32. ALDIZKARIA - 2002ko martxoaren 13a

III. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

C A P A R R O S O

Laborantzako herrilurren aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantza behin betikoz onetsirik

Agindurik dagoen bezala jendaurrean egon eta gero eta ordenantza horren kontra epe baliodunean inork inolako alegazio edo erreklamaziorik aurkeztu ez duenez, Udalak hura behin betikoz onestea eta haren testua Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean osorik argitaratzea erabaki du, boz batez, 2001eko abenduaren 13an egin osoko bilkuran.

Caparroson, bi mila eta bateko abenduaren hamalauan. Alkate udalburua, Pedro José Tabar Oneca.

CAPARROSOKO UDALAREN LABORANTZAKO HERRILURREN APROBETXAMENDUAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Caparrosoko Udalaren herri ondasunen administrazioa, xedapen egintzak, zainketa, berreskurapen eta aprobetxamendu egintzak erregulatzen dituzten arauak ezartzea da ordenantza honen xedea.

2. art. Herri ondasunak herri honetako bizilagun guztiek aprobetxatu eta erabil ditzaketenak dira.

3. art. Herri ondasunak besterenduezinak, preskribaezinak eta bahitezinak dira, eta ez dute beren gain tributurik izanen.

Ez dute aldaketarik jasanen beren izaeran nahiz tratamendu juridikoan, edozein dela ere haiek aprobetxatu edo erabiltzeko era.

4. art. Herri ondasunen gaineko arauak hauek dira: Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/90 Foru Legea eta Nafarroako Toki Entitateen Ondasunen gaineko Erregelamendua (urriaren 18ko 280/90 Foru Dekretua), Nafarroako Administrazio Zuzenbidea, honako herrilurrei buruzko ordenantza eta, bertzela, Nafarroako Zuzenbide Pribatua, betiere ezertan ukatu gabe Nafarroako Foru Araubidea Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 40. artikuluko hirugarren idatz-zatiak xedatutakoa.

II. TITULUA

Administrazioa eta xedapen egintzak

5. art. Herrilurretako ondasunen gaineko ahalmenak, dela haien erabileraz, dela administrazioaz, dela aprobetxamenduaren araubideaz, dela antolamenduaz den bezainbatean, Caparrosoko Udalari dagozkio, ordenantza honetan azaltzen den moduan.

Herrilurretako ondasunen inguruan Caparrosoko Udalak hartutako erabakiek Nafarroako Gobernuaren baimena beharko dute, Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean eta Nafarroako Toki Entitateen Ondasunen Gaineko Erregelamenduan (urriaren 18ko 280/90 Foru Dekretua) ezarritako kasuetan.

6. art. Lurzati txikiak saldu edo trukatzeko desafektazioa egin aitzinetik Nafarroako Gobernuak haien onura publiko edo soziala deklaratu beharko du eta, hori baino lehen, Caparrosoko Udalak justifikatu beharko du dagoen asmoa ezin dela bertze bide batzuen bitartez lortu, hala nola lagapena eginez edo kargak ezarriz, horiexek izanen baitira lehentasunezko aukerak.

Herrilurretako ondasunak desafektatu ondotik bertze batzuei lagatzeko edo kargak ezartzeko hartzen diren erabakietan, itzultze klausula sartuko da, egintza horien helburuak edo baldintzak desagertu edo betetzen ez diren kasuetarako.

Halakorik gertatuko balitz, lur horiek Caparrosoko Udalaren ondarera itzuliko lirateke herrilurretako ondasun gisa.

Desafektazioa egiteko prozedura izanen da Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/90 Foru Legearen 140. artikuluan eta Nafarroako Toki Entitateen Ondasunen Gaineko Erregelamenduaren (urriaren 18ko 280/90 Foru Dekretua) 143.ean eta hurrengoetan ezarritakoa.

III. TITULUA

Herrilurretako ondasunak zaindu eta berreskuratzea

7. art. Caparrosoko Udala herrilurretako ondasunak zaindu, defendatu, berreskuratu eta hobetzera ahaleginduko da, eta kontra eginen dio horientzat kaltegarri izan daitekeen edozein pribatizazio saiori edo bertzelako ekintzari.

