18. ALDIZKARIA - 2002ko otsailaren 11

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Beste Xedapenak

ERABAKIA, 2001eko abenduaren 26koa, Nafarroako Gobernuak hartua, Tafallan eta Erriberrin, "La Nava" industrialdea handitzeko Udalez Gaindiko Plan Sektoriala onesten duena, Nafarroako Gobernuko Industria eta Teknologia, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuak sustaturik.

I.-Aurrekariak

Nafarroako Gobernuak, 2001eko maiatzaren 14an egin bilkuran, Udalez Gaindiko Plan Sektorial deklaratzea erabaki zuen "La Nava" industrialdea handitzeko Proiektua, Tafallako eta Erriberriko udal mugapeetan, Industria eta Teknologia, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuak sustaturik. Halaber, hilabetez gutxienez eta aldi berean, jendaurrean jartzea eta entzunaldia ematea udal mugapea ukitzen zaien Toki Entitateei.

Erabakia 2001eko ekainaren 25eko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, eta Tafallako eta Erriberriko Udalei jakinarazi zitzaien.

Udalez Gaindiko Plan Sektorial honen xedea gaur egungo "La Nava" industrialdea handitzea da, Tafallako eta Erriberriko udalerrietako lurretan.

"La Nava" izeneko parajean handituko da industrialdea, Iruña-Zaragoza N-121 errepide zaharraren eta Zidacos ibaiaren artean. Ipar-ekialdera, gaur egungo "La Nava" industrialdea du mugakide; ipar-mendebaldera, Errotako bidea; hego-ekialdera, Erriberriko udal mugapeko lursailak; hego-mendebaldera, Iruña-Zaragoza N-121 errepide zaharra.

Honako hauek dira proposatu antolamenduaren datu adierazgarrienak, jendaurreko epeak iraun bitartean egindako aldaketak sarturik:

Industriarako lurzorua: 129.135 m2

Gehieneko okupazioa: 91.557 m2

Lurzoru dotazional askotarikoa: 10.282 m2

Gehieneko okupazioa: 5.141 m2

Berdegune publikoak: 23.117 m2

Zerbitzu teknikoen eremua: 4.817 m2

Bide sarea: 42.286 m2

Bide sistema orokorra eta N-121 errepidea: 8.332 m2

Antolamenduko azalera, guztira: 217.969 m2

Hauxe da eraikinetarako azalera:

Gehieneko azalera: 116.186 m2

Industri azalera: 107.960 m2

Askotariko ekipamendua: 8.226 m2

Lurzoru urbanizagarria banaketa eremu bat da, 0,54 m2/m2 motako aprobetxamendua duena.

II.-Aurkeztu alegazioak eta erantzunak

Proiektu Sektoriala jendaurrean egon den bitartean, bi alegazio aurkeztu dira, eduki bera dutenak. Ondoren ematen da aditzera eduki hori eta eman zaion erantzuna:

Javier Martínez Huarte-Mendicoa jauna eta anaiak, Pedro Miguel Romeo Tiebas jauna eta Álvaro Martinena Pagadizabal jauna.

Beste balorazio ekonomiko bat egiteko eskatu dute, lurzorua merkatuaren errealitateari hobeki egokitu dakion. Gutxienez, 1985ean "La Nava" industrialdean ordaindu zena, eguneratua, izan dadila balorazioa egiteko abiaburua, kontuan hartuz beste errealitate sozio-ekonomiko bat duela Nafarroak gaur egun.

"Nafarroako Gobernuko Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak berak egin Azterlan Ekonomikoan, kontuan hartzea lurzoru motak, haien nekazaritzarako produktibitate handien arabera".

"Balorazio berri horiek eginik, Plana berriz atera behar litzateke jendaurrera".

"Uste dute Administrazioak egintza burutuak saihestu behar dituela, jabeentzat egokiagoa den beste informazio bat eman behar dela, ukitutako udalen bidez, indar betearazlea duten pertsonak baliatuz Auzitegiak saihesteko, eta parte guztientzat zuzena den erabakia hartu behar dela".

Erantzuna:

Ohartarazten zaie alegatzaileei kalkulu bat baino ez dela Planaren dokumentazioan ageri den balioa, eta ez behin betikoa; datu horrek ez diola dokumentazioari funtsezko aldaketarik ekartzen, orientaziokoa baita eta ez loteslea, eta horregatik ez dela bidezkoa beste epe bat jendaurrean.

