105. ALDIZKARIA - 2002ko abuztuaren 30a

III. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

MAIRAGAKO MANKOMUNITATEA

Deialdia, aholkulari ekonomiko izateko lanpostu bat oposizio-lehiaketa bidez betetzeko

1. oinarria.-Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da aholkulari ekonomiko izateko lanpostu bat betetzea, Mairagako Mankomunitatean ari dadin.

1.2. Izendapenak, ondorio guztietarako, nomina eta plantillako funtzionario bilakatuko du hautatua, lanpostuaz jabetzen denetik, eta Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean kidetuko eta hartan izena emanen, abenduaren 30eko 13/1993 Foru Legeak ezartzen duen gisara.

1.3. Lanpostuak A mailari dagozkion lansariak izanen ditu, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileriaren Estatutuaren Testu Bateginean eta Ordainsarien behin-behineko Erregelamenduan eta Mairagako Mankomunitateari aplikatzen ahal zaizkion gainerako xedapenetan ezarritakoetan.

1.4. Lanaldiaren antolamendua zerbitzuaren beharren arabera egokituko da, eta hura noiznahi aldatzen ahalko dute administrazioko erakunde eskudunek.

1.5. Deialdi honen ondorioz izendatuko denak eginkizun hauek beteko ditu:

-Azterlanak, plan estrategikoak eta bideragarritasun planak egitea eta Mankomunitatearen xede diren zerbitzuak kudeatu eta koordinatzea, hala badagokio gerentzia lanak ere izanen dituela.

-Bere titulazioari dagozkion lanak, eta bere esku uzten diren gainerakoak, betiere duen kategoria administratibora egokitzen badira.

-Arestian aipatu eginkizunen ondoriozko txostenak.

-Bere eskumenekin zerikusia duten bilera, batzorde eta abarretan parte hartzea, bai Mankomunitate barnekoak nahiz kanpokoak, gobernu organo eskudunak Mairagako Mankomunitatearen partaidetza behar dela uste badu.

-Mairagako Mankomunitatean ezarritako kontatibilitate publikoaren plan orokorraren kudeaketa.

-Titulazioari dagokion bertze edozein, baita haiek gauzatzeko behar diren lan administratiboak eta loturik dauden gainerako lanak ere.

1.6. Epaimahaiak eman gabe uzten ahalko du lanpostua, uste baldin badu izangaietako inork ez duela hartan aritzeko adina jakintza, gaitasun eta prestakuntza maila.

2. oinarria.-Izangaien baldintzak.

2.1. Oposizio-lehiaketa honetan onartua izateko, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, izangaiek ondoko baldintzak bete beharko dituzte:

a) Adinez nagusia izatea.

b) Espainiarra izatea edo Europako Batasuneko edozein estatutako nazionalitatea izatea edo Europako Elkarteak sinatu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunen aplikazio esparruan sarturik dagoen estaturen batekoa, langileen joan- etorri librea aplikagarri bazaio.

c) Ekonomi eta/edo Enpresa Zientzietako lizentziatuaren titulu ofizialaren edo horren baliokideren baten jabe izatea.

d) Egin beharreko eginkizunak betetzeko gaitasun fisiko eta psikikoa aski izatea.

e) Eginkizun publikoetan aritzeko ezgaiturik ez egotea eta administrazio publikoen zerbitzutik berezi ez izana.

f) Ibilgailuak gidatzeko baimena, B mailakoa bederen, izatea.

2.2. Hirugarren oinarrian ezarritakoa kenduta, aipatu betebeharrak deialdiko 9. oinarrian ezartzen diren epean eta moduan frogatu beharko ditu probak gainditu eta lanpostua eskuratzen duen izangaiak. Horiek, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean bete beharko ditu, oposizio-lehiaketaren prozedura osoan bete ere, lanpostuaz jabetzen den arte.