8. art. Caparrosoko Udalak noiznahi berreskuratzen ahalko du herrilurretako ondasunen jabetza, aldez aurretik legelariaren txostena ikusi eta interesatuari entzutea emanda. Ekintza zibilak sustatuko ditu, herrilurretako ondasunak berreskuratu eta defendatzeko.

9. art. Caparrosoko Udalak Jabetza Erregistroak igortzen dizkion ediktuen berri emanen dio Nafarroako Gobernuari, lursailen inmatrikulazioa edo herrilurrekin mugakide diren lursailen hedadura soberakina dela eta. Udalbatzak hartu beharko du jakinarazpen horien inguruko erabakia.

10. art. Caparrosoko Udalak Nafarroako Gobernuaren aldez aurretiko onespen berariazkoa beharko du, ondasunak herri ondarerako berreskuratzearren eskualdaketarik egin nahi izanez gero.

11. art. Caparrosoko Udalak administrazio bidea erabiliko du betiere, baimen, kontzesio edo bertze edozeren kariaz herrilurretako ondasunen gainean sortutako eskubideak eta haiek ekarritako okupazioak iraungitzeko, ahalmen hertsatzaileez baliatuz. Aldez aurretik kalteordaina eman ala ez, zuzenbidearen arabera izanen da.

12. art. Caparrosoko Udalak, herrilurretako ondasunei buruzko kontratuetan partaide denean, interpretatu eginen ditu eta horiek betetzean sortzen diren zalantzak argituko.

Interpretatzeko erabaki horiek berehala hartuko dute indarra, eta ez dute galaraziko kontratugileek bide jurisdikzionalean behar den deklarazioa lortzeko duten eskubidea.

13. art. Caparrosoko Udalak herrilurretako ondasunak defendatzeko bidezko diren ekintzak sustatzen ez dituenean, herritarren ekimena posible izanen da, betiere Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/90 Foru Legean ezarritako eran.

IV. TITULUA

Herrilurretako ondasunen aprobetxamendua

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

14. art. 1. Orokorrean, herrilurretako aprobetxamenduen onuradun izateko, famili unitateen titularrek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Adinez nagusia izatea, edo bere kontu bizi den nahiz judizialki gaituta dagoen adin txikikoa izatea.

b) Biztanleen udal erroldan Caparrosoko bizilagun gisa inskribatua egotea sei urteko antzinatasunarekin.

c) Caparroson urtean bederatzi hilabetez gutxienez egiazki eta jarraian bizitzea.

d) Caparrosoko Udalarekiko zerga betebeharrak egunean izatea.

2. Famili unitateko kideak etxe berean bizi diren guztiak izanen dira. Nolanahi ere, famili unitate independientetzat hartuko da guraso jubilatuek osatua, familiakoekin bizi arren, betiere haien dirusarrerak lanbidearteko gutxieneko soldata baino apalagoak baldin badira.

3. Artikulu hau ulertzerakoan sor daitezkeen zalantzak Caparrosoko Udalak ebatziko ditu, osoko bilkuran eta banan- banan, herrilurren batzordeak txostena egin ondotik.

II. KAPITULUA

Laborantzako herrilurren aprobetxamendua

15. art. Caparrosoko laborantzarako herrilurren aprobetxamenduak hiru modutan esleituko dira, lehentasun ordena honen arabera:

a) Lehentasuna duten herritarrendako aprobetxamenduak.

b) Herritarrendako esleipen zuzeneko aprobetxamenduak.

c) Enkante irekian esleitzea edo Caparrosoko Udalak zuzenean ustiatzea.

Caparrosoko Udalak laborantzarako herrilurren aprobetxamendua esleitzeko hiru modu horiek erabiliko ditu, bata bertzearen ondotik, emandako ordenaren arabera.

LEHEN SAILA

Lehentasuna duten herritarrendako aprobetxamenduak

16. art. 1. Aprobetxamendu modu honen onuradun izateko, famili unitateen titular diren herritarrek 14. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte, eta famili unitateko kide bakoitzarengatik, dirusarrerek lanbidearteko gutxieneko soldataren ehuneko 30 baino txikiagoak izan beharko dute, edo famili unitatearen dirusarrera osoak soldata eta erdiaren azpitik egon.

2. Famili unitatean gorputzez edo adimenez ezinduak diren kideak baldin badaude, agiri bidez egiaztatuta, lanbidearteko gutxieneko soldataren ehuneko 60ren pareko dirusarrera kontatuko da kide bakoitzeko.

