105. ALDIZKARIA - 2002ko abuztuaren 30a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Beste Xedapenak

413/2002 FORU AGINDUA, abuztuaren 9koa, Hezkuntza eta Kultura kontseilariak emana. 2002-2003 ikasturteko dirulaguntzen deialdia onetsi da, hizkuntza eredu bat hautatzearen ondorioz joan-etorrian ibili behar duten ikasleei laguntzeko.

Hezkuntza eta Kultura kontseilariaren abuztuaren 9ko 413/2002 Foru Aginduaren bidez 2002-2003 ikasturteko dirulaguntzen deialdia onetsi da, hizkuntza eredu bat hautatzearen ondorioz joan-etorrian ibili behar duten ikasleei laguntzeko. Ondokoak dira deialdi hau arautuko duten

O I N A R R I A K

I.-Deialdiaren xedea.

1. araua.

Laguntza eskatzeko eskubidea izanen dute, berez egokitzen zaien ikastetxe publikoan eskolatzerik izan ez duten ikasleen aitak, amak edo tutoreek, hartan, herriko beste edozein ikastetxe publikotan edo bost kilometrotara baino hurbilago dagoen inguruko beste herri batean, indarra duen arautegian ezarritakoen artean haien intereseko hizkuntza eredurik ez dagoelako (euskarazko irakaskuntza, D edo B ereduetakoa; euskararen irakaskuntza, A eredukoa edo gaztelaniazko irakaskuntza).

II.-Deialdian sartzen diren ikasketak.

2. araua.

Deialdi honen laguntzak ondoko ikasketa hauetarako dira:

-Haur Hezkuntzako bigarren zikloko (3-6 urte), Lehen Hezkuntzako (6-12 urte) eta/edo Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako (12-16 urte) ikastetxeak.

III.-Ematen diren laguntza motak.

3. araua.

Hona zein kontzepturengatik eskatzen ahal diren laguntzak:

-Garraioa.

-Jantokia.

-Egoitza, distantziagatik, garraiabide erregularrik ez izateagatik edo klasetara egin beharreko joan-etorrien maiztasunagatik.

Ez da jantokirako laguntzarik emanen garraiorakoa ukatuz gero, salbu eta ikaslea garraiorako laguntzarik gabe gelditu bada gurasoetako batekin nahiz tutorearekin batera, hau lantokira doalarik, joateko aukera duelako.

IV.-Zein kasutan ezin den laguntzarik eskatu.

4. araua.

1. Ez da, kontzeptu bat bakarrarengatik ere, laguntzarik emanen herrian bertan egiten diren joan- etorriengatik, ez eta eskatzailearen herriaren eta bere ikastetxearen arteko ibilbidea 5 km-tik beherakoa denean ere.

2. Ez da inoiz ere laguntzarik emanen irakaskuntza kontzeptuagatik (matrikulak, liburuak, hezkuntza jarduerak edo eskolaz kanpokoak eta abar).

3. Ez dira laguntzagai izanen Hezkuntza Administrazioak hitzarturik egiten diren joan-etorriak (hau da, eskola kontzentrazio batera egindako joan-etorrien kasua) edo halako zerbitzurik egon eta ikaslearen kontura egiten direnak.

4. Ez dira laguntzagai izanen beste ikastetxe publiko batera egindako joan-etorriak, ikasleak duen hizkuntza eredu bereko ikastetxe publikorik baldin bada haren etxetik hurbil.

5. Joan-etorriak, ikasleak nahi duen hizkuntza ereduko eta hurbilen duen ikastetxe publikora egin beharrean, beste batera egiten badira, ikaslearen etxearen eta ikastetxe publiko hurbilenaren arteko distantzia izanen da laguntza emateko hartuko den erreferentzia.

6. Ikastetxe pribatuetako ikasleek, autobusa erabiltzeko baimena badute, ez dute garraiorako laguntza eskatzeko eskubiderik izanen, nahiz eta autobusean duten lekuari uko egin.

7. Aukeratutako ikastetxetik edo hautatutako hizkuntza eredua duen ikastetxe publikotik 5 km bitarteko tartean bigarren etxebizitza jabetzan edo eskura baldin badu familiak, laguntza ukatzeko nahikoa arrazoi izanen da.

Era berean, agiri bidez egiaztatzen ez bada eskatzaileak deklaratutako helbidea familiaren ohiko egoitza iraunkorra dela, besterik gabe ukatu eginen zaio laguntza.

V.-Kasu bereziak.

5. araua.