Lurzoruaren balorazioari dagokionez, Lurzoruaren Araubideari eta Balorazioei buruzko 6/1998 Legearen 27. artikuluan ezarritakoa beharko da aplikatu, hantxe honako hau esaten baita: "Lurzoru urbanizagarriak 16. artikuluko 1. atalean adierazi egoera duenean, haren balioa ateratzeko, poligonoan erasandako oinarrizko balioa aplikatuko zaio aprobetxamenduari; hau da, katastroko balioen txostenetatik hartutakoa. Katastroko txostenen baliorik ez badago edo indarraldia galdu badute, hondar- metodoaren bidez ateratako eragin-balioak aplikatuko dira".

Hortaz, bidezko da alegazioa ezestea.

III.-Aurkeztutako txostenak

III.1. Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentua.

Bi txosten aurkeztu dira: Zainketa Zerbitzukoa eta Proiektu, Teknologia eta Obra Hidraulikoen Zerbitzukoa. Lehenean zehaztapen hauek egin dira:

a) Sarbidea eraikitzeko proiektuak indarra duen araudiari beharko dio jarraitu eta egon daitekeen trafikoarekin bat etorri; orobat, onesteko aurkeztu, bidezko bada. Handitutako "La Nava" industrialdea zerbitzuan hasi baino lehen egon beharko du egina sarbide horrek.

b) Itxiturarik eginez gero, eraikuntza lerroan beharko dira jarri; hau da, galtzadaren kanpoko ertzetik 18 metrotara, gutxienez. Garbiak badira bakarrik; hau da, itxiturak bururen buruko zokaloa, 0,60 metro garai, eta 2 metro bitarteko sarea badu, egin ahalko da eremuaren kanpo ertzetik 8 metrotara.

III.2. Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentua. Nekazaritzako Egituren Zerbitzua.

UPSk hartutako azalera Nafarroako Ubideaz urezta daitekeena da eta, beraz, kontuan hartua Nafarroako Gobernuak 1999ko ekainaren 7an onetsi Nafarroako Ubidearen eta Eremu Ureztagarrien UPSn. Proiektuaren interes publiko eta soziala dela medio bazter daiteke afekzio hori (1/1999 Foru Legearen 6. art.) eta bateragarriak dira 21,15 ha kentzea eta Nafarroako Ubidearen UPSren azken helburua, Ubidearen bitartez 53.125 ha ureztalur bihurtu nahi baitira.

III.3. Mairagako Mankomunitatea

Mairagako Mankomunitateak zenbait baldintza tekniko dakartza bere txostenean, kontuan hartu beharrekoak industrialdea urbanizatzeko proiektua prestatzen den tenorean. Txosten osoa beharko zaie erantsi obra baldintzei, eta betetzen dela frogatu hornidura eman baino lehen.

III.4. Ebroko Ur Konfederazioa. Ur Ikuskatzailetza.

Konfederazioak adostasun txostena eman dio Plan Sektorialari; hortaz, Jabari Publiko Hidraulikoko Erregelamenduaren 78.1 artikuluaren arabera (apirilaren 11ko 849/86 E.D.), ibaibideen eremuko obrek, Plan horretan jasota badaude, ez dute Erakunde honen baimen espresurik beharko.

Plana dela eta, Zidacosen ibaibide publikoan eragina duten obrek eta, zehazki, euri urak biltzeko sarearen hustubideak, Ebroko Ur Konfederazioaren nahitaezko baimena beharko dute, egin baino lehen.

Eremuaren azterlan hidrauliko sakona egitea gomendatzen du, urak hartu dezakeen esparrua zehazteko, obrak hasi baino lehen. Azterlan hori prestatuz gero, Konfederazio honetara bidali beharko da, aztertzeko eta ezagutzeko.

III.5. Hezkuntza eta Kultura Departamentua. Vianako Printzea Erakundea.

Museo, Ondasun Higigarri eta Arkeologi Atalak adostasun txostena eman dio Planari; izan ere, aukeratu tokian, Tafallako eta Erriberriko udal mugapeetan, ez dago Nafarroako Arkeologia Inbentarioan katalogatu aztarnategi arkeologikorik.

Dena dela, Atal honen ustean, obrak direla-eta, Jarraipen Arkeologikoa egin behar zaie lur mugimenduei. Arkeologiako zerbitzuetan espezializatu enpresa batek eginen ditu lanak, eta proiektuaren promotoreak ordainduko du.

