117. ALDIZKARIA - 2002ko irailaren 27a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Beste Xedapenak

LEHENDAKARITZA, JUSTIZIA ETA BARNE DEPARTAMENTUA. Jakinarazpen ediktua.

Ezin izan da Nafarroako Gobernuaren 2002ko ekainaren 17ko bilkuako erabakia jakinarazi, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 59.1, 2 eta 135 artikuluetan ezarri bezala. Beraz, indarra duen Administrazio Prozedurari buruzko Legearen 59.4 artikuluan xedatutakoa bete da honen bidez:

"ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak hartua, Santos Iribarren Sagüés jaunak ("Luces de la Ciudad" establezimenduaren titularrak) jarritako gora jotzeko errekurtsoa ebazten duena. Errekurtsoa Barne zuzendari nagusiaren 524/2002 Ebazpenaren aurkakoa da, zeinaren bidez titularrari establezimendu horretarako eskatutako ordutegi berezia ukatu baitzitzaion.

Proposamena

Santos Iribarren Sagüés jaunak,"Luces de la Ciudad" (Iruñeko Urdazubiko monasterioa, 4) establezimenduaren titularra denak, jarritako gora jotzeko errekurtsoa ikusi da. Errekurtsoa Barne zuzendari nagusiaren 524/2002 Ebazpenaren aurkakoa da, zeinaren bidez establezimendu horretarako eskatutako ordutegi berezia ukatu baitzitzaion.

Gertakariak

1.-Santos Iribarren Sagüés jaunak idazki bat aurkeztu zuen Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean, 2002ko martxoaren 5ean, Iruñeko Urdazubiko monasterioaren kaleko 4.ean duen "Luces de la Ciudad" establezimendua ixteko ordua ordubete atzeratzeko baimena eskatuz. Haren arabera, helburua gauean eta egunsentian lan egiten duten alde horretako tabernarientzako leku bat eskaintzea da. Idazki horrekin batera 40 eskaera aurkeztu zituen, partikularren eta taberna horretako ohiko bezeroenak, bezeroak izateaz gain alde hartako langileeak ere baitira.

2.-Eskaera azterturik, Barne zuzendari nagusiak 524/2002 Ebazpena eman zuen martxoaren 21ean. Haren bidez, Santos Iribarren Sagüés jaunari Iruñeko Urdazubiko monasterioaren kaleko 4.ean duen "Luces de la Ciudad" establezimenduari ordutegi berezia aplikatzeko baimena ukatu zitzaion.

3.-Santos Iribarren Sagüés jaunak gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu zuen Ebazpen horren kontra. Funtsean aurreko eskaeran erabili argudioak errepikatu zituen. Halaber, inguruko establezimenduetako langileek aisialdirako duten eskubidea azpimarratu zuen, haren ustez eskubide hori arauan berean jasotzen baita.

Zuzenbideko oinarriak

1.-Nafarroako Gobernua da errekurtso hau ebazteko organo eskuduna, honako lege hauetan ezarritakoa dela bide: Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 23.1.b) artikulua; Nafarroako Foru Komunitateko Gobernua eta Administrazioa arautzen dituen Foru Legearen 52.2 artikulua, eta Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. artikulua.

2.-7.1. artikuluak xedatzen du "Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuak baimena eman ahal izanen duela errepide ondoko, aireportuetako, tren geltokietako edo antzeko lekuetako establezimenduak mugarik gabe edo ordutegi bereziarekin irekitzeko, gaueko edo goizaldeko ordutegiak dituzten langileei edo bidaiariei zerbitzatzeko establezimenduak badira."

Agerian da Santos Iribarren Sagüés jaunak aurkeztutako eskaerak ez dituela arauan ezarritako baldintzak betetzen. Establezimendua ez dago bidaiari ugari pasatzen den leku batean ez eta industrialde batean ere, hango langileak hartu behar izateko. Establezimendu haien eginkizuna ez dator bat "Luces de la Ciudad" kafe-tabernak bete nahi duenarekin.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuak, Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariak proposaturik,

ERABAKI DUT:

1. Santos Iribarren Sagüés jaunak martxoaren 21eko Barne zuzendari nagusiaren 524/2002 Ebazpenaren kontra aurkeztutako gora jotzeko errekurtsoa ezeztea. Ebazpen horren bidez Santos Iribarren Sagüés jaunari baimena ukatu zitzaion Iruñeko Urdazubiko monasterioaren kaleko 4.ean duen "Luces de la Ciudad" establezimenduan ordutegi berezia aplikatzeko.

2. Erabaki hau Santos Iribarren Sagüés jaunari jakinaraztea. Adieraziko zaio beraren aurka administrazioarekiko auzi errekurtsoa aurkez dezakeela, Nafarroako Auzitegi Nagusiko maila bereko sailean, bi hileko epean, erabaki hau jakinarazi ondoko egunetik aitzina, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa araupetzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 46. artikuluarekin bat.

Iruñean, bi mila eta biko ekainaren hamazazpian.-Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilaria. Nafarroako Gobernuko idazkaria, Rafael Gurrea Induráin".

Iragarkiaren kodea: a0209002