118. ALDIZKARIA - 2002ko irailaren 30a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Beste Xedapenak

1744/2002 EBAZPENA, uztailaren 19koa, Ingurumen zuzendari nagusiak emana. Honen bidez Ingurumenaren gaineko Eraginaren Deklarazioa egiten da proiektu honi dagokion aukeren azterlanari buruz: "N-232 errepidearen bikoizketa, 1. tartea (probintziako muga-Tuterako saihesbidearen hasiera) eta 2. tartea (Tuterako saihesbidearen bukaera-probintziako muga)".

Ingurumenaren gaineko Eraginaren Ebaluazioari buruzko ekainaren 28ko 1302/1986 Legegintzako Errege Dekretuak eta haren Erregelamenduak (irailaren 30eko 1131/1988 Errege Dekretuak onetsia) ezartzen dutenaren arabera, Ingurumenaren gaineko Eraginaren Deklarazioa egin behar da, xedapen horietako eranskinetan ageri diren obra, instalazio edo jarduerak egin edo baimentzeko administrazio ebazpena eman aurretik.

Ingurumenaren gaineko Eraginaren Ebaluazioa egiteko prozedurari hasiera eman nahian, Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak, 2002ko martxoaren 18an, ondoko proiektuko aukerei buruzko Ingurumenaren gaineko Eraginaren Azterlana biltzen zuen espedientea aurkeztu zuen: "N-232 errepidearen bikoizketa, 1. tartea (probintziako muga-Tuterako saihesbidearen hasiera) eta 2. tartea (Tuterako saihesbidearen bukaera-probintziako muga)".

Nafarroako Gobernuak 2002ko apirilaren 22an hartutako Erabakiaren bidez, espedientea jendaurrean egon zen hilabetez, proiektuarekin batera. Erabaki hura 2002ko maiatzaren 13ko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean eman zen argitara (58. zk.). Erabakiaren xedapen zatian ageri da 4. aukera dela egokiena 1. tarterako, ingurumenari buruzko ondorioak kontuan izanik. Azterlanean aukera hori 5. aukera bezalatsu baloratzen da beste alderdi batzuei dagokienez (hasiera batean 5. aukera hautatzea proposatu zen). Aipatu den 4. aukerak gutxiago ukitzen ditu azpiegiturarik gabeko eremuak, ez da hurbiltzen estepako hegaztiendako interesgarria den eremura eta, zeharka, I. tartea-Tuterako saihesbidea-II. tartea errepideen segidan homogeneotasuna lortuko da.

1131/1988 Errege Dekretuko 16. artikuluarekin bat, Herrilan, Garraio eta Komunikazio kontseilariak, 2002ko ekainaren 25ean, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariari espedientea igorri zion. Espediente horretan biltzen da ondoko proiektuko aukeren azterlanari dagokion dokumentu teknikoa: "N-232 errepidearen bikoizketa, 1. tartea (probintziako muga-Tuterako saihesbidearen hasiera) eta 2. tartea (Tuterako saihesbidearen bukaera-probintziako muga)"; horretan sartzen da, halaber, Ingurumenaren gaineko Eraginaren Azterlana eta kontseilari haren txostena, zeinek adierazten baitu jendaurreko epean egindako alegazioetako bakar bat ere ez dela izan ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioari buruzkoa.

Ingurumen zuzendari nagusiak adierazi du, tramitean agertu dokumentazioa aztertu eta gero, proiektua bideragarria dela ingurumenaren aldetik; hortaz, 1302/1986 Legegintzako Errege Dekretuari eta 1131/1988 Errege Dekretuko 4.1, 16.1 eta 18. artikuluei jarraikiz, bidezkoa da Ingurumenaren gaineko Eraginaren Deklarazioa egitea eta, horrekin batera, proiektua gauzatu daitekeela adieraztea, ingurumenari dagokionez.

