzako Zerbitzuak izendatzen dituen teknikariek eskaera egiten duen ikastetxe bakoitzaren gaineko txostena prestatuko dute. Txosten horiek Ikastetxeen eta Ikastetxeetarako Laguntzen Zerbitzura igorriko dira, eskaerak jasotzen diren egunetik hasita hamabost egun balioduneko epean. Txosten horietan honakoak agertuko dira:

a) Ikastetxearen identifikazio datuak.

b) Hezkuntza premia bereziko ikasleengan eta egoera sozial edo kultural behartuan dauden eta/edo gutxienez bi kurtsoko eskola atzerapena duten ikasleengan sumatu premiei buruzko azterlana eta balorazioa.

Txosten horretan sartuko da ikasle horien eskolatzeari erantzuteko behar diren giza baliabideen eta baliabide ekonomikoen proposamena.

8.1. Deialdi hau Hezkuntza zuzendari nagusiaren ebazpenaren bidez ebatziko da, aurkeztutako eskaerak hautatuko dituen Batzorde batek proposatuta eta Foru Agindu honen 7. atalean aipatu txostenetan oinarrituta.

8.2. Batzordearen proposamenean ez dira gaindituko 5.2 eta 5.3 ataletan ezarri kopuruak.

7. ataleko txostenetan egindako proposamenaren arabera banatuko dira baliabideak, txosten horietan ikastetxe bakoitzerako egin proposamena gainditu gabe.

8.3. Aurkezten diren eskaerak hautatzeko ardura duen Batzordea honela osatuko da:

Batzordeburua: Pedagogi Berrikuntzako Zerbitzuko zuzendaria.

Batzordekideak:

-Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuko zuzendaria, edo bere ordezko ikuskatzailea.

-Ikastetxeen eta Ikasketetarako Laguntzen Zerbitzuko zuzendaria.

-Eskolatze Batzordeko burua.

-Ikastetxeen eta haien Finantzaketaren atalburua.

-Pedagogi Berrikuntzako Zerbitzuko zuzendariak izendatutako hiru kide.

Idazkaria:

-Departamentuko Idazkaritza Teknikoko legelari bat.

9. Bidezko bada, Hezkuntza zuzendari nagusiak ebatzita emanen dira 5.4 ataleko giza baliabideak, erreserban daudenak, Pedagogi Berrikuntzako Zerbitzuak eta Ikastetxeen eta Ikasketetarako Laguntzen Zerbitzuak egindako txostena ikusirik, 2002/2003 ikasturtea hasi ondoren sortzen diren presako beharren arabera. Horrelakoetan, ez da aplikatuko 8. atalean ezarritakoa.

Hezkuntza zuzendari nagusiaren Ebazpen bidez emanen dira 5.5 atalean arautu baliabide ekonomikoak, 2002/2003 ikasturtea hasi ondotik agertutako egoera sozial edo kultural behartuko ikasleen eskola ekipamendua eta jantoki zerbitzua finantzatzeko. Aldez aurretik, Helduen Hezkuntzaren eta Osabidezkoaren Unitate Teknikoaren txostena beharko da eta Pedagogi Berrikuntzako Zerbitzuaren nahiz Ikastetxeen eta Ikasketetarako Laguntzen Zerbitzuaren oniritzia.

10. Hezkuntza eta Kultura Departamentuak behin betiko ebazpena argitaratuko du Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean. Ebazpen horren kontra gora jotzeko errekurtsoa jarri ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta hilabeteko epean.

Nafarroako Gobernuak errekurtso arruntari buruz hartzen duen erabakiaren kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahalko da.

11. Deialdi honen eta bere oinarrien kontra errekurtso arrunta jarri ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, deialdia argitaratu eta hurrengo egunetik hilabeteko epean.

II. ERANSKINA

1. taula. Pedagogia terapeutikoko irakasleen ardurapeko hezkuntza premia bereziak

Haur hezkuntza

Honako hauei loturiko hezkuntza premia bereziak:

-Adimen atzerapen zehaztugabea.

-Adimen atzerapen arin, tarteko, larri eta sakona.

-Garapenaren trastorno orokorrak.

-Portaeraren trastorno larriak.

-Mugimenduaren trastorno moderatu eta larria.

-Hipoakusia larri eta sakona.

-Ikusmen eskasia moderatu, larri eta sakona, eta itsutasuna.

-Askotariko gabeziak.

Lehen hezkuntza

Honako hauei loturiko hezkuntza premia bereziak:

-Adimen atzerapen arin, ertain eta larria.

-Garapenaren trastorno orokorrak.

-Portaeraren trastorno larriak (TDA-H, ezezkortasun desafiatzailea, portaera nahasgarria...).

-Mugimenduaren trastorno moderatu eta larria.

-Hipoakusia ertain, larri eta sakona.

-Ikusmen eskasia moderatu, larri eta sakona, eta itsutasuna.

-Askotariko gabeziak.

Derrigorrezko bigarren hezkuntza

Honako hauei loturiko hezkuntza premia bereziak:

-Adimen atzerapen arin eta ertaina.

-Garapenaren trastorno orokorrak.

-Hizkuntza hargarri-adierazkorraren trastorno mistoa

-Portaeraren trastorno larriak (TDA-H, portaera nahasgarria, trastorno disoziala...).

-Mugimenduaren trastorno moderatu eta larria.

-Hipoakusia ertain, larri eta sakona.

-Ikusmen eskasia moderatu, larri eta sakona, eta itsutasuna.

-Askotariko gabeziak.