3. Errenta mailak zehazteko jarraitu behar diren irizpideak honako datu objektibo hauetan oinarrituz finkatuko dira: pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena, soldatak, laborantzako lurrak errentamenduan nahiz bertze edozein tituluren bidez edukitzea, landalur, abere eta industri kontribuzioen kapital zergagarria, hirilur kontribuzioarena, norberaren etxebizitzari dagokiona kenduta, bai eta gisako izaera duen bertze edozein datu ere.

17. art. 1. Ereduko loteek ondoko azalerak izanen dituzte esleipen mota horretan:

1. lotea, lehorreko lurra: 190 erregu.

Usadioko ureztalurra: 25 erregu.

Lehorreko lurra, Saso Nuevo: 42 erregu.

2. lotea, lehorreko lurra: 190 erregu.

3. lotea, lehorreko lurra: 400 erregu.

4. lotea, usadioko ureztalurra: 30 erregu (gehienez).

5. lotea, ihinztadura bidezko ureztalurra: 50 erregu.

6. lotea, lehorreko lurreko zainzuria (Saso): 21 erregu.

7. lotea, ureztalurreko zainzuria: 10 erregu.

2. 16. artikuluan ezarritakoa betetzen duten onuradunei eman beharreko loteak zehazteko, ereduko loteari ondoko koefizienteak aplikatuko zaizkio:

a) Hiru kide bitarteko famili unitateak, 1 koefizientea, hau da, lote 1.

b) Lau kidetik seira bitarteko famili unitateak, 2 koefizientea, hau da, 2 lote.

c) Zazpi kidetik bederatzira bitarteko famili unitateak, 3 koefizientea, hau da, 3 lote.

d) Bederatzi kide baino gehiagoko famili unitateak, 5 koefizientea, hau da, 5 lote.

18. art. Lehentasuna duten herritarrendako aprobetxamenduetarako finkatu baldintzak betetzen dituzten famili unitate anitz badira, eta horrek arazo sozialik sortzen badu, Caparrosoko Udalak, aldez aurretik Nafarroako Gobernuaren baimena jasota, Ordenantza honetako 16 eta 17. artikuluetan adierazitako faktoreak beheititzen ahalko ditu proportzionalki eta arrazoituz, baina inoiz ez igo.

19. art. Aprobetxamendua erabiltzeko epea zortzi urtekoa izanen da (epeak kontatzeko, urte naturala izanen da).

20. art. Herrilurretako onuradunek ordaindu beharreko lur-saria honako hau izanen da aprobetxamendu honi dagokionez:

-Lehorreko lurrak:

1. maila: 500 pezeta erregu/urtea.

2. maila: 250 pezeta erregu/urtea.

3. maila: 200 pezeta erregu/urtea.

Zainzuriak: 500 pezeta erregu/urtea.

-Ureztalurrak:

1. maila: 6.000 pezeta erregu/urtea. (Ihinztadura), ur kontsumoa esleipen hartzailearen bizkar.

2. maila: 6.000 pezeta erregu/urtea. (Usadiokoa).

Baratzeak: 5.000 pezeta erregu/urtea.

Zainzuriak: 6.000 pezeta erregu/urtea.

Zenbateko horiek 2001erako proposatutako lur-sariari dagozkio eta urtero eguneratuko dira Nekazaritzako K.P.I.rekin batean. Nolanahi den, lur-sariak Caparrosoko Udalak hartzen dituen kostuak estaltzeko adinakoa beharko du izan gutxienez ere.

21. art. Herrilurretako lurzatiak onuradunek zuzenean eta pertsonalki landu beharko dituzte, eta ezin izanen dituzte errentan eman edo ustiatu lan pertsonala ez den bertze moduren baten bidez.

Onuradunei esleitutako lurzatien laborantza hainbaten artean egitea ere zuzeneko laborantza pertsonaltzat hartuko da, haiek kooperatibetan edo legez eratutako lan taldeetan elkartzen direnean eta kide guztiek 16. artikuluan adierazitako baldintzak betetzen badituzte.