IV.-Aurkeztutako dokumentazioa eta bere edukia

IV.1. Antolamendu berria

Aurkeztu dokumentazioak aldaketa txiki batzuk egiten dizkio hasierako antolamenduari, UPS deklaratzen duen Gobernuaren Erabakian egin errekerimenduari kasu eginez.

Aldaketarekin, funtsean, sarbide berriaren biribilguneko azelerazio eta mantsotze erreien lurrak sartu dira. Gainera, SEPESek beharrezkoa ikusi du zerbitzu teknikoak berriro disenatzea eta handitzea, azpiegituretako desbideraketak egin ahal izateko, ondoriozko lurzatiak zortasunik gabe geldi daitezen.

IV.2. Memoria

Promotoreak Plan Sektorialeko zenbait puntu aldatu ditu, Udalez Gaindiko Plan Sektorial deklaratzen duen Gobernuaren Erabakiarekin, hainbat erakundek eman txostenekin eta SEPESek dokumentuari egindako berrikuspenarekin bat etorriz.

IV.3. Araudia

Promotoreak Plan Sektorialeko araudiaren artikulu batzuk aldatu ditu, Udalez Gaindiko Plan Sektorial deklaratzen duen Gobernuaren Erabakiarekin, hainbat erakundek eman txostenekin eta SEPESek dokumentuari egindako berrikuspenarekin bat etorriz. Aldaketa horiek eragina dute bidesare publikoko aparkalekuen plazetan, oztopo fisiko eta sentsorialei buruzko uztailaren 11ko 4/1988 Foru Legearen jarduketa esparruaren aplikazioan, baita haren Erregelamenduan ere, eta Suteen aurkako Babesari dagokionez ere bai, Industri Establezimenduen Suteen aurkako Segurtasun Erregelamendua (uztailaren 6ko 786/2001 ED) sartu baita Suteen aurkako Babesa izeneko 51. artikuluan.

V.-Hirigintzako eta lurraldeko inguruabarrak

Igorri dokumentuak Gobernuaren Erabakiaren zehaztapenak jasotzen ditu, Industria eta Teknologia, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuak sustaturik, Tafallako eta Erriberriko udal mugapeetan, "La Nava" industrialdea handitzeko Proiektua Udalez Gaindiko Plan Sektorial deklaratzen duen Erabakian adierazitakoak, alegia; orobat, hainbat erakundek eman txostenak erantsita ditu Memorian, baita Araudian eta Planoetan ere.

Zuzenak dira, baina funtsezkoak ez, dokumentuari egindako zuzenketak lurzoruaren araudi eta sailkapenari, sarbide eta bidesareei eta lurzoru urbanizagarriko lagapen eta erreserbei dagokienez; beraz, ez da bidezko beste epe bat jendaurrean.

VI.-Ingurumenari buruzko inguruabarrak

"La Nava" industrialdea handitzeko Proiektua Udalez Gaindiko Proiektu Sektorial deklaratzen duen Gobernuaren Erabakian, bazen Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuaren txosten bat. Bertan esaten denez, Ingurumenaren gaineko Ukipenaren Azterlan orokorrak ez ditu kontuan hartu eta aztertu Zidakos ibaiaren ukipenak, eta uholdeen gaineko azterlan sakona egin behar da, "izan ere, gaur egungo ibaibidea ez da batere egokia uholdeentzat, ez oinplanoan ez sekzioan".

Igorri den dokumentu berriak ez ditu kontuan hartu Zidakos ibaiaren ukipenen azterlanetik ateratako ondorioak Ingurumenaren gaineko Ukipenaren Azterlanean; beraz eremuko azterlan hidrauliko sakona egin behar da, uholdeek har ditzaketen bazterrak zehazteko, urbanizazio obrak hasi baino lehen. Azterlan hori Ingurumen Departamentura beharko da igorri, aztertu dadin, eta ezagutzera eman.

VII.-Onura publikoa, okupatu beharra eta premia deklaratzea

Industria Zuzendaritza Nagusiak, Tafalla-Erriberriko industri eremuan lurzoru publikoa eskaintzeko dagoen beharra ikusita, Plan Sektorialaren onura publikoa deklaratzeko eskatu du, baita UPSak hartutako finkak okupatu beharra eta premia ere, desjabetzapenetarako; orobat, SEPES onuradun deklarateko.

