26. ALDIZKARIA - 2002ko martxoaren 1a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Agintariak eta Langileak

EBAZPENA, 2002ko urtarrilaren 7koa, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak emana, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko goi mailako tituludun kazetaria izateko lanpostu huts bat lekualdatze lehiaketa bidez betetzeko deialdia onesten duena.

Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak 2002ko urtarrilaren 7an emandako Ebazpenaren bitartez, onetsi egin da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko goi mailako tituludun kazetaria izateko lanpostu huts bat lekualdatze lehiaketa bidez betetzeko deialdia. Hona:

O I N A R R I A K

1.-Xedea.

Aditzera ematen da goi mailako tituludun kazetaria izateko lanpostu huts bat lekualdatze lehiaketa bidez betetzeko deialdia. Lanpostuak 58. zenbakia du plantillan eta Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuko Prentsa Kabineteari atxikia dago.

2.-Lanpostuak gehitzea.

Deialdi honetako lanpostua osatzen ahalko da, hutsik daudenak bete arte, epaimahaiak lehiatzaileen zerrenda, lorturiko puntuen hurrenkerari jarraikiko zaiona, dei egin duen organora igortzen duen egunean.

Lehiaketa honetan beteko diren lanpostuak ondokoak izanen dira: deialdian bertan hasieratik eskainiak eta, hala badagokio, aurreko lerroaldeak aipatzen duen gehikuntzaren ondoriozkoak, bai eta lehiaketan beste lanpostu bat lortzen duten izangaiek hutsik uzten dituztenak ere.

Lehiaketan lanpostua lortutako izangaiek duten izendapena eta esleituriko postuen izena bat ez datozenean, izendapenak hartuko du azken horien izena, lanpostu berriaren jabetza hartzen denean. Orobat, dagokionean, lehiaketaren ondorioz hutsik geratu eta berriro lehiatzaileei eskaintzen zaizkien lanpostuen izena aldatu eginen da.

3.-Aplikatu beharreko araudia.

Lekualdatze lehiaketa honetan ondoko arau hauek beteko dira: Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen Estatutuaren Testu Bategina onetsi zuen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua aplikatzeko arauak; azaroaren 6ko 215/1985 Foru Dekretuak onetsi zuen lanpostuak betetzeko Erregelamendua; merezimendu-baremoen eta aplikatzekoak diren beste arauen gainean Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariak abuztuaren 12ko 130/1998 Foru Dekretua; eta azkenik, deialdiaren oinarriak.

4.-Betebeharrak.

Parte hartzen dutenek, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, hurrengo baldintza hauek bete beharko dituzte, lehiaketak irauten duen guztian eta lanpostuen jabetza hartu arte baldintza horiek bere edukiz:

a) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren edo haren erakunde autonomoen langile finko izatea, jardunean, zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian.

b) A maila edo taldekoa izatea.

c) Goi mailako tituludun kazetaria izateko lanpostuan izendatua izatea.

Lanpostu erreserbarik gabe borondatezko edo nahitaezko eszedentzian dauden funtzionarioek zilegi izanen dute lehiaketan parte hartzea baldin deialdiak eskatzen dituen betebeharrak betetzen badituzte; horretara, atzera sartuko dira zerbitzu aktiboan eta lanpostu behin betiko bat adjudikatuko zaie.

Abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren zortzigarren xedapen gehigarrian xedatutakoari jarraikiz, lekualdatze lehiaketa honetan deialdiaren baldintzak betetzen dituzten Parlamentuko funtzionarioek ere parte hartzen ahalko dute.

Lehiaketa honetan parte hartzeak ez du ekarriko lehiaketan parte hartu aurretik lehiatzaileek zuten araubide juridikoa aldatzea.

5.-Lansariak.

Lekualdaketaren xede diren langileek, indarra duten xedapenek adjudikatzen dieten soldata jasoko dute.

6.-Eskabidea, aurkezteko epea eta lekua.

a) Lekualdatze lehiaketa honetan parte hartu nahi dutenek eskabidea aurkeztu beharko dute Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokorrean, Iruñeko Karlos III.a etorbideko 2an, edo Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 38. artikuluko 4. idatz-zatian aurreikusiriko edozein baliabideren bidez, hamabost egun naturaleko epean, deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskabideak deialdi honetan argitaratutako ereduari lotuko zaizkio (Nafarroako Gobernuaren Argibide Bulegoan jasotzen ahal da, Karlos III.a, 2, atalondoan) eta bertan, izangaiek adierazi beharko dute, kasu bakoitzean, eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela eskabidea aurkezteko epea amaitzen den egunean

b) Eskabidearekin batera, merezimendu guztiak egiaztatzen dituen dokumentazioa agertuko dute, jatorrizkoa edo fotokopia behar bezala kautotua, deialdi honetan ezarritako baremoaren arabera, barne direlarik Administrazio Publikoetan eskainitako zerbitzuen egiaztagiriak.

