26. ALDIZKARIA - 2002ko martxoaren 1a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Dekretuak

24/2002 FORU DEKRETUA, urtarrilaren 28koa, 282/1997 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Sozietateen gaineko Zergaren Erregelamendua aldatzen duena.

Foru Dekretu honek aldaketa batzuk egiten dizkio Sozietateen gaineko Zergaren Erregelamenduari, eta Titulu bat (I. Titulu bis) eta xedapen gehigarri bat eransten dizkio.

7.6 eta 19.3 artikuluak aldatu dira, errekurtso eta erreklamazioen sistema Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorrean ezarritakoari egokitzeko. Foru Komunitateko bide ekonomiko-administratiboa arautzen duen Lege horretan, erreklamazio ekonomiko-administratiboarekin batera, berraztertzeko errekurtsoa paratzeko ahalbidea aurreikusten da.

Abenduaren 29ko 20/2000 Foru Legeak, zenbait zerga eta beste tributu-neurri batzuk hein batean aldatzen dituenak, zenbaki bat (2) erantsi zion Sozietateen gaineko zergari buruzko abenduaren 30eko 24/1996 Foru Legearen 69. artikuluari. Zenbaki berri horren arabera, ingurunea zaindu eta hobetzeko jarduerengatiko kenkaria aplikatuko da errepide bidezko garraiorako ibilgailu industrial edo komertzial berriak erosten direnean ere, baina bakar-bakarrik erregelamendu bidez ezartzen baldin bada inbertsioaren zati batek atmosferaren kutsadura gutxitzeko balio duela, eta zati horren zenbatekoan.

Aipatu 69.2 artikulu horretan aurreikusitakoari jarraikiz, kutsadura gutxitzeko balio duen inbertsioaren zatia zehaztu behar da, eta horretarako, kenkariaren aplikazioa erraztuko duen sistema bat aukeratu da, ibilgailuaren prezioaren portzentaje bat ezarriko baita. Horretarako, Titulu bat gehitu da (I. Titulua bis), artikulu bakarra duena (28. bis artikulua).

39.3 artikuluaren aldaketaren oinarria Auzitegi Gorenak 2001eko martxoaren 10ean emandako epaia da. Epai horren bitartez, indargabetu egin zen Sozietateen gaineko Zergaren Estatuko Erregelamenduaren 62. artikuluaren 3. atala, irudia ustiatzeko eskubidearen edo hura erabiltzeko baimenaren lagapenari 100eko 25eko atxikipena aplikatzen ziona. Kontuan harturik Nafarroako arauetan portzentaje hori bera dagoela, bidezko da aldatzea. Atxikipenaren portzentaje berria 100eko 20koa da, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergan ezarritakoa bezalakoa.

Sozietateen gaineko Zergaren kudeaketaren hobekuntzari dagokionez, xedapen gehigarri bat gehitu da, tributuen kudeaketarako lankidetza soziala, Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorrean aurreikusita dagoena, garatzeko, hala nola subjektu pasiboei zerga betebeharrak beren borondatez betetzeko erraztasunak emateko, baita telematika bidez ere.

Nafarroako Gobernuaren 2001eko azaroaren 19ko Erabakiaren bidez, Foru Dekretu hau Nafarroako Kontseilura igorri zen, aginduzko irizpena eman zezan.

2002ko urtarrilaren 7an emandako irizpenaren bidez, Kontseiluak adierazi zuen arauaren edukina goitik behera antolamendu juridikoaren araberakoa zela.

Horrenbestez, Ekonomi eta Ogasun kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta biko urtarrilaren hogeita zortziko bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

Artikulu bakarra.-Sozietateen gaineko Zergaren Erregelamendua, urriaren 13ko 282/1997 Foru Dekretuaren bidez onetsia, aldatzea, ondoren azaldu bezala:

Bat.-7.6 artikulua.

"6. Prozedurari amaiera ematen dion ebazpenaren aurka berraztertzeko errekurtsoa edo erreklamazio ekonomiko-administratiboa jarri ahalko da, hilabeteko epean, Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorreko IV. Tituluko VII. Kapituluko 3. eta 4. Sailetan ezarritakoari jarraikiz."

Bi.-19.3 artikulua.

"3. Prozedurari amaiera ematen dion ebazpenaren aurka berraztertzeko errekurtsoa edo erreklamazio ekonomiko-administratiboa jarri ahalko da, hilabeteko epean, Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorreko IV. Tituluko VII. Kapituluko 3. eta 4. Sailetan ezarritakoari jarraikiz."

Hiru.-Titulu bat gehitzea (I. Titulua bis), artikulu berri batekin (28. bis artikulua).

"I. TITULUA BIS

Kenkaria, ingurunea zaindu eta hobetzeagatik

28. bis artikulua. Errepide bidezko garraiorako ibilgailu industrial edo komertzialak.

1. Zergari buruzko Foru Legeko 69.2 artikuluari jarraikiz, subjektu pasiboek zilegi izanen dute errepide bidezko ibilgailu industrial edo komertzial berriak erosteko egindako gastuaren 100eko 15 kentzea kuota likidoari, baldin eta, diesel motorra edo txinparta bidez pizten dena izanik, gas natural edo petrolio-gas likidotu bidez elikatua, gasak, partikula kutsagarriak eta keak botatzeari buruz 88/77/EE Zuzentarauan ezarritako baldintzak betetzen badituzte.

