58. ALDIZKARIA - 2002ko maiatzaren 13a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Beste Xedapenak

ERABAKIA, 2002ko apirilaren 22koa, Nafarroako Gobernuak hartua. Adierazten du "N-232 errepidearen bikoizketa, 1. tartea (probintziako muga-Tuterako saihesbidearen hasiera) eta 2. tartea (Tuterako saihesbidearen bukaera-probintziako muga)" proiektuaren argibide-azterlana, Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak sustatua, udalez gaindiko proiektu sektoriala dela eta proiektua jendaurrean jartzen, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko uztailaren 4ko 10/1994 Foru Legean eta Ingurumenaren gaineko Eragina neurtzeko prozeduran agindu bezala.

Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak, 2002ko martxoaren 20an, "N-232 errepidearen bikoizketa, 1. tartea (probintziako muga-Tuterako saihesbidearen hasiera) eta 2. tartea (Tuterako saihesbidearen bukaera-probintziako muga)" proiektuaren argibide-azterlana aurkeztu du, bai eta haren Ingurumenaren gaineko Azterlana ere, Ingurumenaren gaineko Eraginaren Adierazpena izapidatu eta Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala onesteko.

I.-Azterlanaren xedea eta egin asmo den azpiegituraren interes orokorraren arrazoiak

Azterlanaren izenburuak bere xedea adierazten du: N-232 errepidea Nafarroatik barna iragatean bikoiztea, Nafarroako saihesbideko tartean. Bikoizketa hori gaur egun egiten ari da. Tarte txiki bat ere baztertu da, Castejongo mugapean, Nafarroaren eta Errioxaren arteko mugan, eta bikoizketa hasten den tokia ere bai (alegia, N-232 errepidearen eta A-15 autobidearen arteko loturatik eta Castejongo eta Tuterako mugapeetako mugetara bitartekoa), lotura hori ez ukitzeko.

N-232 errepidea Nafarroatik barna iragaten denean ohi bezalakoa da. Bertako eguneroko zirkulazioa 11.000 ibilgailutik 13.000 bitartekoa da eta ibilgailu astunek % 45 egiten dute. Hainbeste kamioi egoteagatik, baita hainbeste sarbide eta ezkerrerako bira ere, zailtasun handiak daude zirkulazioan eta istripu asko ere bai, garrantzitsuagoa dena.

N-232 errepidearen bikoizketak abantaila hauek ekarriko ditu:

-Errepideko trafikoa hobetzea, bai kalitatean, bai sarbideetan eta gaitasunean ere, eta eskualdeen arteko harremanetan ere bai.

-Istripu gutxiago egotea.

-Tarte horretan eman beharreko denbora gutxitzea.

-Funtzionamenduaren orotariko kostuak (erregaiak, labaingarriak, etab.) aurreztea.

Hori dena nahikoa arrazoia da egin nahi den proiekturako eta haren orotariko intereserako.

II.-Azterlanaren edukiaren oinarrizko deskripzioa

Aztergai diren tarteetako mugak N-232 errepideko 84,5 k.p., Tuterako saihesbidearen hasiera, saihesbide horren bukaera eta N-232 errepideko 117 k.p. dira. Biek 22,5 km egiten dute guztira. Hala ere, bigarren tarteko bikoizketa faseetan erraztearren hura beste bitan banatzea erabaki da. Alde batetik Tuterako saihesbidearen bukaeratik Buñuelgo loturagaira bitartekoa eta lotura horretatik Nafarroaren eta Zaragozaren arteko mugara bitartekoa bestetik.

Ukituriko mugapeak Castejón, Tutera, Fontellas, Ribaforada, Buñuel eta Cortes dira.

