32. ALDIZKARIA - 2002ko martxoaren 13a

III. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

NOAIN (ELORTZIBAR)

Zirkulazioaren Udal Ordenantza behin betikoz onetsirik

Noain-Elortzibarko Udalak, 2001eko urriaren 3an egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Zirkulazioaren Udal Ordenantza eta iragarkia 2001eko azaroaren 2an argitaratu zen, 133. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean.

Argitaratu eta hogeita hamar eguneko epea igaro denez inork espediente horri buruzko erreklamazio, kexa edo oharrik aurkeztu gabe, Noain-Elortzibarko Udalak, 2002ko otsailaren 5ean egin osoko bilkuran, erregelamenduzko quorumaz, behin betikoz onetsi zuen; ordenantzaren testu osoa jarraian heldu da, hitzez hitz.

Argitara ematen da, orok jakin dezan.

Noain-Elortzibarren, bi mila eta biko otsailaren seian. Alkate udalburua, Miguel Elizari Reta.

AITZIN SOLASA

Udalak hiritarren arteko hartu-emanak hobetu beharrez, elkarbizitzako arauak ezarri nahi ditu, hain zuzen ere biztanle eta ibilgailuen kopururak izugarri goiti egin izana, erabilera eta aisiarako tokirik eza, eta are gehiago, gaurko gizartean zenbaiten abusua bertzeen kalterako, horiek denek behartu dute Udala herritar ororen eskubidea arautzera.

"Bateragarri eginik, batetik erabiltzaile guztiendako aparkalekuen bidezko banaketa eta ibilgailuen nahiz oinezkoen harat-honatak, eta bertzetik aparkaldi mugatuko arauak ezarri nahia, aprobetxamenduen txandakatzea bermatzeko (5/1997 Legearen 7.b artikulua)".

I. KAPITULUA

Ondoko artikuluetan xedatutakoari jarraikiz: Toki Araubidearen gaineko Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 25.2-b artikulua; Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 29. artikulua eta 5/1997 Legearen 7-b artikulua, zeinek Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen testu artikuluduna aldatu baitzuen; kontuan hartuz horiek denek hiriko bideetako trafikoaren eta zirkulazioaren alorretako eskumenak Udalari ematen dizkiotela, eta haiek arautzea Zirkulazioaren Udal Ordenantza bidez egitea baimentzen dietela, horregatik guztiagatik ematen da Ordenantza hau.

II. KAPITULUA

Arau orokorrak

1. artikulua. Ibilgailuek debekatua dute asotsa egitea, seinale akustikoak desegokiro erabiliz edo tupustean azeleratuz, bai eta ihes-hodi trukatuek, ozen-ozen jarritako musika ekipoek edo bertzelako ezohiko inguruabarrek eragin dezaketena ere.

-Ibilgailuen soinu-alarmak behin eta berriz eta arrazoirik gabe pizteagatik zehapena ezarriko da.

-Debekaturik dago suteak, zikinkeria, zirkulaziorako arriskua edo, oro har, kaltea eragin dezaketen gauzak edo isuriak bidera botatzea.

-Oinezkoek debekaturik dute bidea baimenduta ez dauden tokietatik zeharkatzea. Toki baimenduetatik egin beharko dute, ahal den azkarren, gelditu gabe edo bertze erabiltzaileei traba egin gabe, eta zirkulazioa oztopatu gabe.

-Galtzada gaizki baldin badago, obrak, eguraldia edo bertze zerbait direla eta, gidariek kasu eman beharko dute, istripurik eta oinezkoendako eragozpenik gerta ez dadin.

-Motozikletek egun osoan eramanen dituzte argiak piztuta. Halaber, hurbilerako argiak, eguraldiak hala eskatzen duenean, eraman beharko dira piztuta.

III. KAPITULUA

Bizikletak eta ziklomotorrak

2. art. Ziklomotorren, bizikleten, monopatinen eta gidarien energiak mugitzen dituen gainerako ibilgailuen kasuan, zirkulazioaren arau orokorrak bete beharko dituzte gidariek.

3. art. Ziklomotorrak baterian aparkatuko dira galtzadan, gehienez ere metro bateko zabalera okupatuz, ibilgailu horientzako leku espezifikoetan, behar bezala seinalaturik egonen baitira.

Ibilgailu hauek aparkatzeko leku espezifikorik ez dagoen kaleetan, bi ibilgailuren artean aparkatu ahalko da, baterian, eta ez da galaraziko ez horietara pasatzea ez zirkulaziora itzulzeko maniobra egitea.

4. art. Debekaturik dago bizikletak gauez ibiltzea, aitzineko argia eta gibeleko islatzailea, gutxienez, ez badaramate.

