58. ALDIZKARIA - 2002ko maiatzaren 13a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Beste Xedapenak

43/2002 FORU AGINDUA, apirilaren 5ekoa, Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariak emana, herritarren segurtasunaren arloko egitarau, jarduera eta inbertsioak egiteko dirulaguntzetarako deialdia onesten duena 2002. urterako.

Nafarroan 2002. urterako luzatu diren 2001eko Aurrekontu Orokorretan zenbait kontusail ezarri ziren toki entitateei eta irabazteko asmorik gabeko erakundeei herritarren segurtasunaren arloko egitarau, jarduera eta inbertsioetarako transferentziak egiteko.

Ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legeak, Nafarroako Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorra ezartzen duenak, 3. artikuluan dioenez, dirulaguntzak ematen direnean publizitatearen, lehiaren eta objektibotasunaren printzipioei eutsi behar zaie.

Horrenbestez, eta Nafarroako Foru Komunitateko Gobernu eta Administrazioari buruzko apirilaren 11ko 23/1983 Foru Legeak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

Lehena.-Toki entitateei eta irabazteko asmorik gabeko erakundeei herritarren segurtasunarekin zerikusia duten egitarau, jarduera eta inbertsioak egin ditzaten dirulaguntzak emateko deialdia onetsi da 2002. urterako. Hona hemen deialdiaren

O I N A R R I A K

1.-Xedea.

Deialdi honen bidez toki entitateei eta irabazteko asmorik gabeko erakundeei dirulaguntza emanen zaie 2002. urteko ekitaldian herritarren segurtasunarekin zerikusia duten egitarauak, jarduerak eta inbertsioak egin eta justifikatu ditzaten jarraian adieraziko diren helburuetarako:

-Herritarren babesa eta larrialdietako laguntza.

-Suhiltzaile boluntarioen jarduerari laguntzea.

-Udaltzaingoetan inbertsioak egiteko programak.

-Zezenplazak hobetzeko inbertsioak.

-Tokian tokiko larrialdietarako planak prestatzea eta Herri Babesaren, Suhiltzaileen eta Poliziaren arloko zerbitzuak prestatu eta haien kalitatea hobetzeko jarduerak egitea.

Horren ondorioetarako, herritarren segurtasunarekin zerikusia duten egitarau, jarduera eta inbertsiotzat honako hauek joko dira: pertsonei edota ondasunei kalte egin diezaieketen egoerak, hala berezko gertaerak nola gizakiak eragindakoak, aztertzeko, haiei aurrea hartzeko eta horietan esku hartzeko xedearekin egiten direnak.

Horretaz gainera, Suhiltzaile Boluntarioen jardueran 2001. urtean izan diren gastu arruntei ere dirulaguntza ematen ahalko zaie.

Halaber, aurrekontuen hurrengo ekitaldietan sartzen ahalko dira Suhiltzaile Boluntarioen jarduera mantentzeko toki entitateek egiten dituzten inbertsioetarako dirulaguntzak, kapital transferentzia gisa agertuko direnak, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko abenduaren 26ko 8/1988 Foru Legearen 41. artikuluak ezartzen dituen mugekin.

2.-Onuradunak.

Deialdi honetara toki entitateak eta irabazteko asmorik gabeko erakundeak biltzen ahal dira, dirulaguntzaren xede diren egitarau, jarduera edo inbertsioak ondoko gaietan egin nahi izanez gero:

-Herritarren babesa eta larrialdietako laguntza.

-Tokian tokiko larrialdietarako planak prestatzea eta Herri Babesaren, Suhiltzaileen eta Poliziaren arloko zerbitzuak prestatu eta haien kalitatea hobetzeko jarduerak egitea.

Deialdi honetara toki entitateak, irabazteko asmorik gabeko erakundeak eta partikularrak biltzen ahal dira, ondokoa egiteko:

-Zezenplazak hobetzeko inbertsioak.