Hiru tarte horietarako konponbide batzuk aztertu dira. Lehenengo tarterako bost egin dira (azkeneko baloraziorako bi baztertu dira, baina). Beste hiru bigarren eta hirugarren tarteetarako. Konponbide horiek denak bi talde handitan sar daitezke. Batetik, "zabaltze erdiratukoak" daude. Horietan lurren ukipena txikiagoa da, baina zailak dira egiteko, gaur egungo trafikoarekiko interferentziak direla eta. Bestetik, "galtzada berrikoak". Horietan, dagoen galtzadari eusten zaio alderantzizko noranzkoetan. Errazagoak dira egiteko eta lurren ukipena galtzada bikoizten deneko aldean kokatzen da.

Hona hemen lanerako irizpideak, laburturik:

-Gaur egungo errepideen azpiegitura ahalik eta gehien aprobetxatzea.

-Ezaugarri geometrikoak 120 hm/hko autobide batekoak izanen dira.

-Abiapuntuko sekzioa: 7na metroko bi galtzada. Barneko bazterbideak metro batekoak izanen dira eta kanpokoak, 2,50 mkoak. Bermak metro batekoak. Mediana 5 metrokoa eta 7 metrokoa banda zurien artean.

-Galtzada berriko konponbideak. Bazter batetik eginen dira, lur azpiko zerbitzu bideekiko interferentziak ahalik eta gehien gutxitzeko eta planeamendua eta ingurumena ahalik eta gutxien ukitzeko.

-Faktore horiek gehien ukitzen dituzten konponbideak baztertuko dira. Ukipen gutxienekoak aukeratuko dira, antzeko zerbitzua eskaintzen dutenen artetik.

Azterturiko konponbide guztiak alderatzeko, oinarrizko hiru kontu hauek hartu dira aintzakotzat:

-Ingurune hartzailea (ingurumena, inguru sozioekonomikoa eta ondarea): puntuazio erlatiboa, % 50.

-Irizpide ekonomikoak: puntuazio erlatiboa, % 30.

-Irizpide funtzionalak: puntuazio erlatiboa, % 20.

Azterlanak zehatz-mehatz deskribatu eta justifikatzen ditu baloratu beharreko faktore nagusiak eta bigarren mailakoak ere bai. Horietantxe sailkatzen dira hiru oinarrizkoak, bakoitzari ematen zaio puntuazio erlatiboa eta oinarrizko kontuei esleituriko orotariko puntuazio erlatiboa.

Balorazioa egin ondoren, lehenbiziko emaitzak lorturikoan, inguruko bizilagunak aferaz konturarazteko gaitasuna aztertu da, hiru hipotesi hauek kontuan hartuz: oinarrizko hiru kontuek puntuazio bera izatea; haietariko bat baztertu eta beste biei % 50eko puntuazioa ematea; kontu bati puntuazioaren % 98 eta beste biei % bat ematea. Azterlan honek ahalbidetzen du ontzat ematea lehenbiziko emaitzen egokitasuna. Horren ondorioz, konponbide hauek proposatzen dira:

-1. tarterako (A-15/Tuterako saihesbidea): 5. konponbidea.

-2 eta 3. tarteetarako (Tuterako saihesbidea/Buñuel/Zaragozako muga) 3. konponbidea.

Azkenik, proposaturiko konponbideetarako aurreikusiriko kontrata bidezko exekuzioaren aurrekontuak 43.412.438,57 euro egiten du guztira (Aurrekontu txikienak, konponbiderik merkeenen baturaren ondoriozkoak 42.889.265,45 euro egiten du eta aurrekontu handienak 44.366.048,53 euro egiten du).

III.-Proposatu diren konponbideen deskripzioa

Bidezko da adieraztea azterturiko konponbideak tartez tarte deskribatzea luze eta zail samarra izanen litzatekeela, azterlanaren xedea bera (N-232 bikoiztea) eta kontuan hartu diren konponbideen kopurua direla eta. Izan ere, horiek ingurune mugatu batean garatzen dira, batzuetan haien artean ezberdintasun txikiak daudela. Lehen esan bezala, "zabaltze erdiratukoak" edo "galtzada berrikoak" dira. Aurkezturiko agiri grafikoak ikusiz gero, aski azaltzen dira azterturiko konponbideen oinarrizko ezaugarriak. Horregatik egokitzat jo da atal honetan bakarrik proposaturiko konponbideak aipatzea, haien eta besteen arteko funtsezko ezberdintasunak adieraziz, hala ere.

