18. ALDIZKARIA - 2002ko otsailaren 11

III. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

Antsoaingo, Berriobeitiko, Berriozarko, Itzako eta Txulapaingo Udalen Gizarte Zerbitzu Oinarrizkoen Mankomunitatea

Antsoaingo, Berriobeitiko, Berriozarko, Itzako eta Txulapaingo Gizarte Zerbitzu Oinarrizkoen Mankomunitatearen zerbitzuko famili langile izateko lanpostu bat, lan-kontratu finkoa duena, oposizio-lehiaketa bidez betetzeko deialdia

1.-Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da Antsoaingo, Berriobeitiko, Berriozarko, Itzako eta Txulapaingo Gizarte Zerbitzu Oinarrizkoen Mankomunitatearen zerbitzuko famili langile izateko lanpostu bat (lanpostu hutsaren zenbakia: 013) betetzea, oposizio-lehiaketa bidez, lan-kontratu finkoarekin eta lanaldi osorako.

1.2. Izendatuen eginkizuna izanen da, euren egoera dela kausa, Etxez etxeko Laguntza Zerbitzuaren premia duten pertsonez nahiz familiez arduratzea eta haien etxeko lanak egitea, hala nola haien mailaren eta kategoriaren barnean ematen zaien bertze edozein.

1.3. Ordainsariak D mailari dagozkionak izanen dira, Mankomunitatearen zerbitzuko lan-kontratudunei aplikatzen zaien lan hitzarmen kolektiboan xedatutakoari jarraikiz, hark ezartzen dituen osagarriak eta guzti.

1.4. Lanaldia zerbitzuaren beharretara egokituko da eta dagozkion organo administratiboek noiznahi aldatzen ahalko dute.

1.5. Izendatuak bi hilabeteko probaldia gainditu beharko du, kontratua sinatzen denetik. Hura gainditutakoan bilakatuko da nomina eta plantillako lan-kontratudun finkoa.

1.6. Hauta-probak gainditurik deialdiko lanposturako izendatutakoan Mankomunitatean sartzen den izangaia Gizarte Segurantzaren sistema orokorrean kidetuko da eta hartan alta emanen zaio, sistema horren babespean.

1.7. Gainditu bai baina lanposturik eskuratzen EZ duten izangaiekin, berriz, zerrenda bat eginen da, Mankomunitateak aldi baterako kontratazioak egiteko erabiltzen ahalko duena ordezkapenak egin behar direnean eta zerbitzuak behar dituenean, Nafarroako Administrazio Publikoan sartzeko Erregelamendua onetsi zuen ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretuaren 42.2 a) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Zerrenda horrek 2002ko abenduaren 31 arte izanen du indarra, baina indarraldia luzatzen ahalko da, Mankomunitateko buruak ebazpena emanda.

Zerrendak indarra hartzeak lehenagotik aplikatzen ziren guztiak kentzea ekarriko du.

2.-Izangaiek bete beharreko baldintzak:

2.1. Oposizio-lehiaketa honetan onartuak izateko, ondoko baldintzak bete beharko dituzte izangaiek eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean:

a) Espainiako nazionalitatea izatea, edo, bertzenaz, Europako Batasuneko bertze estatu batekoa, edo Europako Batasunak sinatu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunak direla medio dagokien estatuetakoa, maiatzaren 24ko 10/2001 Foru Legeak ezarritako aldaketarekin bat.

b) Adinez nagusi izatea.

c) Eskola graduatua, lehen graduko Lanbide Heziketa edo horien pareko tituluren bat edukitzea, edo eskuratzeko moduan egotea eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

Atzerrian lortutako titulazioak badira, jatorrizkoa edo kopia notario edo administrazio bidez konpultsatua, baliokidetza egiaztatzen duena.

d) Dagozkion eginkizunak betetzeko gaitasun fisikoa eta psikikoa izatea.

e) Eginkizun publikoak betetzeko ezgaitua edo gabetua ez egotea, ez eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik baztertua ere.

