105. ALDIZKARIA - 2002ko abuztuaren 30a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Aginduak

FORU AGINDUA, 2002ko abuztuaren 12koa, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak emana, 2002/2003 ekitaldirako esne kuoten Fondo Nazional Koordinatuari erreferentziako kopuruak erosteko betebehar eta irizpide osagarriak ezartzen dituena.

Esne sektorearen modernizazioari eta lehiakortasunaren hobekuntzari buruzko uztailaren 10eko 1486/1998 Errege Dekretuak esne kuoten Fondo Nazional Koordinatua sortu zuen Erreserba Nazionalaren barruan, eta ezarri zituen Fondoko kuota integratuak esleitzeko erak, onuradunen betebeharrak, eskatzen ahal diren gehieneko kopuruak, oinarrizko lehentasun irizpideak, esleipen osagarria eta beste afera batzuk.

Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioaren 2002ko apirilaren 17ko APA/867/2002 Aginduaren bidez eta hura aldatu zuen ekainaren 17ko APA/1550/2002 Aginduaren bidez gauzatu da haren aplikazioa. Fondoko kopuruak saltzeko prezioa 0,30 euro/kilogramo ezarri da.

Fondoan 2002/2003 ekitaldirako Nafarroako Foru Komunitateari esleitu zaion kopurua 1.048.655 kilogramokoa da industriei saltzeko. Fondoaren esleipen osagarria 1.048.655 kilogramokoa da. Aurreko ekitaldietako arauetan ez bezala, Fondo Nazionalean erostunei emateko esleitutako kuoten urin kopuruaren eduki adierazgarria 100eko 3,58koa izanen da, horixe baita 2001/2002 ekitaldian abandonatutako kuoten batez bestekoarena, eta hala neurtu beharko da abeltzain onuradunaren urin kopuruaren eduki adierazgarrian.

Xedapen horiek denak Nafarroako Foru Komunitatean aplikatzeko bidezko da betebehar eta irizpide osagarriak ezartzea.

Hori horrela, Nafarroako Foru Komunitateko Gobernua eta Administrazioa arautzen dituen apirilaren 11ko 23/1983 Foru Legeko 36.2b) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. artikulua. Onuradunak.

Dagokien zenbatekoa ordaindu ondoren 2002/2003 ekitaldirako esne kuoten Fondo Nazional Koordinatuko kuotak eslei dakizkien nahi duten nekazariek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Haiei esleituriko kuota 2002ko apirilaren 1ean 400.000 kilogramotik beherakoa izatea.

Muga hori 800.000 kilogramora igan daiteke baldin eta artikulu honetan ezarri baldintzak betetzen dituzten nekazariek eskatu dituzten kopuruak, osotara, Nafarroako Foru Komunitateari emandako kopurua baino txikiagoak badira.

Eraldaketarako nekazari elkarteetan eta ekoizpenerako kooperatibetan, erreferentziako kopurua entitatearen izenean jaso baldin badute, kuoten Fondora sartzeko ezarritako muga entitateari emandako kuota nagusiki nekazariak diren bazkideen artean zatitu ondoren aplikatuko da.

b) Uztailaren 10eko 1486/1998 Errege Dekretuko 34.1 artikuluan aipatzen diren ekoizle kategorietakoa izatea:

-Nagusiki nekazari izatea.

-Nekazari gaztea izatea.

-Eskualde behartsuko ustiategia izatea.

-Ekoizle elkartea izatea.

