105. ALDIZKARIA - 2002ko abuztuaren 30a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Aginduak

365/2002 FORU AGINDUA, uztailaren 5ekoa, Hezkuntza eta Kultura kontseilariak emana, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza eta Kultura Departamentuaren mendeko "Zubiarte euskaltegia" helduak euskalduntzeko Ikastegi Publikoaren antolamendu eta funtzionamendurako Erregelamendua onesten duena.

Ekainaren 3ko 115/2002 Foru Dekretuak Hezkuntza eta Kultura Departamentuaren mendeko helduak euskalduntzeko ikastegiak eta euskararen irakaskuntzarako baliabide zentroa antolatu ditu. Foru Dekretu horren bidez "Zubiarte euskaltegia" helduak euskalduntzeko Ikastegi Publikoa sortu da.

Aipatu Foru Dekretuak ahalmena eman dio Hezkuntza eta Kultura kontseilariari helduendako euskarazko irakaskuntzaren mailak garatzeko, zuzendaria eta lagun bakarreko zein taldeko beste organo batzuk hautatzeko prozedura finkatzeko eta, berariaz, "Zubiarte euskaltegia" helduak euskalduntzeko Ikastegi Publikoaren antolamendua eta funtzionamendua arautzeko.

Foru Dekretu horretako bigarren xedapen indargabetzaileak ezartzen du indarrik gabe geldituko dela 161/1988 Foru Dekretuaren -Nafarroako Gobernuaren mendeko helduak euskalduntzeko ikastegien antolamendu eta funtzionamendurako Erregelamendua onesten duenaren- 1. artikulua, "Zubiarte euskaltegia" helduak euskalduntzeko Ikastegi Publikoaren antolamendu eta funtzionamendurako erregelamendua ezartzen duen Hezkuntza eta Kultura kontseilariaren Foru Aginduak indarra hartzen duen egunean.

Horregatik guztiarengatik, Nafarroako Foru Komunitateko Gobernua eta Administrazioa arautzen dituen apirilaren 11ko 23/1983 Foru Legearen 36.2 b) artikuluak esleitu dizkidan ahalmenen arabera,

AGINDU DUT:

Artikulu bakarra.

"Zubiarte euskaltegia" helduak euskalduntzeko Ikastegi Publikoaren antolamendu eta funtzionamendurako Erregelamendua, Foru Agindu honen Eranskinekoa, onetsi da.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Ekainaren 3ko 115/2002 Foru Dekretuaren bigarren xedapen indargabetzailean ezarritakoari jarraikiz, Foru Agindu honek indarra hartzen duenean indarrik gabe geldituko da 161/1988 Foru Dekretuko 1. artikulua. Azken Foru Dekretu horren bidez onetsi zen Nafarroako Gobernuaren mendeko helduak euskalduntzeko ikastegien antolamendu eta funtzionamendurako erregelamendua. Era berean, indarrik gabe gelditu dira Foru Agindu honetan xedatutakoari kontra egiten dioten maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak.

AZKEN XEDAPENAK

Lehena.-Hezkuntza zuzendari nagusiari ahalmena eman zaio Foru Agindu hau ezartzeko behar diren xedapen guztiak eman ditzan.

Bigarrena.-Foru Agindu honek indarra hartuko du Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean.

Iruñean, bi mila eta biko uztailaren bostean.-Hezkuntza eta Kultura kontseilaria, Jesús María Laguna Peña.

E R A N S K I N A

"Zubiarte Euskaltegia" helduak euskalduntzeko ikastegi publikoaren antolamendu eta funtzionamendurako erregelamendua

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Ikastegiaren izaera eta ikasketak.

1. "Zubiarte euskaltegia" helduak euskalduntzeko Ikastegi Publikoa ekainaren 3ko 115/2002 Foru Dekretuaren bidez sortu da. Aipatu Foru Dekretu horrek Hezkuntza eta Kultura Departamentuaren mendeko helduak euskalduntzeko ikastegiak eta euskararen irakaskuntzarako baliabide zentroa antolatu ditu. Ikastegi hori antolamendu eta funtzionamendurako erregelamendu honetan araututakoari lotuko zaio.

2. Horren osagarri, ondoko arau hauek ezarriko dira: 255/1999 Foru Dekretua, uztailaren 6koa, Pertsona Helduen Oinarrizko Hezkuntza arautu eta irakaskuntza horien egitura eta berariazko curriculuma Nafarroako Foru Komunitatean ezartzen dituena, eta 295/1999 Foru Agindua, abuztuaren 24koa, Pertsona Helduen Oinarrizko Hezkuntzari dagozkion irakaskuntzen ezarpena arautu eta Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxeetan 1999/2000 ikasturtetik aitzina irakaskuntza horiek egiten dituzten ikasleak ikastetxe horietan sartu eta matrikula egiteko jarraibideak ematen dituena.

Era berean, honako arau hauek ere haren osagarri dira: 24/1997 Foru Dekretua, otsailaren 10ekoa, Nafarroako Foru Komunitateko lurraldean dauden Haur Hezkuntzako eskola publikoen, Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoen eta Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoen Erregelamendu Organikoa onesten duena, eta Foru Dekretu hori garatzen duten xedapenak.

3. "Zubiarte euskaltegia" helduak euskalduntzeko Ikastegi Publikoak helduen euskarazko irakaskuntzako hiru mailak programatu, eman, ebaluatu eta gainditu direla egiaztatuko du, Erregelamendu honetako 6. artikuluan zehaztutakoaren arabera, Nafarroako Gobernuko Euskararen Gaitasun Agiria (EGA) eskuratzeko eskatu mailan ondoko trebetasun hauek izan arte: ahozko ulermen eta adierazpena, irakurriaren ulermena eta idatzizko adierazpena.

4. Hezkuntza Zuzendaritza Nagusiak baimena eman dezake hizkuntza maila hobetzeko berariazko ikastaroak emateko, Erregelamendu honen 7. artikuluko hobekuntza helburuak eskuratzearren.

Hobekuntza ikastaro horiek eman aurretik, Ikastegiko zuzendariak, Irakasle Klaustroak hala proposaturik, ikastaro horiek emateko baimena eskatuko du. Baimen eskari horri erantsiko dio hobekuntza ikastaroaren curriculum proposamena, zeinetan ondoko hauek sartuko baitira:

a) Oinarriak, helburuak eta edukiak.

b) Ikastaroa egiteko eskura dauden material eta baliabide didaktikoak.

c) Ikastaroaz arduratuko diren irakasleak.

Behin eskabideak harturik, Euskara Zerbitzuak eta Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuak txosten bana eginen dute; txosten horietan ondoko hauek agertuko dira: proposatutako curriculumaren koherentzia, eskura dagoen ikas- materialaren egokitasuna, horretarako dagoen ordutegia eta, orokorki, ikastaro horietako bakoitza eman behar duten irakasleen administrazio egoera.

2. artikulua. Unitateak sortu, aldatu eta kentzea.

1. "Zubiarte euskaltegia" helduak euskalduntzeko Ikastegi Publikoak aipatu ikasketak hiru modutan eman ditzake: ikasleak ikastegian direla, urrunera eta barnetegi eran, egoitzan berean edo Hezkuntza eta Kultura Departamentuak ezar ditzakeen ikastegietan, helduak euskalduntzeko arloan sor daitezkeen beharrak betetzeko.

2. "Zubiarte euskaltegia" Ikastegi Publikoak Hezkuntza eta Kultura Departamentuak ezartzen dizkion jarduerak eginen ditu, irakasleak euskalduntzeari begira, aurreko artikuluko 3. puntuan aipatutako mailetan. Ondorio horretarako, kasuko deialdiak ezarritako epean, Euskara Zerbitzuak aditzera emanen die Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuari eta Ikastegiko Zuzendaritzari antolatutako jardueretan zer ikasle eta ikastalde onartu diren, Hezkuntza eta Kultura Departamentuko irakasleen prestakuntzako urteko planetan ezarritakoa betetzeko.

