58. ALDIZKARIA - 2002ko maiatzaren 13a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Legeak

9/2002 FORU LEGEA, maiatzaren 6koa, Nafarroan etxebizitza arloko jarduketa babesgarriei aplikatuko zaizkien moduluak ezarri eta etxebizitza erosteko laguntzak handitzen dituena.

NAFARROAKO GOBERNUKO LEHENDAKARIA NAIZEN HONEK

Aditzera ematen dut Nafarroako Parlamentuak honako lege hau onetsi duela:

NAFARROAN ETXEBIZITZA ARLOKO JARDUKETA BABESGARRIEI APLIKATUKO ZAIZKIEN MODULUAK EZARRI ETA ETXEBIZITZA EROSTEKO LAGUNTZAK HANDITZEN DITUEN FORU LEGEA.

Etxebizitza babestu gehiago eraikitzea da etxebizitzarako politika publikoaren ardatza. Axolagabekeria izanen litzateke helburu nagusi hori lortzea zaildu edo ezintzen duten baldintzei eustea. Aginte publikoek, batera, babes publikoko araubideetako etxebizitzaren sustapenaren bideragarritasuna eta dirusarrera gutxien dituztenendako erraztasunak ahalbidetu behar dituzte.

Lehenbiziko helburua lortzeko prezioek eta benetako kostuek bat etorri behar dute elkarrekin. 2001.ean eta aurreko urteetan etxebizitzen ekoizpenaren kostuak asko garestitu direnez, zail-zaila izan da prezio mugatuko etxebizitzen sustapenen bideragarritasuna. Beraz, Foru Lege honetan aurreikusten diren arauekin ez gara saiatzen bakarrik horri buruz dauden azterlan ekonomikoen ondorioak gureganatzen, froga ukaezinen aurrean begiak ireki egin behar baititugu: sustatzeaileek prezio mugatuko etxabizitzak eraikitzeko instituzioek eginiko deiari kasurik egiten ez badiote, esan nahi da gaurko prezioak ez datozela jadanik bat benetako kostuekin.

Izan ere, sustapen horiek etekin gutxi dutenez (edo bat ere ez), sustatzaileak haietatik urrundu egiten dira. Lehenengo eta behin, helburua izanen da eskaintza handitzea baldintza ekonomikoak egokituz. Horrela bakarrik lortzen ahalko da bigarren helburua, alegia, joritasuna banatzea, ez urritasuna.

Bigarrenik, eskaintza nabarmenki handitutakoan, neurri batzuk hartu beharko dira sektore publikoak kostuak egokitzeko ahalegin ekonomikoa egin dezan. Hori lortzeko, babes publikoko araubideetako etxebitzak erosten dituztenen batazbesteko ahalegin ekononikoak ez du handitu behar. Kontua da erosle bakoitzak laguntza publikoak har ditzala, behar baditu, kostuen garestitzea pagatu ahal izateko moduan. Aldaera bakarrak izanen dira laguntza publikoen sistemaren barruan bakoitzaren egoera ekonomiko eta familiarraren ondoriozkoak. Gainera, errenta tarte bakoitzerako eta aplikatzekoa den arautegian aipatzen den egoera bakoitzerako aurreikusitako laguntzen handitzea ez ezik, beste neurri batzuk lagungarri izan daitezke, hala nola, oinarri ekonomikoa eta azalerakoa kalkulatzeko neurri mesedegarriagoak hartzea, horiek balio baitute laguntzak zehazteko neurritako. Horrretarako, espresuki neurri ekonomiko batzuk hartu asmo dira aurreikusitako inflazioaren gainetik moduluaren handitzea ordaintzeko. Horrela erosleek guztira egin beharreko ahalegin finantzarioa 2001ean egin zutenaren baliokidea izanen da. Neurri horiek nagusiki mailegu kualifikatuen subsidiazioen eta amortizatzeko epeen luzapenaren alde joko dute.