Zerbitzu horiek behar den unitate administratiboak luzatutako ziurtagiriaren bidez justifikatuko dira eta bertan lanpostua zein den zehaztuko da, baita lanpostu finkoa zuen ala behin-behinekoa.

c) Eskabideak aurkezteko epea luzaezina izanen da.

7.-Onartuen behin-behineko zerrenda eta erreklamazioak.

Eskabideak aurkezteko epea bukaturik, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onetsiko du, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadila aginduko, ohartaraziz, hurrengo bost egun naturalen barrenean baztertuek erreklamazioak egin ditzaketela eta akatsik baldin badago zuzendu.

Ezarritako epean eskabiderik aurkeztu ezean, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak deialdia bete gabe gelditu dela deklaratzen duen Ebazpena emanen du. Aipatu Ebazpena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean emanen da argitara.

Izangai bat ere baztertu ez bada, behin betiko zerrenda zuzenean onetsiko da eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko.

Erreklamazioak egiteko epea amaiturik eta horiek ebatzita, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak baztertuen eta onartuen behin betiko zerrenda onetsi eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko agindua emanen du.

8.-Epaimahaiaren osaera.

Lehiaketa kalifikatuko duen epaimahaia honako hauek osatuko dute:

-Mahaiburua: Javier Félix Carmona Salinas jauna, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuko Komunikazio Zerbitzuko zuzendaria.

Ordezkoa: Isabel Muñoz García andrea, goi mailako tituludun kazetaria, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuko Prentsa Kabinetearen Atalari atxikia.

-Mahaikideak:

1. Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko Langileri Batzordeak izendaturiko ordezkari bat.

Ordezkoa: Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko Langileri Batzordeak izendaturiko ordezkari bat.

2. Gerardo Huarte Ilárraz jauna, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuko Prentsa Kabinetearen atalburua, idazkari lanetan arituko dena.

Ordezkoa: María Antonia Úriz Ayestarán andrea, goi mailako tituludun kazetaria, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuko Prentsa Kabinetearen Atalari atxikia.

9.-Merezimenduen kalifikazioa.

Epaimahaiak, ondoan doan eranskinari jarraikiz baloratu eta puntuatuko ditu izangaiek azaldu eta frogatutako merezimenduak.

Merezimendu guziak, bai eta Administrazio Publikoetan eman direnak ere, dokumentu bidez alegatu eta egiaztatuko dira izangaiak lekualdatze lehiaketa honetan parte hartzeko eskabidea aurkezten duenean.

Epaimahaiak ezin izanen du inola ere kontuan hartu azaldu gabe edo agiri bidez frogatu gabeko merezimendurik, ez eta atal bakoitzean aipatutako gehieneko puntuazioa baino altuagorik eman ere.

Lehiatzaileen puntuazioan berdinketarik izaten bada, Administrazio Publikoen zerbitzuan antzinatasun handiena duenari emanen zaio lehentasuna. Hala ere berdinduta badaude, lehiatzaile zaharrenari emanen zaio lehentasuna.

Epaimahaiak argitasunak eta osagarrizko datuak eskatzen ahal ditu lehiatzaileek alegatu dituzten merezimenduen gainean.

Merezimenduen kalifikazioa bukatu ondoren, epaimahaiak jendaurrera aterako ditu Nafarroako Gobernuaren iragarki oholean parte-hartzaileek izan dituzten puntuazioak eta bost eguneko epea emanen du interesatuek beren merezimenduen balorazioaren gainean eskubideko jotzen duten guztia alega dezaten.

10.-Izangaien zerrenda, erdietsitako puntuazioaren araberakoa.

Epaimahaiak egiten diren erreklamazioak ebatzi dituelarik, epaimahaiak parte-hartzaile guztien behin betiko puntuazioak eta izangaien zerrenda, puntuazioaren arabera ordenatua, argitaratuko ditu Nafarroako Gobernuaren iragarki oholean. Zerrenda hori, espedientearekin batera, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiari bidaliko dio, hark, hala tokatzen bada, behar den ebazpena eman dezan hasieran deialdian ziren lanpostuak gehitzearen gainean.