3. Ikastegiaren ekimenez eta Euskara Zerbitzuak eta Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuak aurretik txostena eginik, Hezkuntza Zuzendaritza Nagusiak baimena eman dezake "Zubiarte euskaltegia" helduak euskalduntzeko Ikastegi Publikoaren luzapenak sortzeko beste ikastegi batzuetan.

Ikasturtea hasi baino lehen, Ikastegiko zuzendariak behar den baimena eskatuko du. Baimen eskariari erantsiko zaion proposamenean zehaztuko dira aurrez ikusitako mailak eta taldeak, eta horretarako eskura dauden baliabide materialak eta didaktikoak. Helduen talde jakin batzuen eskariari erantzuteko erakunde, instituzio edo beste ikastegi batzuetako lokalak erabili behar badira, adierazi beharko da entitate horien arduradunak edo zuzendariak ados daudela jardueren erabilerarekin, ordutegiarekin eta iraupenarekin.

Hezkuntza eta Kultura Departamentuak, egoki bada, eskatutako luzapena baimenduko du.

3. artikulua. Ikastegiaren izena.

1. "Zubiarte euskaltegia" helduak euskalduntzeko Ikastegi Publikoak bere izen berariazkoa aldatzen ahalko du, Ikastegiko Eskola Kontseiluak proposaturik eta Hezkuntza eta Kultura Departamentuak Ebazpena eman ondoren.

2. Ikastegiaren izena eraikinaren kanpoaldean jarriko da, ikusteko moduko tokian.

II. TITULUA

Ikastegiaren autonomia

4. artikulua. Ikastegiaren autonomia pedagogikoa eta kudeaketa autonomia.

"Zubiarte euskaltegia" helduak euskalduntzeko Ikastegi Publikoak, ikastetxeak antolatzeko arautegian ezarri bezala, antolamendu eta pedagogia mailako kudeaketa eredua finkatzeko autonomia izanen du. Eredu hori zehaztuko da curriculum proiektuan eta hura garatzen duten programazioetan, urteko programazio orokorrean eta barne-araudian.

5. artikulua. Curriculum proiektua.

1. Curriculum proiektua erabaki multzo bat da, euskara ikasteko prozesua antolatzeko curriculumeko elementuak biltzen dituena. Horien helburua da ikastegiko eta maila bakoitzeko irakasleen jardunaren koherentzia segurtatzea.

2. Koordinazio pedagogikorako batzordeak curriculum proiektua prestatzeko lanak eta ikastegiko maila bakoitzeko programazioak koordinatuko ditu. Horretarako, klaustroan ezarritako irizpideak eta mailako didaktika taldeek eginiko proposamenak hartuko ditu kontuan.

3. Curriculum proiektuaren atalak honako hauek dira:

3.1. Curriculuma koordinatzeari dagokionez hartu beharreko erabakiak eta neurriak:

a) "Zubiarte euskaltegia" helduak euskalduntzeko Ikastegi Publikoaren egoera aztertzea, egin asmo diren lanei dagokienez.

b) Helburuak mailaren arabera egokitzeko proposamena eta haietako bakoitza zer epetan egin daitekeen aztertzea.

c) Helburu eta edukiak hautatzea eta sekuentziatzea.

d) Metodologia didaktikoaren gaineko erabakiak.

e) Mailaz maila erabiliko diren curriculum materialen eta ikas-baliabideen proposamena, eta horiek hautatzeko irizpideak.

f) Irakaskuntza eta ikaskuntza prozesuak, irakaslana eta curriculum proiektua bera ebaluatzeko eta, kasua bada, gainbegiratzeko irizpideak.

3.2. Mailako programazio didaktikoak, Erregelamendu honen 8. artikuluan araututakoak.

4. Curriculum proiektua eta haren urteroko aldaketak irakasle klaustroak ebaluatu eta onartuko ditu.

5. "Zubiarte euskaltegia" helduak euskalduntzeko Ikastegi Publikoaren curriculum proiektua beti bidali beharko da Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzura eta Euskara Zerbitzura.

Behin curriculum proiektua azterturik, Hezkuntza Zuzendaritza Nagusiak proiektu hori onartuko du edo, proiektuko alderdiren bat aldatu behar izanez gero, "Zubiarte euskaltegia" helduak euskalduntzeko Ikastegi Publikoko zuzendaritza taldeari emanen dio horren berri, eta curriculum proiektua osatzeko edo aberasteko egoki jotzen dituen iradokizunak eginen dizkio. Curriculuma hobetzen laguntzeko berrikuspen lana egiteko aholkuak ere eman ditzake.

6. artikulua. Helburu orokorrak.

1. "Zubiarte euskaltegia" helduak euskalduntzeko Ikastegi Publikoaren curriculum proiektuan euskara ikasteko prozesua mailakatuko da, hots, Nafarroako Gobernuko Euskararen Gaitasun Agiria (EGA) eskuratzeko eskatu maila erdietsi arte.

2. Curriculum proiektuak maila bakoitzeko helburu orokorrak ondoko trebetasun hauen arabera antolatuko ditu: ahozkoaren ulermen eta adierazpena, irakurriaren ulermena eta idatzizko adierazpena, hori guztia, ondoko maila hauen arabera:

a) Lehen maila.

Lehen maila bukatu ondoren, ikaslea gai izanen da ahoz eta idatziz objektuen eta pertsonen deskribapen laburrak eta jarraibideak adierazteko, eta testuinguru ezagun eta ohikoan gai orokorren eta ezagunen gaineko narrazio eta kontakizun errazak egiteko. Era berean, gai izanen da inguru hurbil eta ohikoan elkarrizketetan parte hartzeko. Nolanahi ere, gai izanen da testuaren mezu oso eta nagusiari erreparatu eta hura adierazteko, baita, zenbaitetan ere, testuaren helburuen eta egituraketaren arabera, emandako informazioaren xehetasunak zein diren antzemateko ere.

Ahozkoaren ulermena: ikaslea gai izanen da testuinguru ezagun eta ohikoan gai komunen eta orokorren gaineko narrazioak eta kontakizunak egiteko. Era berean, gai izanen da jarraibide zuzenak segitzeko eta hainbat solasaldi eta elkarrizketatan parte hartzeko. Horrez gainera, informazioa bere osotasunean eta hainbat testuingurutako (zaratarik gabekoetako, ohiko erritmoko, ahoskera garbiko, elkarrizketa erredundanteetako, ikusizko euskarrietako) xehetasun jakin batzuk bereganatuko ditu. Hala ere, maiz konpentsazio estrategiak erabiltzeko joera izanen du.

Ahozko adierazpena: elkarrizketak hasiko ditu, dela bere lagunekin, dela hiztun natiboekin. Era berean, gai izanen da jarraibideak emateko, objektuak eta pertsonak labur deskribatzeko eta kontakizun laburrak egiteko.

Irakurriaren ulermena: ikaslea gai izanen da testuinguru ezagun eta ohikoan, gai orokor eta komunen gaineko deskribapenak, azalpenak, kronikak eta artikulu laburrak ulertzeko. Irakurketaren helburuen arabera eta testuaren egiturak (informazioaren antolamenduak, kateaketak, luzerak, osagai ikonikoek, lexikoaren aberastasunak,...) horretarako aukerarik uzten duenean, informazio orokorra eta informazio zehatza bereiziko ditu.

Idatzizko adierazpena: ikaslea gai izanen da gai orokor eta komunen gaineko esperientziak deskribatu, gertakizunak kontatu eta apunteak hartzeko, testuinguru ezagun eta ohikoan.

b) Bigarren maila.