Kenkari hori finantza errentamendu bidez eskuraturiko ondasunetan ere aplikatuko da. Kasu horretan, inbertsioa kontratua sinatzen den egun berean egin dela ulertuko da eta ondare-elementuaren eskurako balio bera izanen du. Kenkaria aplikatzea erosteko aukera baliatzearen baldintzapean egonen da, ezinbestean. Hortaz, aukera hori baliatzen ez bada, subjektu pasiboak, aukera hori eskueran izan duen zergaldiari dagokion kuotaz gainera, aplikatu zaion kenkariaren zenbatekoa ere itzuli beharko du, berandutza korrituak barne, bidezko zehapenak deusetan galarazi gabe.

2. Ondorio horietarako, ondoko hauek hartzen dira ibilgailu industrial edo komertzialtzat:

a) Ibilgailuen Erregelamendu Orokorra onesten duen abenduaren 23ko 2822/1998 Errege Dekretuaren II. eranskinean ondoko definizio hauek dituztenak: kamioiak, furgoi eta furgonetak; autobusak edo autokarrak, artikulatuak edo ez, bi pisukoak barne; ibilgailu egokituak, eta ibilgailu misto moldagarriak eta kamioi traktoreak.

Kamioi traktoreetarako inbertsioak dagokien atoi-erdiarekin batera egiten baldin badira, aldi berean edo zergaldi berean, ibilgailu industrialtzat hartuko dira, artikulu honetan ezarritako kenkaria aplikatzeko.

b) Bidaiarien zerbitzu publikorako autoak, taximetroa badute.

c) Pertsona eri edo istripua izandakoak garraiatzeko egokitutako ibilgailuak.

3. Kenkaria kalkulatzeko 100eko 50 aplikatuko zaio ibilgailuaren prezioari.

Ondoren azaltzen diren emisio balore gehienekoak betetzen dituzten ibilgailuak badira, portzentajea 100eko 100ekoa izanen da:

a) 2001eko urriaren 1a baino lehen erositako ibilgailuentzat, 88/77/EE Zuzentarauaren I. eranskineko 6.2.1 ataleko tauletako A lerroan ezarritako baloreak. Aipatu Zuzentaraua 1999ko abenduaren 13ko 1999/96/EE Zuzentarauaren bidez aldatu zen.

b) Taula horietako B1 lerroan ezarritakoak, 2001eko urriaren 1etik aurrera eta 2006ko urriaren 1a baino lehen erositako ibilgailuak baldin badira.

c) Taula horietako B2 lerroan ezarritakoak, 2006eko urriaren 1etik aurrera eta 2009ko urriaren 1a baino lehen erositako ibilgailuak baldin badira."

Lau.-39.3 artikulua.

"3. Irudia ustiatzeko eskubidearen edo hura erabiltzeko baimenaren lagapenak sortutako errentak badira, 100eko 20."

Bost.-Xedapen gehigarri bat gehitu da.

"XEDAPEN GEHIGARRIA

Aitorpenak aurkeztu eta kudeatzeko kanpoko lankidetza.

1. Ekonomi eta Ogasun Departamentuak hitzarmenak sinatu ahalko ditu Administrazio Publikoekin, entitateekin eta sektore edo interes sozialak, laboralak, enpresakoak edo profesionalak ordezkatzen dituzten erakundeekin, Zerga honen aitorpenak aurkezteko gizartearen lankidetza gauzatzeko.

2. Aurreko zenbakian aipatutako hitzarmenak, besteak beste, ondoko alderdiei buruzkoak izanen dira:

a) Informazio eta zabalkunde kanpainak.

b) Aitorpenak egiteko eta modu egokian eta egiazkoan betetzeko laguntza.

c) Aitorpenak Zerga Administraziora igortzea.

d) Akatsak zuzentzea, subjektu pasiboek baimena eman ondoren.

e) Ofiziozko itzulketen tramitazioa nola dagoen jakinaraztea, subjektu pasiboek baimena eman ondoren.

3. Ekonomi eta Ogasun Departamentuak jarduera horiek burutzeko behar den laguntza teknikoa emanen du, baina horrek ez du kenduko zerbitzu horiek subjektu pasibo guztiei emateko ahalbidea.

4. Ekonomi eta Ogasun kontseilariak, Foru Agindu baten bidez, baldintza batzuk ezarriko ditu hitzarmenak sinatu dituzten entitateek aitorpenak, aitorpen-likidazioak edo zerga arloko arauek eskatutako beste edozein agiri telematika bidez aurkezteko, hirugarren pertsonen izenean.

Halaber, Foru Agindu horretan aurreikusi ahalko da bestelako pertsona edo entitateek telematika bidezko aurkezpen sistema hori erabiltzeko aukera, hirugarren pertsonen izenean."

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Foru Dekretu honek indarra hartzen duenean, indarrik gabe geldituko dira haren edukiaren kontra dauden maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak.

AZKEN XEDAPENA

Foru Dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Abenduaren 29ko 20/2000 Foru Legean ezarritakoarekin bat, Foru Dekretu honen hirugarren atalean ezarritakoak 2001eko urtarrilaren 1etik aurrerako zergaldietan izanen du indarra.

Iruñean, bi mila eta biko urtarrilaren hogeita zortzian.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.-Ekonomi eta Ogasun kontseilaria, Francisco J. Iribarren Fentanes.

Iragarkiaren kodea: A0201275