Azkenik, komeni da errealitateari zuzenean aurre egitea, horren arabera lehenagoko aurreikuspenak gaur egun ezin baitira onartu. Nafarroako eskualdeetako eraikuntzako kostuen arteko aldea ez da gaur batere nabarmena. Errealitatea da kostuak oso antzekoak direla, lurzoruaren erosketatik (hori Legeen bidez tasatua baita, gehieneko ehuneko berekin, edozein delarik eskualdea) eraikuntza bera arte. Iruñerrian eta Tutererrian etxebizitza babestuko etxebizitzetarako lurzoruaren kostuen arteko alde txikiak hornitzaileendako sarbide errazagoekin eta hurbiltasun handiagoarekin berdintzen dira. Beraz, eskualde horietako eta Nafarroako beste eskualdeetako kostuek berdintasunera jotzen dute. Beraz, eskualdeen arteko bereizketak prezioei dagokienez ez du zentzurik.

Gainera, Foru Legeak tresna objektibo bat sartu du modulua eguneratzeko. Neurri hori oso garrantzitsua da babes publikoko araubideetako etxebizitzak erosten dituztenei segurtasun juridiko handiagoa emateko, irizpide tekniko eta objektiboei jarraituz, eraikuntzan eragina duten kostu errealei lotuz.

1. artikulua. Nafarroako etxebizitzarako jarduketa babesgarriei aplikaturiko modulu ponderatua etxebizitzako metro karratu erabilgarriko, 2002ko abenduaren 31 arte, 790,96 eurokoa izanen da.

2. artikulua. Nafarroako etxebizitzarako jarduketa babesgarriei aplikaturiko modulu ponderatugabea etxebizitzako metro karratu erabilgarriko, 2002ko abenduaren 31 arte, 756,90 eurokoa izanen da.

3. artikulua. 1. 2003ko urtarrilaren 1etik aurrera eta hurrengo ekitaldietarako, Nafarroako Gobernuak formula honen arabera eguneratuko du etxebizitzaren arloko jarduketa babesgarriei aplikatzen ahal zaizkien moduluen zenbatekoa:

M' = M x (1+(0,725 x EKI + 0,275 x KPI):100).

M' = modulu berria

M = aurreko modulua

EKI = eraikuntzako kostuen indizearen ehunekoen aldaketa, hileroko azkeneko azpi-indize ezagunen arabera, aurreko urteko hilabete berekoen aldean. Kostu horiek lan-esku, energia eta materialetakoak izanen dira.

KPI = kontsumorako prezioen indize orokorraren ehuneko aldaketa, indize ezaguneko azkeneko hilabetekoaren eta aurreko urteko hilabetekoaren artekoa.

2. Eraikuntzari buruzko nahitaezko arautegiaren arabera, kalitate, instalazio, zerbitzu, zerga edo aseguruen betebeharrek kostuen garestitzea badakarte, Nafarroako Gobernuak garestitze horien oihartzuna artikulu honetan aurreikusten den formularen aplikazioaren ondoriozko moduluan sartzen ahalko du.

Nolanahi ere, Nafarroako Kontuen Ganbara aurrez egin beharko du txosten bat aurreko lerrokadan xedatutakoaren ondorioz sorturiko garestitzeari buruz. Txosten hori Nafarroako Parlamentura ezagutaraziko zaio behar diren ondorioak sor ditzan.

XEDAPEN IRAGANKORRAK

Lehena.-Nafarroako Gobernuak, Foru Dekretu baten bidez, 2002. urtean aplikatzekoa den moduluaren handitzea aurreikusitako inflazioaren gainetik ordaintzeko neurri ekonomikoak onetsiko ditu, babes ofizialeko etxebizitzak erosten dituztenek egin beharreko ahalegin finantzarioa osotora 2001ean aplikatzekoa zen moduluak indarra hartzean egin behar izan zutenaren baliokidea izan dadin.

Bigarrena.-2003. urtean aplikatzekoa izanen den modulua kalkulatzeko, 3. artikuluko M faktorea eraikuntzako benetako kostuen arabera zehaztuko da, Nafarroako Kontuen Ganbarak txostena eman ondoren.

AZKEN XEDAPENA

Foru Lege honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, Foru Lege hau Erregeren izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean berehala argitara eta "Estatuko Aldizkari Ofizial"era igor dadila agintzen dut eta hiritar eta agintariei bete eta betearaz dezaten manatzen diet.

Iruñean, bi mila eta biko maiatzaren seian.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.

Iragarkiaren kodea: a0204948