18. ALDIZKARIA - 2002kootsailaren11

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Beste Xedapenak

ERABAKIA, 2002ko urtarrilaren 14koa, Nafarroako Gobernuak hartua, "N-121-A errepidea moldatzea, 65 k.p.tik Bera bitartean" izeneko obrarako alternatiba guztien Proiektua, Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak sustatua, Udalez gaindiko Proiektu Sektorial deklaratu eta espediente hori jendaurrean jartzen duena, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko uztailaren 4ko 10/1994 Foru Legean ezarritako ondorioetarako eta, halaber, Ingurumenaren gaineko Eraginaren Ebaluazioaren prozeduraren ondorioetarako.

2001eko uztailaren 5ean, Herrilan zuzendari nagusiak "N-121-A errepidea moldatzea, 65 k.p.tik Bera bitartean" izeneko Proiektuaren dokumentazioa aurkeztu du, Udalez gaindiko Proiektu Sektorial gisa onetsia izan dadin eta haren Ingurumenaren gaineko Eraginaren Deklarazioa egitearen ondorioetarako.

Zehazki, agiri hauek aurkeztu ditu:

-Ingurumenaren gaineko Eraginaren Azterlana.

-Alternatiben azterlana, laburpena.

I.-Aurrekariak.

1998-2005 urteetarako Nafarroako Errepideen Plan Zuzentzailean Iruñetik Frantziara Behobian barna doan errepidea handitzea eta hobetzea aurreikusi da. Errepidea handitu eta hobetzeko lan horiek, tartez tarte, egin dira. Espediente hau honako tarte honi dagokio: 65. k.p.tik, hots, Igantziko bidegurutzetik 2,5 kilometrora dagoen puntu batetik, zehazki, hirugarren erreia dagoen tokitik, Berako saihesbidearen hasieraraino.

Aurreko guztiaren ondorioz, beharrezko diren administrazio jarduketak eginda, tarte horretarako dauden Alternatiben Azterlana prestatu da eta horietako bakoitzari dagokion Ingurumenaren gaineko Eraginaren Azterlana. Horiek dira, hain zuzen, espdiente honen oinarrizko agiriak.

II.-Azpiegituraren onura publikoa.

Espediente honen xede den proposamenaren onura publikoaren balorazioa testuinguru zabalago batean kokatu behar da, alegia, Iruña eta Irun/Frantzia Behobian barna lotzeko bideen testuinguruan. Bide-tarte hori handitu eta hobetuz gero -N-121-A errepidearen beste tarte batzuk zabaldu eta hobetu dira dagoeneko-, gero eta handiagoa den ibilgailu-trafikoa ere hobetuko da, jakina, batez ere ibilgailu astunen trafikoa. Gainera, proiektuak ukituko dituen herriei ere (Arantza, Igantzi, Etxalar, Lesaka eta Bera) beste abantaila batzuk ekarriko dizkie obrak, tokian tokikoak. Hori guztia proposamen honen onura publikoa deklaratzeko aski da.

III.-Proposamenaren oinarrizko azalpena eta ukituriko udalerriak.

Alternatiben azterlanean, lehenbizi, jarduketek eragingo duten lekuari eta lanei buruzko abiapuntuko datu eta irizpide batzuk bildu dira (besteak beste, datu fisikoak, hirigintzakoak, sozioekonomikoak, trafikoaren azterketa, kontuan hartu beharreko irizpide teknikoak); trazadura alternatiboen planteamendua; aintzat hartu diren alternatiba guztien azterketa, hainbat aldagai eta balorazio-parametroren arabera, besteak beste ingurumenaren gainean izanen duten eragina, alternatibaz alternatiba; alternatiba bakoitzaren aurrekontua; alternatiba guztien balorazio konparatua; eta ondorioak. Azkenik, ustez egokienak diren konponbideak aholkatu dira.

Proposatzen diren lan horiek ukituko dituzten udalerriak hauek dira: Igantzi, Etxalar, Lesaka eta Bera.

Egindako lanaren ondorioetarako, zabaldu eta hobetu nahi den N-121-A errepidearen bederatzi kilometro inguruko tarte hori bost tartetan banatu da. Horietako bakoitzaren hasiera eta bukaera "nahitaez igaro beharreko puntuek" mugarritzen dute, hots, Bidasoako bazterretan aukeratu diren gune batzuk, errepideak nahitaez igaro beharreko tarteak baitira. Tarte horietako bakoitzarentzat trazadura bat baino gehiago aztertu dira; horrela, bide-tarte baterako planteaturiko alternatibak ondoko tarteetakoekin konbinatzeko modua dago.

