134. ALDIZKARIA - 2002ko azaroaren 6a

III. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

G I R G I L L A O

Girgillaoko Udaleko herrilurretako aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantza. Behin betiko onespena

Girgillaoko Udalak, 2002ko maiatzaren 8ko osoko bilkuran eta legezko gehiengoa izanik, hasiera batez onetsi zuen Girgillaoko Udaleko herrilurretako aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantza.

Jendaurreko epean erreklamazio bakar bat ere aurkeztu ez denez, behin betikoz onetsitzat jo eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko agintzen da.

Etxarren-Girgillaon, bi mila eta biko irailaren hamahiruan. Alkatea, José Javier Yoldi López de San Román.

GIRGILLAOKO BARRUTIKO UDALEKO HERRILURRETAKO APROBETXAMENDUAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Girgillaoko Barrutiko Udalaren herrilurretako ondasunen administrazioa, erabilera, zainketa, berreskurapen eta aprobetxamendu egintzak erregulatzen dituzten arauak ezartzea da ordenantza honen xedea.

2. art. Herrilurretako ondasunak herri honetako bizilagun guztiek aprobetxatu eta erabil ditzaketenak dira.

3. art. Herrilurretako ondasunak bertzerenduezinak, preskribaezinak eta bahitezinak dira eta ez dute bere gain tributurik izanen.

Ez dute aldaketarik jasanen bere izaeran nahiz tratamendu juridikoan, edozein dela ere haiek aprobetxatu edo erabiltzeko era.

4. art. Herrilurretako ondasunen gaineko arauak hauek dira: Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea; Nafarroako Toki Entitateen Ondasunei buruzko Erregelamendua, urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretuaren bidez onetsia; Nafarroako Foru Zuzenbide Administratiboaren gainerako arauak; herrilurren ordenantza hau eta, bertzenaz, Foru Zuzenbide Pribatuaren arauak, Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 40. artikuluko hirugarren idatz-zatian xedatutakoa deusetan galarazi gabe.

II. TITULUA

Administrazioa eta xedapen egintzak

5. art. Herrilurretako ondasunen gaineko ahalmenak, dela haien erabileraz, dela administrazioaz, dela aprobetxamenduaren araubideaz, dela antolamenduaz, Girgillaoko Barrutiko Udalari dagozkio, ordenantza honetan azaltzen den moduan.

Herrilurretako ondasunen inguruan Girgillaoko Barrutiko Udalak hartutako erabakiek Nafarroako Gobernuaren baimena beharko dute, Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean ezarritako kasuetan.

6. art. Lurzati txikiak saldu edo trukatzeko desafektazioa egin aitzinetik Nafarroako Gobernuak haien onura publiko edo soziala deklaratu beharko du eta, hori baino lehen, Girgillaoko Barrutiko Udalak justifikatu beharko du dagoen asmoa ezin dela bertze bide batzuen bitartez lortu, hala nola lagapena eginez edo kargak ezarriz, horiexek izanen baitira lehentasunezko aukerak. Herrilurretako ondasunak desafektatu ondotik bertze batzuei lagatzeko edo kargak ezartzeko hartzen diren erabakietan, itzultze klausula sartuko da, egintza horien helburuak edo baldintzak desagertu edo betetzen ez diren kasuetarako. Halakorik gertatuko balitz, lur horiek Girgillaoko Barrutiko Udalaren ondarera itzuliko lirateke herrilurretako ondasun gisa. Handitzeko prozedura ondoko arauetan ezarritakoa izanen da: Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean eta Nafarroako Toki Entitateen Ondasunen Erregelamendua onetsi zuen urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretuan ezarritakoa.

III. TITULUA

Herrilurretako ondasunak zaindu eta berreskuratzea

7. art. Girgillaoko Barrutiko Udala herrilurretako ondasunak zaindu, defendatu, berreskuratu eta hobetzen ahaleginduko da, eta kontra eginen die haientzat kaltegarri izan daitekeen edozein pribatizazio saiori edo bertzelako ekintzei.

8. art. Girgillaoko Barrutiko Udalak noiznahi berreskuratzen ahalko du herrilurretako ondasunen jabetza, aldez aurretik legelariaren txostena ikusi eta interesatuari entzutea emanda. Ekintza zibilak sustatuko dira, herrilurretako ondasunak berreskuratu eta defendatzeko.

9. art. Girgillaoko Barrutiko Udalak Nafarroako Gobernuari Jabetza Erregistroak igortzen dizkion ediktuen berri emanen dio, lursailen inmatrikulazioa edo herrilurrekin mugakide diren lursailen hedadura-soberakina dela eta.