2. taula. Logopediaren ardurapeko hezkuntza premia bereziak

Haur hezkuntza

Honako hauei loturiko hezkuntza premia bereziak:

-Hizkuntzaren atzerapen edo trastornoak edo komunikazioarenak, adimen, entzumen edo mugimenduaren ezgaitasunari lotuak.

-Hizkuntza hargarri edo adierazkorraren trastorno berariazkoa.

-Hizkuntza atzerapen moderatu eta larria.

-Komunikazioaren trastornoak (mututasunak, disfemiak).

Lehen hezkuntza

Honako hauei loturiko hezkuntza premia bereziak:

-Hizkuntzaren atzerapen edo trastornoak edo komunikazioarenak, adimen, entzumen edo mugimenduaren ezgaitasunari lotuak.

-Hizkuntza hargarri edo adierazkorraren trastorno berariazkoa.

-Hizkuntzaren atzerapen bakun, moderatu eta larria.

-Komunikazioaren trastornoak (mututasunak, disfemiak).

3. taula. Ezgaitasun egoerei lotutako H.P.B.ak dituzten ikasleak

1. taldea: luzapena eskaturik, ikastetxean jarraitzen duten ikasleak.(*)

2. taldea: Lehen aldiz eskolatutako ikasleak.(*)

3. taldea: eskolatuta egonik, aurtengo ikasturterako baliabiderik ez dutenak eta 2002-2003 ikasturerako

espezialista behar dutenak.(*)

4. taldea: ikasturtean zehar H.P.B.en beharra izateari utzi dioten ikasleak(*)

5. taldea: Ikastetxea utzi duten ikasleak.(*)

(*) X bat egin, zein bere laukitxoan.

III. ERANSKINA

Ikastetxeek, ezgaitasunari loturiko H.P.B.ko ikasleei buruz, erantsi beharreko dokumentazioa betetzeko argibideak

Ikasle hauek hezkuntzan aurrera egiteko, ohiko inguruan, curriculumaren oinarrizko alderdi batzuk egokituak behar dituzte, eta irakasle espezialistek berariaz eta sistematikoki esku hartzea, jarraitasunez eta intentsiboki.

Balorazio psikopedagogirako, II. eranskineko 1. eta 2. tauletako kategoria diagnostikoak erabiliko dira, baita Nafarroako Gobernuak, erroldako informazio bilketaren protokoloa betetzeko ematen duen gidako irizpideak ere, Izen hau du gida horrek: "Guía para la recogida de información de alumnado con N.E.E. asociadas a condiciones personales de discapacidad y altas capacidades".

CREENAko Berariazko Lantaldeek aztertuko dute aurkezten den dokumentazioa.

1. Ikasle bakoitzari buruz aurkeztu beharreko datuak.

-Izen-deiturak.

-Jaioteguna.

-2002/2003 ikasturteko maila eta etapa.

-Balorazio psikopedagogikoa eta data.

-Curriculuma.

-Espezialistaren laguntzako zenbat saio behar dituen astean. Pedagogia Terapeutikoa edo Logopedia.

-Ikasle ezgaituendako zaintzaileen beharra.

2. Azterlan hori errazteko, ondoko taula bete beharko da (3. taula), bost ikasle talde hauetako bati buruz:

-1. taldea. Ikastetxean darraiten ikasleak, haientzako luzapena eskatzen baita.

-2. taldea. Lehen aldiz eskolaturiko ikasleak.

-3. taldea. Eskolatuta egonik, aurtengo ikasturterako baliabiderik ez dutenak eta 2002/2003 ikasturterako espezialista behar dutenak.

-4. taldea. Ikasturtean zehar H.P.B.en beharra izateari utzi diotenak.

-5. taldea. Ikastetxea utzi duten ikasleak.

3. Kasu hauetan bakarrik erantsi beharko da dokumentazio berria:

-2. taldeko ikasleak (lehen aldiz eskolatu ikasleak).

-3. taldeko ikasleak (eskolatuta egonik, aurtengo ikasturterako baliabiderik ez dutenak eta 2002/2003 ikasturterako espezialista behar dutenak).

-1. taldeko ikasleak: ikastetxean darraiten ikasleak, zeinentzat logopedia luzatzeko eskatzen baita.

Kasu horietan erantsi beharreko dokumentazioa:

-2 eta 3. taldeko ikasleentzat, balorazio psikopedagogiko eguneratua aurkeztuko da, non langile espezializatuak behar dituzten hezkuntza premia bereziak zehaztuko baitira.

-1. taldeko ikasleentzat, espezialistaren txostena bakarrik, ikasturte honetako azken hiruhilekoan prestatua.

IV. ERANSKINA

Egoera sozial eta kultural behartuan dauden ikasleak, hezkuntza sisteman sartu, iraun eta aurrera egiteko zailtasunak dituztenak.

Ikastetxea: ............................................................. Herria: ................................................... Ikastetxearen kodea: ......................

1. 2001/2002 ikasturtean ikastetxeak egin zuen eskaeran zeuden ikasleen zerrenda.

2. Ikastetxean lehen aldiz eskolaturiko ikasleak. Ikasle horiendako laguntza berriak esleitzea eskatu da.

Oharrak:

1) "Ikaslea" zutabean izen-deitura osoak paratu behar dira.

2) "Oharrak" zutabean honelako zehaztasunak paratu behar dira: bi kurtso edo gehiagoko eskola atzerapena.

3) IV. eranskineko 1. eta 2. atalei gehituko zaizkie Gizarte Zerbitzuen Oinarrizko Unitateen txostenak, zeinetan familien egoera ekonomikoaren berri emanen baita, Foru Agindu honen I. eranskineko 2.2.b) atalean adierazitakoaren arabera.

Iragarkiaren kodea: A0203373