Suhiltzaile Boluntarioen arloan Nafarroako Gobernuarekin hitzarmena sinatua duten edo sinatzekotan dauden toki entitateak ere biltzen ahal dira deialdi honetara, dirulaguntzaren xede diren egitarau, jarduera edo inbertsioak ondoko gaietan egin nahi izanez gero:

-Suhiltzaile boluntarioen jarduerari laguntzea.

Udaltzaingoa duten toki entitateek parte hartzen ahal dute, ondokoa egiteko:

-Udaltzaingoetan inbertsioak egiteko programak.

Deialdi honetako dirulaguntzak bateragarriak izanen dira xede berarekin emandako beste edozein dirulaguntzarekin, baina haien zenbatekoa ez da inoiz izanen onuradunak garatu behar duen jardueraren kostua baino handiagoa, ez eta administrazio berak, beste administrazio publiko batzuek, erakunde publiko edo pribatuek eta norbanakoek, naziokoak zein nazioartekoak izan, aurrez emandako dirulaguntzei gehituta kostu hori gainditzeko adinakoa ere.

3.-Eskabideak.

Eskabideak Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokorrean aurkeztu behar dira (Karlos III.a etorbidea, 2) edo Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko Legean adierazten diren gainerako lekuetan, Foru Agindu hau argitara eman eta, biharamunetik hasita, hilabeteko epean.

Eskabidearekin batera agiri hauek aurkeztu behar dira (jatorrizkoak edo behar bezala erkatutako fotokopiak):

a) Nafarroako Gobernuaren eskabide-orri orokorra.

b) Jarduerari buruzko memoria, eta aurrekontua kapituluka. Eraikuntza edo berrikuntza obretarako dirulaguntza eskatzen denean memoriari obren proiektua erantsi behar zaio, eskudun teknikari batek idatzia, eta obrak burutzeko egitaraua.

c) Irabazteko asmorik gabeko erakundeek beren izaera frogatzen duen agiria, sozietatearen izena, estatutuak eta identifikazio fiskalerako zenbakia aurkeztu behar dituzte.

d) Eskatzailearen adierazpena, xedapen honekin bat etorri eta jaso edo eskatu dituen bestelako laguntzen gainekoa.

e) Eskatzailearen adierazpena, aurrekontuaren eta balizko dirulaguntzaren arteko aldea berak jarriko lukeela hitz emateko.

f) Eskatzaileak interesgarritzat jotzen duen beste edozein agiri.

Eskabideak beharkizun guztiak betetzen ez baditu, interesatuari akatsak zuzentzeko eskatuko zaio Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 71. artikuluan ezarritako moduan.

4.-Hautapena.

Batzorde tekniko batek eskabideak ebaluatu eginen ditu. Batzordeburua Lankidetza, Segurtasun eta Udaltzaingoen Koordinaziorako Zerbitzuko zuzendaria izanen da eta batzordekideak Nafarroako Su-itzaltze eta Salbamendu Zerbitzurako Partzuergoko zuzendaria eta Herri Babeserako Zerbitzuko Plangintza eta Larrialdietarako Ataleko burua. Azken hori idazkari arituko da.

Irizpide hauek erabiliko dira eskabideak baloratzeko:

-Herritarren Babesa eta Larrialdiak:

Eskainitako zerbitzuak nola egokitzen diren Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak larrialdiei erantzuteko egindako planekin.

Eskaini nahi den zerbitzua emateko gaitasuna.

Gastuaren edo inbertsioaren nondik norakoak.

-Suhiltzaile boluntarioak:

Eskainitako zerbitzuak nola egokitzen diren Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak larrialdiei erantzuteko egindako planekin.

Eskaini nahi den zerbitzua emateko gaitasuna.

Gastuaren edo inbertsioaren nondik norakoak.

-Udaltzaingoak:

Proposamenaren kalitatea.

Eskaini nahi den zerbitzua emateko gaitasuna.

Inbertsioaren nondik norakoak.

-Zezenplazak egokitzeko:

Zezen ikuskizunei buruzko Erregelamendua onetsi zuen ekainaren 29ko 249/1992 Foru Dekretuaren II. kapituluan eta harekin bat datozen beste arau batzuetan bildutako baldintzak betetzen ote diren.