Nahitaez igaro beharreko puntuak sei dira: 65. k.p., proposamenaren abiapuntua; egungo errepidearen 67. eta 68. puntuak, Bidasoa ibaiaren eskuineko bazterrean -tarte horretan Igantzin eta Arantzan sartzeko bideak kokatzen dira-, izan ere, ezkerreko bazterrean hautabiderik proposatzea ia ezinezkoa da, hainbat eraikin daudelako; 69,8 k.p., eskuineko bazterrean, Etxalarren sartzeko bidearen abiapuntua, hain zuzen; 72. k.p., eskuineko bazterrean, ibaiari segituz Lesakako sarbidetik beherago, inguru horretan dauden eraikinak eta beste faktore geotekniko batzuk direla kausa, ezkerreko bazterretik jotzea desegokia baita; eta, azkenik, 74. k.p., proposamenaren azkeneko puntua, Berako saihesbidearen hasiera.

Trazadura alternatibo guztiak, tartez tarte, azaltzea gauza zaila eta luzea litzateke, besteak beste, alternatiba asko aztertu direlako eta horien arteko ezberdintasunak, batzuetan, ttikiak zirelako. Planteaturiko alternatibetan, oro har, konponbide ezberdinak proposatu direla adierazi beharra dago: egungo trazadura zabaldu eta hobetzeko konponbide aski errazak ziren batzuk; beste batzuk, ordea, biratzeko erradioa ahalik eta gehien hobetzea eta egungo errepidea zuzendu eta laburtzea helburu, tunelak eta Bidasoaren bazter batetik bestera igarotzeko zenbait zubi ere egitea aurreikusten zuten. Aurkeztutako dokumentazio grafikoan, proposatutako trazadura alternatibo bakoitzaren oinarrizko ezaugarriak ikus daitezke, aski ongi.

Dena dela, bidezkoa da bide-tarte bakoitzerako zenbat alternatiba aurkeztu diren adieraztea eta horietako batzuetan proposaturiko elementu adierazgarrienen azalpen labur-laburra egitea:

-1. tartea: 6 alternatiba (horietako batean tunel bat egitea proposatzen da; beste batean, tunel bat eta bi zubi; bitan, bi zubi; eta beste batean, bi zubi eta bi tunel).

-2. tartea: 2 alternatiba (horietako batean maila ezberdineko bidegurutzea proposatzen da Igantzi-Arantzan sartzeko).

-3. tartea: 4 alternatiba (batean bi zubi proposatzen dira, maila desberdineko bidegurutze bat Etxalarren sartzeko eta lehengo errepidearen puska bat berriz erabiltzea, haren gaineko bi egitura jarriz; bestea, aurrekoa bezalakoa da, baina errepidea inolako egiturarik gabe lehengoratuz; beste batean bi tunel egitea proposatzen da).

4. tartea: 4 alternatiba (horietako batean tunel bat proposatzen da eta trazaduraren gaineko bi egitura, Lesakan sartzeko; beste batean, bi zubi, tunel bat eta aipatu egiturak; beste batean, bi zubi).

5. tartea: 2 alternatiba (horietako batean bi zubi).

Tartez tarte planteatu diren alternatiba guztien balorazio konparatua egiteko, hasiera batean, bakoitzaren kostu eta etekinak aztertu dira. Gero, irizpide askotan oinarrituriko azterketa egin da, non faktore ekonomikoak beste batzuekin konbinatu diren (ingurumenaren arlokoak eta funtzionalak), konparazio ponderatua egiteko. Balorazio konparatu horren emaitzak ikusita, ondorioztatu da ondoko hautabide hauek direla egokienak:

-1. tarterako, 1. alternatiba, tunel bat eta bi zubi eginda.

-2. tarterako, 2. alternatiba, Igantzi eta Arantzan sartzeko maila ezberdineko bideregurutzea eginda.

-3. tarterako, 3. alternatiba, bi zubi eta, Etxalarren sartzeko, sestrako bidegurutzea eginda.

