105. ALDIZKARIA - 2002ko abuztuaren 30a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Agintariak eta Langileak

1231/2002 EBAZPENA, ekainaren 26koa, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Analisi Klinikoetako barrutiko sendagile espezialista izateko lanpostu bat oposizio-lehiaketa bidez betetzeko deialdia onesten duena.

Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen Ebazpenaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Analisi Klinikoetako barrutiko sendagile espezialista izateko lanpostu bat oposizio-lehiaketa bidez betetzeko deialdia onetsi da, ondoko arau hauei loturik:

1.-Arau orokorrak.

Deialdi hau honakoek zuzenduko dute: Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan sartu eta bertako lanpostuak betetzea arautzen duen azaroaren 22ko 347/1993 Foru Dekretuak, Osasun kontseilariaren urriaren 3ko 463/2001 Foru Aginduak, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan sartzeko eta bertako A mailako osasun langileen lanpostuak (A.1 eta A.2 estamentuak) betetzeko prozedurak arautu eta horrelakoetan aplikatu beharreko baremoak finkatzen dituenak, baita gainerako arau osagarriek ere.

1.1. Deialdi honen xedea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Analisi Klinikoetako barrutiko sendagile espezialista izateko lanpostu bat oposizio-lehiaketa bidez betetzea da, lanpostu hori Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak azaroaren 21ean emaniko 1622/2001 Ebazpenaren bidez onetsitako deialdiaren ondoriozko lekualdatze lehiaketan hutsik gelditu ondotik (ebazpen hori 2001eko abenduaren 21eko 154. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen). Lanpostuak Tuterako "Reina Sofía" Ospitalean izanen du destinoa (plantillako zenbakia: 65696).

1.2. Deitutako lanpostua igoera txandan beteko da. Dena dela, izangaiek aukera izanen dute deialdian parte hartu eta txanda irekian sartzeko.

1.3. Lehiakideek hautapen probak gainditzeko behar den gutxieneko puntuazioa lortzen ez badute eta, ondorioz, txanda murriztuko lanpostu hutsa bete gabe gelditzen bada, txanda irekiari gehituko zaio, azaroaren 22ko 347/1993 Foru Dekretuaren 10. artikuluan ezarritakoarekin bat.

Lanpostu hutsak betetzeko ordena ondoko hau izanen da:

a) Lehenbizikoa, hirugarrena, bosgarrena, zazpigarrena eta bederatzigarrena Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen funtzionario, estatutupeko edo lan-kontratudun finkoen arteko igoera txanda murriztuan, igoera erregulatzeko azaroaren 22ko 347/1993 Foru Dekretuaren 12. artikuluak eta indarra duen Lan Hitzarmenak osatzen duten arautegiari jarraikiz.

b) Bigarrena, laugarrena, seigarrena, zortzigarrena eta hamargarrena, txanda irekian.

Lanpostu hutsak betetzeko hurrenkera korrelatiboa lehenbizikotik hasita zenbatuko da, lehenago adjudikatutako lanpostuen zioz.

1.4. Izendapenak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren nomina eta plantillako funtzionario bihurtuko du izendatua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko funtzionarioei buruz indarra duten xedapenetan adierazten diren eskubide eta betebehar guztiekin.

1.5. Deitutako lanpostua A maila edo taldekoa da, eta Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren estamentu eta espezialitateetako izendapenetan indarra duen sailkapenaren arabera (Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari atxikitako langileen araubide berariazkoa arautzen duen urriaren 20ko 11/1992 Foru Legearen eranskina), "sendagile espezialistak" estamentuan eta "Analisi Klinikoak" espezialitatean dago sailkaturik. Lanpostuaren dotazioa izanen da urriaren 20ko 11/1992 Foru Legean eta aplikatzekoak diren gainerako xedapenetan ezarritako lansaria.

1.6. Hautapen saioak gainditu eta deialdi honetako lanpostua betetzeko izendatua gertatzen den izangaia Nafarroako Administrazio Publikoetako funtzionarioa balitz eta beraren eskubide pasiboen eta osasun eta gizarte laguntzaren araubidea Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuan eta gainerako xedapen osagarrietan aipatzen den araubidea balitz, araubide horretan irauteko edo Gizarte Segurantzaren araubidera aldatzeko aukera izanen luke.

Lehiatzaileak txanda irekian eskuratzen baldin badu lanpostua, funtzionario bihurtuko da, Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean afiliatu eta alta emanen zaie, eta aipatu araubidearen babespean egonen dira.

