58. ALDIZKARIA - 2002ko maiatzaren 13a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Beste Xedapenak

ERABAKIA, 2002ko apirilaren 22koa, Nafarroako Gobernuak hartua, "Nafarroako Unibertsitatearen Iruñeko Campusa" izeneko UPSa aldatzeko espedientearen tramitazioari hasiera eman eta jendaurrean jartzen duena. Espedientea Nafarroako Unibertsitateak sustatu du.

2002ko apirilaren 11n Nafarroako Unibertsitateak "Nafarroako Unibertsitatearen Iruñeko Campusa" izeneko UPSa aldatzeko espedientea aurkeztu du, behar bezala tramitatzeko.

Aldaketaren sustatzailea Nafarroako Unibertsitatea da, instalazioen titularra den entitate pribatua, zerbitzu publiko bat kudeatzen duena, eta hori dela bide ahalmena du espedientea sustatzeko, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko 10/94 Foru Legearen 61.3 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Hona hemen aldaketa espedientearen xedea:

a) UPSaren oinarrizko bide-sarea osatzen duten bide batzuen trazadura egokitzea eta, ahal bada, hobetzea.

b) UPSaren hirigintza arautegiaren 3. eta 4. zenbakietan ezarritako zehaztapenen hedadura argitzea, 4. planoan erabiltzen diren eremuen izenei dagokienez.

Bide-sarean egin gogo diren aldaketei dagokienez, aurkeztu den agirian aditzera ematen da Iruñeko Udalak eta Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak "Iruñeko sarbideak eta bide-sarea egin eta hobetzeko hitzarmena" sinatu dutela. Hitzarmen horretan aurreikusitako jarduketa batzuk campusean eginen dira, baina horretarako ezinbestekoa da indarra duen UPSa aldatzea. Jarduketak diseinatzeko irizpideak Unibertsitateari erakutsi zaizkio eta haien gainean adostasuna lortu da. Jarduketa horiek "Bide-sarea" izeneko 6. planoan ageri dira, hain zuzen indarra duen UPSaren "Bideak" izeneko 6. planoa ordezkatzera datorren horretan, eta, funtsean, lan hauek egiten aurreikusten dute:

-Nafarroako etorbidean bi biribilgune egitea aurreikusi da: horietako bat Abejeras kalearekin lotzeko eta Azpilagaña auzoan sartzeko izanen da eta bestea Eneko Aritza kalearekin lotzeko.

-Aróstegui etorbidearen eta Irunlarrea kaleen arteko bidegurutzeko biribilgunea handitzea.

-Fuente del Hierro kalea Sadarko bidearekin lotzen den tokian biribilgune bat egitea aurreikusi da eta hortik bide bat proiektatu da, Sadar ibaia zubi berri baten bidez gaindituta, Zizur Txikirako errepidearekin lotzeko. Zubi hori ibilgailuentzat baino ez da izanen eta egungoa oinezkoentzat erabiliko da.

-Eskirotz kalearen jarraipenaren eta Sadarko errepidearen arteko gurutzean biribilgune bat egitea aurreikusi da.

-UPSaren arabera, Fuente del Hierro kalean, Nafarroako etorbidetik hurbil, egin gogo den biribilgunearen kokagunea aldatuko da, hegoaldera 20 bat metro eramanen baita, hortik pasatzen den ur-horniduraren sarea ez ukitzeko.

UPSaren arautegiaren 3. eta 4. ataletan ezarritako zehaztapenen hedadurari dagokionez, zera esan beharra dago:

-3. atalak, "Erabilerak" izenekoak, UPSaren eraginpeko eremuko erabilerak ezartzen ditu, honako izen hauek ematen dituela: a) ekimen pribatuko unibertsitatearen erabilera; b) ibai-parkea; c) Bide-sarea.

-Atal horretan berean zehazten da "Ekimen pribatuko unibertsitatearen erabilera" izenekoaren barrenean, irakaskuntza eta ikerkuntzari loturiko erabilerez gainera, honako hauek ere sartuko direla: ostatu, kirol eta zerbitzuei lotuak, hirugarrenen erabilerak eta ekipokoak, hala nola Unibertsitatearen Klinikaren erabilera mediku-asistentziala.