Argi keinukaririk ez duten bizikleta eta ziklomotorren gidariek garaiz seinalatu beharko dituzte egin beharreko norabide aldaketak eta biraketak, besoak erabiliz, erregelamenduak adierazten duen bezala.

5. art. Ziklomotorren gidariak eta erabiltzaileak beharturik daude kaskoa erabiltzera, behar bezala homologatua, ongi jantzia eta lotua.

6. art. Debekaturik dago bizikletak, patinak eta monopatinak galtzadetan, espaloietan eta parke eta lorategietako karriketan ibiltzea, horretarako erreserbatutako alderik ez bada. Dena den, Udalak baimena eman dezake parke jakin batzuetan bizikletan, patinetan eta monopatinetan ibiltzeko.

IV. KAPITULUA

Zamalanak

7. art. Udalak zamalanetarako berariazko guneak finkatu ahalko ditu, erregelamenduzko seinale etzan edo zutikakoaren bidez adieraziak. Halaber, ibilgailu astunendako eremu bereziak finkatu ahalko ditu.

Gune horietan, zamalanak salgaien garraioan aritzen diren ibilgailuek eginen dituzte, hauek ibilgailuen harat-honatak oztopatzen ez badituzte, betiere horretarako erreserbatutako guneen barnean eta erregelamenduzko seinale etzan edo zutikakoen bidez adierazitako ordutegien barnean.

8. art. Inolaz ere ez daiteke oinezkoen eta ibilgailuen zirkulazioa eragotz edo oztopa, ez eta atari, saltoki edo baimendutako pasabideen sarbideak ere. Horretarako, zamalanetan erabiliko diren merkataritzako gaiak, materialak eta gauzak, lurrean utzi gabe, zuzenean eramanen dira ibilgailutik eraikinera edo alderantziz.

9. art. Zamalanetarako erreserbatutako aldeetan, lan horiek egiteko nahitaezko denboran baizik ez da aparkatzen ahal eta inoiz ez 30 minutu baino gehiagoz.

10. art. Udalak aparkatzeko aldi baterako erreserbak eman ahal izanen ditu, lan berariazkoak egitearren (aldairak, fuelaren hornidura, obrak, etab.), aldez aurretik eskatu eta dagokion tasa ordainduta.

11. art. Debekaturik dago zamalanetarako erreserbatutako lekuetan aparkatzea, horretarako ordutegian, merkataritzako gaiak garraiatzeko txartelik ez badute.

12. art. Ibilgailuak espaloiarekin batean lerrokatu beharko dira, ertzaren kontra, aitzinaldea zirkulazio orokorraren norabidean, salbu eta bateriako aparkalekuetan, kasu horretan ibilgailuak ezin izanen baitira horretarako seinalatutako eremutik kanpora atera.

V. KAPITULUA

Gai arriskutsuak eta garraio astunak

13. art. Debekaturik dute Noain-Elortzibarko hirigunean barna zirkulatzea, Errepide bidezko Nazioarteko Garraioaren Erregelamenduko (ADR) 1.etik 9. mota arteko gai arriskutsuak garraiatzen dituzten ibilgailuek.

Aipatu eremua zeharkatzeko eta zamalanak egiteko baimen berezia beharko da, Hirigintza Alorrak luzatua, eta hor adieraziko dira aipatu garraioak izanen dituen egun, ordutegi eta bideen gaineko mugak.

Artikulu honetatik at geldituko dira gai arriskutsuak garraiatzen dituzten ibilgailuak, gasolioa eta butanoa garraiatzen badituzte.

ADRko 7. motako gai arriskutsuak garraiatzen dituzten ibilgailuek debekaturik dute Noain-Elortzibarko udal mugape osoan zirkulatzea, salbuespenik gabe.

14. art. Noain-Elortzibarko hirigunean gai arriskutsuak garraiatzen dituzten ibilgailu guztiek gehienez ere 40 kilometro orduko abiaduran zirkulatuko dute.

15. art. Erabat debekaturik dute aparkatzea Noain-Elortzibarko udal mugape osoan ADRko 1.etik 9. mota bitarteko gai arriskutsuak garraitzen dituzten ibilgailuek.

Oinezkoendako alderdiak

16. art. Noain-Elortzibarko Udalak ibilgailuak ibili eta aparkatzeko debekua, erabatekoa edo hein batekoa, ezarri du eta ezarri ahalko du udalerriko alde batzuetan. Horiexek izanen dira oinezkoendako alderdiak.

