18. ALDIZKARIA - 2002ko otsailaren 11

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Aginduak

7/2002 FORU AGINDUA, urtarrilaren 25ekoa, Hezkuntza eta Kultura kontseilariak emana. Arautzen du Nafarroako Foru Komunitatean diru publikotik ari diren irakaskuntza ez-unibertsitarioko ikastetxeetan Haur Hezkuntzan, Lehen Hezkuntzan eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan ikasleak 2002/2003 ikasturtean onartzeko prozedura.

Otsailaren 28ko 56/1994 Foru Dekretuak (martxoaren 4ko 130/1996 Foru Dekretuaren bidez aldatua), Nafarroako Foru Komunitatean diru publikotik ari diren irakaskuntza ez-unibertsitarioko ikastetxeetan ikasleak onartzeko prozedura arautzen du. Arau hark zehazturiko esparruaren barnean eta aipatu Dekretua garatu nahian, bidezkoa da segurtasun juridiko egokia emateko prozedura arautua ezartzea.

Ikastetxeetako parte-hartze, ebaluazio eta gobernuari buruzko azaroaren 20ko 9/1995 Lege Organikoko bigarren xedapen gehigarrian xedaturikoa betez (azaroaren 21eko EAOn argitaratu zen), sozialki edo kulturalki desfaboratutako egoeretan dauden ikasleen eskolatzeari dagokionez, diru publikotik ari diren ikastetxe guztietan, Haur Hezkuntzako bigarren zikloko lehen ikasmailarako, ikasleak onartzeko ikastokiak erreserbatuko dira.

Horrenbestez,

AGINDU DUT:

I. KAPITULUA

Alderdi orokorrak

1. artikulua. Foru Agindu honen helburua da Nafarroako Foru Komunitatean diru publikotik ari diren irakaskuntza ez-unibertsitarioko ikastetxeetan Haur Hezkuntzan, Lehen Hezkuntzan eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan ikasleak 2002/2003 ikasturtean onartzeko prozedura arautzea.

2. artikulua. 1.-Foru Agindu honetako araubidea diru publikotik ari diren irakaskuntza ez-unibertsitarioko ikastetxeetan lehenbiziko aldiz sartu nahi duten ikasleei aplikatuko zaie, 1. aipatzen diren ikasgaiak egiteko.

2.-Ikastetxe berean hezkuntza maila batetik bestera iragateko edo ikastetxe atxiki batetik atxikipen ikastetxera iragateko ez da onarpen prozedurarik beharko, ikastetxe beraren edo hari atxiki ikastetxeen eskari osoa asetzeko adina ikastokirik ez bada. Hori hala bada, ikastetxe horen eta hari atxiki ikastetxeen eskatzaileen artean onarpen prozesua egin beharko da. Kasu horretan izan ezik, atxikipen ikastetxeak ikasleari onarpen prozesua aplikatu gabe esleituko dio ikastokia, ikastetxe atxikiak eskatuta edo ikaslearen guraso-agintea dutenek edo, guraso-agintearen menpe ez dagoen kasuetan, ikasleak berak eskatuta.

3. artikulua. Eskaerak horretarako prestatu eredu ofizialaren araberakoak izanen dira.

4. artikulua. Eskatzaile bakoitzak eskabide bakarra aurkeztuko du, non adierazi beharko baitu zein ikastetxetan nahi duen ikastokia, bere lehentasunen arabera. Eskabide hori lehenbiziko tokian jarri duen ikastetxeko administrazio bulegoan aurkeztu beharko da. Oso-osorik bete beharko da eta nahitaezkoa izanen da aurkeztea hartan aditzera emandako froga-agiri guztiak eta, hala behar denean, ikastetxeko erakunde eskudunak edo Eskolatze Batzordeak eskatzen duen informazio osagarria.

5. artikulua. Eskabidea toki bat baino gehiagotan aurkeztuz gero, lortutako ikastokia galduko da.

6. artikulua. Ikastetxeek, behar den epean aurkezten diren eskaera guztiak onartuko dituzte. Sartzeko eskaera guztietarako nahiko ikastokirik ez dagoenean, hurrengo irizpideetan oinarritutako lehentasun hurrenkerari jarraituko zaio, 7. artikulutik 13. artikulura bitarte xedatu bezala.