Bigarren maila bukatu ondoren, ikaslea gai izanen da ahoz edo idatziz eguneroko gaien eta ohiko testuinguruetako gaien gaineko solasaldi, narrazio, deskribapen, jarraibide eta azalpen laburrak ulertu eta emateko. Nolanahi ere, nabardura jakin batzuk antzeman eta adierazteko zailtasunak izan ditzake.

Ahozkoaren ulermena: ikaslea gai izanen da testuinguru ezagun eta ohikoan solasaldiak eta diskurtsoak eta gai ezagunen gaineko narrazioak, jarraibideak eta oharrak ulertzeko. Informazio orokorra eta zehatza bereganatuko ditu, baina zailtasunak izan ditzake testuinguru jakin batzuetan, hots, hiztun natiboak hizkera arruntak erabiltzen dituen haietan. Hala ere, zailtasun horiek ulermen estrategiekin konponduko ditu eta komunikazioak ez du kalterik jasanen.

Ahozko adierazpena: ikaslea gai izanen da ezagutzen dituen gaien gainean bere ikaskideekin edo hiztun natiboekin hitz egiteko, inguru ezagun eta ohikoan. Era berean, jarraibideak eman, narrazioak edo kontakizunak egin eta azalpenak eta iritziak agertuko ditu.

Irakurriaren ulermena: ikaslea gai izanen da narrazio idatziak, kronikak, erreportajeak eta artikuluak, deskribapenak, ipuinak eta azalpenak ulertzeko; horiek guztiak gertatuko dira ikaslearendako ohikoa eta ezaguna den testuinguruan. Testuaren eta haren irakurketaren helburuen arabera, ia-ia beti bereiziko ditu informazio orokorra eta informazio zehatza. Hori hala bada ere, testuaren egiturak (informazioaren antolamenduak, kateaketak, luzerak,...) zail dezake ulermena.

Idatzizko adierazpena: ikaslea gai izanen da esperientziak deskribatzeko, ipuinak kontatzeko, datuak eta oharrak idazteko eta gutunak idazteko, betiere testuinguru ezagun eta ohikoan.

c) Hirugarren maila.

Hirugarren maila bukatu ondoren, ikaslea gai izanen da kultura orokorreko edozein gai ulertu eta hartan komunikatzeko, zuzen, egoki eta hiztegi eta adierazpen mailako aberastasunez. Maila horretakoak dira, besteak beste, dibulgazio saioak, kontakizunak, eleberriak eta abar. Era berean, gutunak, artikulu laburrak eta zailtasun handirik gabeko testuak idatziko ditu. Hala ere, zailtasunak izanen ditu gai espezializatuen gaineko testuak edo berariazko erregistroak behar dituztenak hartu eta idatzi behar baditu.

Ahozkoaren ulermena: kultura orokorreko gaien gaineko edozein testuinguru interaktibotan solte hartuko du parte eta gai izanen da hizkuntza estandarrean zein euskalkietako batean hartuko dituen jarraibideak, azalpenak, kontakizunak, argudioak, solasaldiak,... ulertzeko. Gai izanen da informazio orokorra eta informazio zehatza hartzeko, baina berariazko azalpena edo azalpen teknikoa behar duten gaietan zailtasunak izanen ditu.

Ahozko adierazpena: bere lagunen edo hiztun natiboen arteko edozein solasalditan hartuko du parte, hizkuntza estandarrean egindakoetan behinik behin bai. Gai izanen da jarraibideak prestatzeko, azalpenak emateko, gertaerak kontatzeko, iritzia eta argudioak emateko, adierazpen mailako egokitasunez, zuzentasunez eta aberastasunez.

Irakurriaren ulermena: ikaslea gai izanen da kultura orokorreko testuak ulertzeko, hala nola, dibulgazioko saioak, kontakizunak, eleberriak, erreportajeak, kronikak, deskribapenak, iritzi artikuluak eta abar. Testuaren irakurketan proposatutako helburuaren arabera, informazio orokorra eta informazioa zehatza bereiziko ditu, eta testuaren egituraketak eta gaiaren konplexutasunak sortutako zailtasunak konponduko ditu. Horretarako, irakurtzeko estrategiez baliatuko da eta aurrez ikusitako helburuak beteko ditu.

Idatzizko adierazpena: kultura orokorreko gutunak, artikulu errazak, ipuinak, azalpenak eta antzeko testuak egoki, zuzen eta aberats idatziko ditu.

7. artikulua. Hobekuntza helburuak

"Zubiarte euskaltegia" helduak euskalduntzeko Ikastegi Publikoaren eskaintzan, horretarako berariazko baimena eskuratu ondoren, EGA maila eskuratu ondoko hainbat espezializazio ikastaro sar daiteke. Ikastaro horiek balioko dute helduak euskalduntzeko laugarren mailari dagozkion helburuak eskuratzeko. Hauexek dira:

Laugarren maila bukatu ondoren, ikaslea gai izanen da bere espezialitateko edo kultura maila altua izatea eskatzen duen edozein gairen gainean hitz egiteko eta iritzia eta azalpenak emateko. Era berean, gai espezializatuetako testu teknikoak bere osotasunean ulertuko ditu eta testu mota oro (testu formalak eta ez-formalak) idatziko ditu. Komunikatzeko modua zuzena, argia, orijinala eta zehatza izanen da. Orobat, euskalkietan idatzitako diskurtsoak eta testuak ulertzeko gai izanen da.

Ahozkoaren ulermena: hizkuntza estandarrean adierazitako edozein diskurtso (dibulgaziokoa, bere interesekoa edo espezializatua) oso-osorik ulertuko du. Euskalkiekin ohituta egonen da eta mezuen esanahi osoa bereganatuko du.

Ahozko adierazpena: bere espezialitateko edo kultura maila altua izatea eskatzen duen edozein gairen gainean hitz eginen du, iritzia emanen du eta jendaurrean mintzatuko da.

Irakurriaren ulermena: euskara batuan edo edozein euskalkitan idatzitako testu teknikoetako informazioa edo kultura maila altua izatea eskatzen duena ulertu eta bereganatuko du.

Idatzizko adierazpena: erregistro formaleko edo ez-formaleko testuak (dibulgaziokoak, teknikoak, ...) idatziko ditu eta bere komunikatzeko modua zuzena, argia, orijinala eta zehatza izanen da.

8. artikulua. Mailako programazio didaktikoak.

Didaktika taldeek haiei esleitutako mailari dagozkion ikasketen programazioak prestatuko dituzte. Programazio horietan ondoko atal hauek hartuko dira kontuan:

a) Curriculumaren antolamendua (helburuak, oinarrizko edukiak eta garapen edukiak) eta maila ebaluatzeko irizpideak.

b) Oinarrizko edukien eta garapen edukien sekuentziazioa.

c) Erabaki metodologikoak, eskuratu nahi diren helburuekin eta hautatu diren edukiekin koherenteak izanen direnak.

d) Ikasleen ikaskuntza ebaluatzeko prozedurak eta sistemak.

e) Erabili beharreko material eta baliabide didaktikoak.

f) Egin nahi diren jarduera osagarriak.

9. artikulua. Ikasgelako programazioak.

1. Mailako programazio didaktikoak ikasgelako programazioetan garatuko dira eta horietan edukiak, helburu didaktikoak eta ikaskuntza jarduerak sartuko, unitate tenporalizatuetan antolaturik. Ikasgelako programazioek maila bakoitzeko irakasle taldearen jardunaren koherentzia izan behar dute.

2. Didaktika talde bakoitzeko irakasleei dagokie, zein talde duten esleituta, haien ikasgelako programazioak egitea, didaktika taldearen koordinatzaileak lagunduta.