22. art. Erregelamendu honi doakionean, zuzeneko laborantza pertsonala izateko, esleipen-hartzaileak edo haren famili unitateko kideek egin behar dituzte laborantza lanak, ordenantza honetako 16. artikuluan jasotzen diren ezaugarriak izanik, eta soldatapekorik ezin izanen dute hartu, non ez duten urtaroen edo nekazaritza ustiapenaren gorabeherek horretara behartzen. Alabaina, zuzeneko laborantza pertsonala egiteko ahalmenik ez da galduko, Udal honen iritzian, laborantza pertsonala egitea eragozten dion eritasun edo aldi bateko bertze arrazoirengatik soldatapekorik hartzen denean. Horrelakoetan, 15 eguneko epearen barrenean jakinaraziko zaio Udalari, behar den baimena eman dezan.

Ezintasun fisikoa edo bertzeren bat, Udalaren iritzian, behin betikoa bada eta herrilurretako lurzatien zuzeneko laborantza pertsonalik egiten ahal ez bada, 23. artikuluan xedatutakoa aplikatuko da.

23. art. Ezintasun fisikoa edo bertzeren bat izateagatik onuradunak ezin baditu lurzatiak zuzenean eta pertsonalki landu, esleitzeko momentuan edo aprobetxamenduaren epearen barrenean, Caparrosoko Udalak esleitu eginen ditu hurrengo aprobetxamendu moduaren bidez, hau da, herritarren arteko esleipen zuzeneko aprobetxamenduaren bidez. Caparrosoko Udalak lurzatien onuradunei esleipenetik ateratako dirusarrerak ordainduko dizkie, lur-saria kendu ondotik.

Caparrosoko Udalak ezintasun fisikorik edo bertzeren bat noiz dagoen erabakitzeko eskumena du, eta egoki juzgatzen dituen agiriak eskatuko ditu.

Beren laborantza partzuergoan eman edo laga egiten duten onuradunei herrilurrak kenduko zaizkie esleipenaldia bukatu arte.

Lurzatiak galtzen dituzten onuradunek partzuergoa edo lagapena gertatu zenetik lortutako mozkinak sartu beharko dituzte udal diruzaintzan.

24. art. Caparrosoko Udalak egoki juzgatzen dituen egiaztapenak egiten ahalko ditu edozein unetan, laborantza zuzenean eta pertsonalki egiten dela ziurtatzeko.

Honelakoetan ulertuko da lurrak ez direla zuzen eta pertsonalki lantzen:

-Landazaintzaren edo herrilurren batzordearen ustetan,

esleitu herrilurretako lurzatiak ordenantza honetako 21, 22 eta 23. artikuluetan xedatu bezala lantzen ez direnean.

-Lurra landu, lehengaiak erosi eta produktuak saltzeko lanak, berek edo Udalak baimendutako pertsonek egin izana frogatzeko agiriak aurkeztea eskatu ondoan, Caparrosoko Udal honek agindu epean aurkezten ez dituztenean.

-Esleitutako lotearen gutxienez ere ehuneko 80 lantzen ez dutenean.

BIGARREN SAILA

Herritarrendako esleipen zuzeneko aprobetxamenduak

25. art. Lurzatiak lehen sailean ezarritakoaren arabera banatu ondon, gelditzen diren laborantzako herrilurrak, bai eta onuradunek zuzenean eta pertsonalki lantzen ez dituzten lurzatiak ere, zuzenean esleituko dira 14. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten famili unitateko titularrak diren herritarren artean.

26. art. Modu honetan esleituko diren loteen mota eta azalera hau da:

-1. lotea, lehorreko lurra: 190 erregu.

Usadioko ureztalurra: 5 erregu.

Lehorreko lurra, Saso Nuevo: 40 erregu.

-2. lotea, lehorreko lurra: 190 erregu.

-3. lotea, lehorreko lurra: 400 erregu.

-4. lotea, usadioko ureztalurra: 30 erregu.

-5. lotea, ihinztadura bidezko ureztalurra: 50 erregu.

-6. lotea, lehorreko lurreko zainzuria (Saso): 21 erregu.

-7. lotea, ureztalurreko zainzuria: 10 erregu.

27. art. Esleipenaldia 19. artikuluan adierazitako bera izanen da.

28. art. Herrilurretako onuradunek ordaindu beharreko lur-saria honako hau izanen da aprobetxamendu honi dagokionez:

-Lehorreko lurrak:

1. maila: 500 pezeta erregu/urtea.

2. maila: 250 pezeta erregu/urtea.