1. Salbuespen gisa bakarrik ematen ahalko dira laguntzok ikasle batek ikastetxe pribatu batera egindako joan-etorriengatik, eskatua duen hizkuntza ereduko ikastetxe publiko hurbilenerako distantzia ikastetxe pribatu horretara dagoena baino askoz handiagoa denean, edo ibilbide eta trafiko arrazoiak direla medio, ikaslea ikastetxe publiko hurbilenera joatea komenigarri ez denean.

Salbuespen hori ematen bada, ados egon beharko dute ikastetxe pribatua hautatzerakoan, bai Hezkuntza eta Kultura Departamentuak bai eta laguntzaren eskatzaileak ere.

2. Behin-behineko premia ekonomiko bereziengatik edo hezkuntza eskaintzaren antolamenduan (eskaintza asebete delako edo eskaintzarik izan ez delako behin-behineko aldi batean) Administrazioak erabakitzen badu joan-etorri berariazkoak baimendu behar direla eskaintza publikorik ez izateagatik, deialdi honen xedeari arrazoiz egokitzen zaizkion neurriak hartuko dira.

VI.-Laguntzak nola jaso eta haien zenbatekoa.

6. araua.

Ondoko hau izanen da laguntzen zenbatekoa, kontzeptuz kontzeptu:

1. Garraiorako laguntzak:

Garraiorako laguntza haren kostuaren arabera ezarriko da, garraio antolatua izanez gero, eta joan-etorriko kilometro kopuruaren arabera, norberaren konturakoa izanez gero, bi kasuetan deialdi honetako aurrekontuan dagoen diruaren arabera.

Garraioa norberaren kontura egiten denean, haren kostua kalkulatzeko, biderkatuko dira herrien arteko kilometro kopurua eta astean egindako bidaia kopurua.

Ezin izanen da garraiorako laguntzarik eman ikasleen joan-etorria eta haren gurasoetako batek nahiz tutoreak lantokira egiten duena bat badatoz.

Ibilbideok zati batean bakarrik bat egiten badute, lantokia dagoen herriaren eta ikasleak eskatutako ikastetxea dagoen herriaren arteko tarteari dagokiona ordainduko zaio.

2. Jantokirako laguntzak:

Jantokirako laguntza, norbanakoaren errentaren arabera emanen da, era honetan kalkulatua: 2001ean famili unitateak egin dituen errenta aitorpenen likidazio-oinarriei familiak izan dituen gainerako dirusarrera garbiak, PFEZren aitorpena egin beharrik ez dutenak, gehituta, eta horren emaitza zati famili unitateko kide kopurua.

2.1. Famili unitatetzat hartuko da, laguntzen ondorioetarako, ikaslea, ikaslearen aita eta ama, edo kasuaren arabera, adin txikiko ikaslea zaindu eta babestu egiten duen tutorea edo pertsona arduraduna eta 2001eko abenduaren 31n 30 urte baino gutxiago dituzten eta familiaren etxean bizi diren anai-arreba ezkongabeak, legezko elbarri izaera (% 33koa edo gehiagokoa) badute.

Gurasoak bananduta edo dibortziatuta egonez gero, ez da kide konputagarritzat hartuko laguntzaren xedea den ikaslearen etxe berean bizi ez den aita edo ama.

Berriz ezkondutako pertsona alargun edo dibortziatuei dagokienez, ezkontide berria famili unitatearen kide izanen da ondorio guztietarako.

2.2. Famili unitateko kideen norbanako errenta kalkulatzeko, bi kasu daude:

a) 2001. urteko PFEZaren aitorpena nahitaez aurkeztu behar duten famili unitateko kideak. Kasu honetan norbanakoaren errentatzat ondoko hau hartuko da:

-Zerga Oinarriaren zati orokorra.

-Ken ezkontidearentzako konpentsazio pentsioak eta urteko elikagai gastuak, erabaki judizialaren bidez eskatzailearen seme-alabentzat ezarritakoak salbu.

-Gehi Likidazio Oinarri berezia, gehi oinarri honi aplika dakizkiokeen balizko murriztapenak, ondokoengatik: pertsonaren gutxieneko dirusarreragatik, familiaren gutxieneko dirusarreragatik eta Gizarte Segurantzari aplikaturiko kotizazioengatik.

-Gehi PFEZetik salbuetsita dauden gainerako Errentak, hala nola erabateko baliaezintasun iraunkor osoa edo baliaezintasun handia, kalte-ordainak, loteria sariak, gurasoek seme-alabentzat emandako urteko elikagai gastuak, kontuan hartu gabe jasotako ikasketa beka edo dirulaguntzak.

b) PFEZaren aitorpena aurkeztu behar ez duten famili unitateko kideak.