10. art. Girgillaoko Barrutiko Udalak Nafarroako Gobernuaren aldez aurretiko onespen berariazkoa beharko du, ondasunak herri ondarerako berreskuratzearren eskualdaketarik egin nahi izanez gero.

11. art. Girgillaoko Barrutiko Udalak administrazio bidea erabiliko du betiere, baimen, kontzesio edo bertze edozeren kariaz herrilurretako ondasunen gainean sortutako eskubideak eta haiek ekarritako okupazioak iraungitzeko, eta ahalmen hertsatzaileez baliatuz. Aldez aurretik kalteordaina eman ala ez, zuzenbidearen arabera izanen da.

12. art. Girgillaoko Barrutiko Udalak, herrilurretako ondasunei buruzko kontratuetan partaide denean, interpretatu eginen ditu eta haiek betetzean sortzen diren zalantzak argituko. Interpretatzeko erabaki horiek berehala hartuko dute indarra, eta ez dute galaraziko kontratugileek bide jurisdikzionalean behar den deklarazioa lortzeko duten eskubidea.

13. art. Girgillaoko Barrutiko Udalak herrilurretako ondasunak defendatzeko bidezko diren ekintzak sustatzen ez dituenean, herritarren ekimena posible izanen da, zehaztuko den moduan. Ekintza horrek aurrera eginez gero, Girgillaoko Barrutiko Udalak itzuli beharko dizkie herritarrei sortutako gastuak.

IV. TITULUA

Herrilurretako ondasunen aprobetxamendua

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

14. art. Honako hauek dira ordenantzak arautzen dituen aprobetxamenduak:

-Herrilarreen aprobetxamendua.

-Bertzelako aprobetxamenduak.

15. art. Oro har, Girgillaoko Barrutiko herrilurretako aprobetxamenduen onuradun izateko, famili unitateen titularrek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

1.1. Adinez nagusi izatea edo bere kontu bizi den nahiz judizialki gaitutako adin txikikoa izatea.

1.2. Girgillaoko Barrutiko biztanleen udal erroldan bizilagun gisa inskribatua egotea, azkeneko bi urtetan bederen.

1.3. Urtean bederatzi hilabetez gutxienez egiazki eta jarraian bizitzea Girgillaoko Barrutiko Udala osatzen duten kontzeju edo herrietako edozeinetan.

1.4. Girgillaoko Barrutiko Udalarekin zerga betebeharrak eguneratuak izatea.

2. Famili unitateko kideak etxe berean bizi diren guztiak izanen dira.

Dena den, famili unitate independientetzat hartuko da guraso jubilatuek osatua, nahiz eta familiakoekin bizi, betiere beraien dirusarrerak lanbidearteko gutxieneko soldata baino txikiagoak baldin badira.

3. Artikulu hau interpretatzerakoan sor daitezkeen zalantzak banan-banan argituko ditu Girgillaoko Barrutiko Udalak osoko bilkuran batzarturik.

16. art. Herrilurrak itxi ahal izateko ezinbertzekoa izanen da aldez aurretik Girgillaoko Barrutiko Alkatetzak idatzizko baimena eman izana. Herrilurrak eta jabetza pribatukoak ezin izanen dira inolaz ere batera itxi

17. art. Aprobetxamenduak ezin izanen dira onuradunen artean trukatu interesatu nahiz ukituek aldez aurretik eskabide bateratua egin eta euren adostasuna erakutsi eta Udalaren baimena izan ezean.

18. art. Udalak baliorik gabe utz dezake herrilurraren esleipena, osotara nahiz zati batekoa, zuhaitzak landatzea zein Nafarroako Gobernuak baimendutako bertzelako hobekuntzak sustatzen dituenetan, baldin eta onuradunaren herrilurretako aprobetxamenduei, behin-behinekoz zein behin betikoz, eragiten badiete. Hori egin baino hiru hilabete lehenago, bere asmoen berri eman beharko dio onuradunari.

Aprobetxamenduaren errentamendua bertan behera gelditzeak ez dio eskubiderik emanen onuradunari inolako kalteordainik jasotzeko.

