105. ALDIZKARIA - 2002ko abuztuaren 30a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Beste Xedapenak

ERABAKIA, 2002ko uztailaren 22koa, Nafarroako Gobernuak hartua, "Nafarroako Unibertsitatearen Iruñeko Campusa" izeneko UPSa aldatzeko espedientea, Nafarroako Unibertsitateak sustatua, onesten duena.

I.-Aurrekariak.

Nafarroako Gobernuak, 2002ko apirilaren 22an egindako bilkuran, erabaki zuen "Nafarroako Unibertsitatearen Iruñeko Campusa" izeneko UPSa aldatzeko espedientearen tramitazioari hasiera ematea eta jendaurrean jartzea. Aipatu espedientea Nafarroako Unibertsitateak sustatu zuen.

Hona hemen aldaketa espedientearen xedea:

a) UPSaren oinarrizko bide-sarea osatzen duten bide batzuen trazadura egokitzea eta, ahal bada, hobetzea.

b) UPSaren hirigintza arautegiaren 3. eta 4. zenbakietan ezarritako zehaztapenen hedadura argitzea, 4. planoan erabiltzen diren eremuen izenei dagokienez.

Erabaki hori 2002ko maiatzaren 13ko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen (58. zenbakia).

II.-Aurkezturiko alegazioak.

Jendaurrean egon den aldian ez da alegazio-idazkirik aurkeztu. Dena dela, Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuaren barruan Altxonbideen eta Donejakue Bidearen ardura duen teknikariak iazko ekainaren 12an egindako txostena jaso da, honako hau dioena:

-UPSren aldaketaren xede den eremuaren perimetroa mugatzean ez da adierazi bertan Nafarroako Foru Komunitatearen jabari publikoko lur batzuk daudela, Donejakue bidea eta Altxonbideak, alegia.

-Zehazki, aurreikusitako aldaketek Donejakue Bidea ukituko dute, Frantziako adarrean, eta Probintzietako Errege Altxonbidea, Cordovilla-Ezkirotzen, Iruñean eta Barañainen barna doana.

Alderdi horiek azterturik, zera ondorioztatu da:

a) Donejakue Bideari dagokionez: Donejakue Bidea Zizur Txikiko errepiderako aurreikusitako saihesbide laburra egiteko obrek ukituko dute bakar-bakarrik, Bidea gurutzatuko baitu, baina eragin hori txiki-txikia izanen da. Horren ordez, Sadar ibaiaren gaineko harrizko zubia Biderako berreskuratzen da, trafiko interferentziarik gabe. Dena dela, jarduketa hori Donejakue Bideari aplikatu beharreko determinazioekin erabat bateragarria da.

b) Errege Altxonbideari dagokionez, adierazi beharra dago espediente honen bidez egin gogo diren aldaketek, antza, ez dutela orain arteko egoera aldatzen, Campusaren barreneko tarte horretaz den bezainbatean. Hori horrela izanik ere, altxonbidea hor egonda, adierazi beharko da, Nafarroako Abelbideei buruzko Foru Legearen arabera, altxonbideak "Nafarroako Foru Komunitatearen jabari publikoko ondasunak direla eta, beraz, besterenezinak, preskribaezinak eta bahiezinak".

III.-Nafarroako Gobernuak 2002ko apirilaren 22an hartutako erabakian ezarritako zehaztapenak.

Erreferentziako Erabakian sustatzaileari adierazten zaio UPSaren arautegiaren 4. atalari erantsi beharreko testua zuzendu behar dela, azalpen zatian adierazten den moduan. Hitzez hitz honela dio:

"Atal honetan eta planoetan adierazitako eremu-zatiketaren helburu bakarra eremu bakoitzean baimentzen diren gehieneko aprobetxamenduak ezartzea da, baina aprobetxagarriak direnei ematen zaien izendapenak ez du murrizten, inola ere, egun dauden eraikinen edo etorkizunean egiten direnen jarduerak edo erabilerak, izan ere, Arautegi honetako 3. atalean, hots, "Ekimen pribatuko unibertsitatearen erabilera" izenekoan, den edozein jarduera eta erabilera eman ahalko zaie.

Zehaztapen horren kontra ez da inolako alegaziorik aurkeztu. Hortaz, bidezkoa da erabaki honetan sartzea.

IV.-Azkeneko zahaztapena.

Lurraldearen Antolamenduko Batzordeak 2002ko apirilaren 17an egin bileraren aktan, espediente honen hasiera bateko tramitazioari buruzko atalean, espedientearen gainean honako zehaztapen hauek egiteko erabakia bildu zen: espedientearekin batera aurkeztutako planoa aldatzea, Udalean aurkeztu den UPSaren eremu baten Xehetasun Azterlanarekin bat etortzeko, eta argi utzi behar dela bide-sistemaren espaloiak, planoan agertzen ez direnak, mantendu eta ez direla kenduko. Horrenbestez, bidezkoa da alderdi horiek Erabaki honetan biltzea.

Horiek horrela, Lurraldearen Antolamenduko Batzordeak 2002ko uztailaren 4an egin txostena kontuan harturik, eta Lurraldearen Antomenduari eta Hirigintzari buruzko uztailaren 4ko 10/1994 Foru Legea eta aplikatzekoak diren gainerako arauak ikusirik, Nafarroako Gobernuak, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak proposaturik,

ERABAKI DU:

1. Nafarroako Unibertsitatearen Iruñeko Campusa" izeneko UPSa aldatzeko espedientea, Nafarroako Unibertsitateak sustatua, onestea, honako zehaztapen hauek eginda:

a) Espedienteari erantsi zaion 6. planoa, "Bide-sarea" izenekoa, indarreko UPSaren 6. planoa, "Bideak" izenekoa, ordezten duena, aldatu beharko da, Iruñeko Udalean aurkeztu den Xehetasun Azterlanarekin bat etortzeko.

b) Plano horretan azaltzen ez diren bide-sistemaren espaloiak mantenduko dira, kendu gabe.

c) UPSaren Arautegiko 4. atalari erantsi beharreko testua zuzendu beharko da, Erabaki honen azalpen zatian adierazi bezala.

2. Sustatzaileari adieraztea hango Errege Altxonbidea, Nafarroako Abelbideei buruzko Foru Legearen arabera, Nafarroako Foru Komunitatearen jabari publikoko ondasuna dela eta, horrenbestez, besterenezina, preskribaezina eta bahiezina. Erabaki honen xede diren jarduketek hura ukitzen badute, aipatu Foru Legean xedatutakoaren arabera jokatuko da.

3. Adieraztea Erabaki honen aurka, nahi izanez gero, berraztertzeko errekurtsoa jar daitekeela, Nafarroako Gobernuari zuzendua, jakinarazi edo, bestela, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean, urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatutako Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 116. eta 117. artikuluetan adierazitakoari jarraikiz, edo bestela, Administrazioarekiko Auzien Arlo Jurisdikzionalean aurkatu daiteke zuzenean, jakinarazi edo, bestela, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 46. artikuluak xedatu bezala.

4. Erabaki hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea eta Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuari, Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuari, Iruñeko Udalari eta Nafarroako Unibertsitateari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, bi mila eta biko uztailaren hogeita bian.-Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilaria. Nafarroako Gobernuko idazkari nagusia, Rafael Gurrea Induráin.

Iragarkiaren kodea: A0208414