4. tarterako, 4. alternatiba, bi zubi, Etxalarren sartzeko maila ezberdineko bidegurutzea eta Lesakan sartzeko sestrako bidegurutzea eginda.

5. tarterako, 2. alternatiba, bi zubi eginda.

Aholkatu diren hautabide guztietarako aurreikusita dagoen kontrata bidezko aurrekontua 20.385.241,36 eurokoa da (3.391.818.769 pezeta). Aurrekonturik merkeena, hau da kostu txikiena duten hautabideek egingo luketena, 8.245.629,69 eurokoa da (1.371.957.342 pezeta). Proiektu hori errepidearen egungo trazaduraren hobetze hutsa izango litzateke, trazadura ia aldatu gabe. Litekeen aurrekonturik garestiena, berriz, 26.957.526,05 eurokoa da (4.485.354.929 pezeta).

IV.-Espedientearen tramitazioari buruz aurretik egin beharreko azalpena.

Proiektuarekin batera aurkeztu den alternatiben azterlana ikusirik, dela tartez tarte hartua edo, logikoagoa baita, modu konbinatuan hartua, izan ere, horrela espediente honen xede den azpiegiturarako "konponbide edo alternatiba orokorra" lortuko bailitzateke, eta hori da, funtsean, helburua, Udalez gaindiko Proiektu Sektorialei eskatzen zaien gutxieneko edukia biltzeko nahiko zehaztapen daudela esan daiteke, alternatiba guztietarako gainera (Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko uztailaren 4ko 10/1994 Foru Legearen 64. artikulua). Hau da, tartez tarte planteatu diren alternatibetarik edozein konbinazio hartuta ere, aterako litzatekeen "konponbide orokorra" Udalez gaindiko Proiektu Sektorial deklaratzeko modukoa litzateke.

Bestalde, lehenago esan bezala, aipatu Azterlanean hautabiderik egokienak hartzea aholkatzen da, baina horrek ez du esan nahi azkenean hautabide horiek aukeratuko direnik nahitaez, izan ere, horretarako beste alderdi batzuk ere kontuan hartu beharko dira, besteak beste, espedientea jendaurrean egoteko prozeduran gertatzen dena eta interesa duten Departamentuen txostenak.

Horregatik guztiagatik, kontuan harturik, orobat, UPSak onesteko lehenbiziko administrazio egintza, 10/94 Foru Legearen 65. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, proiektua Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala deklaratzea dela -proiektuak, gainera, aipatu Foru Legearen 64. artikuluan aipatzen dena bildu behar du, eta kasu honetan azterturiko hautabide guztiek betetzen dute hori-, bidezkoena deklarazio horrek espedientea "oso-osorik" hartzea da, eta alternatiba guztiak UPSren osagaitzat hartzea. Horrela, espediente hori jendaurrean jarriko da, Ingurumenaren gaineko Eraginaren Deklarazioaren ondorioetarako eta "alternatiba edo hautabide orokorra", hots, espedientea jendaurrean jarri ondoren behin betikoz onesten den trazadura, gero UPS gisa onestearen ondorioetarako.

V.-Lurralde eta hirigintzako zehaztapenak.

Espediente honetan proposatzen diren lanen lurralde eta hirigintzako azterketa, lau faktorek mugarritzen dute: a) proposatzen diren lanen xedea, hau da, funtsean, egungo errepidearen funtzionaltasuna hobetzea; b) lanak hasi eta amaitzeko puntuak finkoak dira, sendoturik dauden jarduketen parte baitira; c) egungo errepideak zeharkatzen duen inguru geografikoa, hots, egin gogo diren lanen eragin-eremua, gorabehera orografiko nabarmenen artean sartutako ibarra baita; d) N-121-A errepidearen eraginpeko biziguneen kokagunea eta jarrera, errepidearen zerbitzu-hartzaile, eta erabiltzaile ere, diren aldetik.

Faktore horien guztien azterketaren ondorioz, zera adierazi beharra dago: aztergaia ez da "korridore" alternatiboen multzo bat, lurralde arloko adiera zabalean; aitzitik, aipatu testuingurua kontuan hartuta, "korridore" bakar bat da zilegi, ez dago beste biderik, eta horren trazadurarako alternatiba multzo bat proposatu da. Horren ondorioz, lurralde eta hirigintza arloko azterketa, kasu honetan, alderdi puntual edo/eta bakan batzuetan baino ezin da egin. Bestalde, proposatzen diren jarduketen ezaugarri nagusia egungo errepidearen funtzionaltasuna hobetzea da, baina zeharkatzen duen gune geografikoarekin ahalik eta bateragarriena izan nahian. Hortaz, ingurumen arloko osagaiak izan dira azterketaren oinarri-oinarrizko alderdiak.