Plan Sektorialak honako helburu hau du:

Ikusirik Udalez Gaindiko Plan Sektorialaren helburua (lurzoru industrial antolatua, zerbitzu eta azpiegitura guztiez hornitua sustatzea, Erdialdean industri jarduerak bultzatzeko, Foru Komunitateko lurzoru industrial publikoa osatzearren) eta kudatzeko aukeratu den sistemarena, bidezko da, Lurralde Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko uztailaren 4ko 10/1994 Foru Legearen 65. artikuluko 3. atalean aurreikusitakoari jarraituz, Nafarroako Gobernuak Udalez Gaindiko Plan Sektorial deklaratzea, desjabetzapen ondorioetarako.

Bestalde, lurzoruaren okupatu beharra eta premia deklaratzeko, eta SEPES onuradun deklaratzeko, promotoreak uste du, alde batetik, Udalez Gaindiko Plan Sektorial deklaratzeak berak dakarrela okupatu beharra; desjabetzapenaren premia deklaratzeari dagokionez, promotoreak uste dut beharrezkoa dela, lurzoru gutxi dagoelako Erdialdean azpiegiturez hornitua, eta horrek deskontrola dakarrela lurzoruaren prezioetan eta jarduera ekonomikoa areago galarazten. Azkenik, promotorearen irudikoz, begi bistakoa da SEPES onuradun deklaratzea, bere jarduketaren helburuak bat heldu baitira Foru Gobernuak sozietate horrentzat seinalatukoekin, desjabetzapenaren espedientea laster tramitatzeko izanik.

Promotoreak alegatu arrazoiak onartzeko modukoak izanik, bidezko da okupatu beharra eta premia deklaratzea, desjabetzapen ondorioetarako, baita ere SEPES Plan Sektorialak hartutako lurren desjabetzapenaren onuradun.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuak, kontuan hartuta Lurraldearen Antolamendurako Batzordeak 2001eko abenduaren 18an emandako txostena eta ikusirik Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko uztailaren 4ko 10/1994 Foru Legea eta aplikatzeko diren gainerako arauak, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak proposaturik,

ERABAKI DU:

1. Alegazioak ebaztea, Erabaki honen azalpen zatian, II. atalean adierazi bezala.

2. Industria eta Teknologia, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuak sustaturik, Tafallako eta Erriberriko udal mugapeetan, "La Nava" industrialdea handitzeko Udalez Gaindiko Plan Sektorialaren espedientea onestea, Erabaki honen azalpen zatian, III. atalean adierazi baldintzak betetzeko aginduarekin.

3. úEremuko azterlan hidrauliko sakona egin dezala eskatzea promotoreari, Zidacos errekaren ibaibidea uholdeetara egokitzeko obren beharra balora dezan. Azterlan hori Ingurumen Departamentuak zein Ebroko Ur Konfederazioak beharko dute aztertu, edozein urbanizazio lan egin baino lehen.

4. Nafarroako Gobernuko Industria eta Teknologia, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuak sustaturik, Tafallan eta Erriberrin, "La Nava" industrialdea handitzeko Udalez Gaindiko Plan Sektorialaren onura publikoa deklaratzea, desjabetzapen ondorioetarako.

5. Plan Sektorialak hartutako finkak okupatu beharra deklaratzea.

6. Okupazioaren premia deklaratzea, desjabetzapen kontuetarako.

7. SEPES Plan Sektorialak ukitu lurren desjabetzapenaren onuradun deklaratzea.

8. Plan Sektoriala onesteagatik ez dira galarazten proiektua gauzatzeko behar diren baimenak.

9. Adieraztea, nahi izanez gero, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Erabaki honen aurka, jakinarazi edo Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 116 eta 117. artikuluetan xedatutakoari jarraituz, nahiz Lege hori urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatu edo, bestela, zuzenean jotzen ahal dela kontra Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzio- ordenan, jakinarazi edo Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik bi hilabeteko epean, Administrazioarekiko auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 46. artikuluak xedatu bezala.

10. Erabaki hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea eta Industria eta Teknologia, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuari, Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuari, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuari, Hezkuntza eta Kulturakoari, Ingurumenaren Zuzendaritza Nagusari, Ebroko Ur Konfederazioari, Mairagako Udalari, Tafallako eta Erriberriko udalei eta alegatzaileei jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, bi mila eta bateko azaroaren hogieta seian.-Lehendakaritza, Justizia eta Barne konstseilaria, Nafarroako Gobernuko idazkaria. Rafael Gurrea Induráin.

Iragarkiaren kodea: A0200137