19. art. Aprobetxamenduaren errentamenduarengatik ordaindu beharreko lur-saria urtero eguneratuko da aprobetxamenduaren lehen urtetik aitzin. Hartara, aurreko urtean laborantzako lurzatietako aprobetxamenduan aplikatzeko jaso duten prezioak izandako aldaketa gehitu eta metatuko zaie nekazariei urterik urtera, eta abeltzainei larreetako aprobetxamenduan aplikatzeko jaso duten prezioak izandakoa, edo bertzenaz, erakunde ofizial eskudunak Nafarroarako onetsitako portzentaje-indizea kontsumorako prezioen indizeari (KPI) aplikatzetik ateratzen den prezioak izandako aldaketa.

II. KAPITULUA

Herrilarreen aprobetxamendua

LEHEN SAILA

Aprobetxamenduaren azalpena eta baldintzak

20. art. Herrilarreen aprobetxamendua, finka partikularrena barne bai eta Nafarroako Oihan Ondareko lurzatiena ere (egun Udalari lagatuak, eta lagapenak indarra duen bitartean), ondoko lote eta/edo bazkalekuetan banatu da:

A) Argi arizko Bazkalekua: espedientean bildutako planoan grafikoki mugatua dago, izan ere plano hori (behar bezala izapidatua) ordenantza honen eranskina baita. Azalera: berrehun (200) bat hektarea. Azienda karga: gehienez ere seiehun (600) ardiburu.

B) Orendaingo Aprobetxamendua (lehenago aipatu lagapenak sortua): espedientean bildutako planoan grafikoki mugatua dago, izan ere plano hori (behar bezala izapidatua) ordenantza honen eranskina baita. Azalera: berrehun eta zortzi (208) bat hektarea. Azienda karga: gehienez ere berrehun eta berrogeita hamar (250) ardiburu.

C) Sorakoizko Aprobetxamendua (lehenago aipatu lagapenak sortua): espedientean bildutako planoan grafikoki mugatua dago, izan ere plano hori (behar bezala izapidatua) ordenantza honen eranskina baita. Azalera: laurehun eta berrogeita hamasei (456) bat hektarea, gehienez. Azienda karga: gehienez ere seiehun (600) ardiburu.

Udalak parekotasun hauek finkatu ditu, behar diren ondorioetarako:

-Behor bat behi bat eta erdi adina da.

-Behi bat zortzi ardi adina da.

-Ahuntz bat ardi bat eta erdi adina da.

21. art. Azienda karga, larreen kalitatea, ukuilua dagoen ala ez eta ukuiluaren baldintzak kontuan hartuz, Girgillaoko Barrutiko Udalak ondoko urteko sariak finkatu ditu aprobetxamenduetarako:

A) Argi arizko Bazkalekua: 1.700 euro (282.857 pezeta urtean).

B) Orendaingo Aprobetxamendua: 700 euro (116.470 pezeta urtean).

C) Sorakoizko Aprobetxamendua: 1.525 euro (253.739 pezeta urtean).

Kopuru horiek lehen urteko sariak dira, izan ere urtero eguneratuko baitira ordenantza honetako 19. artikuluan ezarritako moduan.

Urteko likidazioaren zenbatekoa udal diruzaintzan ordaindu beharko da, likidazioa jakinarazi ondoko hogeita hamar eguneko epean.

22. art. Argi arizko Bazkalekuaren aprobetxamendua erabiltzeko epea zortzi urtekoa izanen da. Orendaingoa nahiz Sorakoizkoa, berriz, haien ezaugarri bereziak direla eta, urtebetekoak izanen dira, zortzi urtera bitarte luzatu ahalko badira ere, baina, betiere Nafarroako Oihan Ondareak Toki Entitatearen alde egindako aprobetxamendu lagapenak indarra duen bitartean.

Esleipen hartzaileak esleipenari borondatez egiten badio uko esleipenaren indarraldia bukatu aurretik, Udalari asmo horren berri eman beharko dio idatziz, gutxienez ere sei (6) hilabete lehenago.

23. art. Aprobetxamendua zuzenean eginen da, eta ez da baimenik emanen azpierrentamendua egiteko edo bertze batzuei lagatzeko, ezta bertze inoren aziendarik sartzeko. Hala ere, Udalak bertze norbaiten aziendak sartzeko baimena eman dezake, Nafarroako Toki Entitateen Ondasunen gaineko Erregelamenduaren 194. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

24. art. Esleipen-hartzailearen kontura izanen dira higiezineko zerbitzu guztiak mantentzeko eta hornitzeko gastuak nahiz kostuak, bai eta artapenari zein ohiko konponketei dagozkienak ere.

Esleipen hartzaileak egin beharko du garbiketa, urtean behin, gutxienez.

