26. ALDIZKARIA - 2002ko martxoaren 1a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Dekretuak

25/2000 FORU DEKRETUA, urtarrilaren 28koa, Nafarroako nekazaritzako elikagaien laborategien onarpena, kreditazioa eta kontrola arautzen dituen ekainaren 21eko 239/1999 Foru Dekretuaren 3.2.b) artikulua aldatzen duena.

Ekainaren 21eko 239/1999 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako nekazaritzako elikagaien laborategien onarpena, kreditazioa eta kontrola arautu ziren, eta bide ematen zaie Foru Komunitatean elikagaien kontrol ofizialari buruzko oinarrizko xedapenei, bai Europakoei bai Estatukoei.

Foru Dekretu horrek, 3.2.a) artikuluan, Nafarroako Nekazaritzako Elikagaien Laborategien Erregistroan inskribatuta dauden laborategi kreditatuei bakarrik onartzen die zilegitasuna, nekazaritzako elikagaien kontrol ofiziala egiteko. Beraz, haien analisiek frogatzen dute produktu analizatuaren egoera. Baina, 3.2 b) artikuluak eremu pribatura murrizten du aipatu Erregistroan inskribatu laborategien zilegitasuna, publikoak edo pribatuak izan, horretarako oinarri juridiko sendorik gabe. Onartutako laborategien zilegitasuna eremu pribatura murriztea ez dator bat Zuzenbideak, gaur egungo Prozedura Zibileko Legearen bitartez egintza eta dokumentu publikoei, edo pribatuei (zein den kasua) ematen dien indar frogatzailearekin, are gutxiago laborategi publikoen kasuan. Izan ere, egiazkotzat jotzen dituzte beren xedeko gertakariak, non beste frogabide batzuek gezurtatzen ez dituzten.

Arauaren kontraesan hori saihestearren, aipatu Foru Dekretuaren 3.2 b) artikuluaren gaur egungo testu akastunaren ondorioa baita, bidezko da Nafarroako Nekazaritzako Elikagaien Laborategien Erregistroan inskribatuta dauden laborategiek egiten dituzten analisi guztien frogagarritasuna zehaztea, areago publikoak direnean edo sektore publikokoak, horixe baita enpresa publikoen kasua.

Horrenbestez, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak, Osasunekoak eta Industria eta Teknologia, Merkataritza, Turismo eta Lanekoak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta biko urtarrilaren hogeita zortzian egin bilkuran hartutako Erabakiarekin bat etorriz,

DEKRETATU DUT:

Artikulu bakarra.-Aldatu egiten da Nafarroako nekazaritzako elikagaien laborategien onarpena, kreditazioa eta kontrola arautzen dituen ekainaren 21eko 239/1999 Foru Dekretuaren 3. artikuluko 2. zenbakiko b) letra, honela geratuko baita:

"b) Laborategi onartuentzat, nekazaritzako produktuen eta elikagaien analisia egitea, Zuzenbidez onartutako frogabideak izanen baitira, urtarrilaren 7ko Prozedura Zibileko 1/2000 Legean ezarri moduan.

Onartutako laborategi publikoak direnean edo nekazaritzako produktuak eta elikagaiak kontrolatzeko agintari eskudunak emandako arau baten bitartez izendatuta ari diren enpresa publikoak, analisiak, esparru administratiboan, dokumentu publikoak izanen dira eta, gutxienez, egintzak egiazkotzat jotzeko adina frogabide, gaur egungo Prozedura Zibileko Legearen 319.2 artikuluan ezarri bezala."

AZKEN XEDAPENA

Foru Dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, bi mila eta biko urtarrilaren hogeita zortzian.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.-Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilaria, Ignacio Javier Martínez Alfaro.-Osasun kontseilaria, Santiago Cervera Soto.-Industria eta Teknologia, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentua, Nuria Iturriagagoitia Ripoll.

Iragarkiaren kodea: A0201276