1. tarterako aukeratu den konponbideak, 5.ak, eskuineko bazterretik beste galtzada bat egitera behartzen du, Tuterako bidean, N-232 errepidean. Dagoen zuhaitz errenkadatik kanpora eginen da. Oraingo errepideari eutsiko zaio alderantzizko noranzkoan zirkulatzeko galtzada izan dadin. Konponbide horrek neurri handi batean on egiten die konponbidea burutzeko sistemari eta errepideko segurtasunari eta ingurune hartzailearen ukipenak gutxitzen ditu.

Bi galtzadetarako planoko gutxieneko erradioak 700 metrokoak izanen dira eta gehieneko maldak % 5ekoak. Horrek berekin dakar gaur egungo errepidea hobetzea, geroko errepideko galtzada bihurtuko baita. Gainera diamante motako bi lotura egin nahi dira, biribilguneak barne: bata Montes de Cierzo industrialdeko sarbidearen parean (hortik Harinsaren instalazioetara ere joaten ahalko da) eta bestea La Sernako bigarren mailako estazio elektrikorako bidegurutzearen ordez, estazio fotoboltaikoko sarbidetako balioko baitu.

5. konponbidearen eta aztertu eta baloratu diren beste bi konponbideen arteko ezberdintasun nagusia (alegia, 2 eta 4.arekikoa) honetan datza: lehenbizikoaren bikoizketa errepidetik urrun eginen da eta horrela zuhaiztia bi galtzadetako mediana bihurtuko da. Azken bien artean ere ezberdintasun batzuk daude, "zabaltze erdiratua" edo "galtzada berria" erabili eta horrela. Biak, hala ere, errepidearen ondoan eginen dira.

2. tarterako (edo banaketaren arabera 2 eta 3. tarteetarako), aukeratu den konponbidean, 3.ean, galtzada bat egitea aurreikusten da, N-232 errepidearen ezkerreko bazterretik. Bazter horretan zerbitzuak ez dira oztopo larria eta gainera udalen hirigintzarako aurreikuspenekin ongi moldatzen dira.

Halaber, hiru lotura egin asmo dira, Ribaforadan, Buñuelen eta Cortesen, eta beste bat, laugarrena, itzulbidea. Denak diamante motakoak izanen dira eta bina biribilgune izanen dituzte. Hortik aparte, zerbitzu bideak izanen dituzte mugimenduak antolatu eta industrialdeei sarbideak emateko, eta pisatzeko eta atsedena hartzeko bi eremu ere bai, bana bi noranzkoetan.

3. eta 1. konponbideen arteko ezberdintasun nagusia da bigarrenerako, eskuarki, "zabaltze erdiratua" aukeratu dela. 2. konponbidearekiko ezberdintasuna oinarria da horretan bi saihesbide txiki egin nahi direla, bata Ribaforadako sarbideko bidegurutzean, ekaialdetik Sancho el Fuerte hotelaren eta hari erantsiriko zerbitzuen eremuaren bazterretik, eta bestea Buñuelgo sarbidearen hegoaldean, ekialdetik tarte horretako bentzindegiaren ondotik.

IV.-Espedientea izapidatzeko aurreko gogoeta

Aurkezturiko azterlanak konponbide guztiak zehaztapenekin garatu ditu udalez gaindiko proiektu sektorialetarako eskatzen den gutxieneko edukiarekin bat (Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko 10/94 Foru Legeko 64. artikuluaren arabera). Alegia, aztertu diren konponbideak udalez gaindiko proiektu sektorialekotzat jo litezke, horixe baita Administrazioaren lehenengo urratsa proiektu bat udalez gaindikotzat jotzeko.