17. art. Alderdi hauek zutikako seinaleen bidez zedarrituko dira, bai eta ibilgailuak toki horietara sartzea galarazi edo mugatuko duten bertze elementu batzuk ezarriz ere.

18. art. Oinezkoendako alderdietan ibilgailuak ibili eta aparkatzeko debekuak:

a) Zedarritu eta seinalatutako alderdiaren barrenean dauden bide guztiak hartu ahal izanen ditu.

b) Ibilgailuak ibili eta aparkatzeko galaraziriko denbora ordutegi batera mugatu ahal izanen du.

c) Finkoa izan daiteke edo soilik astegun batzuetan aplikatu.

19. art. Nolanahi ere, murrizketa hauek ez dute eraginik izanen Udalak, tokiaren zein ibilgailuaren erabiltzailearen ezaugarriak kontuan hartuta, baimena emandako ibilgailuen kasuan. Bizikletei ere ez diete eraginen, oinezkoendako aldeetan ibiltzen ahalko baitira, betiere urrats arruntean dabilen pertsona baten zalutasunez egiten badute.

Oinezkoen kopurua apartekoa denean, udaltzainek hura mugatzeko behar diren neurriak har ditzakete.

20. art. Oinezkoendako alderdietan oinezkoak lehentasuna izanen du ibilgailuen aurretik, salbu eta ibilgailua larrialdietan ibili eta, erregelamenduari jarraikiz, hala erakusten denean.

21. art. Noain-Elortzibarko oinezkoendako alderdi guztietan abiadura mugaturik egonen da, eta 20 km ordukoa izanen da, gehienez.

VI. KAPITULUA

Autobusak, kamioiak, atoiak eta karabanak aparkatzea

22. art. Oro har, 3.500 kg-tik gorako B.G.P. duten ibilgailuek debeku dute udal mugapeko bide guztietan aparkatzea, Udalak finkatutako tokietatik kanpo, ondoko hauexek baitira:

I. Eranskineko Planoan agertzen direnak.

23. art. Halaber, autobusek debeku dute udal mugapeko bide guztietan aparkatzea, Garraioaren Hirian izan ezik.

24. art. Arestiko 1. eta 2. artikuluetan ezarritakoa galarazi gabe, Udalak ibilgailu mota horietako toki bereziak finkatzen ahal ditu (I. Eranskineko Planoa atxikirik dago).

25. art. Debeku horietatik kanpo geldituko dira kasu apartekoak, aski arrazoituak badaude, betiere aldez aurretik organo eskudunaren baimena badute.

3.500 kg-tik gorako B.G.P. duten ibilgailuak eta autobusak aparkatzeko, behar den baimena baldin badute, aparkaleku mugatuak izanen dira ondoko hauek:

I. Eranskineko Planoan zehaztutakoak.

Bertan aparkatzeko, udal agintarien aurretiazko baimena beharko dute.

Halaber, gehienez ere 7 egunez egon daiteke ibilgailu baimendu bat toki berean aparkatua. Denbora hori gainditzen bada, gaikuntza baimenak bere eragina galduko du, eta behin betikoz baliogabetzen ahal du hura eman zuen agintariak berak.

Inolaz ere ezin izanen dira aparkatu aparkaleku mugatuko eremuetan ibilgailutik berezita dauden atoiak.

Ibilgailu baimenduak, aparkaleku mugatuetan aparkatzeko:

Zamalanetan ari diren merkataritzako ibilgailuak, horretarako emandako ordu eta tokietan ari badira.

Suhiltzaileen, larrialdietako, Gurutze Gorriaren, DYAren eta poliziaren ibilgailuak, zerbitzu egiten ari badira.

3.500 kilogramotik gorako B.G.P. duten ibilgailuak edo autobusak, indarra duen gaikuntza txarteladunak.

Gaikuntza txartela lortzeko baldintzak.

Aparkaleku mugatuetako gaikuntza txartela lortzeko nahitaezko baldintzak ondoko hauek dira:

3.500 kg-tik gorako B.G.P. duen ibilgailu baten edo autobus baten titularra izatea, pertsona fisikoa, Noain-Elortzibarko erroldan izatea urte bateko antzinatasunarekin, gutxienez, bai bera bai berari dagokion famili unitatea, eta erroldako helbide hori titularraren ohiko bizitokia izatea. Ibilgailua ere toki berean helbideraturik eduki beharko da eta ohiko gidariak titularraren baldintza berberak bete beharko ditu.

Noain-Elortzibarko Udalarekiko inolako zorrik ez izatea, exekuzioaldian behintzat, batez ere zein ibilgailurendako eskatzen den gaikuntza txartela, haren gaineko zirkulazio zergaren gainekoak.