3. oinarria.-Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartu ahal izateko eskabideak Mairagako Mankomunitatearen erregistro orokorrean aurkeztu beharko dira, deialdia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara eman eta biharamunetik hasita 30 egun naturaleko epearen barnean. Aipatu eskabideak deialdian argitaratutako I. ereduari lotuko zaizkio, eta horiekin batean agiri hauek aurkeztuko dira:

a) Nortasun Agiri Nazionalaren edo izangaiaren nortasuna eta nazionalitatea egiaztatzeko agiri baliokidearen fotokopia.

b) Deialdian eskatzen den tituluaren fotokopia, jatorrizkoarekin batean aurkeztuko dena, konpultsarako, edo hura eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina.

b) Lehiaketaldirako alegatu diren merezimenduen agiri jatorrizkoak edo kopia kautotuak.

c) Lehiaketaldian alegatutako merezimenduen jatorrizko egiaztagiriak edo kopia kautotuak.

d) Gutienez ere B motako gidabaimenaren fotokopia konpultsatua.

3.2. Minusbalioa dutenek hura zer-nolakoa den adierazi beharko dute eskabidean eta ariketak egiteko denbora nahiz bitartekoen aldetik beharrezko izan ditzaketen egokitzapenak eskatu beharko dituzte.

3.3. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina izanen da.

4. oinarria.-Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea amaitutakoan, Mairagako Mankomunitateko buruak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadin aginduko du.

4.2. Izangai baztertuek, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean behin-behineko zerrenda atera eta ondoko hamar egun balioduneko epearen barnean, erreklamazioak egiten ahalko dituzte, eta akatsik baldin bada, horiek zuzendu.

4.3. Erreklamazioak aurkezteko epea iraganik eta haiek ebatzitakoan, Mairagako Mankomunitateko buruak onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpena emanen du eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadin aginduko. Ebazpen berean zehaztuko da probak non, noiz eta zer egunetan hasiko diren.

5. oinarria.-Epaimahaia.

5.1. Epaimahaia kide hauek osatuko dute:

Mahaiburua: Mairagako Mankomunitateko burua.

Ordezkoa: Mairagako Mankomunitateko buruordea.

1. mahaikidea: teknikari bat, Ekonomi eta/edo Enpresa Zientzietako lizentziatua edo pareko titulua duena, Nafarroako Gobernuko Toki Administrazioko Departamentuak izendatu beharrekoa.

Ordezkoa: teknikari bat, Ekonomi eta/edo Enpresa Zientzietako lizentziatua edo pareko titulua duena, Nafarroako Gobernuko Toki Administrazioko Departamentuak izendatu beharrekoa.

2. mahaikidea: Nafarroako Kontuen Ganbarak izendatu beharreko kontu-ikuskari bat.

Ordezkoa: Nafarroako Kontuen Ganbarak izendatu beharreko auditore bat.

3. mahaikidea: Iruñerriko Mankomunitateko kontu hartzailea.

Ordezkoa: Jurramendiko Mankomunitateak izendatu beharreko ekonomialaria.

4. mahaikidea: Mairagako Mankomunitateko langileen ordezkaria.

Ordezkoa: Mairagako Mankomunitateko langileen ordezkari bat.

Idazkaria: Mairagako Mankomunitateko idazkaria edo berak eskuordetzen duena, hizpidea duela, baina botorik gabe.

5.2. Hautapen probak egin baino lehenago osatu beharko da epaimahaia. Ezin izanen da osatu ez eta jardun ere, gutienez ere bere kideen erabateko gehiengoa biltzen ez bada.

5.3. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu, deialdi honen oinarriak ulertu eta aplikatzerakoan sor daitezkeen afera guztiak.

5.4. Epaimahaiak aholkulari adituak deitzen ahalko ditu proba guzti nahiz batzuetarako. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko eta horiexetan bakarrik lagunduko dute epaimahaia.

6. oinarria.-Oposizio-lehiaketa nola eginen.

6.1. Oposizio-lehiaketa bi fasetan garatuko da, lehiaketaldia lehenbizi eta oposizioaldia gero, oinarri hauetan zehazten den gisan.

6.2. Izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrendarekin batean iragarriko da oposizioaldia noiz, non eta zein ordutan hasiko den. Horren ondotik, epaimahaiak behar denean eta erregelamenduari jarraikiz emanen ditu aditzera gainerako proben iragarkiak.