11.-Lanpostu hutsen hautatzea.

Lehiatzaileek lanpostua hautatzen ahalko dute lehiaketan erdietsitako puntuazioaren arabera, Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiak horretarako deitzen duen egintzan.

Behar bezala justifikaturiko ezinbesteko kasuetan salbu, lanpostua aukeratzen ez duten lehiatzaileek lehiaketako lanpostu hutsak betetzeko eskubideak galduko dituzte.

12.-Lanpostuak adjudikatu eta jabetza hartzea.

Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak, behar den Ebazpenaren bidez, lehiatzaile bakoitzari egokitu zaion lanpostua adjudikatu eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko agindua emanen du.

Lehiatzaileek lanpostuaz jabetu beharko dute adjudikazioari buruzko Ebazpena jakinarazi eta hamar egun naturaleko epearen barrenean, non eta ebazpen horretan deialdia egin duen organoak jabetza hartzeko beste data jakinik ezartzen ez duen.

13.-Aurkezturiko agiriak.

13.1. Izangaiek berreskuratzen ahalko dituzte aurkezturiko agiriak, espresuki eskatu ondoren, erreklamaziorik edo errekurtsorik aurkeztu ez bada. Agiriak eramateko eskaera hiru hilabeteko epean aurkezten ahalko da, lanpostuak adjudikatzeko Ebazpena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta beste hiru hilabeteren buruan.

13.2. Aurreko atalean ezarririko epea agiriak eraman gabe bukatzen bada, ulertuko da izangaiak uko egin diola agiriak eskuratzeari eta horretarako eskubidea galduko du eta agiriak suntsituko dira.

13.3. Erreklamazioa edo errekurtsoa aurkeztu denean, agiriak gorde eginen dira miatu eta aztertzeko. Erreklamazio edo errekurtsoaren tramitazioak ahalbidetzen duenean eramaten ahalko dira agiriak.

14.-Errekurtsoak.

Deialdi honen eta bere oinarrien eta egintzen kontra gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 114 eta 115. artikuluetan eta hura aldatzen duen urtarrilaren 13ko 4/1999 Legean xedaturikoarekin bat.

Iruñean, bi mila eta biko urtarrilaren zazpian.-Funtzio Publikoaren zuzendari nagusia, Ignacio Bandrés Urriza.

I. ERANSKINA

Eskabide eredua

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko ......... izateko ......... lanpostu huts lekualdatze lehiaketa bidez betetzeko deialdian parte hartzeko eskaera. Deialdia ...... Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen (.......zk.)

1.-Datu pertsonalak:

Izen-deiturak:

Noiz eta non jaioa:

N.A.N.:

Helbidea: ................................................... P.K.:

Etxeko telefonoa: .............................. Lantokiko telefonoa:

2.-Datu administratiboak

a) Egoera administratiboa:

Zer lanpostutarako izendaturik dagoen: .............

f Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko funtzionarioa.

f Estatutik Nafarroako Foru Komunitatera transferitutako funtzionarioa.

f Gizarte Segurantzatik Nafarroako Foru Komunitatera transferitutako langile estatutupekoa.

f Lan-kontratudun finkoa.

f Nafarroako Parlamentuko funtzionarioa.

f Jardunean.

f Zerbitzu berezietan.

f Eszedentzia berezian.

f Borondatezko eszedentzian.

f Nahitaezko eszedentzian.

(X batez markatu dagokion kontzeptua.)

b) Egungo destinoa:

Lanpostua:

Jabetza hartzearen eguna:

Departamentua:

Zerbitzua:

Atala:

Bulegoa:

Erakunde autonomoa:

c) Maila edo sailkatze taldea:

3.-Izenpetzen duenak adierazten du eskaturiko baldintza guztiak betetzen dituela eskabideak aurkezteko azken egunean.

4.-Eskabideari erantsi zaizkio merezimendu alegatuen frogagiriak eta eskaturiko agiriak.

5.-f Adierazten du euskararen gaitasuna frogatzeko proba egin nahi duela. (*)

Horrenbestez,

Eskatzen du deialdian onar dezatela, eskabide honetan dioen bezala.

Iruñean, ......(e)ko ........aren ......(e)an.