Nazionalitate espainiarra ez duten izangaiek zinpeko aitorpena aurkeztu beharko dute edo hitz eman, beren estatuan funtzio publikoan aritzea galarazten dien diziplina zehapenik edo legezko kondenarik ez dutela dioena.

f) B motako gidabaimena edukitzea eta ibilgailua eskuira izatea.

2.2. Probak gainditu eta lanpostua eskuratzen duen izangaiak, epez eta moduz, deialdiko 7. oinarrian ezartzen den bezala frogatu beharko ditu baldintza horiek, eta horien jabe izan beharko du, eskabideak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita, hautapen prozesu osoan, izendatua izan arte.

3.-Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Antsoaingo, Berriobeitiko, Berriozarko, Itzako eta Txulapaingo Gizarte Zerbitzu Oinarrizkoen Mankomunitateko erregistro orokorrean aurkeztu beharko dira, Berriozarko Berriozarko etorbideko 10ean (9:00etatik 14:00etara, astelehenetik ortziralera), edo bertzenaz Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritako bideetan edozein erabiliz. Horretarako epea hogeita hamar egun naturalekoa da, deialdia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik. Epearen azken eguna baliogabea bada, hurrengo egun balioduna arte luzatu dela ulertuko da.

3.2. Eskabideak deialdi honetako I. eranskinean argitaratutako ereduari lotu beharko zaizkio. Hura Mankomunitatearen egoitzan eskuratzen ahalko da, Berriozarko Berriozarko etorbideko 10ean. Haietan eskabideak aurkezteko azken egunean lehiaketarako baldintza guztiak betetzen dituztela azalduko dute izangaiek. Eskabideari hauek erantsiko zaizkio: N.A.N.aren jatorrizkoa edo fotokopia konpultsatua, B motako gidatzeko baimenaren jatorrizkoa edo fotokopia konpultsatua, curriculum vitae-a eta lehiaketaldian balorarazi nahi dituen merezimenduen jatorrizko ziurtagiriak, kopia kautotuak edo fotokopia notario edo administrazio bidez konpultsatuak. Atzerriko herritarrek, gainera, Espainian lan egiteko edo bizitzeko behar diren baldintzak betetzen dituztela egiaztatzen duten agiri notario edo administrazio bidez konpultsatuak erantsiko dituzte.

Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.

4.-Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatu ondoren, mankomunitateburuak izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesten duen ebazpena emanen du, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadila aginduko.

4.2. Izangai baztertuek, behin-behineko zerrenda Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu ondoko hamar egun baliodunetan, erreklamazioak egiten ahalko dituzte eta, akatsik egin badute, zuzendu.

4.3. Erreklamazio epea iraganik eta horiek ebatzitakoan, mankomunitateburuak onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsiko du eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadila aginduko. Argitalpen berean adieraziko da probak non, zer egunetan eta zer ordutan hasiko diren.

5.-Epaimahaia.

5.1. Epaimahaia ondoko kide hauek osatuko dute:

Mahaiburua: Francisco Javier Montero Armiño jauna, mankomunitateburua.

Ordezkoa: Santos Munárriz Romeo jauna, mankomunitateburuordea.

Mahaikidea: Ana Nicolás Irañeta andrea, Noaingo Gizarte Zerbitzu Oinarrizkoen Mankomunitateko gizarte langilea.

Ordezkoa: Maribel Ilundáin El Busto andrea, Burlatako Gizarte Zerbitzu Oinarrizkoko gizarte langilea.

Mahaikidea: María Josefa Martiarena Aizcorbe andrea, langileen ordezkaria.

Ordezkoa: Gloria Crespo Sáenz de Pipaón andrea, langileen ordezkaria.

Mahaikidea: Carlos Gurruchaga Leache jauna, Mankomunitateko psikologoa.

Ordezkoa: Fermín Armendáriz Valdemoros jauna, Mankomunitateko gizarte hezitzailea.