6.3. Oposizio-lehiaketaren balorazioa, osotara, 125 puntukoa izanen da, horietarik 25 lehiaketaldian eta 100 oposizioaldian.

7. oinarria.-Lehiaketaldia.

7.1. Lehiaketaldia ez da baztergarria izanen eta gehienez ere 25 puntu izanen ditu, ondoko baremoaren arabera:

A) Lanbideko esperientzia (15 puntu gehienez ere).

A.1) Ekonomi eta/edo Zientzietako lizentziatu gisa edo pareko tituluren baten jabe izanik egindako zerbitzuak, horietarako titulazio hura eskatzen bazen, Nafarroan kokaturiko toki entitateetan: 3 puntu urte bakoitzetik.

A.2) Ekonomi eta/edo Zientzietako lizentziatu gisa edo pareko tituluren baten jabe izanik egindako zerbitzuak, horietarako titulazio hura eskatzen bazen, bertze administrazio publiko eta/edo enpresa publiko edo pribatuetan: puntu 1 urte bakoitzetik, eta gehienez ere 6 puntu.

B) Bertzelako merezimenduak (gehienez ere 6 puntu):

B.1) Erakunde, erregistro edo enteetako partaide izatea edo hartan inskribatua egotea, horretarako gaitasun tekniko berariazkoa eskatzen bazen zerbitzuen kudeaketan, plangintzan eta kudeaketa ekonomikoan, kontabilitatean, fiskalitatean edo kontu-ikuskaritzan: 5 puntu.

B.2) Goragoko bertze titulazio baten jabe izatea, deialdian eskatu ez bertze: 3 puntu.

B.3) Erdi mailako titulazioaren jabe izatea, goragokoaren jabe izan gabe, edo lizentziaturaren lehen hiru ikasturteak egin eta gainditu izana, Ingeniaritzan, Zuzenbidean edo Lan Harremanetan: 2 puntu.

C) Zentro ofizial edo onartuek emandako ikastaro edo egintzak (gehienez ere 4 puntu):

C.1) 14 ordu edo gehiagoko ikastaro bakoitzetik, kontabilitatearen kudeaketaz, toki entitateen zerbitzu publikoen kudeaketaz, eta toki entitate baten plangintza ekonomikoarekin edo ekonomi eta kudeaketa alorrarekin ikusteko dutenez: 0,5 puntu ikastaro bakoitzetik.

C.2) 30 ordu edo gehiagoko ikastaro bakoitzetik, Access datu baseen kudeaketaz: 0,5 puntu ikastaro bakoitzetik.

7.2. Lehiaketaldia amaitutakoan, argitara emanen da Mairagako Mankomunitateko iragarki oholean izangai bakoitzak lortutako puntuazioa.

8. oinarria.-Oposizioaldia.

8.1. Oposizioaldiak ondoko ariketak izanen ditu eta gehienez ere 100 puntu ematen ahal dira.

-Lehen ariketa: proba teorikoa, II. eranskineko gaien gaineko 30 galdera motzez idaztea, gehienez ere lau orduan. Gehienez ere 15 puntu emanen dira eta proba ez da baztergarria izanen.

-Bigarren ariketa: lanpostuarekin ikusteko duten bi kasu praktiko argitu beharko dira, idatziz eta gehienez ere bortz orduan, II. eranskineko gaien gainean. Kasu bakoitzaren puntuazioa 20 puntukoa izanen da gehienez; ariketa honetan, beraz, 40 puntu emanen dira gehienez eta, berriz, gutienez ere 20 puntu eskuratu beharko dira ariketa gainditzeko.

-Hirugarren ariketa: kasu praktiko bat edo gehiago argitu beharko dira, idatziz eta gehienez ere bortz orduan, ur eta hondakin mankomunitate baten zerbitzuen plangintza, koordinazio eta kudeaketaren gainean. Ariketa honetan 40 puntu emanen dira gehienez eta, berriz, gutienez ere 20 puntu eskuratu beharko dira ariketa gainditzeko.

