117. ALDIZKARIA - 2002ko irailaren 27a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Beste Xedapenak

1436/2002 EBAZPENA, abuztuaren 9koa, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, 2002. urtean famili plangintzarako eta emakumeari laguntzeko jarduerak garatzeko helburua duten ekintza eta programetarako dirulaguntzen deialdia onesten duena.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorra berriki ezarri da, ekainaren 9an onetsi baitzen 8/1997 Foru Legearen bidez (1997ko ekainaren 20ko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALa, 74. zk.).

Aipatu Foru Legearen 3. artikuluan adierazitakoarekin bat, dirulaguntzen banaketa publizitate, konkurrentzia eta objektibotasunaren printzipioei jarraikiz egin behar da.

Dirulaguntza deialdi honen xedea da irabazteko asmorik ez duten erakunde eta taldeek, emakumeei zuzenduriko osasun programak eta famili plangintzarako jarduerak sustatzeko asmoz, antolatzen dituzten berariazko ekintzei laguntzea.

Deialdi honek interesaturik dauden elkarte eta erakunde guztiei bide ematen die egoera berberean lehiatzeko eta, aldi berean, bermatzen du dirulaguntzen banaketa irizpide objektiboei jarraikiz eginen dela, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak, osasungintzako politikaren esparru orokorraren barruan, ezartzen dituen jarraibideen arabera.

Bideko Ama Birjina Ospitaleko zuzendariak egin duen deialdi proposamena ikusirik, Laguntza Espezializatuko zuzendariaren oniritzia izaki eta Ogasun Departamentuak Osasunekoan duen kontu-hartzailetza delegatuaren adostasunez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorra ezarri zuen ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legearen 5. artikuluak esleitu dizkidan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Osasun Departamentuaren eta bere erakunde autonomoen jardueren osagarri izan nahian, 2002. urtean famili plangintzarako eta emakumeari laguntzeko jarduerak garatzeko helburua duten ekintza eta programetarako dirulaguntzen deialdia onestea.

2. Deialdia arautuko duten oinarriak, ebazpen honen eranskinean azaltzen direnak, onestea.

3. Deialdian aurreikusi diren dirulaguntzen finantzazioa 2002ra luzatutako 2001. urteko Nafarroako Aurrekontu Orokorren "Irabazteko asmorik gabeko erakundeentzako dirulaguntzak" izeneko 543001-52241-4810- 412200 kontusailaren kargura eginen da. Aipatu kontusaila 70.599 eurokoa da.

4. Deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadila agintzea.

5. Ebazpen hau igortzea Ogasun Departamentuak Osasunekoan duen kontu-hartzailetza delegatuari, Laguntza Espezializatuko Zuzendaritzara, Bideko Ama Birjina Ospitaleko Zuzendaritzara eta Osasun Departamentuko idazkari teknikoari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, bi mila eta biko abuztuaren bederatzian.-Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Víctor Manuel Calleja Gómez.

E R A N S K I N A

Deialdiaren oinarriak

1. Dirulaguntzaren xede diren ekintza eta programek Laguntza Espezializatuko Zuzendaritzak ezarriak dituen ondoko lehentasunekin bat etorri beharko dute:

-Emakumearen osasuna sustatzea.

-Sexu osasunaren eta ugalketari begirako osasunaren eremuan, hezkuntza jarduerak sustatzea.

Erakundeak egin nahi duen jardueraren helburuaren arabera, aintzat hartu beharreko jarduketa eremua honakoa izanen da:

-Emakumeen osasuna sustatzeko programak, famili plangintzakoak eta sexu-heziketakoak garatzea.

2. Deialdi honen babesean ematen diren dirulaguntzak 2002. urtean egin beharreko jarduketak finantzatzeko izanen dira. Halaber, 2002 eta 2003ko aurrekontu ekitaldietan banatuta garatuko direla egiaztatzen diren jarduketetarako laguntzak eskatzen ahalko dira, betiere iraupena urte batetik beherakoa baldin bada.

