105. ALDIZKARIA - 2002ko abuztuaren 30a

III. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

I R U Ñ A

Eraisteko agindua, legeztatu ezin diren obrak lizentziarik gabe egiteagatik, Iruñeko Redin kaleko 2 eta 4an

Iruñeko Udaleko Hirigintza eta Etxebizitza alorreko zinegotzi delegatuak, 2002ko ekainaren 13an, honako ebazpen hau eman zuen:

"Ikusirik Hirigintza eta Etxebizitza alorreko zinegotzi delegatuak emandako 02-ekaina-03 RUV ebazpena (27/UV), zeinaren bidez ukatzen baitzaie Simonena Gorricho Alonso andreari eta Luis Olagoitia Marcaida jaunari egindako obren legeztapena, Redin kaleko 2-D zenbakian barreneko lerrokadura gainditzen duen elementuari dagokionez; ikusirik, halaber, espedientean dauden txostenak eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko uztailaren 4ko 10/1994 Foru Legeko 229. artikulua.

Ebatzi dut:

1.-Redin kaleko 2 eta 4 zenbakietako eraikinaren jabeei agintzea eraits dezaten Hirigintzako Desegokitasunaren araubidea erantsi zaion eraikuntza, eraikinaren barreneko lerrokadura gainditzen duen hura, egindako obrak legeztaezinak direlako.

Aldez aurretik, ordea, behar diren lanak egin beharko dira, oraingo eskailera eraistearen ondorioa jasanen duten etxebizitzek dagokien sarbidea izan dezaten. Sarbide berriak egin beharko dira indarra duen Alde Zaharreko BBEPB delakoan ezarritako lerrokaduren barrenean. Lan horiek hasi aurretik aurkeztu beharko dute egin gogo diren obren proiektua.

Eraispeneko obrek hasi beharko dute bi hilabeteko epean eta hasten direnetik hilabeteko epean amaitu beharko dira.

Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/92 Legearen 84.2 artikuluak ondorioak sor ditzan, interesatuek 15 eguneko epea dute beren eskubideen alde egoki juzgatzen dutena alegatu eta nahi dituzten agiriak aurkezteko. Epe hori iraganik, behar den ebazpena emanen da.

Jabetza Horizontalari buruzko Legearen 10.2 artikuluak ezarritakoaren arabera, aginte eskudunak emaniko aginduak aurkatu edo haien betearazpena arrazoirik gabe atzeratzen duten jabeek bakarka erantzun beharko diete administrazio bidean ezartzen zaizkien zehapenei.

2.-Era berean, Redin kaleko 2 eta 4ko jabeei ohartaraztea ezen, obrak egin ez edo epeak errespetatzen ez badira, isun hertsatzaileak ezarriko direla hilabetez hilabete, 601,01 euro lehen hilabetean, 1.202,02 euro bigarrenean, 1.803,04 hirugarrenean, 2.404,05 laugarrenean eta 3.005,06 seigarren eta hurrengo hilabeteetan".

Ebazpen honen kontra errekurtso hauetakoren bat paratzen ahalko da, hautara:

-Berraztertzeko errekurtsoa, erabakia hartu duen organoari berari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik aitzina.

-Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aitzina, edo bestela,

-Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazten denetik aitzina.

Argitara ematen da Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruz indarra duen Legearen 59.4 artikuluan eta 59.5 artikuluaren a) idatz-zatian (azaroaren 26ko 30/1992 Legea) eta aplikatzen ahal den gainerako legerian xedatutakoa betez, izan litezkeen beste interesatu ezezagunentzat eta, legeak dioen bezala saiatuta ere, jakinarazi ahal izan ez zaienentzat, jakinarazpen balioa izan dezan.

Iruñean, bi mila eta biko uztailaren batean. Alkatea, Yolanda Barcina Angulo.

Iragarkiaren kodea: A0207678