-Laugarren ariketa: proba psikoteknikoak, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko profesionalen lan taldeak egitekoak. Ez dira baztergarriak izanen eta izangaiek beren eginkizunetan aritzeko duten gaitasuna baloratzeko balioko dute. Ariketa honetan 5 puntu emanen dira gehienez.

8.2. Oposizioaldiko ariketa bakoitza amaitutakoan, jendaurrean jarriko da Mairagako Mankomunitateko iragarki oholean, azterketa gainditu duten izangaien zerrenda eta atera duten kalifikazioa, baita hurrengo ariketa noiz eta non eginen den, gutienez ere berrogeita zortzi ordu lehenago.

Probetarako deialdi bakarra izanen da, eta hartara Nortasun Agiri Nazionala aldean daramatela agertu beharko dute izangaiek. Agertzen ez direnak bazterturik geldituko dira.

9. oinarria.-Azterketa gainditu dutenen zerrenda eta epaimahaiaren proposamena.

9.1. Azken ariketa amaituta, epaimahaiak probak gainditzen dituztenen zerrenda eginen du, puntuazio handienetik tikienerako ordenan antolatua, izangai bakoitzak lehiaketaldian eta oposizioaldian ateratako puntuazioak batuta. Zerrenda Mairagako Mankomunitateko iragarki oholean argitaratuko da.

9.2. Epaimahaiak puntuaziorik altuena duen izangaiaren aldeko izendapen proposamen loteslea eginen dio Mairagako Mankomunitateko buruari. Proposamena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.

9.3. Izendapen proposamena jakinarazi eta hurrengo 30 egun naturaleko epearen barnean, proposatutako izangaiak, ondoko agiriak ekarri beharko ditu Mankomunitateko Erregistro Orokorrera:

1.-Eginkizun publikoetarako ezgaitua edo gabetua ez izatearen, eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik berezia ez izanaren zinpeko aitorpena.

2.-Osasun ziurtagiria, karguak bere dituen eginkizunak betetzea eragotziko liokeen eritasunik edo akats fisikorik ez duela erakusten duena. Izangaiak minusbalioren bat alegatu badu, hura zein den eta deialdi honetako lanpostuarekin bateragarria dela ziurtatzen duen agiria aurkeztu beharko du, balorazio eta orientazio talde eskudunek sinatua.

3.-Zin egin edo hitz eman Nafarroako Foru Araubidea begiratu, Konstituzioa eta Legeak onartu, eta karguari atxikirik dauden eginbeharrak zintzo beteko dituela.

9.4. Aipatu epearen barnean, eta aski arrazoituriko ezinbertzeko kasuak izan ezik, aitzineko agiriak aurkezten ez dituena ezin izanen da izendatu, eta beraz egintza guztiak deuseztaturik geldituko dira, betiere bere eskabidearen faltsukeriagatik legokiokeen erantzunbeharra galarazi gabe.

9.5. Aitzineko atalean ezarritako kasuan, Mairagako Mankomunitateko buruak gainditu dutenen zerrendan, alegia, 9.1 atalak aipatzen duen horretan, ondo-ondotik heldu den izangaiarekin beteko du hutsunea. Harekin aitzineko ataletan adierazi bezala jokatuko da.

10. oinarria.-Izendapena eta jabetza hartzea.

10.1. Hautabidea amaituta eta izangaiak aitzineko 9.3 oinarriak aipatu dituen agiriak ekarrita, Mankomunitateko buruak Mairagako Mankomunitateko funtzionario izendatuko du, aholkulari ekonomikoaren karguan ari dadin.

Izendapen hori Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.

10.2. Izangai izendatuak, izendapena jakinarazi eta ondoko hilabeteko epean hartu beharko du lanpostuaren jabetza. Epe horretan, eta aski arrazoituriko kasuak izan ezik, lanpostuaren jabetza hartzen ez badu, Mairagako Mankomunitateko funtzionario bilakatzeko eskubide guztiak galduko ditu. Horrela gertatuz gero, 9.4 eta 9.5 atalek ezarritakoari jarraikiko zaio.