3. Irakasleek ikasgelako programazioak ebaluatuko dituzte haiek ikasleei egokitzen zaizkiela ziurtatzeko. Irakasle horiek ateratako ondorio oinarrituak ikasturte bukaerako memorian bilduko dira.

4. Ikasgelako programazioak zuzendaritza taldearen eskura izanen dira.

10. artikulua. Urteko programazio orokorra eta eskola egutegia.

1. Ikasturtea irailaren 1ean hasi eta ekainaren 30ean bukatuko da. Ikasturtea ez da 160 eskola-egun baino laburragoa izanen eta bi lauhilekotan antolatuko da. Oro har, irakas-jarduerak urriko lehen lanegunean hasiko dira.

Lauhilekoen antolamenduaren arabera, izena bi epetan ematen ahalko da. Bigarren epean onartutako matrikula kopuruak ez du lehen lauhilekorako esleitu plantilla aldatuko.

Hori hala izanik ere, ikastetxeak proposamen arrazoitua egiten badu, Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuak baimena eman dezake beste talde edo modalitate batzuk sortzeko.

2. Zuzendaritza taldeak urteko programazio orokorra prestatuko du eta kontuan edukiko eskola egutegia, klaustroaren eta eskola kontseiluaren proposamenak eta erabakiak. Programazio horretan alderdi hauek sartuko dira:

2.1. Ikastegiaren ordutegi orokorra (ikastegia jendearendako noiz egonen den irekita adieraziko da):

Eskola egutegia: astelehenetik ostirala bitartekoa, goizean eta arratsaldean, irakasteguntzat hartzen ez direnak kenduta. Horien jarduera egutegia ere zehaztu beharko da.

2.2. Eskola-egunaren ordutegia, baimendutako irakaskuntza modalitateeen arabera, honako hau izanen da:

-Ikastaro trinkoak: astean 15etik 20 ordu bitarte.

-Ikastaro estentsiboak: astean 6tik 10 ordu bitarte.

-Modalitate mistoak: irakaskuntza presentziala eta autoikaskuntzako jarduerak, arestian aipatutako ordutegiak osatu arte.

Baimendu diren modalitateetan talde bat osatzeko ratioa 12 ikaslekoa da, gutxienez, eta 20koa, gehienez.

Egoera berezietan, Hezkuntza eta Kultura Departamentuak baimena eman dezake aurreko lerroaldeetan ezarritako gutxieneko ratioak gainditzen dituzten edo haietara ailegatzen ez diren taldeak egiteko.

Irakaskuntza modalitateak aldatzeko edo zabaltzeko eta modalitate berriak baimentzeko Erregelamendu honetako 1. artikuluko 4. puntuan aipatu prozedurari jarraituko zaio.

2.3. Irakaslanaren programazioa eta ebaluazioa.

2.4. Jarduera osagarrien urteko programazioa.

2.5. Irakasleen prestakuntza plana.

2.6. Administrazio txostena, besteak beste, Ikastetxea Antolatzeko Dokumentua (DOC) bilduko duena.

III. TITULUA

Ikastegia kontrolatzeko eta kudeatzeko gobernu organoak eta parte-hartze organoak

I. KAPITULUA

Lagun bakarreko organoak

11. artikulua. Zuzendaritza taldea.

1. Lagun bakarreko gobernu organoek ikastegiko zuzendaritza taldea osatzen dute. Beren eginkizunak betetzeko batera arituko dira lanean.

2. "Zubiarte euskaltegia" helduak euskalduntzeko Ikastegi Publikoak lagun bakarreko gobernu organo hauek izanen ditu: zuzendaria, idazkaria, ikasketaburua eta, kasua bada, zuzendariordea eta alboko ikasketaburua.

Zuzendariordea izendatuko da matrikula egin duten ikasleak 500 baino gehiago badira.

Baimendutako luzapenetan unitateak 5 baino gehiago badira edo bestelako egoera bereziak direla eta, Hezkuntza eta Kultura Departamentuak alboko ikasketaburu bat izenda dezake.

3. Ikastegiko zuzendariak zuzendu eta koordinatuko du zuzendaritza taldea. Eginkizunak honako hauek izanen dira:

a) Ikastegiaren funtzionamendu ona zaintzea.

b) Ikastegiko jarduerak eta proiektuak ebaluatzeko prozedurak proposatzea eta ikastegiaren funtzionamenduaren kanpo ebaluazioetan laguntzea.

c) Eskola kontseiluaren eta klaustroaren erabakiak era koordinatuan betearazteko neurriak hartzea, nork bere eskumenen esparruan.

d) Ikastegiaren aurrekontua prestatzea.

f) Urteko programazio orokorra eta ikasturte bukaerako memoria prestatzea.

12. artikulua. Zuzendariaren izendapena.

1. Zuzendari izan nahi dutenek beren programaren eta lanbide merezimenduen oinarrizko lerroak aurkeztuko dituzte, idatziz.

2. Zuzendaritza programan sartuko dira:

a) Hautagai-zerrendako lagun bakarreko gobernu organoen proposamena.

b) Kasua bada, zuzendari aritzeko akreditazioa lortu dela eta akreditazio hori zein baldintzatan lortu den frogatzea.

c) Ikastegiaren funtzionamenduaren eta haren arazo eta behar garrantzitsuenen azterketa.

d) Agintaldian erdietsi nahi diren helburuak.

3. Eskola kontseiluak eta irakasle klaustroak aurkeztu diren zuzendaritza programak eta hautagaien lanbide merezimenduak baloratuko dituzte.

4. Hezkuntza eta Kultura Departamentuak hiru urterako izendatuko du zuzendaria, ikastegiko eskola kontseiluak eta irakasle klaustroak esateko dutena entzun ondoren.

13. artikulua. Zuzendariaren eskumenak:

Zuzendariaren eskumenak honako hauek dira:

a) Ikastegiaren ordezkari izan eta ikastegian hezkuntza administrazioaren ordezkari ofizial izatea, gainerako hezkuntza agintariek emaniko eskurantzak deusetan galarazi gabe.

b) Legeak eta indarra duten gainerako xedapenak bete eta betearaztea.

c) Ikastegiko jarduera guztiak zuzentzea eta koordinatzea, indarra duten xedapenekin bat, ikastegiko gainerako gobernu organoen eskumenak deusetan galarazi gabe.

d) Irakasleei zuzendutako euskarazko jardueren plangintza eta kudeaketa egitea. Jarduera horiek Erregelamendu honen 2. artikuluko 2. puntuan bildu dira.

e) Ikastegiko taldeko organoen egintza akademikoetarako eta bilera guztietarako deia egin eta haien buru izatea. Berdinketarik bada, kalitatezko botoa izanen du. Horrez gainera, bere eskumenen esparruan, taldeko organo horien erabakiak betearaziko ditu.

f) Zuzendaritza taldeko gainerako kideak hautatzea eta haiek izendatzeko edo kargutik kentzeko proposamena egitea, aurretik irakasle klaustroak eta eskola kontseiluak txostena eginda.

g) Didaktika taldeko koordinatzaileak eta irakaskuntza koordinatzeko beste organo batzuk hautatzea eta kargutik kentzea.

h) Zuzendaritza taldeko gainerako kideekin batera, ikastegiko urteko programazio orokorra prestatzea, klaustroak eta eskola kontseiluak egindako proposamenen arabera, eta hura behar bezala bete dadin begiratzea.

i) Hezkuntza eta Kultura Departamentuari ikastegiko jardueren eta egoera orokorraren gaineko urteko memoria igortzea.

j) Ikastegiari atxikitako langile guztien buru izatea, langileak lantokira joaten direnetz kontrolatzea, eta zentroari atxikitako irakasleekin eta irakasle ez diren gainerako langileekin zerikusia duten barne arauak betetzen diren begiratzea.

k) Irakasleei dagozkien ordutegiak behin-behinekoz esleitzea, aurrez ikasketaburuak prestatu duenaren arabera, harik eta Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuak behin betiko onetsi arte.

l) Ikastegiko langileei baimen eta lizentziak ematea, Hezkuntza eta Kultura Departamentuak finkatzen duen moduan.

m) Ikastegian elkarbizitza sustatzea, indarra duten xedapenen eta ikastegiko Barne-araudiaren Erregelamenduaren arabera.

n) Ikastegiko bizitzaren gaineko argibideak ematea, beste entitate edo ikastegi batzuekin harremanak izan ditzan sustatzea, eta ikastegiaren eta aipatutako entitate horien artean lankidetza hitzarmenak izenpetzea, eskola kontseiluak eta klaustroak esateko dutena entzun ondoren.