Noain-Elortzibarko Udalari gaikuntza txartela eskatua izatea. Horren eskaera egiteko inprimaki ofizialarekin batera, indarreko agiri hauek aurkeztu beharko dira:

Eskatzailearen NANaren kopia konpultsatua, ohiko gidariaren gida-baimenarena eta ibilgailuaren zirkulazio baimenarena.

Ibilgailuaren indarreko aseguruaren polizaren kopia eta ibilgailuen ikuskapen teknikoaren adostasun txostena, aginduzkoa denean.

Egoiliarren txartela eskuratuz geroztik, hura lortzeko eskatzen diren betebeharretan inolako aldaketarik gertatu ez izana, aldaketak baldintzaren bat ez betetzea badakar.

Gaikuntza txartela ibilgailuaren aurreko kristalaren atzean jarri beharko da, kanpotik egoki ikusi ahal izateko moduan. Urte baterako balioko du eta eskatu duen titularrarendako eta ibilgailu horrendako izanen da, bakar-bakarrik.

Txartela jasotzen duten eskatzaileek txartelaren gaineko erantzukizuna hartuko dute. Helbidez edo ibilgailuz aldatuz gero, edo txartela edukitzeko eskubidea ematen duten betebeharren batean aldaketarik gertatuz gero, Udalari jakinarazi beharko diote, gehienez aste bateko epearen barnean, txartel berria emateko, Ordenantza honetako artikuluen arabera horretarako eskubidea duten kasuetan, nahiz ordura arte indarra zuen txartela baliogabetzeko, txartel berria ateratzeko eskubiderik ez badute.

Edozein gorabeherarengatik txartela eskuratzeko bete beharreko baldintzak ez betetzea geratzen bada, une horretatik aitzina bertzerik gabe baliogabetua geldituko da txartela eta aparkaleku mugatuetako eremuetan aparkatzeko eskubidea galduko da.

Egoiliarren txartel berria eskuratzeko nahitaez utzi beharko da zaharra berria eskuratzen den unean.

Helbidea aldatzeagatik edo bertze inguruabar batengatik txartel berria jasotzeko eskubidea galtzen denean ere, txartela itzuli beharko da, inguruabar horren berri Udalari ematearekin batera, eta baita, berritzeko eskubidea izan arren, txartela berritu nahi ez denean ere.

Txartela galdu edo lapurturik izanez gero, Udalari lehenbailehen jakinarazi beharko zaio.

Udalak ahalmena du txartela eskuratzeko ezarrita dauden baldintzak betetzen ote diren ofizioz egiaztatzeko. Horrela, baldintzak betetzen ez dituzten txartelak baliogabetuko ditu, bidezko diren bertze neurri edo zehapenak ukatu gabe.

Gune horiek behar bezala seinaleztatuko dira eta sarbidea galarazi, mugatu edo kontrolatzeko bertze baliabide tekniko batzuk ere erabili ahalko dira.

Arau-hausteak eta zehapenak

Baimenik izan gabe bertan sartuz gero eta mugatutako eremuetan behar baino denbora gehiago emanez gero, zehapena jarri ahalko da.

Mugatutako eremuetan sartu eta egoteko arauak behin baino gehiagotan urratuz gero, Udalak ahalmena izanen du gaikuntza txartela baliogabetzeko.

Aparkatze Mugatuko Eremuetako arau-haustea da:

Egoiliarrendako indarreko txartelik gabe aparkatzea.

26. art. Karabanak eta atoiak aparkatzeko beharrezkoa izanen da udal organo eskudunaren baimen berariazkoa eskuratu eta lurzoruaren aprobetxamendu bereziaren prezio publikoa ordaintzea.

27. art. Erabat debekaturik dago karabana, atoi eta etxebizitza-ibilgailuetan bizitzea udal mugapearen barrenean, salbu eta horretarako egokitutako tokietan. Horiek osasungarritasuna eta higienea bermatzeko adina bitarteko izan beharko dute.

VII. KAPITULUA

Trafikoaren kontrol eta antolamendurako neurriak

28. art. Udalak egokitzat jotzen dituen neurriak hartu ahal izanen ditu trafikoa antolatzeko, zenbait tokitan zirkulatzeko baldintzak aldatuz, murriztuz edo debekatuz, betikoz nahiz aldi baterako, aparkalekuak, zamalanak eta pertsona zein salgaien garraioa berrantolatuz eta arautuz.

29. art. Udaltzainek aldi baterako aldatu ahal izanen dute zirkulazioaren antolamendua, bai eta sarrerak debekatu edo murriztu ere, zirkulazioa seguru eta errazagoa izan dadin.