11. oinarria.-Errekurtsoak.

Deialdi honen, haren oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, errekurtso hauek para daitezke, hautara:

a) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Auzitegi Nagusiko arlo bereko sailari zuzendua, bi hilabeteko epean erabaki hau argitaratu edo errekurritzen den egintza jakinarazi eta biharamunetik aitzina; edo bertzenaz,

b) Gora jotzeko errekurtsoa, zuzenean Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean erabaki hau argitaratu edo errekurritzen den egintza jakinarazi eta biharamunetik aitzina.

c) Berraztertzeko errekurtsoa, erabaki hau hartu duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, erabaki hau edo errekurritzen den aplikazio egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik aitzina.

Tafallan, bi mila eta biko abuztuaren zortzian. Mankomunitateko burua, Javier Santalla Prieto.

I. ERANSKINA

Eskabide eredua

Izena: .............., N.A.N. edo nortasun agiri baliokidea: .........., jaioteguna: ......, jaioterria: ........ (.......), nazionalitatea: ...................., bizitokia: ......... (.......), karrika: .............., zenbakia: ......., posta kodea: ...... telefonoa: .............

Zure aitzinera agertzen naiz eta azaltzen dut:

Mairagako Mankomunitateko aholkulari ekonomiko izateko lanpostu bat oposizio-lehiaketa bidez betetzeko oposizioan onartua izatea eskatzen dudala.

Lanpostuan aritzea galarazten ahal didan eritasunik edo akats fisikorik ez psikikorik ez dudala.

Indarrean dauden xedapenetan ezarritako ezgaitasun bakarrik ere ez dudala.

Ez naizela espediente bidez bereizia izan inongo administrazio publikoren zerbitzuetatik eta ez nagoela ezgaitua funtzio publikoetan aritzeko.

Deialdiko 2. oinarrian eskatzen den titulazioaren jabe naizela frogatzen duen ziurtagiria erantsi dudala. Eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean baldintza guzti-guztiak betetzen didutala.

Minusbalioa dudala eta, beraz, ondoko egokitzapen hau eskatzen duela, aipatzen diren arrazoiengatik (orri berezi batean ezintasunaren arrazoiak azalduko dira, baita eskatzen diren egokitzapenak ere)

Horrenbertzez:

Eskabide hau onar dezazun eskatzen dut eta, horren bitartez, Mairagako Mankomunitateko aholkulari ekonomiko izateko lanpostu bat oposizio-lehiaketa bidez betetzeko deialdian onar nazazun.

(Data eta sinadura)

MAIRAGAKO MANKOMUNITATEKO BURUA.

II. ERANSKINA

G a i a k

1.-Gerentziako eginkizuna administrazio publikoetan. Kudeaketa publikoaren berezitasunak. Burokraziaren krisia kudeaketa sistema gisa. Sektore pribatuko tekniken egokitzapena. Management publikoa.

2.-Politika publikoen diseinua eta adierazpena. Politika publikoak betearaztea. Politika publikoen ebaluazioa.

3.-Kudeaketa publikoaren plangintza. Plangintza estrategiko eta operatiboa. Inbertsioen plangintza. Kostuen azterketa. Zuzendaritza helburuz helburu. Proiektuen programazioa. Proiektuen kudeaketa. Kudeaketa helburuz helburu.

4.-Sektore publikoa. Jarduera finantzarioa. Ogasun publikoa: atxikipen zientifikoa eta gaur egungo edukia.

5.-Sektore publikoaren jarduera esleipenean eta banaketan. Merkatuaren akatsak eta ondasun sozialak. Banaketaren ekitatea. Ondasunen hornidura publikoa.

6.-Sektore publikoaren jarduera eskari globalaren eta hazkundearen gainean. Gastu publikoen eragina eskari globalean. Gastuen finantzaketa eta haien eragina egonkortasunaren gainean. Gastuak, zergak eta hazkunde ekonomikoa.