-Ongintzako, irakaskuntzako edo bestelako erakundeak izatea.

c) Esne-ekoizpena behin betikoz uzteko Europako Batasuneko, Estatuko edo Foru Komunitateko fondoen kontura finantzaturiko programetan parte hartu ez izana.

d) Azken bost ekitaldietan erreferentziako kopururik transferitu edo utzi gabekoa izatea, Fondo Koordinaturako eskaera aurkezten denekoa barne.

e) Azken bost ekitaldietan, eskabidea Fondo koordinatuan aurkeztu den urtea ere barne, erreferentziako kopururik utzi ez izana, salbu eta 1486/1998 Errege Dekretuaren 42. artikuluan bildutako ezinbesteko kasuetako bat, ederki justifikatua, gertatu baldin bada. Ezinbesteko kasutzat hartuko dira agiriekin ederki justifikatu eta agintari eskudunek hala jotzen dituztenak ere.

f) 2001/2002 ekitaldian banan-banako erreferentziako kopuruaren 100eko 90 edo gehiago merkaturatu izana.

g) Esnea eta esnekiak ekoiztu eta merkaturatzeko osasun baldintzak betetzea. Hori analisiak egiten dituen esne laborategi ofizialaren ziurtagiri baten bidez frogatu beharko da.

2. artikulua. Fondorako eskabideak.

1. 2002/2003 ekitaldirako kuoten Fondotik erreferentziako kopuruak eskuratu nahi dituzten nekazariek, haien ustiategia Nafarroako Foru Komunitatean kokaturik badago eta aurreko artikuluan aipatzen diren baldintzak betetzen badituzte, 2002ko irailaren 14a baino lehen, eskabide bat aurkeztu beharko dute, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko lurralde edo eskualdeko bulegoetan emanen zaien eskabidearen ereduari lotuz. Eskabidea, eskatzen diren ziurtagiriekin batera, bulego horietan aurkeztu beharko da.

2. Nekazari batek eska dezakeen gehieneko kopurua 2001eko apirilaren 1ean esleiturik daukan erreferentziako kopuruaren araberakoa izanen da:

a) Esleitu zaion erreferentziako kopurua 150.000 kilogramotik beherakoa baldin bada, gehienez ere 100eko 50.

b) Esleitu zaion erreferentziako kopurua 150.000tik 250.000 kilogramo bitartekoa baldin bada, gehienez ere haren kuotaren eta 350.000 kilogramoren arteko aldearen 100eko 50.

c) Esleitu zaion erreferentziako kopurua 250.000tik 400.000 kilogramo bitartekoa baldin bada, gehienez ere haren kuotaren eta 500.000 kilogramoren arteko aldearen 100eko 25.

Hala ere, abeltzainaren esne kuota edozein delarik ere, 5.000 kilogramotik beherako kopururik ez da esleituko.

3. Interesatuek eskabidean hitz emanen dute bakarrik bertan behera utziko dutela hura Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak esleipenaren proposamena Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministeriora igorri baino lehen.

4. Kuotak esleiturik dauzkaten eraldaketarako nekazari elkarteen eta ekoizpenerako kooperatiben kasuan, kuoten Fondoan parte hartzeko aipaturiko mugak honelaxe kalkulatuko dira: esleituriko kuota elkarte haiek osatzen dituzten eta nagusiki nekazariak diren nafar kideez zatituko da, horiek 65 urte bete ez badituzte eta Gizarte Segurantzako nekazarien norberaren konturako Araubide Berezian edo Langile Autonomoen Araubide Berezian alta emanak badaude, kasuan-kasuan. Eskatzen ahalko den kopurua, bestalde, honelaxe aterako da: aurreko baremoen arabera bakoitzari legokiokeen zenbatekoa kopuru hartaz biderkatuko da.

3. artikulua. Lehentasunezko irizpideak.

Erreferentziako kopuruak eskuratzeko lehentasunezko irizpide hauek ezarri dira:

a) Irekitzeko udal lizentzia edo, horrelakorik ezean, jarduera sailkatuaren lizentzia daukaten ustiategiak: bi puntu.

b) Nafarroako Nekazaritza Ustiategien Erregistroan inskribaturik egotea eta lehentasunezko ustiategitzat joa izatea: bost puntu.

c) Abeltzainaren adina:

-18 urtetik 40 urtera bitarte: hiru puntu.