Aipatu espedientea azterturik, aipatu xedapenetan ageri diren tramiteak beterik, eta Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak uztailaren 29ko 1028/1999 Foru Aginduaren bidez emandako eskurantzak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumenaren gaineko Eraginaren Deklarazio hau egiten da proiektu honi dagokion aukeren azterlanari buruz: "N-232 errepidearen bikoizketa, 1. tartea (probintziako muga-Tuterako saihesbidearen hasiera) eta 2. tartea (Tuterako saihesbidearen bukaera-probintziako muga)":

Proposatu diren konponbide hauek:

4. aukera 1. tarterako

3. aukera 2. tarteko lehen eta bigarren zatietarako

ingurumenaren aldetik bideragarriak dira, baldintza hau betez gero:

Eraikuntza proiektuan bildu beharko dira Ingurumenaren gaineko Eraginaren Azterlanean proposatutako prebentzio neurri, neurri zuzentzaile eta konpentsazio neurri guztiak, eta gainerako obra unitateak bezain zehatz definitu beharko dira.

2. Ingurumenaren gaineko Eraginaren Deklarazioa Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea, orok jakin dezan, Ingurumenaren gaineko Eraginaren Ebaluazioari buruzko ekainaren 28ko 1302/1986 Legegintzako Errege Dekretua betetzeko Erregelamenduaren 22. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

3. Ebazpen hau jakinaraztea sustatzaileari, Ingurumen Zuzendaritza Nagusiari, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Zuzendaritza Nagusiari eta Castejon, Tutera, Fontellas, Ribaforada, Buñuel eta Cortesko udalei, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, bi mila eta biko uztailaren hemeretzian.-Ingurumen zuzendari nagusia, José Ignacio Elorrieta Pérez de Diego.

I. ERANSKINA

Proiektuaren deskribapena

Ibilgailu astunen zirkulazio handiak eta N-232 errepidearen Nafarroako tartearen ezaugarriek bikoizketa proposamena justifikatzen dute. Horrela, lortuko litzateke:

-Errepideko trafikoa hobetzea, bai kalitatean, bai eta sarbideetan eta gaitasunean ere.

-Eskualdeen arteko lotura hobetzea.

-Istripu gutxiago izatea.

-Tarte horretan eman beharreko denbora gutxitzea eta funtzionamenduaren kostuak aurreztea.

N-232 errepideak berak eta berria egiteko honako irizpide hauek:

-Gaur egungo errepideen azpiegitura ahalik eta gehien aprobetxatzea.

-Ezaugarri geometrikoak 120 km/h-ko abiadurako autobia batekoak izanen dira.

-Abiapuntuko sekzioa: 7na metroko bi galtzada. Barneko bazterbideak metro batekoak izanen dira eta kanpokoak, 2,50 m-koak. Bermak metro batekoak. Erdibitzaileak 5-7 metrokoak. Banda zurien artean.

-Instalatutako zerbitzuekin eta hirigintza planeamenduekin interferentziarik ez izatea.

-Ingurumenaren aldetik garrantzizkoak diren balioak ahalik eta gutxien ukitzea.

baldintzatu egiten dute ondoko ezaugarriak dituzten aukeren artean bat hartzea:

1. TARTEA

1. aukera. Proposatzen du errepidea bikoiztea bi aldeetarantz zabalduta, egungo ardatzean inguruan. Trazadurak orain dituen ezaugarri geometrikoak mantenduko dira, eta horrek 85-90 km/h-ko abiadura uzten du.

2. aukera. 1. aukerako bikoizketa berbera proposatzen du, eta 700 m-tik beherako erradioa duten bi bihurgune zuzentzea planteatzen du, bai eta beste inklinazio gutxitze batzuk ere; horrek 120 km/h-ko abiadurara iristea ekarriko luke.

3. aukera. Errepidea bikoizteko proposatzen du galtzada bereizi bat egitea oraingoaren parean. Oraingo geometria mantentzen du, bai plantan bai altxaeran.

4. aukera. 3. aukerako bikoizketa berbera proposatzen du, eta 700 m-tik beherako erradioa duten bi bihurgune zuzentzea planteatzen du, bai eta beste inklinazio gutxitze batzuk ere; horrek 120 km/h-ko abiadurara iristea ekarriko luke.