3. Ebazpen honetan biltzen diren dirulaguntzak eskatzen ahalko dituzte Elkarteen Erregistroan edo beste batean inskribaturik dauden irabazteko asmorik gabeko erakunde eta elkarteek, 2002. urtean Nafarroako Foru Komunitatean emakumeen osasuna sustatzeko ekintzak, famili plangintzakoak edo sexu hezkuntzari buruzkoak garatzen badituzte.

4.1. Dirulaguntza eskaerak Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Erregistroan aurkeztu beharko dira (Irunlarrea kalea, 39, Iruña), honako agiri hauekin batera:

-Elkarte edo erakundearen estatutuak.

-Egin gogo den proiektu, ekintza edo programaren memoria tekniko eta ekonomikoa.

-Dirulaguntza eskaera aurkezten duen pertsonaren ordezkaritza egiaztatzeko agiria.

-Elkarteen Erregistroan edo beste batean inskribaturik dagoela egiaztatzeko agiria eta Identifikazio Fiskaleko Txartela.

-Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrak emandako ziurtagiria, elkarteak edo erakundeak Gizarte Segurantzarekiko dituen beharkizunetan egunean dagoela edo, kasua bada, hori egitetik salbuetsia dagoela, egiaztatzeko.

Agiri guztiek jatorrizkoak edo notario edo administrazio bidez konpultsatutako kopiak beharko dute izan.

4.2. Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar deialdi honetako arauak onartzea.

4.3. Aurkezten diren datuak egiazkoak ez badira edo eskatzaileak haietan gezur esan badu, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorra ezarri zuen ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legearen 27. eta ondoko artikuluetan adierazitakoaren araberako zehapena jartzen ahalko da.

5.1. Eskaerak aurkezteko epea 30 egun naturalekoa izanen da, deialdia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara eman eta biharamunetik hasita.

5.2. Eskaerak eta aurkeztu beharreko agiriek ez badituzte aipatu baldintzak betetzen, Laguntza Espezializatuko Zuzendaritzak interesatuari eskatuko dio hamar egun balioduneko epearen barruan zuzendu ditzan eta adieraziko dio, hori egiten ez badu, eskaera ezetsitzat hartu eta artxibatuko dela.

6.1. Aurkezten diren eskaerak aztertu, baloratu eta dirulaguntzak emateko proposamena egiteko asmoz, Ebaluazio Batzorde bat eratuko da, honako hauek osatuko dutena:

-Laguntza Espezializatuko zuzendaria, batzordeburu.

-Bideko Ama Birjina Ospitaleko zuzendaria, batzordekide.

-Laguntza Espezializatuko zuzendariak hautaturiko bi batzordekide.

-Bideko Ama Birjina Ospitaleko Administrazio eta Zerbitzu Orokorren Zerbitzuko batzordekide bat, idazkari.

-6.2. Ebaluazio Batzordeak, esleitu zaizkion eginkizunak aurrera eramateko, diruz laguntzen den jardueraren inguruko egiaztapenak egiten ahalko ditu eta, horretarako, jarduera egiaztatzeko agiri guztiak aztertzeko bidea izanen du.

Batzorde horren proposamena loteslea izanen da, ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legearen 5. artikuluko 3. idatz- zatiari jarraikiz.

7. Dirulaguntzak banatzean, batez ere, honako irizpide hauek hartuko dira kontuan:

-Aurkezten den programa Laguntza Espezializatuko Zuzendaritzak eta Emakumeari Laguntzeko Zentroek dituzten lehentasunezko helburu eta lan eremuekin bat etortzea.

-Dagokion osasun barruti edo eskualdean garatzen diren beste programa batzuekin nola moldatu eta egokitzen den.

-Komunitatearen parte-hartzea sustatzea.

-Elkarte eskatzaileak edo jarduketa eremuko beste erakunde batek programa finantzatzen laguntzen duen.

-Programa zein eta zenbat biztanleri zuzentzen zaien.

-Proposatzen diren helburuak beteko direla bermatzeko azpiegitura aski izatea.

-Aurreko urteetan garatutako programak eraginkorrak izatea.

8. Dirulaguntzak aurkezten den programa edo proiektuaren jarduera edo/eta langileri gastuak finantzatuko ditu. Funtzionamendu gastu orokorrak ere finantzatzen ahalko ditu, ematen den kopuruaren % 20, gehienez, horretarako erabiltzen ahalko baita.