1.7. Izendatutako izangaiak destinoko herrian bizi beharko du, eta horretarako bizilekua udalerri horretan eduki. Destinoa administrazio organo eskudunek aldatzen ahalko dute.

1.8. Lanaldia zerbitzuaren beharretara egokituko da eta administrazio organo eskudunek edozein unetan aldatzen ahalko dute.

1.9. Barrutiko sendagile espezialistaren lanpostua lortzen duen izangaia destinoko ospitaleari organikoki atxikia geldituko da. Era berean, ospitale horri dagokion osasun barrutiari atxikiko zaio bere eginkizunetarako, eta aipatu eginkizun atxikipenetik heldu diren eginkizunak izanen ditu, zentroko zuzendaritzak edo Osasunbidea- Nafarroako Osasun Zerbitzuak emanen dizkioten arau edo jarraibideen arabera.

1.10. Izendatutako izangaiek jarduera bakarreko araubidean lan eginen dute, hau da, gertutasun osoarekin, erabateko dedikazioarekin eta irabazizko beste inongo jardueratan aritu gabe, ez arlo publikoan ez pribatuan, urriaren 20ko 11/1992 Foru Legearen 10.3. artikuluan adierazitako salbuespenak salbu.

Era berean, zentroko zuzendaritzak edo, haren eskuorde, dagokion burutzak agintzen dituen agerpen fisikoko guardialdiak edo/eta lokalizatuak bete beharko ditu.

1.11. Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legeak aurreikusten duen bezala, osasunaren arloko profesionalek parte hartuko dute ikasleek graduatu aurretik eta graduatu ondotik izan ohi duten prestakuntzan, baita etengabeko irakaskuntzan ere, eta neurri berean laguntza emanen dute biztanleen osasun hezkuntzarako ekintzetan.

2.-Izangaien betebeharrak.

2.1. Oposizio-lehiaketa honetan onartuak izateko, izangaiek beharkizun hauek bete behar dituzte eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean:

2.1.1. Txanda irekiko izangaiek:

a) Espainiako herritarra izatea, edo Europako Batasuneko beste Estatu batekoa. Orobat, espainiarren eta Europako Batasuneko beste Estatuetako herritarren ezkontideek hartzen ahal dute parte, zuzenbidez bereizita ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bereizita ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira, edo gorakoak, haien kontura biziz gero. Halaber, Europako Elkarteak sinatu eta Espainiak berretsi nazioarteko itunen aplikazio esparruan sartutako lagunek badute parte hartzeko eskubidea, haietan langileen zirkulazio librea aplikagarria bada.

b) Adin nagusikoa izatea.

c) Medikuntza eta Kirurgiako lizentziatura eta "Analisi Klinikoak" espezialitateko titulua edukitzea, edo eskabideak aurkezteko azken egunerako titulu hori eskuratzeko moduan egotea.

d) Lanpostuaren eginkizunetan aritzeko gaitasun fisikoa eta psikikoa izatea.

e) Eginkizun publikoetan aritzeko gaitasuna kenduta edo etenda ez edukitzea eta ezein administrazio publikoren zerbitzutik kendua ez izatea.

2.1.2. Igoera txandako izangaiek, txanda irekikoentzat adierazitako beharkizunez gain, ondoko hauek bete behar dituzte eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako:

a) Nafarroako Administrazio Publikoetako funtzionarioa, estatutu-kontratuduna edo lan-kontratatu finkoa izatea eta oraingo lanpostuan borondatezko edo nahitaezko eszedentzian ez egotea.

b) Deialdiko lanpostu hutsen maila edo talde berekoa edo beheragokoa eta kategoria desberdinekoa den lanpostua izatea.

c) Medikuntza eta Kirurgiako lizentziatura eta "Analisi Klinikoak" espezialitateko titulua edukitzea, edo eskabideak aurkezteko epearen azken egunerako titulu hori eskuratzeko moduan egotea, eta Administrazio Publikoetan gutxienez bost urteko antzinatasuna aitortua izatea.

2.2. Beti ere, izangaiek eskabideak aurkezteko epearen azken egunerako bete behar dituzte beharkizun horiek, eta hautapen prozesu osoan eutsi behar diete, harik eta izendatuak izan arte.

3.-Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren Erregistroan, Iruñeko Irunlarrea kaleko 39.ean, 31008 P.K., aurkeztu beharko dira, edo posta ziurtatuaren bidez helbide horretara bidali, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/92 Legeko 38.4 artikuluan ezarritakoaren arabera, edo lege horrek aipatzen dituen gainerako tokietako edozeinetan.

Eskabidea aurkeztu beharko da deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita hogeita hamar egun naturaleko epean.