-4. atalean, "Aprobetxamenduak" izenekoan, campusen hirigintza aprobetxamendu osoa eta 4. planoan adierazten den eremu bakoitzarena zehazten da. Eremu horiek erabilera jakin batzuen eta, are gehiago, diziplina jakin batzuen (Zientziak, Arkitektura,...) arabera izendatzen dira. Plano horretan, gainera, eremu bakoitzari dagozkion koefizienteen taula ageri da -hots, jarduketa unitateak-, eta bakoitzari esleitutako erabilera: kasu guztietan "ekimen pribatuko unibertsitateari" lotuak.

-Hortik ondorioztatu behar da hirigintza aldetik aprobetxagarri diren eremu guztietan baimenduta dauden erabilerak "Ekimen pribatuko unibertsitatearenak" direla, hau da, arautegiaren 3. atalean izendapen hori duen multzoan ageri diren erabileretatik edozein.

Horregatik -dio-, eremu batzuk izendatzeko jarduera edo erabilera jakin batzuk aipatzea nahasgarria denez gero, egoki ikusi da arautegiaren 4. atalaren bukaeran honako lerroalde hau eranstea:

"Arautegi honen 3.a) zenbakiko lehen lerroaldean ezarri bezala, "ekimen pribatuko unibertsitatearen erabileran" unibertsitateari loturiko zenbait jardueratarako erabiliko diren eraikinak aurreikusi dira, besteak beste ostatu ematekoak. Arautegiaren 3. (*) zenbakian eta planoetan eremuak identifikatzeko erabilitako izenen helburu bakarra horietako bakoitzean baimentzen diren gehieneko aprobetxamenduak ezartzea da, baina izen horrek ez du mugatzen egun dauden eraikinen edo etorkizunean egiten direnen jarduerak edo erabilerak".

(* "4. zenbakian" ulertu behar da).

Hori guztia ikusirik, bidezkoa da espedientea tramitatzen hastea, baina, hala ere, Arautegiaren 4. atalari erantsi behar zaion testua aldatu behar da eta honela utzi:

"Atal honetan eta planoetan adierazitako eremu-zatiketaren helburu bakarra eremu bakoitzean baimentzen diren gehieneko aprobetxamenduak ezartzea da, baina aprobetxagarriak direnei ematen zaien izendapenak ez du murrizten, inola ere, egun dauden eraikinen edo etorkizunean egiten direnen jarduerak edo erabilerak, izan ere, Arautegi honetako 3. atalean, hots, "Ekimen pribatuko unibertsitatearen erabilera" izenekoan, den edozein jarduera eta erabilera eman ahalko zaie.

Testu horrekin ongi zehaztu nahi da "egun dauden eraikinen edo etorkizunean egiten direnen jarduerak edo erabilerak" 3. atalean aurreikusita daudenetara egokitu behar direla, proposaturiko testutik ondorioztatu litekeena baino are zehatzago, baina atal horren edukia, jakina, ez da aldaketa honen xede.

Horrenbestez, Lurraldearen Antolamenduko Batzordeak 2002ko apirilaren 17an emandako txostena kontuan harturik, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko uztailaren 4ko 10/1994 Foru Legea eta aplikagarri diren gainerako arauak ikusirik, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak proposaturik, Nafarroako Gobernuak

ERABAKI DU:

1. "Nafarroako Unibertsitatearen Iruñeko Campusa" izeneko UPSa aldatzeko espedientearen tramitazioari hasiera ematea. Espedientea Nafarroako Unibertsitateak sustatu du.

2. Sustatzaileari adieraztea egoki litzatekeela UPSaren Arautegiko 4. atalari erantsi beharreko testua zuzentzea, Erabakiaren azalpen zatian adierazi bezala.

3. Espedientea jendaurrean jartzea eta proiektaturiko azpiegiturek ukituko dituzten eremuetako udalei entzunaldia ematea. Bi izapide horiek aldi berean eginen dira eta hilabete bat iraungo dute, Erabaki hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen den egunetik hasita. Horren ondorioetarako, espedientea Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuan egonen da ikusgai (Alondegi kalea, 1, 2. solairua), epe horretan interesdunek egoki iruditzen zaizkien alegazioak aurkeztu ahal izateko.

4. Erabaki hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea eta Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuari, Iruñeko Udalari eta Nafarroako Unibertsitateari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, bi mila eta biko apirilaren hogeita bian.-Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilaria. Nafarroako Gobernuko idazkaria, Rafael Gurrea Induráin.

Iragarkiaren kodea: A0204745