3. maila: 200 pezeta erregu/urtea.

Zainzuriak: 500 pezeta erregu/urtea.

-Ureztalurrak:

1. maila: 6.000 pezeta erregu/urtea. (Ihinztadura), ur kontsumoa esleipen hartzailearen bizkar.

2. maila: 6.000 pezeta erregu/urtea. (Usadiokoa).

Baratzeak: 5.000 pezeta erregu/urtea.

Zainzuriak: 6.000 pezeta erregu/urtea.

Zenbateko horiek 2001erako proposatutako lur-sariari dagozkio eta urtero eguneratuko dira Nekazaritzako K.P.I.rekin batean.

29. Esleipen hartzaileak berak eta zuzenean landu beharko ditu lurrak. Horretarako, 21, 22, 23 eta 24. artikuluetan xedatutakoari jarraituko zaio.

30. art. Caparrosoko Udalak laborantzarako herrilurren azalera osoaren ehuneko 5 gainditzen ez duen eremu bat gordeko du onuradun berriei esleitzeko. Udalak herrilur horiek zuzenean edo enkante publikoaren bidez esleitu ahalko ditu behin- behinekoz eta indarrik gabe utzi, lehentasuna duen onuradun berri bati laga beharrez, baina horrela bada esleipenaren baldintzetan espreski adierazi beharko da hori.

31. art. Zainzuriari dagozkion ereduko loteak esleitu zaizkionak, lehorreko lurrak nahiz ureztalurrekoak izan, ezin izanen du laborantzako bertzelako herrilurrik eskuratu.

32. art. Aurkeztutako eskaerak lurrak baino gehiago badira, lehentasuna duten herritarrendako esleipena egin ondotik, dirusarrera handiagoak dituzten famili unitateetako titularren eskaerak kenduko dira. Famili unitateen errenta mailak zehazteko, 16.3 artikuluan ezarritako irizpide berberei jarraituko zaie.

33. art. Caparrosoko Udalak uzten ahal dizkie halaxe nahi duten famili unitateetako titularrei, bertzelako aprobetxamenduak badituzte ere, erregu bateko baratzeak, baldintza hauekin:

a) Baratzea zuzenean eta pertsonalki landuko da 21 eta 22. artikuluetan ezarritakoaren arabera.

b) Esleipena zortzi urterako izanen da, gehienez ere eta aldez aurretik eskatuz gero hamasei urtera luza daitezkeenak.

Caparrosoko Udalak eskaera horietarako lur nahikoa gordeko du, baina lur hori ez da izanen laborantzako herrilurren azalera osoaren ehuneko 10 baino handiagoa.

HIRUGARREN SAILA

Udalaren zuzeneko ustiapena edo enkante publikoa

34. art. Caparrosoko Udalak, lehen eta bigarren sailetan ezarritako prozedurak aplikatu ondotik laborantzako lurra soberan baldin badago, enkante publikoaren bidez esleituko du, hurrengo banaketa noiz egin behar den, ordura arteko esleipena bukatu arte.

Erregu bakoitzeko hasierako prezioa urte hartan herritarrendako esleipen zuzenerako ezarritako lur-sariarena izanen da, eta urteroko gorabehera berberak izanen ditu.

Enkantea egin ondotik laborantzako lurra soberan gelditzen bada, Udalak zuzenean ustiatzen ahalko du.

LAUGARREN SAILA

Esleipenaren prozedura

35. art. Caparrosoko Udalak osoko bilkuran erabakia hartu ondotik, hamabortz egun balioduneko epea irekiko da, behar bezala iragarria, eskubidea izan uste dutenek herrilurretako lurzatien esleipena idatziz eska dezaten, zer lote duten nahiago espreski adieraziz.