Eskabideak deialdi honetan argitaratutako ereduari lotu behar zaizkio (I. eranskina), eta bertan izangaiek adierazi beharko dute eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean.

3.2. Eskabideari agiri hauek erantsiko zaizkio:

a) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren kontuan 25 euro ordaindu izanaren frogagiria, espedientea formalizatu eta azterketa eskubideak izateko.

b) Igoera txandako izangaiek 2.1.2. oinarrian azaldu diren beharkizunak betetzen dituztela frogatzeko agiriak aurkeztu behar dituzte (jatorrizkoak edo notarioak zein Administrazioak erkatutako kopiak).

3.3. Minusbaliotasunen bat duten pertsonek ariketak egiteko denbora eta baliabide aldetik behar dituzten egokitzapenak eskatu ahalko dituzte, hala behar izanez gero. Kasu horretan eskabidean adierazi beharko dute zein minusbaliotasun duten eta zein egokitzapen eskatzen duten. Horretaz aparte, minusbaliotasuna dutela dioen egiaztagiria aurkeztu beharko dute, organismo eskudunek egina.

3.4. Gainerako baldintzak agiri bidez egiaztatu beharko dituzte lanpostua lortzen duten izangaiek, deialdi honetako 8. oinarrian ezarritako epe eta moduan.

3.5. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina izanen da.

4.-Onartu eta baztertutako izangaien zerrendak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea amaiturik, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Administrazio eta Giza Baliabideen zuzendariak onartu eta baztertuen behin- behineko zerrenda onesten duen Ebazpena emanen du eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara emateko aginduko.

4.2. Izangaiek behin-behineko zerrenda Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta ondoko hamar egun baliodunen barruan, erreklamazioak egin eta egindako akatsak zuzendu ahalko dituzte. Zuzenketa eskaeren onarpena edo ezespena behin betiko zerrendaren ebazpenari lotuta egonen da.

4.3. Ezarritako epean eskabiderik aurkezten ez bada, eskumena duen organoak ebazpena emanen du oposizio- lehiaketa bete gabe gelditu dela deklaratzeko. Ebazpen hori Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.

4.4. Erreklamazioak egiteko epea amaiturik eta erreklamazioak ebatzitakoan, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Administrazio eta Giza Baliabideen zuzendariak Ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko aginduko.

4.5. Onartuen zerrendan agertzea ez da aski ebazpen honen bitartez abiatzen den prozeduran eskatu baldintzak betetzen direla onartzeko. Hautapen prozedura gainditu eta dokumentazioa aurkeztutakoan, baldintzaren bat betetzen ez bada, prozeduran parte hartzeagatik interesatuek izan ditzaketen eskubideak galduko dituzte.

5.-Epaimahai kalifikatzailea.

5.1. Honako hauek osatuko dute epaimahaia:

Mahaiburua: Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari edo zuzendariorde edo zerbitzuburu bat, arlo medikoarekin zerikusia duena.

Mahaiburu ordezkoa: Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari edo zuzendariorde edo zerbitzuburu bat, arlo medikoarekin zerikusia duena.

Mahaikidea: espezialitateko sendagile bat, espezialitateko Batzorde Nazionalak edo, hori izan ezean, Medikuen Elkargo Ofizialak izendatu beharrekoa.

Mahaikide ordezkoa: espezialitateko sendagile bat, espezialitateko Batzorde Nazionalak edo, hori izan ezean, Medikuen Elkargo Ofizialak izendatu beharrekoa.

Mahaikidea: espezialitate horretako sendagile bat, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak izendatu beharrekoa.

Mahaikide ordezkoa: espezialitate horretako sendagile bat, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak izendatu beharrekoa.

Mahaikidea: Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko langileen ordezkariek izendatu beharrekoa.

Mahaikide ordezkoa: Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko langileen ordezkariek izendatu beharrekoa.

Mahaikide-idazkaria: Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Langileri Zerbitzuko buru, zuzendariorde edo zuzendari bat.

Mahaikide-idazkari ordezkoa: Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Langileri Zerbitzuko buru, zuzendariorde edo zuzendari bat.

Epaimahaia hautapen probak egin baino lehen eratu beharko da.

5.2. Epaimahaia nork osatzen duen, izangai onartu eta baztertuen zerrendarekin batera argitaratuko da.

5.3. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, kideen gehiengo absolutua, behintzat, biltzen ez bada.

Organo kolegiatuaren eraketak balio izateko, mahaiburuak eta mahaikide idazkariak edo haien ordezkoek bertan egon beharko dute, bai eta kideen erdiek, gutxienez.