ñ) Irakasleen, ikasleen eta administrazio eta zerbitzuetako langileen bilera-eskubidea bermatzea.

o) Dirusarrerak administratu, gastuetarako baimena eman ikastegiko aurrekontuaren arabera, pagamenduak agindu, altzariak eta ekipoak erosi, indarra duten arauek ikastegiei esleitzen dizkieten eskumenen baitan, eta dagokien agintariei horien berri ematea.

p) Ikastegiko ziurtagiriak eta dokumentu ofizialak ikus- onestea.

q) Ikastegiko instalazioen erabileraren gaineko erabakiak hartzea eta obra, zerbitzu eta erosketen kontratazioak egitea, indarra duten xedapenekin bat.

r) Eskatzen zaion informazioa ematea eta hezkuntza arloko administrazioari laguntza ematea kanpotik aldizka egiten diren ebaluazioetan.

s) Ikastegiko proiektu eta jarduera guztien ebaluazioa egiten laguntzea, eta horiek hobetzeko planak eta hezkuntza arloko berrikuntza eta ikerkuntza proiektuak sustatzea.

t) Bere eginkizunen baitan esleitzen ahal zaizkion eskumenak.

14. artikulua. Ikastegiko lagun bakarreko gobernu organoen eskumenak.

Zuzendaritza taldeko kideek ikastetxe publikoen antolamendua erregulatzen duen arautegian kargu bakoitzarendako ezarri eginkizunak beteko dituzte, helduendako irakaskuntzaren ezaugarriei egokitu ondoren. Halaber, zuzendariak bere eskumenen esparruan esleitzen dituen bestelako eginkizunak ere beteko dituzte.

II. KAPITULUA

Eskola kontseilua

15. artikulua. Eskola kontseiluaren izaera eta osaera.

1. Eskola kontseilua hezkuntza elkarteko kideek ikastegia kontrolatzeko eta kudeatzeko lanetan parte hartzeko organoa da.

2. Eskola kontseiluko kideak honako hauek dira:

a) Ikastegiko zuzendaria, kontseiluburu izanen dena.

b) Hezkuntza eta Kultura Departamentuko ordezkari bat.

c) Ikasketaburua.

d) Klaustroak hautatutako bi irakasle.

e) Ikasleen bi ordezkari.

f) Administrazioko eta zerbitzuetako langileen ordezkari bat.

g) Ikastegiko idazkaria, eskola kontseiluko idazkari izanen dena, hizpideaz baina botorik gabe.

h) Alboko ikasketaburua, kasua bada, hizpideaz baina botorik gabe.

16. artikulua. Eskola kontseiluaren eskumenak

Ikastegiko eskola kontseiluak eskurantza hauek izanen ditu:

a) "Zubiarte euskaltegia" helduak euskalduntzeko Ikastegi Publikoaren urteko programazio orokorra prestatzeko irizpideak proposatu eta hura ebaluatzea. Beti hartuko dira kontuan iraskuntza arloan klaustroari dagozkion alderdiak.

b) Barne-araudia onartzea.

c) Jarduera osagarriak egiteko jarraibideak ezartzea.

d) Eskola egutegia proposatzea, Hezkuntza eta Kultura Departamentuak onartutako arauei jarraikiz.

e) Ikastegiko aurrekontuaren proiekturako proposamenak egitea.

f) Zuzendari izateko hautagai-zerrenden eta hautagaiek aurkeztutako programen gaineko txostena egitea, eta zuzendariaren izendapena baliogabetzeko proposamena egitea.

g) "Zubiarte euskaltegia" helduak euskalduntzeko Ikastegi Publikoa beste ikastegi, entitate eta organismo batzuekin batera aritzeko irizpideak ezartzea.

h) Instalazioak eta hezkuntza ekipamendua berritzeko eskatzea, eta hura mantentzen dela begiratzea.

i) Ikastegiaren funtzionamendu orokorra, ebaluazioaren emaitzak, errendimenduaren bilakaera eta baliabideen kudeaketaren eraginkortasuna aztertzea eta baloratzea.

j) "Zubiarte euskaltegia" helduak euskalduntzeko Ikastegi Publikoaren jardueren eta egoera orokorraren gaineko urteko memoriari buruzko iritzia ematea.

17. artikulua. Eskola Kontseiluaren eraketa, funtzionamendua eta hautaketa.

Eskola Kontseiluak nola funtzionatu behar duen eta haren kideak nola hautatu behar diren jakiteko, Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxeetarako orokorki indarra duen arautegiari jarraituko zaio.

III. KAPITULUA

Irakasle klaustroa

18. artikulua. Irakasle Klaustroaren izaera eta osaera.

1. Klaustroa, irakasleek ikastegia kontrolatzeko eta kudeatzeko lanetan parte hartzeko duten organo berezkoa da, eta ikastegiko irakaskuntza arloko alderdi guztiak planifikatzeko, koordinatzeko, informatzeko eta, kasua bada, haien gainean erabakiak hartzeko ardura du.

2. Ikastegiko zuzendaria izanen da klaustroaren buru eta ikastegian lan egiten duten irakasle guztiek hartuko dute parte hartan.

19. artikulua. Klaustroaren eskumenak.

Klaustroaren eskumenak honako hauek dira:

a) Ikastegiaren urteko programazio orokorra prestatzeko proposamenak zuzendaritza taldeari ematea, haren irakaskuntza alderdiak onartu eta ebaluatzea eta eskola kontseiluari aurkeztu baino lehenago haren berri ematea, eta ikasturte bukaerako memoriari buruzko iritzia ematea.

b) Ikastegiko curriculum proiektua prestatzeko irizpideak ezartzea, hura onartzea, ebaluatzea, eta aldatu behar bada, aldatzea.

c) Zuzendaritza taldeari jarduera osagarrien proposamena egitea.

d) Ikasleen eta irakasleen ordutegiak prestatzeko irizpideak onartzea.

e) Ikasleak ebaluatzeko irizpideak ezartzea, eta ebaluatzeko eta kalifikatzeko proben plangintza orokorra onartzea.

f) Ikastegiko irakasleen prestakuntza plana prestatzea, koordinazio pedagogikorako batzordeak prestatutako proposamenetik abiatuta, ikastegiko beharren arabera.

g) Esperimentazio eta ikerkuntza pedagogikoaren esparruko ekimenak sustatzea.

h) Eskola kontseiluan parte hartuko duten ordezkariak hautatzea.

i) Zuzendari izan nahi duten hautagai-taldeen eta hautagaiek aurkeztu programen gaineko txostena egitea.

j) Ikastegiaren egoera orokor eta ekonomikoa aztertzea eta baloratzea.

k) Ikastegiaren errendimendu orokorraren bilakaera aztertzea eta baloratzea, ebaluazio emaitzen eta horretarako egokitzat jo ohi diren gainerako baliabideen bidez.

l) "Zubiarte euskaltegia" helduak euskalduntzeko Ikastegi Publikoak beste ikastegi, entitate eta organismo batzuekin dituen harremanen berri izatea.