Mahaikide idazkaria: Alberto Bermejo Adrián jauna, Mankomunitateko idazkaria.

Ordezkoa: Tomás Mena García jauna, Berriozarko Udaleko idazkari orokorra.

5.2. Hautapen probak hasi aurretik eratuko da epaimahaia, mahaiburuak deituta. Epaimahaia eratzeko eta jarduteko, gutienez kideen gehiengo osoak egon beharko du bertan.

5.3. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdi honetako oinarriak ulertu eta aplikatzerakoan sor daitezkeen afera guztiak.

5.4. Epaimahaiak espezialisten laguntza eskatzen ahalko du proba guztietarako edo batzuetarako. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko eta haien gainean soilik emanen diete laguntza epaimahaikoei.

5.5. Mahaikideek ezin izanen dute esku hartu, eta Udalari horrela jakinaraziko diote, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztientzako Administrazio Prozedurari buruzko 30/92 Legean abstenziorako aurreikusitako arrazoietariko bat gertatuz gero.

5.6. Izangaiek mahaikideak errefusatzen ahalko dituzte, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztientzako Administrazio Prozedurari buruzko 30/92 Legean aurreikusitako era eta baldintzetan.

6.-Oposizio-lehiaketa nola eginen den.

Oposizio-lehiaketak bi fase izanen ditu, lehenbizi lehiketaldia eta gero oposizioaldia, oinarri hauetan ezartzen den bezala.

6.1. Lehiaketaldia.

Epaimahaiak izangaiek alegatutako merezimenduak baloratuko ditu, ondoko merezimendu baremoari jarraikiz. Merezimendu guztiak oposizio-lehiaketan parte hartzeko eskabidea egiterakoan aurkeztu eta egiaztatu beharko dira agirien bidez. Hauek jatorrizkoak edo behar bezala kautotutakoak izan beharko dute, bertzenaz aurkeztu gabetzat joko dira.

Ondoko baremoaren arabera baloratuko dira izangaien merezimenduak:

a) Laneko esperientzia: 12 puntu gehienez ere.

Nafarroako edozein toki entitatetan famili langile gisa, kontratua duela, egindako urte bakoitzeko: 3 puntu.

Edozein administrazio publikotan (Nafarroako toki entitate batean izan ezik) famili langile gisa, kontratua duela, egindako urte bakoitzeko: 2 puntu.

Edozein enpresa pribatutan, famili langile gisa, kontratua duela, egindako urte bakoitzeko: puntu 1.

Egindako zerbitzuak frogatzeko, izangaiak lan egin dueneko enpresak edota administrazio publikoak luzatutako ziurtagiriak aurkeztuko dira.

Aintzat hartuko dira lan-kontratudun gisa, aldi baterako nahiz finkoa izan, edo administrazio-kontratudun gisa, bitarteko gisa nahiz lanpostuaren jabe izanik egindako zerbitzuak. Atal bat baino gehiagotan sailkaturiko zerbitzuak aldi berean egin badira, puntu gehien ematen dituena baizik ez da kontuan hartuko.

Frogatutako lanaldia urte betekoa ez bada, proportzioaren araberako kalkulua eginen da.

b) Prestakuntza ikastaroak: 3 puntu gehienez ere.

Famili langile baten berezko eginkizunekin ikusteko zuzena duten prestakuntza ikastaroengatik:

-50 ordu edo gehiagoko ikastaro bakoitzagatik: 0,5 puntu.

-20 ordu edo gehiagoko eta 50 ordu baino gutiagoko ikastaro bakoitzagatik: 0,2 puntu.

Ikastaro horiek jatorrizko tituluaren edo fotokopia konpultsatuaren bidez frogatu behar dira.

Epaimahaiak argibideak eta datu osagarriak eskatzen ahalko ditu, noiznahi, izangaiek alegaturiko merezimenduen gainean.

Epaimahaiak, aurreko atal bakoitzean izangaiek bere iritziz dituzten merezimenduak baloratuko ditu. Epaimahaiak ezin izanen du inolaz ere alegatu gabeko edo agirien bidez egiaztatu gabeko merezimendurik kontuan hartu.