7.-Erabakiak hartzea sektore publikoan: hautapen soziala. Hautapen soziala eta norberaren lehentasunak. Zuzeneko demokrazia eta demokrazia ordezkatzailea. Burokrazia, klase sozialak eta interes taldeak.

8.-Kontabilitate nazionala eta sektore publikoa: alderdi orokorrak. Fluxuen eta sektoreen kontuak: saldoak eta agregatuak. Administrazio publikoen kontabilitatea.

9.-Gastu publikoaren proiektuen hautapena. Proiektuen ebaluazioaren oinarriak. Kostuak, etekinak, tasak eta erabakitzeko arauak. Banaketa alderdiak proiektuen hautespenean.

10.-Kostu publikoen banaketa formala eta materiala. Ezarpenaren printzipio orokorrak. Etekina eta ordaintzeko gaitasuna,banaketa irizpide gisara. Zerga eragina.

11.-Kontabilitatearen Plan Orokorra. Kontabilitatearen printzipioak eta balorazio arauak. Kontabilitateko definizioak eta harremanak. Eragiketen erregistroa. Urteko kontuak eta memoria Kontabilitatearen Plan Orokorraren baitan.

12.-Kontabilitatearen Plan Orokorra uraren hornidura eta saneamenduaren sektoreko enpresetara egokitzeko arauak.

13.-Finantza egoeren azterketa. Helburuak eta metodoak. Finantza egoeraren azterketa, epe motzera nahiz luzera. Finantzaketa koadroa. Emaitzen eta errentagarritasunen azterketa. Itopuntua eta balankamendu operatiboa.

14.-Urteko kontu sendotuak. Horiek aurkezteko arauak. Derrigortasuna. Sendotzeko bide eta prozedurak.

15.-Kontabilitate Publikoaren Plan Orokorra. Kontuen koadroa. Obligazioak eta gastuak: kontzeptua eta motak, ezagutzeko irizpideak eta zenbatzeko irizpideak. Kobratzeko eskubideak eta dirusarrerak: kontzeptua eta motak, ezagutzeko irizpideak eta zenbatzeko irizpideak.

16.-Administrazio Publikoen kontabilitate-magnitudeen azterketa eta ondare-interpretazioa, ekonomikoa eta finantzarioa.

17.-Nafarroako Toki Administraziorako Kontabilitate Jarraibide Orokorra: printzipio orokorrak, aplikazio esparrua eta xedeak. Kontabilitateko agiri eta liburuak.

18.-Nafarroako Toki Administraziorako Kontabilitate Jarraibide Orokorra: irekitzea. Gastuen aurrekontuaren kontabilitatea. Dirusarreren aurrekontuaren kontabilitatea.

19.-Nafarroako Toki Administraziorako Kontabilitate Jarraibide Orokorra: ibilgetuaren kontabilitatea. Amortizazioa: kontzeptua eta metodoak. Amortizazio kuoten eragina. Kreditu eragiketen kontabilitatea.

20.-Nafarroako Toki Administraziorako Kontabilitate Jarraibide Orokorra: ente publikoen baliabideen administrazioaren kontabilitatea. Diruzaintzako bertze eragiketen kontabilitatea, aurrekontukoak ez direnean.

21.-Nafarroako Toki Administraziorako Kontabilitate Jarraibide Orokorra: B.E.Z.aren kontabilitatea. Gordailuko baloreen kontabilitatea. Dirubilketako agenteen kontrolaren kontabilitatea. Ordena-kontuak.

22.-Nafarroako Toki Administraziorako Kontabilitate Jarraibide Orokorra: ekitaldiko itxierako eragiketak. Aurrekontuaren emaitza, hura zehaztu beharra. Diruzaintzako gerakina.

23.-Nafarroako Toki Administraziorako Kontabilitate Jarraibide Orokorra: gastuen proiektua. Zuritu beharreko gastuak. Kutxa finkoko aurrerakinak. Kreditu gerakinak. Finantzaketa lotetsia duten gastuak. Merkataritzako eragiketen kontabilitatea.

24.-Nafarroako Toki Administraziorako Kontabilitate Jarraibide Orokorra: kontu orokorra.

