26. ALDIZKARIA - 2002ko martxoaren 1a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Herrilanak eta Zerbitzu Publikoak

150/2002 EBAZPENA, otsailaren 4koa, Herrilan zuzendari nagusiak emana, "Ekialdeko Ingurubidearen gaineko oinezkoendako bi pasabide egitea, Iruñean" izeneko proiektua jendaurrean jartzeko epea ebatzi eta behin betikoz onesten duena.

Herrilan zuzendari nagusiak maiatzaren 23an emandako 261/2001 Ebazpenaren bidez, "Ekialdeko Ingurubidearen gaineko oinezkoendako bi pasabide egitea, Iruñean" izeneko proiektua erredaktatzeko lanak adjudikatu ziren.

Gero, Herrilan zuzendari nagusiak azaroaren 7an emandako 941/2001 Ebazpenaren bidez, proiektuari onespen teknikoa eman eta jendaurrean jarri zen ukituriko ondasun eta eskubideen zerrendarekin batera. Horretarako, iragarkia jarri zen 2001eko abenduaren 5eko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean (144. zk.).

Bide eta Eraikuntza Zerbitzuak aditzera eman du jendaurreko aldian alegazio bat aurkeztu dutela Victoria, Aristu Huarte, Gerardo Aldaba Belzunegui, Juan José Aldaba Belzunegui, María Jesús Aldaba Belzunegui eta Victor María Aldaba Belzunegui jaun-andreek eta Aranguren Ibarreko Udalak. Alegazio horretan, kontuan harturik pasabideek hartu beharreko lur-sailak, aipatu lurzatietan, Aranguren Ibarreko Udal Hirigintza Arauen 19. aldaketaren barruan daudela, eta mugatutako sektorearen barrenean, eta antolamendu horrekin pasabideek ukituriko lur-sail horiek jabetza eta erabilera publikoko lurzoru bihurtuko direla, eskatzen dute desjabetzapena egin gabe, hitzarmen bat sinatu dadila lur-sail horiek zuzenean Nafarroako Gobernuari lagatzeko.

Proiektu, Teknologia eta Obra Hidraulikoen Zerbitzuko Desjabetzapen Atalean bidezkotzat eta bideragarritzat hartzen da alegazioan egindako proposamena, haren mamiari dagokionez, baina haren formari erreparatuz gero, uste da proiektua behin betikoz onetsi ondoren tramitatzen ahal dela. Onespen horrek berekin ekarriko du ukituriko ondasun eta eskubideak okupatu beharra eta, hortaz, pasabideak egiteko espedientea aurrera eramatearren, Bide eta Eraikuntza Zerbitzuak behin betikoz onestea proposatu du.

Horrenbestez, Bide eta Eraikuntza Zerbitzuak jakinarazi eta proposatu duenarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Gobernua eta Administrazioa arautzen duen 23/1983 Foru Legeko 36.2 artikuluak ematen dizkidan ahalmenak eta Herrilan, Garraio eta Komunikazio kontseilariak urriaren 7ko 3912/1999 Foru Aginduaren bidez eskuordeturik dauzkan eskurantzak erabiliz, Zuzendaritza Nagusi honek,

EBATZI DU:

1. "Ekialdeko Ingurubidearen gaineko oinezkoendako bi pasabide egitea, Iruñean" izeneko proiektua behin betikoz onestea eta aurkezturiko alegazioak ebaztea azalpen zatian adierazi den bezala.

2. Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean eta Foru Komunitateko bi egunkaritan argitaratzea.

3. Ebazpen hau jakinaraztea Bide eta Eraikuntza Zerbitzuari, Proiektu, Teknologia eta Obra Hidraulikoen Zerbitzuko Desjabetzapen Atalari eta alegazio-egileei, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, bi mila eta biko otsailaren lauan.-Herrilan zuzendari nagusia, Alvaro Miranda Simavilla.

Iragarkiaren kodea: A0201761