5.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdi honen oinarriak ulertu eta aplikatzerakoan sor daitezkeen arazo guztiak.

5.5. Epaimahaiak proba batzuetarako edo guztietarako aholkulari espezialistei dei egin ahalko die. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan aritzera mugatuko dira eta Epaimahaiari haietan soilik emanen diote laguntza.

6.-Oposizio-lehiaketaren garapena.

6.1. Deialdi honek dituen aldien ordena honakoa izanen da: lehenbizi lehiaketaldia eta hau amaitutakoan oposizioaldia.

6.2. Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen Ebazpen berean oposizioaren lehenbiziko ariketa hasteko tokia, eguna eta ordua zehaztuko dira. Ondoren, epaimahai kalifikatzaileak aditzera emanen ditu gainerako probak egiteko iragarkiak, arauetan ezarritakoari jarraikiz.

6.3. Oposizioaldia eta balorazioa.

6.3.1. Oposizioaldiak ondotik zehazten diren ariketak izanen ditu.

a) Lehen ariketa:

a. 1.) Izangai guztientzat berbera izanen den froga teoriko-praktikoa. Epaimahaiak deialdiaren xede den lanpostuaren eginkizunei buruz zehaztuko dituen galderen gainean idatziz azalpen bat egitea eta ondoren azalpena jendaurrean irakurtzea. Hori hasi baino lehen, epaimahaiak jakinaraziko du galdera kopurua, zenbat denbora izanen den horiek egiteko eta bakoitzak zer puntuazio izanen duen gehienez.

a. 2.) Epaimahaiak zehaztuko dituen kasu praktikoen gainean idatziz azalpen bat egitea eta ondoren azalpena jendaurrean irakurtzea. Kasuak berberak izanen dira izangai guztientzat, deialdiaren xede den lanpostuaren eginkizunei buruzkoak. Hori hasi baino lehen, epaimahaiak jakinaraziko du zenbat kasu praktiko izanen diren, zenbat denbora izanen den horiek egiteko eta, hala denean, bakoitzak zer puntuazio izanen duen gehienez.

Epaimahaiak zozketa bidez zehaztuko du ariketa irakurtzeko izanen den ordena.

6.3.2. Oposizioaldiko balorazioa honela eginen da:

a. 1) probari 30 puntuko balioa emanen zaio. Gehieneko puntuazioa (30 puntu) probaren balorazioan puntuaziorik altuena lortzen duen izangaiari emanen zaio. Gainerako izangaiei dagokien portzentajea emanen zaie. 15 puntu gutxienez lortzen ez duten izangaiak bazterturik geldituko dira.

a. 2) probari 30 puntuko balioa emanen zaio gehienez eta 15 puntu gutxienez lortzen ez duten izangaiak bazterturik geldituko dira.

6.3.3. Ariketa bakoitzerako deialdi bakarra eginen da eta izangaiek Nortasun Agiri Nazionala edo epaimahaiak askitzat jotzen duen beste nortasun agiriren bat aldean eraman beharko dute.

Ariketetara aurkezten ez diren izangaiak eta epaimahaiak finkatutako egunean ariketak irakurtzera agertzen ez direnak bazterturik geldituko dira oposizioaldian.

6.3.4. Hautapen probak egiteko, minusbaliotasunen bat izanik, hala eskatu duten izangaientzat, denbora eta baliabide aldetik egokitzapenak jarriko dira, eskabidean adierazitakoaren arabera.

6.3.5. Ariketa edo proba bakoitza amaiturik, epaimahaiak jendaurrean jarriko du, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko iragarki oholean edo ariketa egin den tokian, gainditu duten izangaien zerrenda, lortutako kalifikazioekin, eta, halaber, oposizioaren hurrengo proba edo ariketa egiteko tokia, eguna eta ordua, gutxienez egin baino 48 ordu lehenago.

6.4. Lehiaketaldia eta balorazioa.

6.4.1. Epaimahaikoek lehiaketaren fasea abiatuko dute oposizioa gainditzen duten izangaiekin.

Oposizioa gainditzen duten izangaiek beharko dituzte merezimenduak alegatu eta agiri bidez frogatu, epaimahaikoek eskatu eta hamabost eguneko epean. Horretarako, jatorrizko agiriak aurkeztuko dituzte, edo kopia konpultsatuak, notario edo administrazio bidez, deialdian ezarri baremoaren arabera.

6.4.2. Lehiaketan, izangaiek alegatu eta frogatu merezimenduak kalifikatuko dira, deialdiari erantsi baremoen arabera (II. eranskina).