7. artikulua. 1.-Famili unitatearen urteko errentak baremo honen arabera baloratuko dira:

a) Lanbidearteko gutxieneko soldataren adinakoak edo baxuagoak diren errentak: 1,5 puntu.

b) Lanbidearteko gutxieneko soldatatik gora, halako bi edo gutxiago diren errentak: 0,5 puntu.

c) Lanbidearteko gutxieneko soldata halako bi edo gehiago diren errentak: 0 puntu.

2.-Famili unitatearen urteko errenta frogatzeko, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren Adierazpenaren kopia (familiarena) aurkeztu beharko da, ikastokia zein urte naturaletarako nahi den, bi urte lehenagoko zergaldiari dagokiona, Ogasunak gaituriko bulegoren batek zigilatua.

3.-Ikastokia zein urte naturaletarako nahi den, bi urte lehenagoko zergaldian ikaslearen famili unitateak deklaratu beharra dakarren urteko famili errentatik beherako dirusarrerak izan baditu, errenta hori egiaztatzeko ondoko idatz-zatietan aipatzen diren agirietako bat aurkez daiteke:

a) Epe horri dagokion Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren borondatezko adierazpena, edo

b) Epe horretan jasotako dirusarrerak egiaztatzeko beste agiri batzuk.

Kasu bietan, ikastetxeetako organo eskudunek behar duten dokumentazio osagarria eskatzen ahalko diete eskatzaileei, eskaeran agertutako famili errenta egiazkoa ote den ikusteko.

4.-Famili unitatearen errentak behar bezala egiaztatzen ez badira, atal honengatik 0 puntu emanen da.

8. artikulua. 1.-Artikulu honetako 3. zenbakiko kasuetan izan ezik, ikastetxea ikaslearen etxetik hurbil egotea honela baloratuko da:

a) Ikaslearen etxea ikastetxearen eragin eremuaren barnean baldin bada: 5 puntu.

b) Ikaslearen etxea ikastetxearen eragin eremuarekin mugakide den eremuan baldin bada: 2 puntu.

c) Ikaslea beste eremu batean bizi baldin bada: 0 puntu.

Familiaren helbidea tokian tokiko Udalak luzaturiko ziurtagiriaren bidez egiaztatuko da.

2.-Eskaeretan, ikaslearen onarpenaren ondorioetarako, familiaren helbidearen ordez lantokiarena jartzen ahalko da. Lantokiaren helbidea egiaztatzeko, enpresaren titularrak emandako agiria aurkeztu beharko da, lantokia non dagoen zehaztu eta ikasleak edo ikaslearen guraso-agintea duen pertsonak bertan lan egiten duela adierazteko. Lantokia ikastetxearen eragin eremuan edo horren eremu mugakideren batean baldin badago, eskatzaileari 2 puntu emanen zaizkio.

9. artikulua. Eskatzen den ikastetxean senideak matrikulaturik izatea, honela baloratuko da:

a) Ikastetxean senide bat: 3 puntu.

b) Gainerako senide bakoitzarengatik: puntu 1.

Ikastetxean senideak dituela ulertuko da onarpena eskatzen den ikasturte horretan ikastetxean segitu behar baldin badute.

10. artikulua. Familia larri bateko kide izateagatik, puntu 1 emanen da. Horretarako, behar den titulu edo liburua aurkeztu beharko da.

11. artikulua. Ofizialki ezagututako elbarritasuna egiaztatzen duten ikasleei puntu 1 emanen zaie.

12. artikulua. Ikastetxe bakoitzeko Eskola Kontseiluak beste 3 puntu gehiago ematen ahalko ditu, ezartzen duen irizpide osagarri bakoitzagatik gehienez ere puntu 1. Irizpide horiek Eskolatze Batzordeak aurretik baimendu beharko ditu.

13. artikulua. Puntu berdinketa gertatzen denean, otsailaren 28ko 56/1994 Foru Dekretuaren 16.2. artikuluko irizpideak aplikatuko dira.