Horregatik, bidezko da espediente osoaren adierazpena egitea. Aztertu diren konponbide guztiak jotzen dira udalez gaindiko proiektu sektorialekotzat. Proiektua jendaurrean jarriko da, Ingurumenaren gaineko Eragina adierazi eta espedientea jendaurrean egoteko epearen ondoren aukeratzen den konponbidearen udalez gaindiko proiektu sektoriala onesteko.

V.-Lurraldeari eta hirigintzari buruzko gogoetak

Espediente honetan proposatzen diren jarduketen azterketak kontu hauek bildu behar ditu, lurraldeari eta hirigintzari dagokienez, haien xedea aintzakotzat hartuz: biziguneetako sarbideak, oraingo errepidearen bazterretan dauden jarduera eta zerbitzuak eta tokian tokiko hirigintzarako planeamenduan aurreikusten direnak. Izan ere, sarbideak erabakigarriak dira egin beharreko konponbidea aukeratzerakoan.

Hori horrela, aztertu diren konponbideak ikusirik:

1. tartean: sarbideei dagokienez, egoerarik larrienean dagoen eremua da Montes de Cierzo industrialdea eta hari erantsiriko industri esparruak, Tuterako Udalaren planeamenduan aurreikusiak. Horren arrazoia da lastertasun handiko trenaren trazadura bat hurbil dagoela (5 eta 5A konponbideak), Lastertasun Handiko Nafarroako Korridoreko Trazadurako Konponbideen Azterlanean agertu bezala. Hori oztopo izan daiteke eremu horretarako aurreikusi den deseinatzeko eta hortik pasatzean 5. konponbidea trazatzeko ere bai. Izan ere, zati bat planoan bat dator burdinbideko trazadurarekin. Horregatik datu horiek kontuan hartu behar dira konponbidea burutzeko proiektua azkenean aukeratzerakoan.

Tarte horretan errepideko bidegurutzea ere badago eta beraz haren bikoizketa eta Nafarroako Ubidea kontuan hartu beharko dira. Azken azpiegitura hau ere aintzakotzat hartu beharko da proiekturako.

2-3 tartean: sarbideei dagokienez egoerarik larrieneko eremu bat da Ribaforadako sarbidea, Sancho el Fuerte hotela eta ondoko zerbitzuak (horien artean N-232 errepidearen bi aldeetan dagoen bentzindegi bat), bai eta industria batzuk ere, oraingoak eta gerokoak, eremu horretan daudenak. Toki horietara guztietara egokitasunez joateko konponbidea ez da erraza. 3. konponbidean proposatzen denak (konponbide horrek egokiena baitirudi aztertu diren guztien artetik) behar diren sarbide guztiak konpontzen ditu, zailtasunez bada ere. Aurreikusiriko lotura, proiektuan zehazki garatuko dena, autobiarekiko paralelo den bide zerbitzu banarekin osatuko da.

Beste eremua Cortesko sarbidea da. Horretan, denetariko instalazioak paratuko dira. Industri esparru bat ere aurreikusi da (N-232 errepideko ezkerreko aldean, Zaragozako bidean). Loturarako proposatu den konponbidea, bi bazterretan zerbitzu bideekin osatua, antzekoa da aztertu diren guztietan eta aipatu diren tokietako sarbideak aski den moduan konpontzen ditu. Azterlanean, hala ere, ohartarazten da lotura egokitzeko beste azterlan zehatzago bat egin beharko dela, hain da nahasia eta.

Labur bildurik: aukeratu diren konponbideak, atal honi dagokionez, egokienak dira. Hala ere, lehen tarterako aukeratzen den konponbidea burutzeko proiektuan lehen aipatu diren azpiegiturak hartu beharko dira kontuan.