20. artikulua. Klaustroaren funtzionamendu araubidea.

Klaustroaren funtzionamendua Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxeei oro har ezartzen zaizkien arauei lotuko zaie.

IV. TITULUA

Irakaskuntza koordinatzeko organoak

I. KAPITULUA

Koordinazio organoak

21. artikulua. Koordinazio organoak.

"Zubiarte euskaltegia" helduak euskalduntzeko Ikastegi Publikoak irakaskuntza koordinatzeko organo hauek izanen ditu:

a) Didaktika taldeak.

b) Koordinazio pedagogikorako batzordea.

c) Teknologia berrien arduraduna.

d) Euskaraz birziklatzen ari diren irakasleen tutorea.

II. KAPITULUA

Didaktika taldeak

22. artikulua. Didaktika taldeak

1. Didaktika taldeak maila akademiko berari edo euskara irakasteko berariazko programa bati atxikitako irakasle lantaldeak dira. Horien buru taldeko koordinatzailea da.

2. Didaktika taldeak eratuko dira, ikastegian ematen diren euskarazko irakaskuntzaren curriculum arrunteko mailak bezainbeste. Era berean, didaktika taldeak eratzen ahal dira hobekuntza ikastaroak edo irakaskuntza arloan baimendu diren bestelako modalitateak programatu eta emateko.

3. "Zubiarte euskaltegia" helduak euskalduntzeko Ikastegi Publikoaren egoitzatik kanpoko luzapenetan ari diren irakasleak didaktika taldeetan sar ditzakete edo, haien kopuruagatik edo haien eginkizunen izaerak hala egitea eskatzen badu, berariazko didaktika talde bat sor dezakete.

4. Didaktika talde bat eratzeko gutxienez lau irakaslek hartu beharko dute parte.

23. artikulua. Didaktika taldeen eginkizunak.

1. Didaktika taldeei dagokie haien mailari dagozkion irakaskuntza jarduerak egitea. Horien artean azpimarratzekoak dira mailako eta ikasgelako programazio didaktikoak prestatzea, horiek ikasturtean betetzen ari diren aztertzea eta ikasturte bukaerako memoria prestatzea.

2. Era berean, didaktika taldeek proposamenak egin diezazkiokete zuzendaritza taldeari, koordinazio pedagogikorako batzordeari eta klaustroari, curriculum proiektua, urteko programazio orokorra eta irakasleek programazioak egiteko erabili beharreko ildo orokorrak prestatzeko.

24. artikulua. Didaktika taldeen bilerak.

1. Irailean, didaktika talde bakoitzak beharrezkoak diren bilerak eginen ditu hurrengo ikasturteko jarduera plana prestatzeko, taldeak egin beharreko bilerak barne direla. Era berean, programazioak prestatu eta eguneratuko dituzte eta koordinazio pedagogikorako batzordeak eman ildo orokorrak, hots, curriculum proiektuan bildutakoak, zehaztuko.

2. Ikastegiaren ordutegi orokorrean astean gutxienez ordu bat utzi beharko da libre didaktika taldeko kide guztiak bil daitezen.

Bilera horretan mailako programazio didaktikoa eta ikasgelako programazioak aztertuko dira, beharrezkoa den materiala denen artean prestatuko da, emaitzak aztertuko dira, ebaluazio irizpideak eta bestelako jarduerak zehaztuko dira.

Zuzendaria ahaleginduko da irakasleak bilera horretara joan daitezen eta, beharrezkoa bada, horretarako antolamendu arloan egokitzapenak egin behar badira, eginen ditu.

3. Ekainean bilduko dira didaktika taldeko kideak, jarduera plana eta programazio plana aztertu eta ikasturte bukaerako memorian sartzeko.

4. Bilera bakoitzean gertatutakoa bilera-agirien liburuan bilduko da. Didaktika talde bakoitzak bere liburua behar du.

25. artikulua. Didaktika taldearen koordinatzailea.

1. Koordinatzaile batek zuzenduko du didaktika talde bakoitza. Ikastegiko zuzendariak izendatuko du irailean eta horretan aritu beharko du ikasturte osoan.

2. Didaktika taldearen koordinatzailearen eginkizunak honako hauek dira:

a) Parte hartzea taldeko arduradun moduan koordinazio pedagogikorako batzordean eta curriculum proiektua prestatu eta eguneratzeko lanetan, eta urteko programazio orokorra prestatzeko zuzendaritza taldeari eta klaustroari proposamenak egitea.

b) Dagokion mailako irakaskuntza koordinatzea, curriculum proiektuaren eta ikastegiaren urteko programazio orokorraren arabera.

c) Taldearen bilerak antolatzea, prestatzea eta zuzentzea, eta bilera-agiriak idaztea eta sinatzea.

d) Programazioak eta ikasturte bukaerako memoria idaztea eta haiek egiteko lanak koordinatzea, zuzendaritza taldeari ematea eta programazioa betetzen dela zaintzea.

e) Didaktika taldean antzematen den edozein akatsen berri zuzendaritza taldeari ematea.

f) Zuzendariak bere eskumenen esparruan esleitzen dizkion gainerako eginkizunak.

III. KAPITULUA

Koordinazio Pedagogikorako Batzordea

26. artikulua. Koordinazio pedagogikorako batzordearen osaera eta eginkizunak.

1. Koordinazio pedagogikorako batzordea curriculum proiektua prestatzeko eta berrikusteko lanak zuzendu eta koordinatuko dituen organoa da. Proiektua betetzen den begiratuko du eta curriculum proiektuaren eta urteko programazio orokorraren arteko koherentzia ziurtatuko. Era berean, ikastegiko irakasleen prestakuntza planaren proposamena klaustroari igorriko dio.

2. Koordinazio pedagogikorako batzordeko kideak honako hauek dira: zuzendaria, batzordeburu izanen dena, ikasketaburua, didaktika taldeetako koordinatzaileak, zuzendariordea eta, kasua bada, alboko ikasketaburua. Zuzendariak koordinazio pedagogikorako batzordeko kideen arteko bat idazkari izendatuko du.

27. artikulua. Koordinazio pedagogikorako batzordearen funtzionamendua.

1. Koordinazio pedagogikorako batzordea hilean behin bilduko da, gutxienez. Ikasturtearen hasieran bilerak eginen ditu curriculum proiektua prestatu eta berrikusteko. Era berean, ikasturterako jarduerak planifikatuko ditu. Hori guztia sartu beharko da, gero, urteko programazio orokorrean.

2. Ikasturtea bukatu ondoren, batzordearen beraren funtzionamenduaren gaineko txostena prestatzeko behar diren bilerak eginen ditu. Txosten hori ikasturte bukaerako memorian sartuko da.

3. Ikastegiko zuzendariak, batzordeburu baita, arestian aipatu bileretarako deia eginen du eta batzordekideak bileretara joateko erraztasunak (ordutegi aldekoak) emanen ditu.

4. Bilera bakoitza bukatu ondoren, bilera-agiria eginen da, hartan hartutako erabakiekin. Batzordeko zuzendariaren eta idazkariaren ardura izanen da bilera-agiria eta batzordeak bere eskumenen esparruan egin beharreko idazkiak idaztea.

IV. KAPITULUA

Koordinazioko beste organo batzuk

28. artikulua. Teknologia berrien arduraduna.

1. "Zubiarte euskaltegia" helduak euskalduntzeko Ikastegi Publikoko Teknologia berrien arduraduna (informatikako baliabideak eta ikus-entzunezkoak) irakasle bat izanen da. Irakasle hori zuzendariak izendatuko du ikasturte osorako.