9. Dirulaguntza hauek bateragarriak izanen dira beste edozein laguntza edo dirulaguntzarekin. Proiektu edo programa berbererako, erakunde edo entitate ezberdinetatik hartzen diren dirulaguntzen zenbateko osoa ezin izanen da, inola ere, proiektuaren kostu osoa baino altuagoa izan.

10.1. Dirulaguntza Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen ebazpenaren bidez emanen da, Ebaluazio Batzordeak proposaturik, eta Laguntza Espezializatuko Zuzendaritzak dagokion txostena eman ondoren, hots, onuradunek dirulaguntza jasotzeko beharkizun guztiak betetzen dituztela egiaztatzekoa.

10.2. Eskaera aurkezteko epea amaitu eta hiru hilabeteko epearen barruan ebazpen espresik ematen ez bada, eskaera ezetsi dela ulertuko da.

11.1. Dirulaguntza honela ordainduko da:

-Dirulaguntzaren % 70, laguntza onartzen denean, emateko Ebazpena onetsi ondoren.

-Gainerako % 30a, diruz lagundu den proiektu edo programa burutu dela egiaztatzeko honako jatorrizko agiri hauek aurkeztu eta gero:

Emandako dirulaguntzen kargura ordaindutako gastuen fakturak (jatorrizkoa eta fotokopia) eta horien zerrenda; langileri gastuetarako, horien ziurtagiriekin batera TC1 eta TC2 orriak aurkeztu beharko dira. Aurkezten diren fakturek martxoaren 8ko 85/1993 Foru Dekretuak ezarritakoa bete beharko dute, haren bidez fakturak luzatu eta gastu eta kenkariak egiaztatzeko arauak eman baitziren.

11.2. Aurreko atalean finkatutakoa gorabehera, 3.000 eurotik beherako dirulaguntzen ordainketa aurretiaz eginen da, dena batera.

Ordainketa hori, betiere, dirulaguntzaren xede den jarduera hasi baino hilabete bat lehenago ordainduko da.

11.3. Dirulaguntza ordaintzeko bidea edozein delarik ere, egiaztagiriak 2003ko otsailaren 15a baino lehen aurkeztu beharko dira, hurrengo urtean egiteko baimena dutenenak izan ezik. Kasu horietan Ebazpenean zehaztuko da memoria tekniko eta ekonomikoak aurkezteko epea.

12. Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren finantzazioa jasotzen duen jarduera egiteko, onuradunek bestelako erakundeen laguntza edo dirulaguntza jasotzen baldin badute, haien berri eman beharko diote Osasunbidea- Nafarroako Osasun Zerbitzuari.

13. Informazio, zabalkunde, foileto eta antzeko ekintza eta programetan, hala nola haien inguruan egiten diren jendaurreko azalpen guztietan, Nafarroako Gobernuaren logotipo ofiziala agerrarazi eta Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren finantzazio-laguntza aipatuko da.

14. Diruz laguntzen den programari ezarritako baldintzak erabat edo parte batean betetzen ez badira, hartutako dirulaguntzaren zenbateko osoa edo zati bat itzuli beharko da eta dirulaguntza jaso zenetik sortutako berandutza korrituak ordaindu, Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorra arautzen duen ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legearen 21. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

15. Deialdi hau garatzeko aurrekontua 2002ra luzatutako 2001. urteko Nafarroako Aurrekontu Orokorren "Irabazteko asmorik gabeko erakundeentzako dirulaguntzak" izeneko 543001-52241-4810- 412200 kontusailean agertzen dena izanen da.

16. Deialdi honetan zehaztuta ez dagoen orotan ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legea aplikatuko da, horren bidez ezarri baitzen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorra.

17. Deialdi honen eta bere oinarri eta egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzenduta, hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita. Errekurtso arrunta ebazten duen Erabakiaren aurka bidezkoa izanen da administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea bi hilabeteko epean, Administrazioarekiko Auzien Epaitegian.

Iragarkiaren kodea: a0209875