33. ALDIZKARIA - 2002ko martxoaren 15a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Herrilanak eta Zerbitzu Publikoak

117/2002 EBAZPENA, martxoaren 6koa, Toki Administrazioko zuzendari nagusiak emana, "Beteluko eta Arribe-Atalluko hondakin uren tratamendua" izeneko proiektuak ukitutako ondasun eta eskubideak okupatu aitzineko aktak egiteko egunak finkatzen dituena.

Toki Administrazioko zuzendari nagusiak, urriaren 31ko 744/2001 Ebazpenaren bidez, "Beteluko eta Arribe-Atalluko hondakin uren tratamendua" proiektuak ukituriko ondasun eta eskubideak desjabetzeko prozedurari hasiera eman zion. Bidenabar, proiektua eta ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda jendaurrean paratu zituen hamabost egunez.

Epe hori amaiturik, Toki Administrazioko zuzendari nagusiak, otsailaren 13ko 43/2002 Ebazpenaren bidez, aipatu proiektua behin betikoz onetsi eta aurkeztutako alegazioen gaineko ebazpena eman zuen.

Nafarroako Gobernuak, otsailaren 25eko 47/2002 Foru Dekretuaren bidez, presakoa deklaratu zuen "Beteluko eta Arribe-Atalluko hondakin uren tratamendua" proiektuak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa, nahitaez desjabetzearren.

Horrenbestez, Nahitaezko Desjabetzapenari buruzko Legearen 52. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, eta Toki Administrazioko kontseilariaren irailaren 8ko 407/1999 Foru Aginduaren bidez eskuordeturiko ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ukitutako ondasun eta eskubideen titularrei eta Beteluko eta Araizko alkateei dei egitea, 2002ko martxoaren 26an Herriko Etxeetan ager daitezen, ukitutako ondasun eta eskubideak okupatu aitzineko aktak eta, beharko balitz, behin betiko okupaziokoak, egiteko.

2. Ukitutakoek berek agertu beharko dute ekitaldi horretara, edo haien izenean aritzeko behar bezala baimenduta dauden ordezkariek, titulartasuna frogatzen duten agiriak eta kontribuzioaren azken ordainagiria aldean dituztela. Halaber, nahi izanez gero, peritua edo/eta notarioa eraman ditzakete, euren kontura.

3. Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean, Foru Komunitateko bi egunkaritan eta Beteluko eta Araizko Herriko Etxeetako iragarki oholetan argitaratuko da; ukitutako titularrei banakako zitazio zedularen bitartez jakinaraziko zaie, eta adieraziko argitalpen hau Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko Legearen 59.4 artikuluan xedatutakoaren ondorioetarako ere egiten dela, titularra ezezaguna edo helbide jakinik gabea denean.

Iruñean, bi mila eta biko martxoaren seian.-Toki Administrazioko zuzendari nagusia, Juan Frommknecht Lizarraga.

Iragarkiaren kodea: A0202543