25.-Kontu-ikuskapena eta kontrol ekonomiko-finantzarioa toki korporazioetan. Kontu-ikuskapenerako arauak sektore publikoan. Barne eta kanpo kontrolerako organoak toki korporazioetan.

26.-Toki enteen kontrol finantzarioa: kontzeptua eta esanahia. Kontrol finantzarioaren arauketa. Kontu-ikuskapeneko teknikak kontrol finantzarioari aplikatuak. Toki enteen kontratugintzaren kontrola. Toki korporazioen menpeko erakundeen kontu-ikuskapena eta kontrol finantzarioa.

27.-Kanpo kontrolerako organoak. Kontuen Auzitegia. Nafarroako Kontuen Ganbara. Kontabilitate-erantzukizuna diru publikoen erabilpenagatik. Kontabilitate-erantzukizuna eskatzeko prozedurak.

28.-Nafarroako toki entitateen aurrekontuak. Espedienteen edukia, aurrekontuetako printzipio eta kontzeptuak. Aurrekontuak onestea, betetzea eta likidatzea. Gastuen aurrekontuko kredituak.

29.-Nafarroako toki entitateen aurrekontuak: aurrekontuaren egitura. Aplikazio arauak. Gastu eta dirusarreren sailkapena. Edukia.

30.-Aurrekontua egonkortzeari buruzko 18/2001 Lege Orokorra eta eta 5/2001 Lege Organikoa, aitzinekoaren osagarria. Aplikazio esparrua eta printzipio orokorrak. Kontuen Sistema Europarra (KSE-95). Aipamen berezia toki korporazioei.

31.-Posizio neurriak: erdikoak eta ez-erdikoak. Barreiadura neurri absolutuak eta erlatiboak. Kontzentrazio neurriak.

32.-Bi aldagarrien arteko doiketaren eta erregresioaren azterketa.

33.-Finantza-eragiketa bakunak: kapitalizazioa eta deskontua. Finantza-eragiketa konposatuak: kapitalizazioa eta deskontua.

34.-Errentak. Kontzeptuak eta sailkapenak. Benetako errentak, errenta egonkorrak eta errenta aldakorrak. Errenta zatikatuak. Betiereko errentak.

35.-Maileguak. Amortizazio sistemak: errenboltso bakarra, amortizazio kuota egonkorra, urteroko kuota egonkorra, progresio aritmetikoan eta geometrikoan aldatzen diren urteroko kuotak. Interes zatikatuak dituen amortizazio metodoa. Kapitala eratzeko operazioak.

36.-Jesapen normal klasikoak eta merkataritzako ezaugarriak dituztenak. Jesapen normalizagarriak: amortizazio sariarekin, amortizazio lehorrarekin, loteekin, interesak era zatikatuan ordainduz, aldizkako administrazio gastuekin.

37.-Nafarroako toki ogasunen tributuz bertzeko baliabideak: berezko dirusarrerak edo zuzenbide pribatukoak. Prezio publikoak. Urbanizazio kuotak. Isunak. Bertzelako prestazioak.

38.-Nafarroako toki ogasunen tributu bidezko dirusarrerak: kontzeptua eta motak. Zergak: kontzeptua eta motak. Tasak: kontzeptua eta motak. Prezio publikoen aldean dituzten ezberdintasunak. Kontribuzio bereziak.

39.-Nafarroako toki ogasunen bertzelako dirusarrerak: kreditu eragiketen bidezko dirusarrera finantzarioak. Zor publikoa. Estatuaren tributuetan duten partaidetza.

40.-Nafarroako toki ogasunen bertzelako dirusarrerak: Foru Komunitatearen tributuetan duten partaidetza. Transferentzia arruntak. Kapital transferentziak. Toki azpiegituretako obren hirurteko planak eta haien arauketa.

41.-Nafarroako toki ogasunen zergak. Lurraren gaineko kontribuzioa. Jarduera ekonomikoen gaineko zerga. Lurren balio igoeraren gaineko zerga.