30. art. Udaltzainek trafikoari dagokionez egiten dituen adierazpenek, oinezkoei zein gidariei, lehentasuna izanen dute lehenagoko bertze edozein seinalazio edo arautegiren aldean. Adierazpen horiek argiak eta gidariarentzat edo oinezkoarentzat ulerterrazak izan beharko dute.

31. art. Udalak aldi baterako debekatu ahal izanen du aparkatzea jarduera baimenduek okupatu beharreko eremuetan eta konpondu, seinaleztatu, mantendu edo garbitu behar diren tokietan. Halako kasuetan eremu horiek mugatuko dira, debekua 24 ordu lehenagotik seinalatuz, neurriari noiz emanen zaion hasiera adierazten duten seinaleen bidez.

Epe horretan kentzen ez diren ibilgailuak garabiak eramanen ditu, inguruko toki batera edo udal altxatokira, baina jarduketa horrek ez du ekarriko ez tasa ordaindu beharrik ez trafiko salaketarik. Kasu horietan non dauden ibilgailuak jakinaraziko zaie titularrei.

32. art. Bide publikoan edozein gauza paratzeko, Udalaren baimena beharko da. Horrelakorik ez duen oro berehalakoan kenduko da, interesatuaren kargura, bai eta, baimena izanik ere, bideetako segurtasuna edo osasungarritasuna ziurtatzeko neurriak hartu ez dituztenenak ere.

33. art. Erabat debekaturik dago zirkulazio seinaleak aurretik Udalaren baimena izan gabe paratzea.

Inolaz ere ez da baimenduko publizitatea zirkulazio seinaleetan edo haien ondoan jartzea.

VIII. KAPITULUA

Sarrera mugatuko eremuak

34. art. Noain-Elortzibarko Udalak erabakitzen duen aldeetan, ibilgailuen sarrera nahiz barnean egin dezaketen denbora ere mugatzen ahal dira.

35. art. Alde horiek behar bezala markatuko dira eta, horrez gain, sarrera eragotzi, murriztu edo kontrolatzeko baliabide teknikoak erabil daitezke.

36. art. Eremu mugatuetan behar bezalako baimenik gabe sartzeak edo behar baino denbora gehiago egoteak zehapena ekarriko dute.

Eremu mugatuetan sartzeko edo egoteko arauak behin eta berriz urratuz gero, Udalak horretarako ahalmena ematen duen txartela kentzeko erabakia har dezake.

IX. KAPITULUA

Garraio publikoaren geralekuak

37. art. Noain-Elortzibarko Udalak zehazten du bidaiarien garraio publikoko geralekuak gaur direnak direla (Mankomunitateak ematen duen garraio publikoaren zerbitzurako direnak). Geraleku horiek edozein unetan aldatzen ahal ditu.

Autobusak geratu beharko dira horretarako prestatutako tokian, zirkulazio erreiak libre utziz.

38. art. Geralekuetan, bidaiariak hartu eta uzteko behar den denbora baizik ezin da egon, salbu eta linearen sorburu edo bukaera gisa seinalatuta dauden geralekuak badira.

39. art. Taxi zerbitzurako garraio publikoko geralekuetan, soilik bidaiarien zain eta prest dauden bitartean egoten ahal dira ibilgailu horiek.

40. art. Ibilgailuen kopurua ez da inolaz ere izanen geralekuak har ditzakeen ibilgailuena baino handiagoa.

X. KAPITULUA

Ibilgailu abandonatuak

41. art. Ibilgailu abandonatuak karrikan luzaroan eta mugagabeko epean egon ez daitezen, bide publikoa erabiltzeko ohiko aukerak murriztu eta narriadura estetikoa eta zikinkeria ekartzen baitituzte, ondoko artikuluetan aurreikusitako jarduketak eginen dira:

Administrazioak bidetik kendu eta altxatokira eramanen du ibilgailua inguruabarrek abandonaturik dagoela pentsarazten badute:

Ibilgailu bat abandonatutzat hartzen ahal da ondoko kasuotan:

Agintari eskudunek eremu publikotik hartu zutenetik bi hilabete igarotakoan.

Hilabete baino gehiago aparkatuta baldin badago toki berean, eta berez mugitzea galarazten dion moduko hondaketarik badu, edo matrikula-plakarik ez badu.

Horrelakoetan, hiri hondakin solidoen trataera izanen du.