36. art. Eskabideekin batean zinpeko aitorpena aurkeztu beharko da, edo frogatzeko agiri baliogarria, honako hauen gainean:

a) Caparrosoko bizilaguna dela, gutxienez ere azkeneko sei urteetan, eta bertan urtean bederatzi hilabete ematen dituela, gutxienez.

b) Caparrosoko Udalarekiko betebehar fiskalak ordainduta dituela.

c) Famili unitatea zenbat kidek osatzen duten. Haietariko inork ezintasun fisikorik edo psikikorik duen aipatuko dute.

d) Famili unitateko kide bakoitzaren hiri aberastasuneko zerga oinarriak, Caparrosoko udal mugapetan nahiz bertzeetan izan, salbu eta norberaren etxebizitzari dagokiona.

e) Aurreko ekitaldi ekonomikoko Errenta Aitorpenaren kopia edo famili unitate bakoitzak dituen dirusarrerak egiaztatzeko agiria.

f) Famili unitateko kide bakoitzaren dirusarrerak, horiek nekazaritzatik, industriatik edo zerbitzuetatik etorri nahiz Gizarte Segurantzako pentsioetatik edo bertzelako errentetatik etorri.

g) Ziurtagiria, Nekazaritzako Gizarte Segurantzan alta eman erakusten duena, horren bidez berehalako egiaztapena badelako lurra zuzenean eta pertsonalki lantzen dela, edota dirusarreretako ehuneko 50 nekazaritzatik heldu direla.

Zinpeko aitorpena egiaztatzeko, Caparrosoko Udalak ahalmena izanen du errenta mailak egiaztatzearren beharrezkoak iruditzen zaizkion agiriak eskatzeko; haiek agirietan eta datu objektiboetan oinarrituko dira, 16.3 artikuluan zehazten den bezala.

37. art. Herrilurren Batzordeak proposaturik, Udalak, osoko bilkuran, onartuen zerrenda onetsiko du esleitzeko era bakoitzean, lehentasunekoan edo zuzenekoan. Zerrenda hori behin-behinekoa izanen da.

Erregelamendu honetako 14, 16 eta 21. artikuluetan ezarritako baldintzak betetzen dituen eskatzailerik ez bada, Udalak, osoko bilkuran, Erregelamendu honetako 15 B) eta C) artikuluan ezarritako esleipen moduen artean esleituko ditu herrilurren aprobetxamenduak.

38. art. Aprobetxamendu mota bakoitzeko behin-behineko zerrenda Udal honen iragarki oholean paratuko da 15 egun balioduneko epean, interesatuek bidezko diren alegazioak egin ahal izateko edo akatsak zuzentzeko, halakorik izan bada. Alegaziorik edo akats zuzenketarik aurkezten ez bada, behin-behineko zerrenda behin betikoa bilakatuko da.

39. art. Alegaziorik eta zuzendu beharreko akatsik izanez gero, Udalak haiei buruzko ebazpena emanen du osoko bilkuran, Herrilurren Batzordearen txostena aldez aurretik izanda, mota bakoitzean herrilurretako lurzatien onuradun izateko eskubidea dutenen behin betiko zerrenda onesteko.

40. art. Esleipena zozketaz eginen da, lehentasuneko aprobetxamenduetarako lehendabizi, eta, ondotik, herritarren arteko esleipen zuzenekoetarako, era honetan:

1.-Modu batean zein bertzean onartutakoen behin betiko zerrendetan zenbakiak jarriko dira.

2.-Herrilurretako lurzatiei, bai lehorrekoei bai ureztalurrei, zenbakiak emanen zaizkie.

3.-Ondoren eta usadioari jarraikiz, zakutik zenbaki bat aterako da, herritarrei dagokiena, eta bertze bat lurzatiei dagokiena, eta horrela denekin.

4.-Lurzatien zozketa amaitutakoan, Udalaren iragarki oholean argitara emanen da esleipen hartzaile berrien zerrenda eta zein lurzati duten herrilurretan.

41. art. Lehentasuna duten herritarrendako aprobetxamenduen zozketa egin ondoan, zuzeneko esleipenaren eskatzaile guztiei esleitzeko lurzati aski gelditzen ez bada herrilurretan, ordenantza honetako 31. artikuluan xedatzen den bezala jokatuko da, hau da, bazter geldituko dira dirusarrera gehien dituzten famili unitateen titularren eskariak.

V. KAPITULUA

Herri ondasunen hobekuntzak

Kapitulu hau kendu egin da, Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen edukiaren hitzez hitzeko kopia baita.

42. art. 1. Caparrosoko Udalak indarrik gabe uzten ahal ditu aprobetxamenduen esleipenak, lur horiek ukitutako proiektuek honako xedea baldin badute:

a) Herrilurren gaineko kargak kentzea.

b) Herrilurra hobetzea.

c) Gizarterako proiektuak egitea, inguruabar pertsonalak, familiarrak edo sozialak direla medio beharrean daudela justifikatzen duten herritarrei laguntzeko.

