26. ALDIZKARIA - 2002ko martxoaren 1a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Aginduak

FORU AGINDUA, 2002ko urtarrilaren 14koa, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak emana. Honen bidez, behi-aziendaren entzefalopatia espongiformeak jotako abereen saneamendu aseguruaren kontratazio kosturako dirulaguntzak ematen dira, nekazaritzako aseguru konbinatuen 2002ko plan nazionalaren barnean.

Uztailaren 3ko 5/2000 Foru Legeak, 2. artikuluan, xedatzen du Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak urtero zehaztuko dituela nekazaritzako aseguru konbinatuen plan nazionalean sartutako lerroen laguntzak, Nekazaritzako Finantzazioari buruzko lege mailako xedapenen Testu Bategina onetsi zuen otsailaren 16ko 54/1998 Legegintzako Foru Dekretuan ezarriak.

Bestalde, Nafarroako Gobernuaren eta Nekazaritzako Aseguru Konbinatuen Aseguru Entitateen Espainiako Elkartearen (Agroseguro, S.A.) artean 1991ko azaroaren 4an ezarritako hitzarmenak ahalmena ematen du Nafarroako Gobernuaren dirulaguntzaren zenbatekoa aseguratuak ordaindu behar duenari kentzeko poliza izenpetzen duenean.

Ikusirik Nekazaritza eta Nekazaritzako Finantzaketaren Zerbitzuak aurkeztutako txostena, bertan proposatzen baita, ENESAk helburu berdinarekin emandako dirulaguntzei dagokienez, Nafarroako Gobernuak dirulaguntza eman dezala nekazaritzako aseguru konbinatuen 2002ko plan nazionalaren barnean sartutako behi-aziendaren entzefalopatia espongiformeak jotako abereen saneamendu aseguruaren kontratazioaren kosturako.

Nafarroako Foru Komunitateko Gobernu eta Administrazioari buruzko apirilaren 11ko 23/1983 Foru Legearen 36. artikuluan xedatutakoarekin bat,

AGINDU DUT:

1. artikulua. Nekazaritzako Finantzaketaren gaineko legezko xedapenen Testu Bategina onesten duen otsailaren 16ko 54/1998 Legegintzako Foru Dekretuak ezartzen dituen baldintzetan eta betebehar orokorren arabera, behi-aziendaren entzefalopatia espongiformeak jotako abereen saneamendu asegurua kontratatzeko kosturako dirulaguntzak emanen dira. Asegurua hitzartua izanen da nekazaritzako aseguru konbinatuen 2002ko planaren bitartez eta Nafarroako udalerri guztietako ustiategiek egiten ahalko dute.

2. artikulua. 1. Nafarroako Gobernuko Administrazioak eman beharreko dirulaguntza Estatuak Nekazaritzako Aseguruen Estatuko Entitateak (ENESA) horretarako ematen duen dirulaguntzaren %60 izanen da.

2. Dena dela, ENESAren eta Nafarroako Gobernuaren dirulaguntzak, gehienez ere, %80ra iritsiko dira. Portzentaje hori gainditzen bada, behar diren puntuak kenduko zaizkio Foru Komunitateko Administrazioak ematekoa duen dirulaguntzari.

3. artikulua. Nafarroako Gobernuaren eta Agroseguroren artean egindako Hitzarmenari jarraikiz, Nafarroako Gobernuaren Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuaren dirulaguntza, Foru Dekretu honetan finkatutakoa aplikatuz aseguratu bakoitzari ordaindu behar zaiona, aseguratuak poliza izenpetzean ordaindu beharreko zenbatekotik kenduko da, eta poliza horretan adierazi beharko da zenbatekoa. Dirulaguntza behin-behinekoa izanen da, eta geroago berrikusten ahalko da. Era horretan kendutako dirua Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak ordainduko dio Agrosegurori, aipatutako hitzarmenean ezarritako prozedura kontuan harturik.

4. artikulua. 1. Nekazaritzako Finantzazioaren gaineko legezko xedapenen Testu Bategina onetsi zuen otsailaren 16ko 54/1998 Legegintzako Foru Dekretuan xedatutakoari jarraikitzeko, lehen adierazitako dirulaguntzen onuradun diren aseguru hartzaileek ondokoa aurkeztu beharko dute Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuan: laguntza-eskabidearen inprimaki ofiziala, izenpetutako polizen fotokopiak, eta zerrenda moduko laburpena, non adieraziko baitira, aseguratu bakoitzaren kasuan, aseguratutako unitateak, aseguratutako ekoizpenak, aseguratutako produkzioaren balioa, aseguruaren kostu osoa, aseguruaren hobariak, ENESAren dirulaguntza, Nafarroako Gobernuarena eta nekazariak ordaindu beharrekoa, edo aukeran, izenpetutako polizen zerrenda euskarri magnetikoan, non polizako kontzeptu guztiak adieraziko baitira, aseguratu bakoitzaren kasuan.

2. Aurreko zenbakian adierazitako dokumentazioa aurkezteko epea, gehienez, hogeita hamar egunekoa izanen da, dagokion aseguruaren polizak izenpetzen diren egunetik hasita.

5. artikulua. 1. Foru Agindu honen 4. artikuluan xedatutakoa ez betetzeak behin-behinekoz emandako dirulaguntzaren baliogabetzea ekarriko du eta Foru Komunitateko Administrazioak interesatuari erreklamatuko dio.

2. Halaber, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak egindako egiaztapenen ondorioz, izenpetutako polizak aztertu eta ikusiko balitz horietakoren batek ez dituela betetzen Legegintzako Foru Dekretuan edo Foru Agindu honetan ezarritako betebeharrak, Departamentuak behin-behinekoz emandako dirulaguntza baliogabetuko du, eta aseguratuari erreklamatuko dio emandako laguntza.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Foru Agindu honetan ezarritako dirulaguntzek sortzen ahal duten gastua 2002rako luzatu den 2001eko gastuen aurrekontuko "Behien entzefalopatia espongiformearekin loturiko ekintzetarako transferentzia arruntak" izeneko 711000-71320-4700-713200 kontusailean dagoen kreditu erabilgarriak baldintzatuko du.

AZKEN XEDAPENA

Foru Agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik indarra izanen duen arren, 2002ko urtarrilaren 1etik aitzina sortuko ondorioak.

Iruñean, bi mila eta biko urtarrilaren hamalauan.-Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilaria, Ignacio Javier Martínez Alfaro.

Iragarkiaren kodea: A0200666