2. "Zubiarte euskaltegia" helduak euskalduntzeko Ikastegi Publikoari esleitutako baliabideei dagokienez, Teknologia berrien arduradunak bere gain hartuko ditu informatikako eta ikus-entzunezko ekipoen koordinazioa eta mantenimendua, ikastegiko informatika sareak, gorabeherak konpontzeko laguntza teknikoa eta instalatutako ekipoetako informatikako eta ikus- entzunezko materialaren erabilera zuzena.

3. Teknologia berrien arduradunak "Zubiarte euskaltegia" Ikastegi Publikoko ikasleek eta ikastaldeek informatika gela erabiltzeko bidea ezarriko du, Euskararen Irakaskuntzarako Baliabide Zentroko Informazioaren eta Baliabideen Arloarekin batera, betiere ikastegiko eta baliabide zentroko zuzendariek ezarritakoari jarraikiz.

29. artikulua. Euskaraz birziklatzen ari diren irakasleen tutorea.

1. EGA agiria eskuratzeko behar den maila lortzearren, Ikastegiko zuzendariak urte osorako izendatuko du euskaraz birziklatzeko laneko baimena duten irakasleen tutorea.

2. Goian aipatu irakasle horien tutoreak ikasle bakoitzaren birziklapen plana diseinatuko du eta ikasle horiei jarraipen zehatza eginen die, ezarritako helburuak erdiesteko.

3. Horretarako, tutoreak ikasle bakoitzarekin aldian aldiko tutoretzak programatuko ditu, zein talde esleitu zaion, haren irakaslearekin koordinazio bilkurak ezarriko ditu, jarduera osagarriak egitea proposatuko du eta ikaslearen ikaskuntza jarduerak osatuko ditu, bere ordutegian horretarako duen denbora bete arte.

Era berean, ikastegietan, praktiketan, eta barnetegietan dauden ikasleen jarraipena eginen du, Hezkuntza eta Kultura Departamentuko irakasleen euskarazko Prestakuntza Planean ezarritakoetan alegia.

4. Birziklapeneko tutoreak jardueren programazioa eta ikasturte bukaerako memoria zuzendaritza taldekoen eskura utziko du horretarako ezarrita dauden egunetan. Halaber, hala eskatzen zaionean, ikasle horien bilakaeraren berri eman beharko du.

V. TITULUA

Irakasleen funtzionamendurako araubidea

30. artikulua. Irakasleen lanaldia eta ordutegia

Oro har, helduei euskarazko irakaskuntza ematen dieten irakasleen lanaldia eta ordutegia ondoko Foru Dekretuetan ezarritakoaren araberakoa izanen da: 225/1998 Foru Dekretua, uztailaren 6koa, Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako, Batxilergoko, Lanbide Heziketako eta Lanbide Hastapeneko Programetako ikasketak ematen dituzten ikastetxe publikoetako irakasleen lanaldia eta ordutegia arautzen dituena; arestian aipatu Foru Dekretua aldatzen duena eta hura garatzen duten arauak.

31. artikulua. Ordutegiaren banaketa. Ohar orokorrak.

1. Irakasleek ikastegiko jardueretan hogeita hamar ordu sartuko dituzte astean. Honela banatuko dira ordu horiek: 20 irakastordu (zuzeneko irakaskuntzakoak); 5 ordu (irakaskuntza konputukoak), eta 5 ordu osagarri (urteko konputukoak).

2. Irakasle bakoitzaren ordutegian agertuko dira asteko 25 ordu horiek (irakaskuntza zuzeneko irakastorduak eta irakaskuntza konputurako orduak), ikasturtean zehar dauden lanegunengatik (klaserik gabekoengatik) konpentsatu beharreko orduak gorabehera.

3. Asteko 30 orduko kopurua osatzeko behar diren gainerako bost orduak urteko konputuko ordu osagarri modura kontatuko dira.

Urteko konputuko ordu osagarriak eta ikasturtean zehar dauden lanegunengatik (klaserik gabekoengatik) konpentsatu beharreko orduak erabiliko dira ikasleei hasierako probak egiteko eta mailak egiaztatzeko batzordeetan sartutako orduak konpentsatzeko, irakasleei hori egiteko eskatzen zaienean eta ikastegian nahitaez egon beharreko ordutegitik kanpo egiten direnean.

4. Nafarroako Gobernuaren mendeko funtzionarioendako oro har ezarritako lanaldia osatu arteko gainerako orduetan ez da nahitaez ikastegian egon beharko eta irakaslana prestatzeko eta profesionalki trebatzeko erabiliko dira, inolaz ere galarazi gabe irakasleek hautapen batzorde eta epaimahaietan edo antzeko jardueretan nahitaez parte hartzeko duten betebeharra, horretarako hautatzen dituztenean.

5. "Zubiarte euskaltegia" helduak euskalduntzeko Ikastegi Publikoaren egoitzatik kanpo taldeei eskola eman behar dieten irakasleek eskola batetik bestera ibiltzen diren irakasleendako aurrez ikusitako konpentsazioak hartuko dituzte.

6. Irakaslana udako ikastaro intentsiboetan edo urteko beste garai batzuetan barnetegietan egiten duten irakasleek lan egindako orduak honela konpentsatuko dira: egiazki lan egindako bi asteko hiru asteko konpentsazioa.

32. artikulua. Eskola ordutegia. Berezitasunak.

Eskola ordutegiaren konputuaren ondorioetarako, ondoko jarduerak eta inguruabarrak hartuko dira kontuan:

1. Zuzendaritza taldea.

Ikastegiko lagun bakarreko gobernu organoek beren karguei dagozkien eginkizunetarako irakastordu kopuru zehatz bat erabiliko dute astean, hain zuzen ere ikastetxe publikoetako irakasleen lanaldia eta ordutegia arautzen dituen uztailaren 6ko 225/1998 Foru Dekretuko 7. artikuluan edo hori ordezkatzen duen xedapenean ezarritakoa.

Irakastordu kopuru hori kalkulatzeko, asteko hogei orduko ikastaroetan matrikulatutako ikastalde bakoitzeko unitate bat eta iraupen laburragoko ikastaroetan behar den proportzioa konputatuko da.

Alboko ikasketaburuak, kasua bada, astean 6 irakastordu izanen ditu.

2. Didaktika taldeetako koordinatzaileak.

Didaktika taldeetako koordinatzaileek astean beren eskola ordutegiko bi ordu erabil ditzakete maila koordinatzeko lanetarako eta programazio didaktikoari jarraipena egiteko. Asteko ordu horietako bat ikastegiko koordinazio pedagogikorako batzordeko lanetarako erabiliko da.

3. Teknologia berrien arduraduna (informatikako eta ikus- entzunezkoetako baliabideak).

Teknologia berrien arduradunak astean bere eskola ordutegiko hiru irakastordura bitarte erabil ditzake bere karguari dagozkion eginkizunak betetzeko.

4. Euskaraz birziklatzen ari diren irakasleen tutorea.

Euskaraz birziklatzen ari diren irakasleen tutoreak astean bere eskola ordutegiko ordu bat (tutoretzapeko ikaskuntza) erabiliko du, lan baimena duen ikasle bakoitzeko, ikasle horiekin jarduerak egiteko. Ordutegiko gainerako orduetan, Zuzendaritza taldeak ondoko eginkizun hauek esleituko dizkio lehentasunez: ikasleak zein taldetan dauden sartuta, talde haietako irakasleei jarraipena egin eta haiekin koordinatuta aritzea.

5. Autoikaskuntzako jardueretako orduak nola konputatu.

Autoikaskuntzako jarduerak dituzten modalitateetan honela konputatuko zaio irakasleari ikasleek egindako lanari jarraipena egin eta haiek zuzentzeko lana: irakaskuntza zuzeneko irakastordu bat ikasleek autoikaskuntzan egindako 25 orduko.

6. 58 urtetik gorako irakasleak.