Lehiaketaldia bukatutakoan, epaimahaiak Mankomunitateko iragarki oholean argitaratuko ditu izangaiek fase horretan lortu dituzten puntuazioak. Iragarpen hori oposizioa hasi baino 48 ordu lehenago egin beharko da, gutienez.

6.2. Oposizioaldia.

Deialdi hau gutienez ere bi hilabete iraganda hasiko da, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzetik.

Deialdi bakarra eginen da eta hartara izangai guztiek N.A.N., pasaportea edo gidatzeko baimena daramatela agertu beharko dute, eta eskatzen zaienean erakutsi, bertzenaz kanporatu eta baztertu eginen dituzte, nortasuna bere horretan zuzenbidearen arabera legezkoa den bertze edozein bidez behar bezala egiaztatzen ez bada. Probetan oharrak kopiatu eta bertze iruzur batzuk egitea berehala baztertzeko arrazoia izanen da eta, gainera, jarduketa penalak gertatzen ahal dira, bidezko izanez gero.

Halaber, oposizio-lehiaketatik kanpo geldituko dira agertzen ez diren izangaiak.

Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko ebazpen berean zehaztuko da probak non, zer egunetan eta zer ordutan hasiko diren. Geroago, epaimahaiak aditzera emanen ditu gainerako probak egiteko iragarkiak, erregelamenduari jarraikiz.

a) Lehen proba.

II. eranskineko gaiei buruzko test moduko galdera batzuk erantzun beharko dira idatziz, epaimahaiak proba hasi baino lehen zehaztu behar duen denboran. Gehienez ere, 20 puntu.

Proba hau baztergarria izanen da. Gutienez ere 10 puntu lortzen ez dituzten izangaiak bazterturik geldituko dira.

b) Bigarren proba.

Idatziz egin beharko dira, epaimahaiak proba hasi baino lehen zehaztu behar duen denboran:

I. zatia: zozketaz hautatutako gaia, II. eranskinekoen artean. Gehienez ere 16 puntu. Zati hau baztergarria izanen da. Gutienez ere 8 puntu lortzen ez dituzten izangaiak bazterturik geldituko dira.

II. zatia: lanpostuak berez dituen lan eta egitekoekin ikusteko duen kasu bat. Gehienez ere 16 puntu. Zati hau baztergarria izanen da. Gutienez ere 8 puntu lortzen ez dituzten izangaiak bazterturik geldituko dira.

I. zatian 8 puntu lortzen ez dituzten izangaiak bazterturik geldituko dira, eta epaimahaia ez da sartuko II. zatia kalifikatzera.

Lehen nahiz bigarren probak egiterakoan plika sistema erabiliko da.

c) Hirugarren proba.

Proba psikoteknikoak egin beharko dira, izangaiak lanpostuaren profil profesiografikora noraino egokitzen diren neurtzeko. Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Psikologia Zerbitzuaren laguntzaz eginen dira proba hauek. Gehienez ere 15 puntu.

Delako Zerbitzu horretako profesionalek izangai bakoitzari txosten psikoteknikoan esleitzen dion puntuazioa loteslea izanen da epaimahaiarendako.

Proba hau baztergarria izanen da. Gutienez ere 7,5 puntu lortzen ez dituzten izangaiak bazterturik geldituko dira.

d) Laugarren proba.

Aitzineko probak gainditu dituzten izangaiek elkarrizketa bat eginen dute buruz buru epaimahaiarekin.

Proba hau ez da baztergarria izanen eta lanpostuaren egitekoekin ikusteko duten gaiez eta horretan aritzeko izangaiek duten gaitasunaz izanen da. Gehienez ere 8 puntu.

7.-Probak gainditzen dituztenen zerrenda eta agirien

aurkezpena.

