105. ALDIZKARIA - 2002ko abuztuaren 30a

III. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

I R U Ñ A

Obren errekerimendua Iruñeko Kale Nagusiko 70eko eraikinean

Iruñeko Udaleko Hirigintza eta Etxebizitzako zinegotzi delegatuak ebazpen hau eman zuen bi mila eta biko ekainaren 13an:

"Ikusirik Iruñeko Kale Nagusiko 70eko eraikina aztertu ondotik Etxebizitzak Zaharberritzeko Bulegoko udal zerbitzu teknikoek egindako ikuskapen txostena, 2002ko maiatzaren 21ekoa, haren bidez frogatu baita honako hondamen hauek dituela:

-Kale Nagusiko eta San Lorentzo kaleko fatxadetako euri uraren zorrotenak gaizki daude, toki batzuetan hautsirik baitaude, hartune-aho batzuk lekuz mugiturik eta hodi zati batzuk falta.

Eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko uztailaren 4ko 10/1994 Foru Legearen 224. artikuluan xedatutakoari jarraikiz,

Ebatzi dut:

1.-Iruñeko Kale Nagusiko 70eko eraikinaren jabeei agintzea honako lan hauek egin ditzatela, berrogeita bost eguneko epean:

-Zorrotenak konpontzea, hausturak dituzten tarteak aldatuz, falta direnen ordezkoak paratuz eta hartune-ahoak egokituz.

-Jartzen diren hodi tarte berriak zinkezkoak izan beharko dute lurgaineko solairuetan, eta burdinurtuzkoak beheko solairuan.

2.-Etxe horretako jabeei ohartaraztea ezen, lan horiek aipatu epean egiten ez badituzte, Udalak epea bukatu eta biharamunetik obrak subsidiarioki egiten hasten ahalko dela, eta, hori gertatuz gero, behar diren tasak, hau da, sortzen diren gastuen ehuneko 125 igorriko zaizkiela, edo bestela, bata bestearen ondoko isun hertsatzaileak paratzen ahalko dituela hilabetez hilabete, 601,01 eurotik 3.005,06 eurora bitartekoak.

Jabetza Horizontalari buruzko Legearen 10.2 artikuluak ezarritakoaren arabera, emaniko aginduak aurkatu edo haien betearazpena atzeratzen duten jabeek bakarka erantzun beharko diete ezartzen zaizkien zehapenei.

3.-Era berean, jabeei ohartaraztea ezen, aipatu epean obrak egiten ez badira, zehapen espedientea abiaraziko dela, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko uztailaren 4ko 10/1994 Foru Legearen 248.5 artikuluan sailkatutako hutsegite arinaren ustezko erantzule izateagatik. Hutsegite hori 300,51 eurotik 6.010,12 eurora bitarteko isunarekin zehaturik dago.

4.-Jabeei ohartaraztea, orobat, konponketa obra horiek eraikinaren egitura eta funtzionaltasunaren egokitzapena lortzeko beharrezkoak direnetarik direla. Egokitzapen hori etxebizitza arloko jarduketa babesgarriak finantzatzeko indarra duen Foru Dekretuan zehazten da.

Obra horiei ekiteko zaharberritzeko dirulaguntzak eskura daitezke, betiere eraikinaren egitura eta funtzionaltasunaren egokitzapena lortzeko beharrezkoak direnekin batera egiten badira; horretarako, Etxebizitzak Zaharberritzeko Udalaren Bulegoan, Eslava kaleko 1ean, argibideak eska daitezke".

Ebazpen honen kontra errekurtso hauetakoren bat paratzen ahalko da, hautara:

-Berraztertzeko errekurtsoa, erabakia hartu duen organoari berari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik aitzina.

-Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aitzina, edo bestela,

-Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazten denetik aitzina.

Argitara ematen da Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruz indarra duen Legearen 59.4 artikuluan eta 59.5 artikuluaren a) idatz-zatian (azaroaren 26ko 30/1992 Legea) eta aplikatzen ahal den gainerako legerian xedatutakoa betez, izan litezkeen beste interesatu ezezagunentzat eta, legeak dioen bezala saiatuta ere, jakinarazi ahal izan ez zaienentzat, jakinarazpen balioa izan dezan.

Iruñean, bi mila eta biko uztailaren bian. Alkatea, Yolanda Barcina Angulo.

Iragarkiaren kodea: A0207679