5. aukera. Errepidea bikoizteko proposatzen du galtzada bereizi bat egitea oraingoaren parean, baina urrundua; halaber, 700 m-tik beherako erradioa duten bi bihurgune zuzentzea planteatzen du, bai eta beste inklinazio gutxitze batzuk ere; horrek 120 km/h-ko abiadurara iristea ekarriko luke.

2. TARTEA (lehen zatia).

1. aukera. N-232ko egungo ardatza mantenduz, eremu batean izan ezik, proposatzen du errepidea bikoiztea bi aldeetarantz zabalduta, egungo ardatzaren inguruan. Bidegurutzeetan lotura berriak egitea edo daudenak aldatzea proposatzen da.

2. aukera. Errepidea bikoizteko proposatzen du galtzada bereizi bat egitea oraingoaren parean. Eremu zehatz batean, lekuz aldatutako saihesbide bat planteatzen du. Lotura batzuk ez dira 1. aukerakoak bezalakoak.

3. aukera. 2. aukerako bikoizketa berbera proposatzen du. Saihesbidea kentzen du eta beste eremu batean, errepideko ardatza zuzentzen, 1. aukeran bezala.

2. TARTEA (bigarren zatia)

1. aukera. N-232ko egungo ardatza mantenduz, azken eremuan izan ezik, proposatzen du errepidea bikoiztea bi aldeetarantz zabalduta, egungo ardatzaren inguruan.

2. aukera. Errepidea bikoizteko proposatzen du galtzada bereizi bat egitea oraingoaren parean. Eremu zehatz batean, saihesbide bat planteatzen du. Azken eremuan, bat dator 1. aukerarekin.

3. aukera. Errepidea bikoizteko proposatzen du galtzada bereizi bat egitea oraingoaren parean. Eremu batean, ardatza zuzentzea planteatzen du eta zabaltze zentratua proposatzen.

Aukera guztiak bata bestearekin alderatuta aztertu ondoren, proposatu diren konponbide onenak hauek dira:

1. tartea, 5. aukera.

2. tartea (lehen zatia), 3. aukera.

2. tartea (bigarren zatia), 3. aukera.

II. ERANSKINA

Ingurumenaren gaineko Eraginaren Azterlanaren laburpena

Ingurumenaren gaineko Eraginaren Azterlanak proiektua eta bere eragina deskribatzen ditu; ingurune hartzailea inbentariatzen du; kontuan izan diren aukeretako bakoitzaren eraikuntza fasean nahiz ustiapen fasean izanen diren eraginak definitu, zehaztu eta alderatu egiten ditu, eta ingurumenaren gaineko eraginak banan-banan azaldu eta ebaluatzen ditu. Bestalde, exekuzio proiektuari aplikatu beharreko prebentzio neurriak eta neurri zuzentzaileak zehaztu eta Ingurumena Zaintzeko Plana ezartzen du.

Ingurune hartzaileko ukipenen balorazioa ikusirik, aukera guztiak aztertu eta alderatu dira, era askotako irizpidetan oinarrituta; neurriz sartu dira irizpide ekonomiko eta funtzionalak, bai eta ondoko herriek lortuko diren emaitzen aurrean duten sentsibilitateari dagozkionak ere.

Horren guztiaren ondorioz, konponbide egokienak hauek dira:

1. tartea, 5. aukera.

2. tartea (lehen zatia), 3. aukera.

2. tartea (bigarren zatia), 3. aukera.

Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren ustez 1. tarterako konponbide egokiena 4. aukera da. Uste da aukera horrek gutxiago ukituko dituela azpiegiturarik gabeko eremu hurbilak, ez dela hurbildu beharko estepako hegaztiendako interesgarria den eremura eta, zeharka, I. tartea-Tuterako saihesbidea-II. tartea errepideen segidan homogeneotasuna lortuko da.

Iragarkiaren kodea: a0208535