Hori guztia kontuan harturik eta planteaturiko alternatiba guztiak ikusirik, batez ere hautatze aldera proposatu direnak, honako hau ondorioztatu da:

a) Jarduketek zeharkatuko duten korridorean barna lehengo "Bidasoa" burdinbidea doa. Burdinbide hori "bide berde" bihurtzeko aukerak aztertzeko hainbat lan egin dira. Oro har, burdinbidearen trazadura nahiko ongi errespetatzen da: azterturiko alternatibetarik bederatzitan ez da ukituko eta gainerako bederatzietan zenbait gurutzadura eta ukitze gertatzen dira. Nolanahi ere, hartzen den hautabidea zeinahi delarik, aipatu burdinbidea behar bezala lehengoratu beharko litzateke.

b) Igantzi-Arantza, Etxalar eta Lesakan sartzeko bideak ere aztergai izan dira.

Igantzin, egungo errepidearen trazadura etxebizitzetarako hiri lorzuruen sailean dagoen eremu txiki baten mugakide da. Trazadura hori da, aipatu sarbideak hobetzeko, 2. tarterako dauden bi alternatibetan proposatu dena. Konponbide horrek, antza, ez du eragin nabarmenik izango indarra duen udal planeamenduaren hirigintza aurreikuspenei begira.

Etxalarren kasurako, adierazi beharra dago, lehenik, herri horretako Udal Planean "N-121-A" errepidearentzako trazadura berria egitea aurreikusten dela, 3. tarterako 2. alternatibarekin bat datorrena, neurri batean, baina alternatiba hori ez da hautatze aldera proposatu dena. Nolanahi ere, alternatiba guztietan herrian sartzeko proposatu diren hautabide guztiak aipatu Udal Planaren zehaztapenekin bateragarriak dira.

Azkenik, Lesakako sarbideari dagokionez, herrian sartzeko planteaturiko alternatibetarik hautabide batek ere ez luke eraginik izango udal planeamenduaren higirintza aurreikuspenetan.

VI.-Ingurumen arloko zehaztapenak.

Ingurumen zuzendari nagusiak egindako txostenak, besteak beste, honako hau azaltzen du:

Trazadura osoa ES2200014 Batasunerako intereseko lekuaz gaindi doa (Bidasoa ibaia). Lekuak 50 metroko tartea hartzen du ibaiaren bazter bakoitzean, baina zerrenda horiek konpentsatzeko aukera dago, bazter batetik bestera. Ibaiaren eskuineko bazterrean errepidea eta ezkerrekoan Bidasoaren burdinbidea etengabe egonda, BIL horrentzat mugatutako eremuaren proposamena garatzea galaraziko litzateke.

Aipatu gune horren egungo egoera azaldu ondoan -hantxe izandako esku-hartzea, kalitatearen ikuspuntutik atzeman diren ukipenak eta bizirik dirauten balore ekologikoak, gune hori BIL deklaratzeko oinarri izan direnak-, adierazten da tramitazio bidean jartzeko aurkeztu den alternatiben azterlanean islatu den egoera ikusita, tarte horretan korridore bakar bat dela zilegi. Hori horrela, trazaduraren alternatiba guztiek ukitzen dute BIL hori, gutxiago edo gehiago. Gainera, Azterlanean adierazten da ez dagoela, Batasunerako Intereseko Leku hori ukitu gabe, proiektuaren helburuak betetzea ahalbidetzen duen alternatibarik.

Laburbilduz, N-121-A errepide nazionala hobetzeko obrak Bidasoako ibai-bideari segituko diote eta puntu askotan ibai-bidea edo ibai-bazterretako landaredia gurutzatu edo ukituko dituzte. Ibai baten egitura eta funtzionaltasun ekologikoa mantentzea ibai-tarte jakin batzuk lehengoratzeaz haratago doa. Obraren eragina aztertzeko ikuspegi integrala behar da: ibaien ekosistema osotasunean ulertu behar da, non toki jakin batean eragiten diren afekzioek ibaian gora eta beherako tarteak ere ukitzen dituzten (eta batzuetan ibai-tarte osoa ere). Gainera, ibaiaren luzeraz gain, zabalera ere hartu behar da aintzat, izan ere, ibai-bidearen eta bazterretako basoen eta inguruko harizti eta pagodien arteko lotura-bidea, funtzionaltasunari begira, ibai-bidean gertatzen diren prozesu ekologikoak (uretako flora eta faunaren joan-etorriak edo elikagai eta jalkinen jarioa) bezain garrantzitsua da.