Aurreko a) idatz-zatikoa gertatuz gero, eta ibilgailua abandonatua dagoelako ezaugarriak izan arren, matrikula-plaka edo titularra identifikatzeko zeinu edo markarik badu, titularrari aginduko zaio, behar diren epeak igarota, hamabost eguneko epean ibilgailua altxatokitik eraman dezala, eta, halaber, ohartaraziko zaio, hori egin ezean, hiri hondakin solidoen trataera izanen duela.

Ibilgailua desegitera eramanen da eta hori jakinaraziko zaio Trafikoko Burutza Probintzialari, dagokion erregistroan baja eman diezaioten.

XI. KAPITULUA

Gelditu eta aparkatzea

42. art. Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide-segurtasunari buruzko Legearen eranskineko 68. zenbakiari jarraikiz, ibilgailua, pertsonak hartu edo uzteko edo zamalanak egiteko, 2 minutu baino gutxiagoz mugitu gabe edukitzea da gelditzea.

Aparkatzea, berriz, aurreko lerroaldeko egoeran, hau da, geldituta, ez dagoen ibilgailua mugitu gabe edukitzea da.

43. art. Ibilgailua geldituta dagoenean, arau orokorra da gidaria ezin dela ibilgailutik aldendu, eta, salbuespen gisa, hala egiten badu, motorra itzali beharko du eta hurbil egon, eskatzen zaion unean edo egoerak behartuta, kendu ahal izateko.

44. art. Erabat debekaturik dago gelditzea:

a) Babeslekuetan, babesguneetan, erdibitzaileetan, oinezkoendako alderdietan eta trafikoa bideratzen duten gainerako elementuetan.

b) Eraikinetako sarrera-irteeretan, dagokien pasabide seinalea pintura horiz margotuta dutenetan.

c) Seinaleak ongi ikustea eragozten den tokietan.

d) Izkina, bidegurutze edo bidebanatzeetatik 5 metro baino gutxiagora.

e) Espaloietan, pasealekuetan, oinezkoendako alderdietan eta lorategietan.

f) Zirkulaziorako edo zenbait erabiltzaileren zerbitzurako erreserbatutako errei edo bide-zatietan.

g) Ezinduendako edo bertze erabilera batzuetarako espaloi-oketsetan.

h) Zirkulazioaren errei bat oztopatzen den tokietan.

i) Seinaleak debekatzen duen tokietan.

j) Seinaleak baimendutako biraketa egitea eragozten denean.

k) Hiriko garraio publikorako baizik ez diren geraleku eta aparkalekuetan.

l) Zubietan, tuneletan eta gainetiko pasabideen azpian, kontrako seinalerik ez badago.

45. art. Ibilgailuak ilaran aparkatu ahal izanen dira, hau da, zintarriarekin batean lerrokatuak; baterian, hau da, zintarriarekiko perpendikularrean; edo semibaterian, zeharka.

-Zoladuran seinaleak dituzten aparkalekuetan, ibilgailuak markatutako perimetroaren barnean aparkatuko dira.

-Ibilgailuak zintarritik ahal den hurbilen aparkatuko dira, galtzadaren alde hori garbitu ahal izateko adina tartea utziz.

-Bide publikoetan ezin izanen dira aparkatu ibilgailu motorretik bereizitako atoiak.

-Bertze erabiltzaileek gainerako tokia ahalik eta hobekien erabiltzeko maneran aparkatuko da.

-Baterian aparkatuz gero, alde bietan aparkatutako ibilgailuetara arazorik gabe sartzeko maneran eginen da.

Zamalan, zerbitzu ofizial eta abarretarako aldi baterako erreserbaturiko alderdietan ordutegitik kanpo aparkatzea libre izanen da, salbu eta espreski debekaturik badago.

Bolumenagatik edota neurriagatik ibilgailu batek ezin baldin badu gainerako ibilgailuek bezala, baterian aparkatu, eta Ordenantza honetako 19 eta 20. artikuluetako kasuetatik at baldin bada, behartuta daude espaloiaren parean aparkatzera, horretarako lekua dagoen kaleetan, betiere seinaleei traba egiten ez badiote edota ordenantza honetan ezarritakoaren kontra ez badaude.

Bigarren lerroan gelditzea: bakar-bakarrik izanen da zilegi horretarako beharra dagoen kasuetan, eta halako tokietan non zirkulazioari traba egiten ez bazaio eta gidaria ibilgailua uzten ez badu.