Kasu honetan norbanakoaren errenta 2001. urtean lortutako irabazi gordinek osatuko dute, irabazien iturburua edozein izanda ere, eraikin alokatuen errentak eta enpresa, lanbide eta nekazaritzako jardueren etekin garbiak barne. Aterako den diru kopurutik kenduko dira besteren konturako langileen Gizarte Segurantzako kotizazioak.

Laguntzaren zenbatekoa Norbanakoaren Errentaren ondoko tarteen arabera emanen da:

1. tartea. 4.275 euro arte.

2. tartea. 4.275,01 eurotik 5.575 eurora bitarte.

3. tartea. 5.575,01 eurotik 6.660 eurora bitarte.

4. tartea. 6.660,01 eurotik 7.660 eurora bitarte.

5. tartea. 7.660,01 eurotik goiti.

Zenbateko hori, gehienez, 450 eurokoa izanen da, tarte bakoitzari, zenbateko horren arabera, ondoko ehuneko hau dagokiolarik:

1. tartea. % 80.

2. tartea. % 60.

3. tartea. % 40.

4. tartea. % 25.

5. tartea. % 15.

3. Egoitzarako laguntzak:

Egoitzarako laguntza benetako kostuaren araberakoa izanen da, gehienez ere 1.800 euro, jantokiagatiko laguntzarako ezarritako errenta tarte eta ehuneko berberetan.

VII.- Eskatzaileak bete beharko dituen baldintza orokorrak:

7. araua.

Eskatzaileak honako baldintza hauek bete beharko ditu:

a) Nafarroako erroldan egon eta bertan bizitzea.

b) Legeriak PFEZren zerga ordaintzera behartutako famili unitateko kide guztiek Nafarroan ordaindu beharko dute, eta bere eginbehar fiskal eta parafiskalak egunean izanen dituzte.

Behin-behineko Ebazpena ematerakoan aipaturiko betebeharrak bete gabe egonez gero, Ekonomi eta Ogasun Departamentuaren egiaztagiria ekarri beharko litzateke, Behin-Behineko Ebazpena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta gehienez hilabeteko epean betebehar horiek beteta daudela egiaztatzeko.

c) Eskatzaileak deialdi honetan zehaztutako oinarrien araberako ikasketak egin beharko ditu.

VIII.-Aurkeztu beharreko dokumentazioa.

8. araua.

Laguntzarako eskaerak, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza eta Kultura Departamentuko Argibide Bulegoan jendearen eskura izanen diren inprimaki ofizialetan (I. eranskinekoetan) aurkeztuko dira eta onartuak izan daitezen nahi bada, puntu guztiak bete beharko dira.

Eskaerari dokumentazio hau erantsi beharko zaio nahitaez:

a) Eskatzailearen aita, ama edo tutorearen NANaren fotokopia.

b) Betiere, bere helbidean ohiz eta jarraian bizi dela frogatzen duen Egoitza Ziurtagiria, kasuan kasuko Udalak emana. Bertan adieraziko da helbidea eta tokia, auzoa edo alderdia, herri sakabanatua izanez gero. Horretarako, ez da aski izanen udal horretako erroldan agertzea, helbide horretan ohiz eta jarraian bizitzea eskatuko baita. Aurkezten diren agirietan (NANean, egoitza ziurtagirian, transferentzia ordaintzeko orrialdean eta errentaren aitorpenean) diferentziarik badago, laguntza ukatzeko arrazoia izanen da, behar den bezala justifikatzen ez bada behinik behin. Betiere ikerketa eginen da.

c) Famili unitateko kide guztien 2001eko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Aitorpenen fotokopiak, bertan azaldurik unitate osoaren edo zergadun bakoitzaren helbide deklaratua eta zerga-oinarria eta/edo PFEZ aitorpena egin beharrik ez duten 2001eko familiaren dirusarreren zinpeko aitorpena.

d) Eskatutako laguntza garraiorako bada, eta berori ikastetxeari edo honen elkarte bati ordaindutako zerbitzuan edo linea erregularreko autobusean egiten bada, entitate horren ziurtagiria, bertan adierazirik 2002-2003 ikasturtean zehar izanen den kostu ekonomikoaren zenbateko osoa.

e) Jantokirako laguntza eskatzen bada, ikastetxearen ziurtagiria, ikaslea jantokira joaten dela egiaztatu eta 2002-2003 ikasturtean zehar izandako kostu ekonomikoaren zenbateko osoa adierazirik.