25. art. Jabego partikular nahiz herrilurretakoetara sartzeko, aziendek egun diren sarbideak erabiliko dituzte beti.

26. art. Herriko ohiturei jarraikiz, eta nekazari nahiz abeltzainei kalterik ez eragiteko, ondoko baldintzak finkatu ditu Udalak:

1. Esleipen hartzaileen aziendak ezingo ditu inola ere larreak aprobetxatu olibondo, mahasti edo ureztalur finketan, hauen jabeen edo errentarien baimen idatzirik ez badute. Baldintza hau betetzen ez badute, esleipen hartzailea bera izanen da erantzulea.

2. Errentariak ereintza eta laborantza mota guztiak errespetatu behar ditu. Ezingo ditu herrilurretako eta finka partikularretako belarrak erabili euria izan den egunetan, ezta ondokoetan ere, kalte nabariak sortzen ahal dituen heinean.

Era berean, esleipen-hartzaileak uzta bildua duten lurzatiak errespetatuko ditu, bertako lastoa erabiltzeko asmoa baldin bada, izan ere hondakin hori uztatzat hartzen baita.

Halakoetan, laborariek finkak behar bezala mugarrituko dituzte, eta esleipen hartzaileek errespetatu eginen dituzte, erabiltzekoa den lastoa han den bitartean, urte bakoitzeko abuztuaren 31 arte.

3. Ez azienda ez errentaria ezin dira uztondoetara sartu jabearen baimen idatzia ez badute, harik eta uzta oso-osorik bildu arte, salbu eta hamar hektarea edo gehiagoko soroetan, horietan sartu ahal izanen baitira uzta erdia larrainera eraman denean.

Hala ere, halako finka partikular edo herrilurzatietan, uztaren erdia baino gehiago bildu gabe badago, harria edo bestelako ustekabeak direla bide, eta jabeak hurrengo urterako gorde nahi baldin badu, lursail horiek errespetatu beharko dira.

Horrelako kasuetan, uzta bildu eta berehala behar bezala eta ikusteko moduko zedarriekin mugarritu beharko da lurzatia, eta Alkatetzari nahiz horren esleipen-hartzaileari jakinarazi. Hala gertatzen bada, alkateak eta esleipen-hartzaileak peritu bana izendatuko dute, txosten baten bidez mugarritzea bidezkoa den ala ez esan dezaten. Perituen txostenak bat ez badatoz, hirugarren peritu batek ebatziko du auzia.

Mugarritutako finken jabeek edo errentariek uzta bildu aurretik lurra lantzea erabakitzen badute, zortzi egun lehenago eman beharko diote horren berri esleipen-hartzaileari.

4. Debeku da sua egitea, hots, ezin da inola ere surik piztu, ez erabilera publikoko mendietan ez eta zuhaitzak dituzten herrilurretan ere.

Uztondoak erretzeko, berriz, Nafarroako Gobernuak horretarako ezartzen duen araudia beteko da.

BIGARREN SAILA

Esleipenaren prozedura

27. art. Girgillaoko Barrutiko Udalak osoko bilkuran erabakia hartu ondoren, hamabost (15) egun naturaleko epea emanen da eskubidea dutela uste duten guztiek larreen aprobetxamenduaren esleipena eska dezaten, ordenantzako 15. artikuluan aipatutakoari jarraikiz eta betiere deialdia, Udalaren ediktuen oholean ediktua jarriz iragarri ondotik.

Herritarrendako esleipen zuzenaren bidez eskuratutako lurren aldera 21. artikuluan zehaztutako kanonen ehuneko laurogeita bost (% 85) ordainduko dute esleipen hartzaileek.

28. art. Eskabideekin batean zinpeko aitorpena aurkeztu beharko da, edo frogatzeko agiri baliogarria, honako hauen gainean:

a) Girgillaoko Barrutiko bizilaguna dela, gutxienez ere azkeneko bi urteetan, eta urtean bederatzi hilabete gutxienez ematen dituela bertan.

b) Girgillaoko Barrutiko Udalarekiko betebehar fiskalak ordainduta dituela.

c) Famili unitatea zenbat kidek osatzen duten. Haietariko inork ezintasun fisikorik edo psikikorik duen aipatuko dute.

d) Jabetzan edo errentan hartuak dituzten lurren azalera, larreetarako erabili daitezkeen guztiena.

e) Azken ekitaldiko errenta aitorpena eta, hala behar bada, ondarearena.

f) Aziendaren osasun egiaztagiria eta eskatzen diren bazkalekuen zerrenda.