46. art. Erabat debekaturik dago aparkatzea:

a) Seinaleek debekatzen duten tokietan.

b) Gelditzea debekatuta dagoen tokietan.

c) Zamalanetarako seinalatutako tokietan, debora mugen barrenean.

d) Pasabideetan, erabat edo hein batean.

e) Zaborrontzien ondoan, zabor bilketa galaraziz edo oztopatuz.

f) Aparkaleku publiko batean, ongi aparkatutako ibilgailu bat ateratzea eragotziz edo oztopatuz.

g) Ezinduek bertze inork ez erabiltzeko seinalatutako tokietan.

h) Udal agintariek zehaztutako aparkaleku mugatuko eremuetan, horretarako baimena agerian jarri gabe edo baimena jarrita ere Udal agintariek ezarritako gehienezko denbora gainditzen bada.

i) Behar bezala seinalatutako toki erreserbatuetan eta bigarren ilaran, beti.

47. art. Aparkatzea egin beharko da halako moldez non zirkulazioari trabari egiten ez zaion eta bideko gainerako erabiltzaileendako arriskua sortzen ez den. Bereziki arduratu beharko da haren kokaera egokiaz eta gidaria ez dagoenean berez mugitzeko arriskua sor ez dadin.

XII. KAPITULUA

Ibilgailuak bide publikotik kentzea

48. art. Udaltzainek, egin behar duenak segituan egiten ez badu, ibilgailuak bide publikotik kendu eta udal altxatokira eraman ahalko dituzte honako kasu hauetan:

a) Arriskutsua denean, ibilgailuen edo oinezkoen zirkulazioari nahiz zerbitzu publikoen funtzionamenduari traba larria egiten dienean, ondare publikoa narriatzen duenean eta, orobat, ibilgailu hori bide publikoan abandonatua dagoela uste izatekoa denean.

b) Istripuren bat izan eta abiatu ezinik gelditzen denean.

c) Ibilgailua bera hondatu delako, ibilgetzen bada.

d) Udal agintariek zehaztutako aparkaleku mugatuko eremuetan aparkatzen bada, horretarako baimena agerian jarri gabe edo baimena jarrita ere ordaindutako epea bikoizten bada, Udal ordenantzak ezarritakoaren arabera.

e) Ibilgailua erreietan edo zirkulaziorako edo zenbait erabiltzaileren zerbitzurako soilik erreserbatutako bide-zatietan aparkatuta dagoenean.

f) Zaborrontziak husteko lanak oztopatzen dituenean.

Ibilgailua eramateagatik sortzen diren gastuak titularren kontura izanen dira eta ibilgailua erretiratu baino lehen ordaindu beharko ditu edo, bertzenaz, pagamendua bermatu.

49. art. Kasu bakar batzuk baizik ez aipatzearren, ibilgailua ordenantza honen aurreko artikuluaren a) atalean zehaztutako inguruabarretan dagoela eta, beraz, kentzea justifikatua dagoela ulertuko da:

1.-Gelditzea debekaturik dagoen toki batean aparkatuta dagoenean.

2.-Ibilgailua bigarren lerroan eta gidaririk gabe aparkatuta dagoenean.

3.-Alaka baten erpinetik edo izkina baten mutur edo eskuadratik zati bat ateratzen denean, bertze gidariei maniobra arriskutsuak egitera behartuz.

4.-Oinezkoen pasabide seinalatu batean edo ezinduendako espaloi-okets batean aparkatuta dagoenean.

5.-Erabiltzeko baimendutako orduen barnean pasabide bat osorik edo zati batean okupatzen duenean.

6.-Zamalanetarako erreserbatutako toki batean, erabilera orduetan, aparkatuta dagoenean.

7.-Garraio publikoaren geraleku seinalatu eta mugatu batean aparkatuta dagoenean.

8.-Larrialdi eta segurtasun zerbitzuetarako espresuki erreserbatutako tokietan aparkatuta dagoenean.

9.-Elbarriendako toki erreserbatu batean aparkatuta dagoenean.

10.-Espaloi, ibiltoki, babesgune, pasealeku edo zoladuran zerrendak pintatuta dauden tokietan aparkatuta dagoenean, espresuki baimenduta dagoenean izan ezik.

11.-Bidearen gainerako erabiltzaileei trafiko seinaleak ikustea eragozten dienean.

12.-Biraketa eragotzi edo hura egiteko maniobrak egitera behartzen duenean.

13.-Bide batetik datozen gidariei bertze bidea ikustea trabatzen dienean.

14.-Eraikin bateko sarrera osorik nahiz zati batean oztopatzen duenean.

15.-Galtzadaren erdian aparkatuta dagoenean.

16.-Oinezkoendako eremuan aparkatuta dagoenean, horretarako baimendutako orduetatik kanpo, salbu espresuki baimendutakoak.

17.-Betiere, aurreko kasuetan bezala, arriskua edo zirkulazioari zein zerbitzu publikoen funtzionamenduari eragozpen handia sortzen baldin badie.