f) Egoitzarako laguntza eskatzen bada, zentroaren edo entitatearen ziurtagiria, ikaslea bertan bizi dela egiaztatu eta 2002-2003 ikasturtean zehar izandako kostu ekonomikoaren zenbateko osoa adierazirik.

g) Familia unitatearen kargura egon daitezkeen aurretiko edo bestelako senideen bizikidetasun agiria.

h) Betiere, laguntza zein banku-libretatan kobratu nahi den, haren lehen orrialdearen fotokopia; libretaren titularra eskatzailearen aita, ama edo tutorea izanen da eta kontu horri dagozkion 20 zenbakiek agertu beharko dute.

i) Ekarritako datuak MECen eta banketxeen eskura uzten ahal dira, dirulaguntzak ordain ditzaten.

IX.-Eskaerak aurkezteko epea eta modua.

9. araua.

Eskaerak, Euskara Zerbitzura zuzenduak, dokumentazio guztia aldean dutela, Hezkuntza eta Kultura Zuzendaritza Nagusiko Erregistroan aurkeztu beharko dira (Santo Domingo kalea, z.g., 31001 Iruña), Nafarroako Gobernuak Iruñean duen Erregistro Orokorraren bidez (Karlos III.a kalea, 2. 31002 Iruña) edo Guztiendako Administrazio Prozedura arautzen duen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurrez ikusitako bulegoren batean, Foru Agindu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita hogeita hamar egun naturaleko epean.

Eskaera eredua hartzen ahal da laguntzak eskatzeko epearen barnean Hezkuntza eta Kultura Departamentuko Hezkuntza Zuzendaritza Nagusiko Argibide Bulegoan (Santo Domingo, z.g., 31001 Iruña) edo Nafarroako Gobernuko Argibide Bulegoan (Karlos III.a, 2. 31002 Iruña).

X.-Laguntzak eman eta ukatzea.

10. araua.

1. Hezkuntza eta Kultura Departamentuari dagokio laguntzak ematea edo ukatzea, Euskara Zerbitzuak proposaturik. Euskara Zerbitzuak deialdia hiru hilabetetan ebatziko du, eskabideak aurkezteko azken egunetik hasita. Ebazpen horren jakinarazpena geroago argitaratuko da Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean, betiere sei hilabeteko epea baino lehenago.

2. Legezko ondorio guztietarako, laguntza eskatzailearentzat izanen da.

Administrazio izapideak errazteko, eskatzailearen legezko ordezkaria (aita, ama edo tutorea) aurreko deialdietan eskaera aurkeztu zuen berbera izatea komeni da.

3. Hezkuntza eta Kultura Departamentuak noiznahi eskaerako espedienteak ikuskatzen ahalko ditu, berorietan ezarritako datuak, laguntza emateko oinarritzat hartzen direnak, benetakoak diren ala ez egiaztatzeko.

4. Ikerketa lanak gauzatzeko laguntza ukatzen duten onuradunek, edo eskatzen zaien argibide eta dokumentaziorik erakusten ez dutenek, besterik gabe galduko dute onuradun izaera eta berehala itzuli beharko dituzte laguntza moduan jasotako diru kopuruak.

5. Ikasketa, ekonomia edo egoerari buruzko datuak gorde edo okertzeak, laguntzak eten eta ondoren jasotakoa itzuli beharra ekarriko du, bai eta hurrengo deialdietatik baztertua izatea ere.

XI.-Deialdiaren ebazpena eta erreklamazioak.

11. araua.

1. Laguntza eman edo ukatzen duen ebazpena argitara emandakoan, deialdi honetako Arauak behar ez den bezala aplikatu direla eta, izan ditzaketen eskubideetan kaltetuak izan direla uste dutenek, Hezkuntza eta Kultura Departamentuan aurkezten ahalko dute beren erreklamazioa, hilabeteko epean, ebazpen horren jakinarazpena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen den egunetik hasita. Hori egin ondoren, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da Nafarroako Gobernuari zuzendua, egin den erreklamazio hori jakinarazi eta hilabeteko epean.

2. Deialdi honen aurka, bere oinarri eta egintzen aurka ere, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da Nafarroako Gobernuari zuzendua, errekurritu nahi den egintza argitaratu edo jakinarazi ondoko hilabeteko epean.

Iruñean, bi mila eta biko abuztuaren bederatzian.-Hezkuntza eta Kultura kontseilaria, Jesús Javier Laguna Peña.

Iragarkiaren kodea: a0209003