14. artikulua. 1.-Hezkuntza eta Kultura Departamentuak ikastetxe bakoitzean zenbat ikastoki huts dauden zehaztuko du eta, ikasleen onartzeari begira, eragin barrutiak eta barruti mugakideak zein diren finkatuko du.

2.-Ikasgela batean gehienez zenbat ikaslek egon behar duten zehazteko, ondoko arauei jarraituko zaie: irailaren 5eko 153/1994 Foru Dekretua edo hura ordezkatzen duen arautegia, eta irakaskuntza pribaturako hitzarmen eta dirulaguntzetarako deialdiak.

15. artikulua. 1.-Eskolatze Batzordeak, epe arruntean aurrenik eskatu ikastetxean posturik lortu ez duten ikasleei ikastoki bat egotziko die.

2.-Hurrengo ikasturterako tokia eskatzen duten ikasleak: Epe arrunta pasatuz gero aurkeztu eskaerarik ez da onartuko, eta eskatzaileari epe berezian berriz eskatzeko esanen zaio. Epe berezi horretan, Haur Hezkuntzaren, Lehen Hezkuntzaren eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzaren kasuetan, epe arruntean posturik lortu ez zuten ikasleen eskaerak baizik ez dira onartuko. Ondorio horietarako, ulertuko da ikasle bat onartu dela edozein ikastetxetan onartutako ikasleen behin betiko zerrendetan ageri denean edo Eskolatze Batzordeak matrikulatzeko epea baino lehen ikastoki bat ematen dionean.

Arestian aipatutako mugez gain, epe berezia kasu hauetan dauden eskatzaileendako bakarrik gordeko da: hezkuntza sisteman sartu berriendako edo helbidez aldatu direnendako, aurreko ikastetxera joateko eragozpenak sortzen bazaizkio.

3.-Bukatu gabeko ikasturte baterako tokia eskatzen duten ikasleak: ikasturtean, toki hutsak dituzten ikastetxeek honako eskaerak baizik ez dituzte onartuko: helbidea aldatuta ikastetxera etortzeko zaitasunak dituzten ikasleak edo Hezkuntza sistemara lehenbizikoz iristen diren ikasleak.

Ikastetxeak behin-behinekoz onartu duen ikaslea lehenbailehen hasiko da tokatzen zaion ikasgelan eta ikastetxeak hiru eguneko epea izanen du orduan behin betiko baimena emateko eskaera Eskolatze Batzordeari bidaltzeko. Baimen hori harturik, ikastetxeak matrikulatu eginen du ikaslea eta hark orduz geroz kenduko da jatorriko ikastetxetik.

Toki hutsik ez duten ikastetxeek eskualde hartako beste ikastetxeen gaineko informazioa emanen diete eskatzaileei eta hiru eguneko epean bidaliko diote Eskolatze Batzordeari eskaera zigilatua.

4.-Artikulu honetan aipatzen diren eginkizunak betetzeko, Eskolatze Batzordeak ikastetxeei eta Departamentuko zerbitzuei behar diren txostenak eskatuko dizkie.

16. artikulua. Eskolaratua dagoen ikastetxean ez, beste batean eskolaratzeko onarpenak, epe arruntean, jatorrizko ikastetxeko ikastokia galtzea ekarriko du. Ikastoki hori galtzearen ondorio akademikoak ikasturtearen amaieratik aurrera hasiko dira.

II. KAPITULUA

Epeak eta prozedura

17. artikulua. 1.-Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetan onarpen eskabideak aurkezteko epe bakarra hau da: otsailaren 25etik martxoaren 15era bitarte, biak barne.

2.-Onartuen behin-behineko zerrenda martxoaren 20an paratuko da jendaurrean. Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda martxoaren 26an paratuko da jendaurrean.

3.-Artikulu honetan aipatzen diren hezkuntza maila guztietan, ikasketa baldintza guztiak betetzen dituzten ikasleek ekainaren 20tik uztailaren 3ra bitarte, biak barne, egin beharko dute matrikula.

18. artikulua. 1.-Sozialki nahiz kulturalki desfaboratutako ikasleak eskolatzea segurtatzeko, ikasle talde baimendu bakoitzeko bi toki erreserbatuko dira, ikasleak Haur Hezkuntzako bigarren zikloko lehen ikasmailan onartzeko prozesu arruntean, irakaskuntza horiek ematen dituzten eta diru publikotik ari diren ikastetxe guztietan. Halaber, bi toki erreserbatuko dira ikasle horiendako, ikastoki hutsik badago, Haur Hezkuntzako bigarren zikloko bigarren ikasmailako talde bakoitzean.

2.-Ikasleak onartzeko epe arruntean, sozialki nahiz kulturalki desfaboratutako taldeetako familiek izanen dute aukera toki horiek eskatzeko, espainolak edo Europako Batasuneko herritarrak izan nahiz etorkinak, 1998 eta 1999. urteetan jaiotako ikasleentzat.

3.-Erreserba horretako tokiak lortu nahi dituzten eskatzaileek hala eman beharko dute aditzera aurreinskripzio inprimakian, eta harekin batera beren herriko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuko txostena ere aurkeztu.

4.-Eskaerak dauden toki hutsak baino gehiago izaten badira, Foru Agindu honetako 7-13 artikuluetan finkatu irizpideen arabera lehenetsiko dira. Horretarako, bosna puntu emanen dira kasu guztietan, zein ere tokitan duen eskatzaileak bizilekua.

5.-Erreserbako toki hutsen faltan onartu ez diren eskaerak eskaera zerrenda orokorrari erantsiko zaizkio aurreko puntuan aipatu irizpideen arabera izan duten puntuazioari dagokion hurrenkeran.

6.-Zerrenda orokorrari erantsi eta hala ere tokirik lortzen ez duten eskaerak, Eskolatze Batzordeari bidaliko zaizkio, aurkeztutako dokumentazioarekin batera.

7.-Erreserbako toki hutsik geratzen bada, eskaera zerrenda orokorraren arabera esleituko dira.

19. artikulua. 1.-17. artikuluko 1. puntuan aipatzen diren irakaskuntzetarako eskaerak aurkezteko epe berezia, irailaren 2tik 4rakoa izanen da, bi egunak barne.

2.-Onartu eta baztertuen zerrenda behin-behinekoa irailaren 6an argitaratuko da eta onartu eta baztertuen zerrenda behin betikoak irailaren 11n.

3.-Matrikula gauzatzeko epe berezia irailaren 11 izanen da.

20. artikulua. Matrikula aipatu epe horietako batean gauzatzen ez bada, eskatzaileak galduko du onarpen prozesuan esleitu zaion tokia hartzeko eskubidea.

VIII. KAPITULUA

Matrikulazioa

21. artikulua. Matrikula egiteko honako dokumentazioa aurkeztu beharko da, bai epe arruntean eta berezian, bai ikasturtea hasita.

a) Ikasleen guraso nahiz tutorearen idazkia, deklaratzeko ea nahi duten haien seme-alabek Espainiako Estatuarekin hitzarmena duen Erlijio eta Moralaren ikasketak hartzea edo bestela Hezkuntza Jarduera Antolatua.

b) Guraso nahiz tutoreen deklarazio espresua, ikastetxeak agindu bezalako bide formaletan egina, esateko zein hizkuntza hautatzen duten, ikastetxeak hizkuntza bat baino gehiago emateko baimena baldin badu.

c) Famili liburuaren edo jaiotza agiriaren fotokopia, ikastetxeak jatorrizko agiriekin erkatua.

d) Txerto karneta edo zein txerto dosi hartu diren adierazten duen beste agiri mediko bat.

e) Gizarte Segurantzako kartillaren fotokopia.

f) Egindako azterketa medikoen txostenak, ikasleak elbarritasunik, eritasunik edo beste osasun problemarik baldin badu ikastetxeak jakin behar duenik (txosten audiometrikoak, otorrinolaringologikoak, oftalmologikoak eta abar).

22. artikulua. 1.-Aurreko artikuluan aipatu dokumentazioaz gain, ikastetxeek zilegi dute osagarrizko beste bat eskatzea.

2.-Ikastetxearen iragarki oholean irakaskuntza bakoitzerako eskatu behar den dokumentazioa agertuko da.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenbizikoa.-Hezkuntza premia bereziak edo elbarritasunen bat dituzten ikasleen kasuan, berariazko arautegiak zer agintzen duen hartuko da aintzat onartzeko.

Bigarrena.-Onartzeko irizpide osagarriak onesteko eskabideak, otsailaren 9an eman eta otsailaren 19ko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen 21/1999 Foru Aginduaren bidez arautuak, Foru Agindu honen arabera Eskolatze Batzordeak aldez aurretik onartutako irizpideak aldatuz gero aurkeztuko dira bakarrik.

Hirugarrena.-Eskolatze partekatuaren kasuetan matrikula egiteko, Hezkuntza eta Kultura kontseilariaren apirilaren 2ko 90/1998 Foru Aginduko 11.2 artikuluak agintzen duena hartuko da aintzat (Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako bigarren zikloan hezkuntza-promozio eta konpentsazioko neurriak behar dituzten ikasleentzako hezkuntza-erantzun berariazkoak ezartzeko jarraibide eta orientabideak ematen dituen Foru Agindua; maiatzaren 18ko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALa).

Laugarrena.-1. Hizkuntz ereduz aldatzeko eskaerak aurkezteko epeak (apirilaren 30eko 233/1991 Foru Aginduan arautua dago aldaketa hori; ekainaren 29ko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALa), irakaskuntza bakoitzean onarpen eskaerak aurkezteko jarri diren epe arrunt berberak izanen dira, Foru Agindu hau garatzeko arau osagarrietan eta jarraibideetan agintzen diren zehaztapenak eginik.

2. Irakaskuntza maila bat (Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza) osorik bukatu ondoren hizkuntza ereduz aldatzeko eskaerak ikaslearen oraingo ikastetxean aurkeztuko ditu eskatzaileak, eta ikastetxeko zuzendariak orduan, aurkezteko epea amaiturik, eskaera zerrenda bidaliko du Hezkuntzako Zuzendaritza Nagusira, ikasle bakoitzak egin duen ikasmailaren froga-agiriarekin batera.

3. Foru Agindu honetako 15. artikuluan aipatu kasuetan, ikaslea ikastetxe batetik ordu arte egindako hizkuntza eredua ez duen beste batera aldatzeak, behin Eskolatze Batzordeak baimena eman ondoren, hizkuntza ereduz aldatzea izanen du ondorio.

4. Hizkuntz ereduz aldatuz gero, ikastetxez aldatzera behartu ezik, toki hutsak errespatu beharko dira, ikasmaila bakoitzerako gehieneko ratioaren arabera.

Bosgarrena.-Foru Agindu hau eta haren ondoriozko besterik bada haiek ere bai, ikastetxe guztietako iragarki oholean jarriko dira jendaurrean, agindua argitaratzen den egunetik onarpen eta matrikulazio prozesua bukatzen den arte, interesatu guztiek jakin dezaten.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Bakarra.-Honako arauak indargabetzen dira:

a) Urtarrilaren 25ko 19/2001 Foru Aginduko II. Kapitulua (Foru Agindu horrek arautzen du diru publikotik ari diren irakaskuntza ez-unibertsitarioko ikastetxeetan ikasleak 2001/2002 ikasturtean onartzeko prozedura).

b) Foru Agindu honek agintzen duenari kontra egiten dioten maila bereko nahiz apalagoko xedapen guztiak.

AZKEN XEDAPENA

Lehenbizikoa.-Foru Agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Bigarrena.-Ikasleak onartzeko gaietan ematen diren ebazpenen kontra zilegi izanen da gora jotzeko helegitea jartzea Nafarroako Gobernuan, ebazpena jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Hirugarrena.-Baimena ematen zaio Hezkuntza Zuzendaritza Nagusiari Foru Agindu hau garatzeko beharrezko iruditzen zaizkion jarraibide guztiak emateko.

Iruñean, bi mila eta biko urtarrilaren hogeita bostean.-Hezkuntza eta Kultura kontseilaria, Jesús María Laguna Peña.

Iragarkiaren kodea: A0201086