2. Proiektu hauek Udalak nahiz interesaturik dauden herritarrek sustatzen ahal dituzte eta lehentasuna izanen dute.

3. Hauxe da kasu horietan jarraitu beharreko prozedura:

a) Udalaren erabakia, proiektua eta ukitutako herrilurren aprobetxamendua arautuko duen erregelamendua onesten dituena.

b) Hilabeteko epean jendaurrean edukitzea eta Udalaren erabakia, aurkezten diren alegazioei buruz.

c) Nafarroako Gobernuaren onespena.

4. Nafarroako Gobernuaren onespenak indarrik gabe utziko ditu ukitutako herrilurretan diren esleipenak, eta titularrei sorrarazten zaizkien kalte eta galerak, bai eta lurretan eginak dituzten hobekuntzak ere, ordainduko zaizkie, Zuzenbidez hala egokitzen bazaie.

43. art. Aprobetxamenduaren onuradunak herrilurra hobetzeko egiten dituen proiektuak Udalak berak onetsi beharko ditu, aldez aurretik 15 egunetan jendaurrean eduki eta gero aurkezten diren alegazioak ebatzi ondoan.

44. art. Nafarroako Gobernuaren aldez aurreko baimena beharko da herrilurrak laborantzarako goldatzeko.

V. TITULUA

Arau-hausteak eta zehapenak

45. art. Laborantzaren arloan, honako hauek dira arau-hauste administratiboak:

1.-Esleituriko lurzatiak pertsonalki ez lantzea.

2.-Esleituriko lurzatien ehuneko 80 bederen ez lantzea.

3.-Herrilurrak udal esleipenik gabe lantzea, nahiz eta landu gabeko lurrak edo larre utziak izan.

4.-Lur-sari, gizarte aseguru, landazaintza edo erregelamendu bidez ezartzen diren bertzelakoetarako zenbatekoak ezarritako epeetan ez ordaintzea.

5.-Nekazaritzako lanak erregelamendu honek baimentzen ez dituen aroetan egitea, larreen ustiapenaren kaltetan.

6.-Landaketa iraunkorrak egitea (fruta-arbolak, zainzuriak...), Udalaren baimenik izan gabe.

7.-Lurzati bat goldatzean, ildoa irekia uztea bide baten ertzean.

8.-Lurzatien arteko hegiak lantzea.

9.-Bideak nahiz altxonbideak lantzea.

10.-Bide nahiz altxonbideetan harriak eta bertzelakoak botatzea.

11.-Aziendendako idoietik ura hartzea eta tratamendu fitosanitarioetako makineria erabiltzea horretarako.

12.-Esleipenetan zehaztutako epeak ez errespetatzea.

13.-Erregelamendu honetan xedatutakoari kontra egiten dioten egitate guztiak.

14.-Esleitutako lurzatietatik, sarbideetatik eta altxonbideetatik plastikoak, ontziak, bidoiak eta gisakoak ez kentzea ezta biltzea ere.

46. art. Arau-hauste horiek ondoko zehapenak izanen dituzte:

-1, 2, 3, 4, 5 eta 6. arau-hausteengatik kontzesioa kenduko da.

-12.agatik, berriz, herrilurren edo herrilarreen esleipen hartzaile izateko eskubidea galduko da.

-Gainerako arau-hausteengatik, gehienez ere 50.000 pezeta eginen duten isunen bidez zehatuko dira, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen Legearen 21.1.n) artikuluak eta Nafarroako Toki Entitateen Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 52.2 artikuluak xedatzen dutenari jarraikiz. Hori guztia ondasun publikoetan edo lurretan gertatu ahal izan diren kalteen zenbatekoa ukatu gabe, egileek ordainduko baitituzte, Zuzenbideari dagokionez.

BERTZELAKO XEDAPEN OROKORRAK

47. art. Herrilurretako lurzatien esleipen berrirako zozketa orokorra egin ondoan, bertze esleipen batzuk eginen dira urtero, egon daitezkeen eskaera guztiei erantzuteko. Esleipena emanen zaie, lehenbizi, ezkontza dela bide baldintzak betetzeko moduan daudenei, eta gainerakoendako, bertze esleipen berriak eginen dira hutsik dauden lurzatiak banatzeko. Nahikoak ez badira, zozketa eginen da eta baztertuak lehentasuneko txandan sartuko dira hurrengo urteko kontzesioa egin arte.