7.1. Probak amaiturik, epaimahaiak Mankomunitateko iragarki oholean jarriko du izangaiek lortutako bukaerako puntuazioa, gutienetik gehienera antolatua, lehiaketaldian eta oposizioaldian izangaiek lortutako kalifikazioak batuta. Orobat, puntuaziorik altuena lortu duen izangaiaren aldeko izendapen proposamena eginen dio Mankomunitateko buruari. Proposamen hori Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean eta Mankomunitateko iragarki oholean argitaratu beharko da.

Bi izangai edo gehiagoren artean berdinketa gertatuz gero, lehen proban puntuazio gehien lortu duenak izanen du lehentasuna. Berdinketak irauten badu, deialdi honetako 6. oinarriko bigarren probako puntuazioetara, hirugarren probakoetara, lehiaketaldikoetara eta elkarrizketakoetara joko da, erran ordena berean.

7.2. Izangaiak hogeita hamar egun naturaleko epea izanen du, proposamena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen denetik aitzina, deialdiak eskatzen dituen baldintzak betetzen dituelako ziurtagiriak ekartzeko Mankomunitateko erregistrora:

a) Jaiotzaren ziurtagiria.

b) Fotokopia konpultsatua, Nortasun Agiri Nazionalarena, pasaportearena edo izangaiaren nazionalitatearen eta nortasunaren edozein ziurtagirirena.

c) 2. oinarrian eskatutako tituluaren fotokopia konpultsatua edo hura eskuratzeko eskubideak ordain izanaren gordekinarena.

d) Osasun ziurtagiri ofiziala, lanpostuan aritzea galaratzen dion eritasun edo akats psikiko edo fisikorik ez dutela egiaztatzeko. Txosten hori Mankomunitateak zehazten duen osasun etxean luzatuko dute.

e) Zinpeko aitorpena, eginkizun publikoak betetzeko ezgaituak edo gabetuak eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik baztertuak ez daudela egiaztatzeko.

f) Zin egin edo hitz ematea Nafarroako Foru Araubidea errespetatu, Konstituzioari eta legeei men egin eta karguaren betebeharrak zintzo beteko dituela.

7.3. Ezarritako epean, behar bezala justifikatutako ezinbertzeko kasuetan izan ezik, interesatuak aipatu agiriak aurkezten ez baditu, ezin izanen da izendatu eta haren egintza guztiak deuseztuko dira, hasierako eskaeran egindako iruzurragatiko erantzukizuna deusetan galarazi gabe.

7.4. Aitzineko atalean aurreikusitakoa gertatzen bada, Mankomunitateak 7.1. oinarrian aipatutako zerrendan ondo-ondotik heldu den izangaiarekin beteko du hutsunea, eta harekin aitzineko ataletan adierazi bezala jokatuko da.

8.-Izendapena eta kontratazioa.

8.1. Hautapen prozesua amaiturik eta aitzineko oinarrian aipatzen diren agiriak ekarririk, Mankomunitateko buruak, ebazpen baten bidez, famili langile izendatuko du eta Mankomunitatearen zerbitzuko lan-kontratudun.

8.2. Izendatutako izangaiak hilabeteko epea izanen du, izendapena jakinarazten zaionetik aitzina, kontratua sinatzeko. Epe hori iragandakoan hala egin ez badu, eta ezinbertzeko kasuetan izan ezik, famili langile eta Mankomunitatearen zerbitzuko lan-kontratudun izateko eskubide guztiak galduko ditu. Hala bada, aitzineko oinarrian ezarritakoa eginen da.

9.-Errekurtsoak.

Deialdiaren aurka, bai eta haren oinarri eta egintzen aurka ere, errekurtso hauetako bat para daiteke, hautara:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, organo egileari berari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Sailari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratzen denetik hasita.

Berriozarren, bi mila eta bateko abenduaren hogeian. Mankomunitateko burua, Francisco Javier Montero Armiño.

I. ERANSKINA

Eskabide eredua

Izena: ................, adinez nagusia. NAN zenbakia: ........, jaioteguna: ............, jaioterria: .......... (.........), helbidea: ................ (.........), karrika: ................, zenbakia: ......, posta kodea: .........., telefonoa: ..............