-Tokian tokiko larrialdietarako planak prestatu eta Herri Babesaren, Suhiltzaileen eta Poliziaren arloko zerbitzuak prestatu eta haien kalitatea hobetzeko jarduerak egiteko:

Ekimen hori nola egokitzen den Barne Zuzendaritza Nagusiak prestaturiko plan berariazkoekin eta herri babesaren arloko arriskuei buruzko azterlanekin.

2002. urterako Barne Zuzendaritza Nagusiak herritarren segurtasunaren alorrean ezarri dituen lehentasunen artean ondoko hauek daude:

-Herritarren Babesa eta larrialdiak:

Berariazko egitarauak egiteko justifikatutako gastu arrunten ordainketa.

Egitarau horiek gauzatzeko behar diren material eta ekipamenduak.

-Suhiltzaile boluntarioak:

Suhiltzaile boluntarioen taldeak kudeatzeko justifikatutako gastu arrunten ordainketa.

Landa ponpa arinak eta bestelako ibilgailuak erostea.

Ibilgailuak karrozatzea.

Parkerako edo ibilgailuetarako materiala edo ekipamendua erostea.

Bulegoak, liburutegiak, bilera gelak, gimnasioa... hornitzea.

Suhiltzaileen ekipamendua, norbanarena zein kolektiboa.

Instalazio, material eta ekipoen mantenimendua.

Komunikazio ekipoak eskuratzea.

Informatika ekipoak eskuratzea.

Liburu eta bideo teknikoak eskuratzea.

Prestakuntza.

Zerbitzuaren beharretara moldatzeko, egokitzapen lanak egitea.

Autoa gidatzeko baimen berariazkoak eskuratzea.

-Udaltzaingoak:

Auto edo motoak, identifikazio eta errotuluekin, eskuratzea.

Informatika ekipoak eskuratzea.

Kalean erabiltzeko materiala (argazki makinak, bideo makinak, e.a.) eskuratzea.

Alkoholemia kontrolatzeko, mikrotxipak irakurtzeko edo asotsak neurtzeko ekipoak erostea.

Seinaleztapen mugigarria.

Transmisio ekipoak.

-Zezenplazak:

Ikusleen segurtasuna.

Horretarako, deialdian eskatzen den informazioaz gain Barne Zuzendaritza Nagusiak informazio osagarria ere eskatzen ahalko du.

Nolanahi ere, Barne Zuzendaritza Nagusiak ahalmena izanen du programa, jarduera edo inbertsio jakin batzuetarako dirulaguntza osorik edo partez baztertzeko, deialdiaren oinarrien araberakoak ez badira, Babes Zibilaren eta Udaltzaingoen Koordinazioaren arloko arauekin edo han agertzen den antolamendu-egiturarekin bat etortzen ez badira edo Barne Zuzendaritza Nagusiak herritarren segurtasunaren arloan finkatutako helburu eta lehentasunetatik bazter gelditzen baldin badira.

5.-Ebazpena.

Eskabidea aurkeztu eta hiru hileko epean Barne zuzendari nagusiak dirulaguntza emateko edo ukatzeko ebazpena emanen du, baietzaren edo ezetzaren zioak azalduz. Epe horretan ebazpenik eman ezean dirulaguntza eskaera ezetsitzat jo behar da.

Eskatzaileren batek berari emandako laguntzari uko egiten badio edo kontusailetan gerakin ekonomikorik badago, laguntza gehiago ematen ahal da, Batzorde Teknikoak aldeko txostena egin ondoan.

6.-Zenbatekoa.

Nafarroako Gobernuak, aurrekontuan baliagarri dagoen diruaz, eskala honen arabera finantzatuko ditu Batzorde Teknikoak proposatutako jarduerak:

-Herritarren Babesa eta Larrialdiak, diruz lagundu daitekeen gastuaren % 100 arte.

-Suhiltzaile boluntarioak, diruz lagundu daitekeen gastuaren % 100 arte.

-Udaltzaingoentzako inbertsio programak, diruz lagundu daitekeen gastuaren % 50 arte.

-Zezenplazak hobetzeko inbertsioak, onartutako inbertsioaren % 40 arte.