Era berean, ohartarazten da herritarrek, aurreko baldintzak betetzen badituzte, elkartu eta aprobetxamendu bakarraren esleipena batera eskatzen ahal dutela. Halakoetan, haien artean banaketa egiteko hitzartu duten modua zehaztuko dute, eta eskabideak berak behartuko ditu aprobetxamenduaren ordenantza honen aplikaziotik sortzen diren betebeharrak komunean betetzeko.

29. art. Herrilurren ardura duen Udal Batzordeak edo Alkatetzak proposaturik, Udalak osoko bilkuran onetsiko du herritarren arteko esleipen zuzenerako onartutakoen zerrenda. Zerrenda hori behin behinekoa izanen da eta ediktuen oholean emanen da argitara, hamabost egun (15) naturaleko epean egoki juzgatzen diren erreklamazioak edo/eta oharrak aurkez daitezen; alegaziorik ez bada, behin-behineko zerrenda hori behin betiko bihurtuko da zuzenean.

30. art. Alegazioak aurkezten badira, haiek ebatzi eta akatsak zuzendutakoan, herritarren arteko esleipen zuzenerako eskubidea izanik hala eskatu duten herritarren behin betiko zerrenda onetsiko da, eta Udalaren ediktuen oholean egonen da ikusgai zazpi (7) egun naturaletan.

31. art. Esleipena egiteko kontuan hartuko da eskatu aprobetxamendu mota eta azienden ezaugarriak nola egokitzen diren, eta horri begira eskaera egokiena egiten duen eskatzailearen alde eginen da esleipena. Batek baino gehiagok aprobetxamendu berbera eskatuz gero, eskatzaileen artean zozketa eginen da.

32. art. Aurreko artikuluan ezarritakoari jarraikiz larreak esleitzen direnean, Udalaren edituen oholean emanen dira argitara bai esleipen-hartzaileen zerrenda bai bakoitzari dagokion herrilurretako aprobetxamendua.

33. art. Ordenantzako 15. artikuluko baldintzak betetzen dituen eskatzailerik ez bada, Udalak, osoko bilkuran batzarturik, enkante publikoaren bidez esleituko ditu herrilurretako aprobetxamenduak. Foru Komunitatean indarra duen araudi orokorraren arabera izapidatuko da enkante hori.

34. art. Aipatu bi modu horien bitartez behin betiko esleipen hartzaile bihurtzen direnek gehienez ere hogeita hamar eguneko epea izanen dute, esleipena jarkinarazten zaienetik hasita, Girgillaoko Udalaren alde fidantza pausatzeko, onartutako bideetako edozein erabiliz horretarako. Fidantza hasierako urteko prezioaren ehuneko hogeita bostekoa izanen da, baina esleipen hartzaileak kopuru hori eguneratu beharko du, esleipenak iraun bitartean egiten diren egunerapenen arabera.

III. KAPITULUA

Bestelako aprobetxamenduak

35. art. Ehiza barrutiak herrilurrak sartuz eratu badira, Nafarroako Foru Komunitatean arlo horri buruz indarra duen araudiari jarraikiz eginen da hango ehizaren aprobetxamendua.

36. art. Ondareko uren kontzesioa, herrilurren okupazioa, herrilurretan harrobiak ustiatzea eta herrilurretan egin nahi den beste edozein aprobetxamendu edo hobekuntza, kasu bakoitzerako Girgillaoko Barrutiko Udalak prestatzen dituen baldintza pleguek zuzenduko dituzte. Horrez gain, beharrezkoa izanen da jendaurrean edukitzea, hamabost egunez gutxienez eta Nafarroako Gobernuak onestea.

37. art. Udal mugapeko hermendien ustiapena Nekazaritza, Abeltzaintza eta Mendi Departamentuak ematen dituen jarraibideen ariora eginen da beti, eta aldez aurretik baimena emanda.

38. art. Usadioari jarraikiz, udalerriko herritarrei oihan aprobetxamendu bakarra emanen zaie, alegia, etxerako egurra. Aprobetxamendu hori egungo araudiari jarraikiz izapidatuko da.

IV. KAPITULUA

Herri ondasunen hobekuntzak

39. art. 1. Girgillaoko Barrutiko Udalak indarrik gabe uzten ahal ditu aprobetxamenduen esleipenak, lur horiek honako xedea baldin badute:

a) Herrilurren gaineko kargak kentzea.

b) Herrilurra hobetzea.

c) Gizarterako proiektuak egitea, inguruabar pertsonalak, familiarrak edo sozialak direla medio beharrean daudela justifikatzen duten herritarrei laguntzeko.