42.-Nafarroako toki ogasunen zergak. Trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zerga. Eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zerga. Luxuzko gastuen gaineko zerga. Etxebizitza hutsen gaineko zerga.

43.-Kontratazio administratiboa Nafarroan. Oinarrizko legeria eta Nafarroako eskumena. Administrazio Publikoen Kontratuei buruzko Legearen Testu Bategina (2/2000 Legegintzako Errege Dekretua, ekainaren 16koa). Kontratu publikoen izaera juridikoa. Kontratu administratibo ohikoenak: kontzeptua eta oinarrizko araubidea. Administrazioaren eskubideak.

44.-Kontratazio administratiboa Nafarroan. Administrazioarekin kontratatzeko beharkizunak: gaitasuna eta kaudimena, sailkapena eta bermeak. Pleguak. Interesatuen proposamenak eta agiriak. Zabalkundea. Esleipen prozedurak.

45.-Kontratazio administratiboa Nafarroan. Esleipen bideak: enkantea eta lehiaketa. Kontratuak betearazi, aldatu eta etetea.

46.-Kontratazio administratiboa Nafarroan. Prezioen berrikuspena. Kontratuak iraungitzea: betetzea, ebazpena eta baliorik eza. Lagapena eta azpikontratazioa.

47.-Nafarroako toki entitateen ondasunak: kontzeptua, sailkapena eta araubide juridikoa. Kalifikazio juridikoa. Aldatzea. Atxikitzea. Eskuratzea. Defentsa, zainketa eta berreskuratzea. Erabilera eta aprobetxamendua. Besterentzea eta karga.

48.-Administrazio egintza: kontzeptua, elementuak, motak eta baldintzak. Ebazpenen eta administrazio egintzen jakinarazpena. Administrazio egintzaren baliogabetasuna eta baliogabegarritasuna. Administrazio isilbidea.

49.-Administrazio prozedura eta hura arautzen duen legea. Aplikazio esparrua eta printzipio orokorrak. Interesatuak. Administrazio prozeduren gaineko xedapen orokorrak: abiaraztea, agintzea, instrukzioa, bukaera eta betearaztea.

50.-Errekurtsoak bide administratiboan: kontzeptua eta motak. Errekurtsoa paratzeko zilegitasuna. Errekurtso gai izan daitekeena. Inpugnatzeko arrazoiak egintza administratiboetan. Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendutako gora jotzeko errekurtsoaren aipamen berezia.

51.-Nafarroako toki administrazioa: antolaketa eta administrazioa. Toki entitateen motak. Antolaketa eta funtzionamendua, eskumenak. Toki korporazioetako kideak.

52.-Dirubilketa. Borondatezko epea. Premiamenduzko bidea. Preskripzioa. Zorrak iraungitzeko bestelako erak. Bermeak. Entitate laguntzaileak. Eskubide eta egintzen preskripzioa.

53.-Balio erantsiaren gaineko zerga Nafarroan: zergaren azterketa.

BEZaren eragina Nafarroako toki entitateen jardueran. BEZa Nafarroako kontratazio publikoan.

54.-Funtzio Publikoa: funtzionarioekiko harreman juridikoen izaera eta edukia. Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutua. Hautapena. Funtzionario izaeraren eskuraketa eta galera. Egoera administratiboak. Eskubideak, betebeharrak eta bateraezintasunak.

55.-Mankomunitateak. Estatutuak. Eskumen eta eskurantzak. Ordezkapen organoak. Mankomunitateko burua. Osoko bilkura.

55.-Zerbitzu publikoan aritzea: kontzeptuaren bilakaera. Zerbitzu publikoak kudeatzeko moduak. Admninistrazioak jarduera pribatuak bere gain hartzea: horretarako tresnak. Sustapen jarduera; dirulaguntzak, bereziki.

57.-Nafarroako Ibaien Saneamendurako Plan Gidaria. Arazketa saria. Nilsa enpresa publikoa.

58.-Uraren ziklo integrala eta hiri hondakinen kudeaketa arautzen dituzten ordenantzak.

Iragarkiaren kodea: A0208725