Adierazten dut:

Antsoaingo, Berriobeitiko, Berriozarko, Itzako eta Txulapaingo Gizarte Zerbitzu Oinarrizkoen Mankomunitatearen zerbitzuko famili langile izateko lanpostu bat, oposizio-lehiaketa bidez betetzeko deialdian, ...... zenbakiko eta ...... datako Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratutakoan, onartua izatea eskatzen dudala.

Ez dudala eritasunik edo akats fisiko edo psikikorik, karguan aritzea eragozten didanik.

Indarra duten xedapenetan ezarritako ezgaitasunetarik bat ere ez dudala.

Ez naizela administrazio publiko baten zerbitzutik bereizia izan diziplina espediente baten bidez eta ez nagoela ezgaiturik eginkizun publikoetan aritzeko.

Deialdiko 2. oinarrian aipatzen den titulazioa badudala.

Eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean, eskatutako baldintza guztiak betetzen ditudala.

Horrenbertzez,

Eskatzen dut eskabide hau onar dezazulea eta, beraz, onartua izan nadila Antsoaingo, Berriobeitiko, Berriozarko, Itzako eta Txulapaingo Gizarte Zerbitzu Oinarrizkoen Mankomunitatearen zerbitzuko famili langile izateko lanpostu bat, oposizio-lehiaketa bidez betetzeko deialdian.

Berriozarren, 2002ko ........aren ....(e)an.

(Eskatzailearen sinadura)

ANTSOAINGO, BERRIOBEITIKO, BERRIOZARKO, ITZAKO ETA TXULAPAINGO GIZARTE ZERBITZU OINARRIZKOEN MANKOMUNITATEKO BURUA.

II. ERANSKINA

Gaiak

1. gaia.-Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak Nafarroan. Definizioa, egitekoak, programak.

2. gaia.-Etxez etxeko laguntza zerbitzua (ELZ), gizarte zerbitzu oinarrizkoen barnean. Zer da? Norendako da? ELZren xede diren egoerak. Gizartean eta familian izan diren aldaketen azterketa eta ondorioak, ELZtik begiratuta.

3. gaia.-Famili langileak etxez etxeko laguntza zerbitzuan. Lanaren barreneko egitekoak eta haien ezaugarriak. Etika profesionala. Harremanak bertze profesionalekin: talde-lana, oinarrizko gizarte zerbitzuen barnean, eta bertze zerbitzuekiko harremanak.

4. gaia.-Osasuna. Ohitura osasungarriak, nutrizioa eta elikadura, ariketa fisikoa, eritasunei eta istripuei aitzintzea, errehabilitazioa, osasun laguntza eta medikazioa. Norberaren eta etxearen higienea. Osasunaren aldetik kontuan hartu beharreko alderdiak.

5. gaia.-Hirugarren adina. Ezaugarriak eta hirugarren adinean agertzen diren arazo nagusiak: fisikoak, psikikoak eta sozialak. Maizenik jasaten dituzten eritasunak. ELZn zaindu daitezkeen arazoak. Sindrome geriatriko handiak: dementziak. Hilurren dauden adineko pertsonak.

6. gaia.-Elbarritasun fisiko eta psikikoak. Ezaugarriak. Laguntza fisiko nahiz psikologikoa hartzeko beharra. Laguntza fisikoa hartzeko behar handia duten pertsonen kasuan nola jokatu. ELZn zaindu daitezkeen arazoak.

7. gaia.-Etxebizitza egokitzeko aukerak. Zainketa pertsonalerako laguntzak. Mugitzeko laguntzak. Elikatzeko eta etxea zaintzeko laguntzak. Dementzia jasaten duten pertsonen etxebizitzaren egokitzapena.

8. gaia.-Famili langileak: lan arriskuak eta haiei aitzintzeko neurriak.

Iragarkiaren kodea: A0200009