(Sinadura)

(*) Bidezko denean bakarrik.

II. ERANSKINA

Merezimenduak baloratzeko baremoa

a) Administrazio publikoetan emandako zerbitzuak:

1) Edozein administrazio publikotan, langile finko gisa, deialdian eskaintzen den lanpostu berean edo antzeko batean: puntu bat urte bakoitzeko.

2) Edozein administrazio publikotan, aldi baterako langile gisa, deialdian eskaintzen den lanpostu berean edo antzeko batean: 0,75 puntu urte bakoitzeko.

3) Edozein administrazio publikotan, langile finko gisa, deialdikoa ez bezalako lanpostu batean: urte bakoitzeko 0,25 puntu.

4) Edozein administrazio publikotan, aldi baterako langile gisa, deialdikoa ez bezalako lanpostu batean: 0,20 puntu urte bakoitzeko.

Oharrak:

1. Urteen kopurua osoa ez bada, zerbitzuan egindako aldiari proportzionalki dagokion puntuazioa emanen zaie izangaiei.

2. a) idatz-zati honi dagokion puntuazioa gehienez ere 30 pustukoa izanen da.

3. Lanaldi ez osoz emandako zerbitzuen kasuan, behar den zatia kenduko da.

4. Deialdia argitaratu ondoren emandako zerbitzuak ez dira baloratuko.

5. Funtzionarioak zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian egindako aldiak, hala nola unitate organiko baten burutza edo zuzendaritzan egindakoak, horietan hasi zen egunean zuen lanpostuan egindako zerbitzu gisa baloratuko dira.

b) Prestakuntza, irakaskuntza eta ikerketa:

1) Erakunde edo zentro publikoek eta Unibertsitateek antolaturiko prestakuntza ekitaldietan parte hartzea: 0,10 puntu kreditu akademiko edo haren baliokideko (10 ikastordu), gehienez ere 7 puntu.

Oharrak:

1. Baloratu beharreko prestakuntza ekitaldien ikastordu zatikiak hainbanatuko dira.

2. Ikastorduen iraupena agertzen ez duten ziurtagiriak kreditu batekoak balira bezala baloratuko dira.

3. Ikasturte bateko iraupena agertzen duten ziurtagiriak 12 kreditukoak balira bezala baloratuko dira.

4. Erakunde antolatzaileari buruzko betebeharrak betetzen ez badituzte ere, Administrazioak agindurik edo oniritzirik eginak diren prestakuntza ekitaldietan parte hartzea puntuazio berarekin puntuatuko da. Horien artean, espresuki, Administrazio Publikoen Etengabeko Prestakuntzarako Itunen barnean sindikatuek antolatzen dituztenak sartuko dira.

2) Kongreso edo jardunaldietan ponentziak edo komunikazioak aurkeztea, beka edo saria jasotako lan zientifikoak eta ikerlanak egitea eta aldizkari espezializatuetan lanak argitaratzea: 2 puntu, gehienez ere, epaimahaiak baloratu beharrekoak, kontuan hartuz lana edo jarduera batek edo taldean egina den eta biltzarra edo argitalpena zein mailatakoa den (tokikoa, herrialdekoa, nazionala edo nazioartekoa).

3) Sektore publikoan prestakuntza ekitaldiak antolatu edo/eta horietan irakasle gisa parte hartzea, gehienez ere, puntu bat, epaimahaiak baloratu beharrekoa, haien iraupenaren arabera.

Oharrak, b) idatz-zati osorako

1. Idatz-zati honen barnean deialdiko lanpostuari loturiko merezimenduak baizik ez dira baloratuko.

2. b) idatz-zati honetako gehieneko puntuazioa 10 puntukoa izanen da.

Hizkuntzak jakiteagatik gehitutako puntuazioa.

-Frantsesez, ingelesez edo alemanez jakiteagatik, Europako Batasuneko hizkuntza ofizialak baitira, 2 puntu gehienez bakoitzeko.

Ondorio horietarako, Hizkuntza Eskola Ofizial batek luzaturiko Gaitasun Agiria edo ofizialki baliokidea den titulua edukitzeagatik aurreko ataletan adierazten den gehieneko puntuazioa emanen da.

Titulurik eduki ezik, Hizkuntza Eskola Ofizialean gaindituriko ikasmaila bakoitzagatik gehieneko puntuazioaren bosten bat emanen da.

Iragarkiaren kodea: A0200986