50. art. Arau-hausterik egon gabe ere, bide publikotik ibilgailuak kendu ahal izanen dituzte kasu hauetan:

1.-Behar bezala baimendutako ekitaldi publiko bat egiteko erreserbatuta dagoen toki batean.

2.-Bide publikoa garbitu, konpondu, kontserbatu edo hartan seinaleak paratu ahal izateko ibilgailuak kendu beharra dagoenean.

3.-Larrialdietan.

Inguruabar hauen abisua lehenbailehen egin beharko da eta baimendutako tokirik hurbilenera eramanen dira ibilgailuak, edo udal altxatokira, eta titularrei non dauden jakinaraziko zaie.

Eramateak ez du inolako ordainketarik sorraraziko, ibilgailua noranahi eramanda ere.

51. art. Baldin eta, ibilgailua kentzeko lanak hasita, gidaria agertzen bada, bertan behera utziko dira lan horiek, betiere Noain-Elortzibarko Udalaren ordenantza fiskaletan kontzeptu horrengatik agertzen den tasa ordaindu ondoren.

XIII. KAPITULUA

Zehapen prozedura

52. art. Ordenantza honetan araututako gaietan eraman beharreko prozedura, otsailaren 25eko 320/1994 Errege Dekretuan -Trafiko, Ibilgailu Motordunen Zirkulazio eta Bide-segurtasunaren arloko Zehapen Prozeduraren Erregelamendua onetsi zuen otsailaren 4ko 137/2000 Errege Dekretuaz aldatu zen hartan-ezarritakoa izanen da. Aipatutakoan aurreikusirik ez daudenetan Zehapen Ahalmenaz Baliatzeko Prozeduraren Erregelamendua, abuztuaren 4ko 1398/1993 Errege Dekretuaren bidez onetsitakoa, aplikatuko da.

53. art. Ordenantza honetan araututakoaren kontrako arau-hausteengatik irekitako espedienteak Noain-Elortzibarko Udaleko Hirigintza eta Ingurumen alorreko idazkariordeak edo haren eginkizunak betetzen dituenak izapidatuko ditu. Hura kanpoan badago edo haren errefusatze edo abstentzioa, legezko arrazoia dela eta, gertatzen bada, Noain-Elortzibarko Udaleko idazkaria ariko da haren ordez. Izapidaketa amaituta, Noain-Elortzibarko Udaleko alkate-udalburuak emanen du bidezkoa den ebazpena.

54. art. Noain-Elortzibarko udaltzainek zeharkaleetako trafikoa zuzentzen eta zaintzen dutenean, horiek Salaketa Orria egin dezakete, ondotik Barne Ministerioko organo eskudunari igortzeko, dagokion zehapen prozedura abian jartzeko.

55. art. Diru zehapenarekin batera, gidatzeko baimena edo lizentzia bertan behera utzi edo kentzeko zehapena ere jaso dezaketen arau-hausteengatik irekitako zehapen espedienteak, betiere zehapena Udalaren eskumenekoa duten egitateak badira, udal organo eskudunak izapidatu eta ebatziko ditu, eta ondotik agintari eskudunari igorriko zaizkio, soilik gidatzeko baimena edo lizentzia bertan behera utzi edo kentzeko balizko zehapena ezar dezan.

56. art. Helbidea jakinarazpenetarako.

Jakinarazpenetarako, ibilgailuaren gidariaren eta titularraren helbidea eurek aipatzen dutena izanen da edo, bertzenaz, gidarien eta arau-hausleen erregistroan eta ibilgailuenean, hurrenez hurren, ageri dena izanen da.

Ibilgailuen nahiz gidatzeko txartelen titularrak behartuak daude helbide aldaketak jakinaraztera.

57. art. Zehapen espedienteen ebazpenaren kontra errekurtso hauetako bat aurkezten ahalko da:

Berraztertzeko errekurtsoa, egintza eman duen organoari zuzendua, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik hasita, hilabeteko epearen barnean.

Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, administrazioarekiko auzien arloko jurisdizkioari zuzendua, azuzi-errekurtsoetarako jurisdizkioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legean xedatutakoari jarraikiz, jakinazapena jaso eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, edo,

Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, jakinarazpenaren egunetik hilabeteko epean.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.-Indarrik gabe gelditu dira ordenantza honi kontra egiten dioten edo bertan araututako gaiei buruzko xedapenak dituzten maila bereko edo baxuagoko udal arauak.

XEDAPEN IRAGANKORRAK

Bakarra.-Ordenantza honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean behin betikoz argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iragarkiaren kodea: