18. ALDIZKARIA - 2002ko otsailaren 11

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Aginduak

26/2002 FORU AGINDUA, urtarrilaren 25ekoa, Ekonomi eta Ogasun kontseilariak emana, zerga arloko arau-hauste soilengatik, diru-zehapenak ezartzeko eskumena delegatzen duena.

Tributuari buruzko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 70.1.b) artikuluak Ekonomi eta Ogasun kontseilariari ematen dio eskumena zerga arloko isunak erabaki eta ezartzeko, arau-hauste soilen kontrako diru-isunak direnean.

Bestalde, zerga arloko arau-hausteak eta zehapenak direla-eta, Foru Lege horretako xedapenak garatzen dituen ekainaren 11ko 153/2001 Foru Dekretuak, 24. artikuluan zehazten du Ekonomi eta Ogasun kontseilariak eskumena delega dezakeela.

Horrekin, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko 30/1992 Legeak ireki bidea erabili da. Lege horren bitartez, hain zuzen, kendu zen Administrazio Prozedurari buruzko Lege zaharreko betebeharra, zeinak eskumenen bat organo bati delegatzekotan, Lege bidez egitera behartzen baitzuen.

Orobat, 4/1999 Legearen bidez, 30/1992 Lege orokor horren 127.2 artikuluan egin berrikuntzaren ondorioz dago aukera zehapen kontuan eskumena delegatzeko.

Azkenik, Lege haren bitartez erantsi zaio delegazio intersubjektiboa organoarteko delegazio aspaldikoari. Kontzeptu berri horrek eragin oso berezia du lurralde administrazioko organo batek bere mendeko edo eremuko Zuzenbide publikoko entitate baten organoari egiten ahal dio delegazioan. Horrela, harreman moduko bat sortzen da Zuzenbide publikoko bi subjekturen artean, biek baitute bere nortasun juridikoa.

Horrenbestez,

AGINDU DUT:

Lehenbizikoa.-Zuzeneko Tributuen eta Enpresa Handien Zerbitzuko zuzendariari eta Zeharkako Tributuen Zerbitzukoari delegatzea, bakoitzari tributu arloko bere jarduketa esparruan, Tributuari buruzko Foru Lege Orokorraren 70.1.b.) artikuluan ezarri zehatzeko eskumena, tributu arloko arau-hauste soilen aurkako diru-zehapenei dagokienez. Halaber, Tributu Ikuskapenerako Zerbitzuko zuzendariari delegatzea eskumen hori Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Tributu Ikuskapenari buruzko Erregelamenduaren 64.1 artikuluak aipatzen dituen kasuetan; eta Dirubilketa Zerbitzuko zuzendariari, Nafarroako Foru Komunitateko Dirubilketari buruzko Erregelamenduaren 102.6 artikuluak aipatzen dituenak.

Bigarrena.-Eskumen horren erabilera, Foru Agindu honen bidez delegatzen baita, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko 30/1992 Legearen 13. artikuluan ezarritakoari egokituko zaio.

Hirugarrena.-Edozein unetan, organo delegazio egileak Foru Agindu honetan delegatu eskumenak errebokatu edo bereganatu ahalko ditu, inguruabarrek hartara beharturik, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari buruzko Lege horren 14. artikuluan jaso moduan eta baldintzetan.

Laugarrena.-Delegazio hau dela medio, organoek ematen dituzten ebazpenetan, haren aipamena egin beharko dute eta Ekonomi eta Ogasun kontseilariak emandakotzat hartuko dira. Errekurtsoa jartzen ahalko zaie Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren inpugnazio ekonomiko administratiboak arautzen dituen Erregelamenduari jarraituz.

Bosgarrena.-Foru Agindu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea. Argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, bi mila eta biko urtarrilaren hogeita bostean.- Ekonomi eta Ogasun kontseilaria, Francisco Iribarren Fentanes.

Iragarkiaren kodea: A0201087