Lanaldi osoa duten 58 urtetik gorako irakasleek, nahi badute, arautegi orokorrean aurrez ikusitako ordu murriztapena eskura dezakete.

33. artikulua. Irakaskuntza konputuko orduak.

1. Behin irakaskuntza zuzeneko jarduerak eta aurreko artikuluan zehaztutako berezitasunak beterik, irakasle bakoitzari esleitutako jardueren arabera, irakaskuntza konputuko ordutegian beste hauek ere sar daitezke:

-Bi ordu bitarte zaintzetarako.

-Astean ordu bat didaktika taldea biltzeko.

-Astean bi ordura bitarte ikastegiko planifikazio instituzionaleko tresnak prestatu eta gainbegiratzeko. Urteko konputuan, ordu horietako 35 prestakuntzarako izanen dira eta hala egiaztatuko dira Ikastegiko Zuzendaritzaren aurrean, irakasleendako oro har ezarritakoari jarraikiz. Prestakuntza hori ikastegiko irakasleendako prestakuntza planean bilduko da.

-Astean ordu bat didaktika taldeko koordinatzailearendako.

2. Aurreko ataletan ezarri diren asteko irakaskuntza konputuko orduetan egin beharrekoa behar bezala beterik, irakasleek, beren ordutegi pertsonaleko 25 orduko kopurua (astean) erdietsi arte, ikastegiko zuzendaritzak ezarritako beste eginkizun batzuk egin ditzakete, hala nola, lantaldetan parte hartzea: liburutegia, testuak eta material didaktikoa eta abar.

3. Behin aipatu jarduerak beterik eta ikastegiko beharrek hori egitera uzten badute, irakasleen irakaskuntza konputuko orduetan ondoko murriztapen hauek egiten ahalko dira:

-Astean hiru ordura bitarte teknologia berrien arduradunarendako.

-Astean bi ordura bitarte ikasleekin banan bana egin beharreko tutoretzarako.

-Hainbat bulego ordu Zuzendaritza Taldeko kideen arteko koordinazio lanetarako.

-Astean ordu bat irakasleek eskola kontseiluan dituzten ordezkariendako.

34. artikulua. Urteko konputuko ordu osagarriak.

Irakasle bakoitzak ikastegiko jardueretan astean egin behar duen 30 orduko kopurua osatu bitarte, asteko gainerako bost orduak urteko konputuko ordu osagarri modura kontatuko dira eta ondoko jarduera hauek egiteko erabiliko:

-Klaustroaren, eskola kontseiluaren eta irakaskuntza lana koordinatzeko organoen bileretara joateko.

-Mailakatze probak egiteko eta maila egiaztatzeko batzorde eta epaimahaietan edo antzeko jardueretan parte hartzeko, horretarako izendatutakoan.

-Irakasleen prestakuntza jardueretarako.

-Ikasmaterialak eta irakaskuntza jarduerak prestatzeko.

Ikastegiko zuzendaritzak aste beraren barnean elkar ditzake ikastegian egon beharreko orduak, irakaskuntza lana koordinatzeko jarduerak, klaustroak eta abar egiteko dauden beharren arabera.

35. artikulua. Zaintzak.

Zaintzako irakaslearen eginkizunak honako hauek dira:

a) Informatika gelako zerbitzuak zuzen erabiltzen diren begiratzea eta eskura dauden ekipoak erabiltzeko eta erreserbatzeko koadroa kudeatzea.

b) Norbere txandan irakasleak ordu-orduan bertaratu direla adieraztea.

c) Bere txandan gertatzen diren gorabeherak konpontzea eta ahalik eta lasterren ikasketaburuari horren berri ematea. Halaber, ikastegiko edozeini laguntza medikoa emateko kudeaketak egin beharko ditu, horretarako beharrik den guztietan.

Ikasketaburuak, bera baita zaintzen eguneroko kontrolaren arduraduna, klasera ez agertzeagatik irakaslerik gabe gelditu diren ikasleak antolatu beharko ditu, eta zaintzen gaineko asteko txostena egin.

Didaktika taldeko bileretara joateko irakasle bat ordezkatu behar bada edo zaintza berezi bat egin behar denean edo zaintzei beste dedikazio bat eman behar zaienean, ikastegiko zuzendariak beste irakasle batzuei eska diezaieke zaintza ordu horiek bete ditzaten.

36. artikulua. Ordutegiak egitea.

1. Klaustroak taldeak esleitzeko irizpide pedagogikoak zehatz ditzake, klaustrokideen bi hereneko gehiengo kualifikatuaren bidez hartutako erabakiaren bitartez.

2. Ikasketaburuak, klaustroan, irakasleei aditzera emanen die Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuak ezarri dituen ikastaldeak eta irakasleak, eta taldeak esleitzeko proposamena aurkeztuko du.

3. Irakasleek adieraziko dute zein luzapen, modalitate eta txandatan, goizekoan edo arratsaldekoan, egin nahi duten lan. Irakasleren batek ezin badu aukeratutako txandan bere ordutegia bete, beste batean bete beharko du.

4. Irakasleak ez badira elkarren artean ados jartzen, zuzendaritzak taldeak esleitzeko hurrengo hurrenkera erabiliko du: ikastegian behin betiko destinoa duten irakasleen antzinatasunik handiena; berdintasunik bada, kidegoan antzinatasun handiena eta, berdinketak horretan badirau, kidegoan sartzeko hautapen prozeduretan lortutako puntuaziorik altuena. Gero, aldi baterako lan-kontratudunei dagozkien taldeak esleituko ditu.

5. Arestian ezarritakoa gorabehera, zuzendariak ikastaldeak eslei ditzake horrek ikastegiaren aprobetxamendua eta antolamendua hobetzen badu.

6. Autoikaskuntzako jarduerak dituzten modalitateetan matrikulatutako ikastaldeak irakasleei esleituko zaizkie, irakasle horiek horretarako gai direla egiaztatzen badute. Horretarako, prestakuntza ikastaroak gainditu beharko dituzte edo bestelako prozeduraren bat ezarriko da.

37. artikulua. Ikasketaburuak ordutegiak egitea.

1. Kurtsoen atxikipena eginik, ikasketaburuak ikasleen eta irakasleen ordutegiak eginen ditu. Horretarako, klaustroaren irizpide pedagogikoak eta urteko programazio orokorrean ageri direnak hartuko ditu kontuan.

2. Ikasketaburuak aztertuko du ikastegiko kide bakoitzaren irakastorduak erregelamendu honetan ezarritakoari egokitzen zaizkion, ikastalde guztiei eskola ematen zaien edo bete gabeko ordurik duen irakaslerik baden.

38. artikulua. Irakasleen ordutegi pertsonala.

1. Irakasleek beren asteko ordutegia (25 irakastordukoa) behar den inprimakian jarriko dute. Aldi berean, ikasturtean zehar dauden lanegunengatik (klaserik gabekoengatik) konpentsatu beharreko orduak ere agertuko dira.

2. Era berean, didaktika talde berari atxikitako irakasle guztiek ikastegian egon beharko dute behinik behin ordu batez eta ordu berean, koordinazio didaktikorako eginkizunetarako.

3. Mailakatze probak egiteko ezarri egunetan edo Hezkuntza eta Kultura Departamentuak agindutako beste batzuetan, irakasleek beren ordutegia proba horiek egiteko programatutako egutegiaren arabera egokitu beharko dute.

39. artikulua. Irakasleen ordutegia onartzea eta irakasleek betetzea.

Irakasleen ordutegiak nola onartu, jendaurrean nola jarri, betetzen direla kontrolatu eta behar diren bertaratze parteak nola igorri jakiteko, Foru Komunitateko ikastetxe publikoetako irakasleendako oro har ezarritako prozedurei jarraituko zaie.

Iragarkiaren kodea: a0207866