-40 urtetik 50 urtera bitarte: bi puntu.

-50 urtetik 60 urtera bitarte: puntu bat.

Horretarako, lehen aipatu diren ekoizle elkarteak izanez gero, nagusiki nekazariak diren nafar kideen batez besteko adina hartuko da kontuan, 65 urte bete ez badituzte eta Gizarte Segurantzako nekazarien norberaren konturako Araubide Berezian edo Langile Autonomoen Araubide Berezian alta emanak badaude, kasuan-kasuan.

d) Ustiategiko tokia:

-Mendiko nekazaritza aldea: bi puntu.

-Nekazaritza alde behartsua: puntu bat.

Atal honetan gehienez ere bi puntu lortzen ahal dira.

e) 2002/2003 ekitaldiaren hasieran duten erreferentziako kopuruaren arabera:

-100.001 kg. baino gutxiago: bost puntu.

-100.001etik 150.000ra bitarte: lau puntu.

-150.001etik 250.000ra bitarte: hiru puntu.

-250.001etik 300.000ra bitarte: bi puntu.

-300.001etik 350.000ra bitarte: puntu bat.

Horretarako, ekoizle elkarteen kasuan, esleituriko kuota elkarte haiek osatzen dituzten eta nagusiki nekazariak diren nafar kideez zatituko da, horiek 65 urte bete ez badituzte eta Gizarte Segurantzako nekazarien norberaren konturako Araubide Berezian edo Langile Autonomoen Araubide Berezian alta emanak badaude, kasuan-kasuan.

f) Kuota T2 edo T3 bidez lortu duten ustiategiak, transferentzia onartuak 2002ko martxoaren 31 baino lehenagotik balio badu:

-% 20 baino gehiago: hiru puntu.

-% 10etik % 20ra bitarte: bi puntu.

-% 10etik beheiti: puntu bat.

Ehunekoa eskuraturiko kuota osoa kontuan hartuz kalkulatuko da, hots, eskabidean transferentziaren onarpena jakinarazteko kopiaren bidez frogatu den kuota hori, 2002ko apirilaren 1eko hasierako kuota osoaren aldean.

g) Esne kontroleko guneetako ustiategiak: puntu bat.

h) Eskatuta ere, aurreko ekitaldietan Fondoko dirurik hartu ez duten ustiategiak: lau puntu. Aurreko banaketan dirurik eskatu ez dutenak: hiru puntu.

Berdinketarik gertatuz gero, gazteena lehenetsiko da. Horretarako, lehen aipatu diren ekoizle elkarteak izanez gero, nagusiki nekazariak diren nafar kideen batez besteko adina hartuko da kontuan, 65 urte bete ez badituzte eta Gizarte Segurantzako nekazarien norberaren konturako Araubide Berezian edo Langile Autonomoen Araubide Berezian alta emanak badaude, kasuan-kasuan.

4. artikulua. Fondoaren esleipenaren izapidaketa.

Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak erreferentziako kopuruak esleitzeko proposamen bat prestatuko du, interesatuei jakinaraziko diena eta 2002ko azaroaren 15a baino lehen Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioko Abeltzaintza Zuzendaritza Nagusira igorriko duena.

Proposamena hartu eta hamar eguneko epean, abeltzainek proposameneko kopuruen zenbatekoa Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioko Nekazaritza Zuzendaritza Nagusiak horretarako ezartzen duen kontu korrontean sartuko dute.

Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak, diru sarrera egin dela egiaztatu ondoren, proposamenean agertzen ziren nekazarien artetik epe barruan sarrera egin ez dutenen zerrenda igorriko du Abeltzaintza Zuzendaritza Nagusira, interesatuak esleipenaren ebazpenetik baztertzeko.

AZKEN XEDAPENA

Foru Agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, bi mila eta biko abuztuaren hamabian.-Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilaria, Ignacio Javier Martínez Alfaro.

Iragarkiaren kodea: a0209004