VI.-Ingurumenari buruzko gogoetak

Ingurumenaren Kalitateko Zerbitzuak adierazi du, espedientearen xedea eta Ingurumenaren gaineko Eraginaren Ebaluazioa eta Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala izapidatzeko agiriak ikusirik, horien arabera zehaztuko baititu konponbiderik egokiena eta konponbidea burutzeko proiektua prestatzeko abiapuntutako balioko duten ingurumenari buruzko zehaztapenak, lortu beharreko helburuak, proposamenak prestatzeko abiaburuko irizpideak eta haien funtsezko ezaugarriak azaldu ondoren:

Ingurumenaren gaineko Eraginaren Azterlanak proiektua eta haren jarduketak azaldu, ingurune hartzailearen inbentarioa egin, konponbidea burutzeko aldiko eta konponbide bakoitza ustiatzeko aldiko eragina zehaztu eta alderatu, eta ingurumenaren gaineko eragina aipatu eta neurtzen du. Aurreneurriak eta zuzenketak eta ingurumena zaintzeko programa ere zehazten ditu.

Ingurune hartzailearen ukipenak baloratu ondoren, konponbideak irizpide askoren arabera aztertu eta alderatzen dira. Sobera justifikatu gabeko ponderazioekin irizpide ekonomiko eta funtzionalak sartu ditu eta inguruko bizilagunak lorturiko emaitzez konturarazteko irizpideak erabiliz ere bai. Horren guztiaren arabera, sustatzaileak pentsatu du I. tarterako konponbide egokia 5.a dela eta II. tarterako 3.a.

Ingurumenari dagokionez, Zerbitzuak uste du I. tarteko 4. konponbidea hobea dela. Izan ere, azpiegiturarik ez daukaten eremuak gutxiago ukitzen ditu, estepako hegaztiendako interesagarria den eremura ez da hurbiltzen eta zeharka I. tartea-Tuterako saihesbidea-II. tartea errepideen segidan homogeneotasuna lortuko da. Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak aurkezturiko Eraginaren Azterlaneko 4. konponbidea 5. konponbidearen antzera baloratu da, baina azken hau aukeratu da.

Horrenbestez, Lurraldearen Antolamenduko Batzordeak 2002ko apirilaren 17an eginiko txostena kontuan hartuz, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko uztailaren 4ko 10/1994 Foru Legea eta hau garatzeko beste arauak ikusirik, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak proposaturik, Nafarroako Gobernuak

ERABAKI DU:

1. "N-232 errepidearen bikoizketa, 1. tartea (probintziako muga-Tuterako saihesbidearen hasiera) eta 2. tartea (Tuterako saihesbidearen bukaera-probintziako muga)" proiektuaren argibide-azterlana, Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak sustatua, udalez gaindiko proiektu sektoriala dela adieraztea, Foru Legean agindu bezala.

2. Departamentu horri adieraztea, proiektu sektorial hori onetsi aitzin, txosten hauek aurkeztu beharko direla.

-Hezkuntza eta Kultura Departamentuarena, Ondare Historikoaz.

-Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuarena, Nafarroako Ubidearen bidez ureztatzen ahal diren lurrez.

3. Aukeratzen diren konponbideak egiteko proiektuan "V. Lurraldeari eta Hirigintzari buruzko gogoetak" izeneko atalean aipatzen diren kontuan aintzakotzat hartuko dira.

4. Espedientea hilabetez jendaurrean jartzea, Erabaki hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen denetik aurrera. Epe horretantxe emanen zaie entzunaldia egin asmo den trazadurak ukitzen dituen Udalei. Horretarako, espedientea ikusgai egonen da Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuan (Iruñeko Alondegi kaleko 1eko 2. oinean). Epe horretan bidezkotzat jotzen diren alegazioak aurkezten ahalko dira.

5. Epe horretan espedientea Ingurumenaren gaineko Eragina neurtzeko prozeduraren barruan, jendaurrean jartzea, indarra duten zehaztapenekin bat.

6. Erabaki hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea eta jakinaraztea Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuari, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Hezkuntza Departamentuari eta Castejongo, Tuterako, Fontellasko, Ribaforadako, Buñuelgo eta Cortesko Udalei, behar diren ondorioak sor ditzan.

Iruñean, bi mila eta biko apirilaren hogeita bian.-Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilaria, Rafael Gurrea Induráin.

Iragarkiaren kodea: A0204744