48. art. Aurreko artikuluak aipatzen dituen kontzesioak direla-eta, herrilurretako lurzatiak esleitzeko urtero eginen den zozketa urteko azken 3 hilabeteetan eginen da, Udalak osoko bilkuran finkatzen duen egunean. Udalaren iragarki oholaren bidez paratutako ediktuan ezagutaraziko den egun hori eskaerak onartu ondotik etorriko da, hori guztia, ordenantza honetako 4 tituluko 2. kapituluko laugarren sailaren 37. artikuluarekin bat.

49. art. a) Herrilurretako edozein lurzati esleitzean, hori landuta badago, esleipen hartzaile berriak aurrekoari egindako lanen zenbatekoa ordainduko dio, dagokion peritazioa egin ondoren.

b) Lehorreko lurzatia ereina bada, fruitua aurreko esleipen hartzailearena izanen da uzta jaso arte, eta orduan okupatuko du onuradun berriak.

c) Aurreko kasuetako salbuespenak: herri lurzatien edo loteen esleipen hartzaileak, 8 urteko epea urratuz, herri lurra edo lotea erein edo lantzen badu (Erregelamendu honetako 49-12 artikulua), izan ere, Udalak hala egin duela egiaztatutakoan, zehatua izanen baita Erregelamendu honetako 50. artikuluari jarraikiz.

50. art. Egokitu zaion herrilurretako lurzatian laborantza zuzenean eta pertsonalki egiteari uko egiten bazaio, erabiltzeko aukera aprobetxamenduaren epe osorako galduko da, ordenantza honen 19 eta 27. artikuluetan ezarritakoarekin bat. Hala ere, Udalbatzaren ustetan arrazoia behar bezala justifikatzen bada (lanpostua galtzea, langabezi sorospenik gabeko langabetua izatea edo ezinbertzeko bertzelako kasuak), eta eskatzaileak 14. artikuluko baldintzak betetzen baditu, bertze esleipen batean izanen du aukera.

51. art. Herrilurretako lurzatiak erabiltzeko aukera, edonola ere, hurrengo arrazoiengatik galduko da: herriko biztanle izatetik gelditzeagatik, Caparroson urtean 9 hilabetetan benetan ez bizitzeagatik, edo Caparrosoko Udalarekin zerga arloko betebeharrak beterik ez izateagatik, ordenantza honen 14. artikuluak agintzen duen moduan.

52. art. Ureztatzeko herri lurzatien esleipen hartzaileek ubideak eta erretenak zaindu beharko dituzte eta aldian-aldian garbitu, Udalak xedatzen duen bezala. Herriko Ureztaketa Batzordeek ezarritako guztiari ere lotuko zaizkio. Dena den, egindako arau-hausteei dagozkien zehapenak 50. artikuluan zehaztutakoaren arabera ezarriko dira.

53. art. Abeltzainak edo herri lurzatien eta ureztatzeko loteen belar eta larreen onuradunak belarrak eta uzta hondarrak behar bezala erabil ditzan, lurzatiaren edo lotearen esleipen hartzaileak 10 egun gabe erein nahi baldin badu abeltzainari erran beharko dio, belarrak balia ditzan.

54. art. Esleipenaren azken urtean, erran nahi baita, zortzigarrenean, ureztalurretan ezin izanen da bi produkturen laborantza batean egin. Aldiz, bat bakarra egon beharko da, edo gehienez ere lurzati berean bi elkarturik. Nolanahi ere, lurzatia libre egonen da abenduaren 31rako.

55. art. Erregelamendu hau edo hura aplikatzeari buruz Udalbatzak egin nahiz erabakitzen dituenak ulertzerakoan sortzen diren afera guztiak errekurtso hauen bidez ebatziko dira:

-Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazi eta hilabeteko epean.

-Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Sailari zuzendua, bi hilabeteko epean, edo bertzenaz,

-Berraztertzeko errekurtsoa, administrazioarekikoa jarri aurretik, Udalari zuzendua, hilabeteko epean.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indarrik gabe geldituko dira Erregelamendu honetako xedapenei kontra egiten dieten maila bereko nahiz apalagoko xedapen guztiak.

Iragarkiaren kodea: A0201346