2. Proiektu horiek Udalak nahiz interesaturik dauden herritarrek sustatzen ahal dituzte eta lehentasuna izanen dute.

3. Hau da kasu horietan jarraitu beharreko prozedura:

a) Udalaren erabakia, proiektua eta ukitutako herrilurren aprobetxamendua arautuko duen erregelamendua onesten dituena.

b) Hilabetez jendaurrean jartzea eta Udalaren erabakia, aurkezten diren alegazioei buruz.

c) Nafarroako Gobernuaren onespena.

4. Nafarroako Gobernuaren onespenak indarrik gabe utziko ditu ukitutako herrilurretan diren esleipenak, eta titularrei sorrarazten zaizkien kalte eta galerak, bai eta lurretan eginak dituzten hobekuntzak ere, ordainduko zaizkie, zuzenbidez hala egokitzen bazaie.

5. Udalak esleipena indarrik gabe uzteko asmoa duenean, 1. zenbakiko arrazoiak direla bide, ebazpenak indarra hartu baino gutxienez sei (6) hilabete lehenago emanen dio horren berri esleipen hartzaileari.

40. art. Aprobetxamenduetako onuradunak herrilurra hobetzeko proiektuak egiteko, lehenik Udalak berak onetsi beharko ditu, 15 egun naturaletan egon beharko dira jendaurrean eta Udalak ebazpena eman beharko du aurkeztu alegazioei buruz.

41. art. Herrilurrak laboratzearren luberritu ahal izateko, Nafarroako Gobernuaren aldez aurreko baimena beharko da.

V. TITULUA

Arau-hausteak eta zehapenak

42. art. Ondoko egitateak, laborantza egiteko moduari dagozkionak, arau-hauste administratiboak izanen dira:

1.-Aprobetxendua zuzenean eta pertsonalki ez egitea.

2.-Aprobetxamenduaren % 80 gutxienez ere ez erabiltzea.

3.-Hartutako lurrak esleipenaren xedea ez diren beste helburuetarako erabiltzea, berariaz eta idatziz baimendu ez badira.

4.-Aprobetxamenduaren mugak edo ezaugarriak neurriz gabe baliatzea.

5.-Ordenantza honen ondorioz ezarritako kanona edo bestelako kopuruak ezarritako epeetan ez ordaintzea.

6.-Aprobetxamendua baimendurik ez dauden epeetan eta/edo moduetan egitea.

7.-Esleipenetan ezarritako epeak ez betetzea.

8.-Erregelamendu honetan xedatutakoari kontra egiten dioten egitate nahiz ekintza guztiak

9.-Beren laborantza partzuergoan eman edo laga egiten duten onuradunei herrilurrak kenduko zaizkie esleipenaldia bukatu arte, eta horrez gain, bermea ere galduko dute.

Lurzatiak galtzen dituzten onuradunek partzuergoa edo lagapena gertatu zenetik lortutako mozkinak sartu beharko dituzte udal diruzaintzan.

43. art. Aurreko arau-hausteak honela zehatuko dira:

-1, 2, 5 eta 6 puntuak: kontzesioa kenduko da.

-7 puntua: herrilurren edo herrilarreen esleipen hartzailea izateko eskubidea galduko da.

-Gainerako arau-hausteengatik (3, 4, 8 eta 9koak), egindako kaltearen balioaren halako bost eta hamar bitartean ordaindu beharko da. Balio hori zehazterik ez badago, 60tik 12.000 euro bitarteko isuna ezarriko da (10.000-2 milioi pezeta); eta Nafarroako Toki Entitateen Ondasunen Erregelamenduko 225, 226, 227 eta 228. artikuluek, urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretuak eta uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 178. artikuluak xedatutakoari jarraikiz, egungo legeriaren arabera zehatuko dira.

Zehapenak ezartzeaz gain, arau-hausleak berari egozten ahal zaizkion kalte-galerak ordainduko ditu, modu bidezkoan eskatzen ahalko direnak.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Bakarra.-Ordenantza honek indarra hartzen duenetik, indarrik gabe geldituko dira, baliorik ez eraginik ez dutela, hari kontra egiten dioten maila bereko edo beheragoko xedapen edo ordenantza guztiak.

AZKEN XEDAPENA

Bakarra.-Ordenantza honek 2002ko urtarrilaren 1ean hartuko du indarra, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALeko argitalpena gorabehera.

Iragarkiaren kodea: A0210484