-Tokian tokiko larrialdietarako planak prestatzea eta Herri Babesaren, Suhiltzaileen eta Poliziaren arloko zerbitzuak prestatu eta haien kalitatea hobetzeko jarduerak egitea, diruz lagundu daitekeen ekimen edo jardueraren gastuaren % 50 arte.

Obren proiektu eta zuzendaritza gastuetarako ere dirulaguntza emanen da, obrei dagokien adinako portzentajean, baldin eta profesionalen elkargoen gutxi gorabeherako tarifak gainditzen ez badira.

7.-Finantzaketa.

Dirulaguntzak 2002. urtera luzatu den 2001eko ekitaldiko Nafarroako Aurrekontu Orokorreko kontusail hauen kargura emanen dira:

-053003-02320-4600-221100, "Suhiltzaile boluntario, sorospen eta larrialdietarako hitzarmenak". Gehienez ere, 115.394 euro.

-053003-02320-7600-221100, "Udaltzaingoen egitarauetarako laguntzak". Gehienez ere, 150.006 euro.

-053003-02320-7600-221102, "Suhiltzaile boluntarioetarako hitzarmenak toki entitateekin". Gehienez ere, 346.078 euro.

-053003-02320-7600-221103, "Ikuskizunetarako barrutien segurtasuna hobetzeko laguntzak". Gehienez ere, 50.402 euro.

8.-Ordainketa.

Dirulaguntzak beraien xede diren jarduerak burututa edo neurriak jarrita daudela frogatu ondoren ordainduko dira.

Eskuarki, frogak eta ordainketa horiek behin eginen dira. Salbuespenez, zatika egiten ahal dira, egitasmoen burutzapena eta jasotako kopuruen aplikazioa egiaztatzen dituzten egiaztagiri partzialak aurkeztuz gero eta Barne Zuzendaritza Nagusiko langileek egiaztatu ondoren aurkeztu diren egiaztagiriak egindako obra edo erosketei dagozkiela eta erositako materiala edo egindako obrak deialdiaren helburuekin bat datozela.

9.-Onuradunen betebeharrak.

Foru Agindu honen xede diren laguntzen onuradunek honakoa bete beharko dute:

a) Barne Zuzendaritza Nagusiaren Zerbitzuek egin dezaketen edozein egiaztapen onartzea.

b) Burutzeko epeak betetzea, bai eta laguntza ematen duen ebazpenean ezarritako gainerako baldintzak ere.

c) Laguntza jaso baino lehen eskatzen ahal diren agiri guztiak aurkeztea.

d) 120.202,42 euro baino laguntza altuagokoa jaso nahi duten toki entitateek Toki Administrazioko Departamentuaren txostena, entitatearen egoera ekonomiko eta gaitasun finantzarioaren gainekoa, aurkeztu beharko dute.

e) Laguntza kobratu baino lehen, bere betebeharretan Nafarroako Ogasun Publikoarekin eguneratua dagoela frogatzea.

f) Kontabilitatean edo erregistro-liburuan jasotako laguntzaren kobrantza agertaraztea.

g) Helburu bererako eskatu edo jaso diren bestelako laguntzak Barne Zuzendaritza Nagusiari jakinaraztea.

10.-Ez-betetzea.

Oinarri hauetan ezarritako betebeharrak bete ezik, dirulaguntza galduko da eta jasotako kopuruak itzuli beharko dira, halakorik badago, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren Erakunde Autonomoen dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorra ezartzen duen ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legearen 21. artikuluan aurreikusi bezala.

Halaber, onuradunei zehapenak ezartzen ahal zaizkie, goian aipatu legearen VI. kapituluko araubideari jarraituz.

11.-Errekurtsoak.

Deialdi honen eta haren oinarri eta aplikazio egintzen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, deialdi hau argitaratu edo errekurritu nahi den egintza jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Bigarrena.-Foru Agindu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.

Iruñean, bi mila eta biko apirilaren bostean.-Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilaria, Rafael Gurrea Induráin.

Iragarkiaren kodea: a0203729