Aurkeztutako dokumentazioa ikusirik, txostenean proposatu da, 92/43/EEK Zuzentarauari jarraikiz, Ingurumenaren gaineko Eragina Ebaluatzeko prozedurari hasiera ematea, Ingurumenaren gaineko Eragina Ebaluatzeari buruzko ekainaren 28ko 1302/1986 Legegintzako Errege Dekretua aldatzeko maiatzaren 8ko 6/2001 Legearen arabera, eta, horretarako, espedientea jendaurrean jartzea. Jendaurreko aldiaren tramitazioaren emaitzak, batetik, eta Ingurumenaren gaineko Eraginaren Deklarazioaren ondorioak, bestetik, garatu beharreko proiektuaren ezaugarriak mugatzeko lagungarri izango dira. Proiektuarekin batera, neurri zuzentzaileak aurkeztu beharko dira. Neurri horiek, ondo-ondoko ibai-bidean eta inguru hurbilean eragingo diren kalte puntualak zuzentzeaz gainera, ibiaiaren ekosistemaren egungo egoera hobetzera joko dute, zaintzea merezi duten kalitateko ibai-tarteetan eta, horrez gainera, errekuperatu beharko diren beste batzuetan ere eraginez.

Horrenbestez, Lurraldearen Antolamenduko Batzordeak 2001eko abenduaren 18an emandako txostena kontuan harturik eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko uztailaren 4ko 10/1994 Foru Legea eta aplikagarri diren gainerako arauak ikusirik, Nafarroako Gobernuak, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak proposaturik,

ERABAKI DU:

1. "N-121-A errepidea moldatzea, 65 k.p.tik Bera bitartean" izeneko obrarako alternatiba guztien Proiektua, Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak sustatua, Udalez gaindiko Proiektu Sektorial deklaratzea, Foru Lege horretan ezarritako ondorioetarako.

2. Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuari adieraztea aukeratzen den trazaduraren eraikuntza proiektua Erabaki honen azalpen zatiko VI. atalean, "Ingurumen arloko zehaztapenak" izenekoan, biltzen diren irizpideen arabera gauzatu beharko dela, eta betiere Ingurumenaren gaineko Eraginaren Deklarazioan ezartzen diren zehaztapenen arabera.

3. Adieraztea, halaber, aukeratzen diren hautabideen eraikuntza proiektuan Erabaki honen azalpen zatiko V. atalean, "Lurralde eta Hirigintzako zehaztapenak" izenekoan, azaltzen diren alderdiak aintzat hartu beharko direla.

4. Espedientea onetsi aitzin, Hezkuntza eta Kultura Departamentuaren txostena aurkeztu beharko da, ondare historikoari eragin ahal zaizkion ukipenei buruzkoa.

5. Espedientea jendaurrean jartzea eta proiektaturiko trazadurak ukituko dituen mugapeetako toki entitateei entzunaldia ematea. Bi tramite horiek batera egingo dira eta hilabete bat iraungo dute, gutxienez.

6. Espedientea jendaurrean jartzea Ingurumenaren gaineko Eraginaren Ebaluazioari dagokion prozeduraren ondorioetarako ere, epe berean, indarra duten lege-aginduetan ezarritakoarekin bat.

7. Horretarako, espedientea Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuan izango da (Alondegi kalea, 1-2.a, Iruña), interesatuek aztertu eta, aipatu epean, egoki iruditzen zaizkien alegazioak aurkeztu ahal izateko, idatziz.

8. Erabaki hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea eta Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuari, Hezkuntza eta Kultura Departamentuari, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari eta Igantzi, Etxalar, Lesaka eta Berako udalei jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, bi mila eta biko urtarrilaren hamalauan.-Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilaria. Nafarroako Gobernuko idazkaria, Rafael Gurrea Induráin.

Iragarkiaren kodea: A0200775