Lehiaketaren fasean 40 puntu lortu ahal izanen dira, gehienez ere, eta ez da inor baztertuko.

6.4.3. Merezimenduak baloratzeko kontuan hartuko dira bakarrik deialdia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen den egunera arte eskuratutakoak, ondoren lortutakoak kontatu gabe.

6.4.4. Merezimenduen baremoko 1. atala baloratzeko kontuan hartuko da deitutako lanpostuak Osasunbidea- Nafarroako Osasun Zerbitzuko estamentu eta ezpezialitateetako izendapenen alorrean indarra duen sailkapenean "sendagile espezialistak" estamentukoak eta "Analisi Klinikoak" espezialitatekoak izatea (Osasunbidea- Nafarroako Osasun Zerbitzuari atxikitako langileen araubide berariazkoa erregulatzen duen urriaren 20ko 11/1992 Foru Legearen eranskina).

Emandako zerbitzuak baloratzeko, zentroko zuzendariak edo langileriaren buruak luzatutako ziurtagirien bidez egiaztatu beharko dira, bertan honakoak nahitaez adierazirik:

-Lantokia.

-Estamentua eta/edo espezialitatea.

-Emandako zerbitzuen iraupena, zein egunetatik zein egunetara, egunen kopuru osoa zehaztuta.

-Zerbitzuak lanaldi partzialean ematen badira, horretaz gain aipatu beharko dira:

a) Egunean, astean, hilabetean edo urtean emandako orduak, eta zerbitzu horiei dagokien urte osoko lanaldia, edo bestela

b) Zerbitzu horiek ohiko lanaldiarekin alderatuta zenbateko portzentajea egiten duten.

Enpresa pribatuan emandako zerbitzuak direnean, ziurtagiri honetaz gain, izandako lanei buruzko txostena aurkeztu beharko da, Gizarte Segurantzako Diruzaintzak emana.

6.4.5. Epaimahaiak noiznahi eskatu ahal izanen ditu lehiatzaileek azaldutako merezimenduei buruzko argibideak eta datu osagarriak.

6.4.6. Epaimahaiak baremoaren atal bakoitzean izangaien merezimenduak baloratuko ditu. Epaimahaiak inoiz ez du aintzat hartuko izangaiak aurretiaz azaldu eta agiri bidez frogatu gabeko merezimendurik, eta ezin izanen du atal bakoitzerako ezarritako puntuazioa baino handiagorik eman.

Merezimendua azaldurik baina behar bezala frogatu gabe egonez gero, epaimahaiak interesatuei epea eman ahal izanen die akatsak zuzendu ditzan.

6.4.7. Lehiaketa fasea bukatzen denean, epaimahaiak jendaurrean azalduko du balorazioaren emaitza, hau da, izangaiek lortutako puntuazioak, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko iragarki-oholean.

6.4.8. Izangaiek berreskuratu ahal izanen dituzte aurkeztutako agiriak, berariaz eskatuz gero, izendapena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta sei hilabete igaro eta ondoko hilabetean, salbu eta izangairen batek erreklamazioa jartzen badu. Horrela gertatzen bada, agiriak luzaroago gorde ahal izanen dira egiaztapenak eta frogak egiteko. Arestian aipatutako epean izangaiak agiriak berreskuratzen ez baditu, berreskuratzeari uko egin diola ulertuko da eta haien gaineko eskubidea galduko du.

7.-Azkeneko puntuazioa.

Azken kalifikazioa lehiaketa fasearen eta oposizio fasearen puntuazioen batura izanen da.

Azken puntuazioetan berdinketa gertatuz gero, oposizio fasean puntuazio handiena duen izangaia lehenetsiko da. Hala ere, berdinketak irauten badu, izangai zaharrena lehenetsiko da.

8.-Probak gainditzen dituzten izangaien zerrenda eta agirien aurkezpena.

8.1. Lehiaketa eta oposizio faseak bukatu ondoren, Epaimahaiak Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan agertuko du probak gainditzen dituztenen zerrenda, guztira lortu dituzten puntuazioen araberako hurrenkeran, eta proposamena igorriko dio administrazio organo eskudunari, probak gainditu eta puntuazio handiena atera duten izangaiak, lanpostuak adina, izenda ditzan. Proposamen hori Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.

8.2. Proposatutako izangaiak, izendapenerako proposamena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta hurrengo 30 egun naturaletan, agiri hauek aurkeztu beharko ditu Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Langileria, Sarrera eta Sustapen Zerbitzuan:

8.2.1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren edo haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile finko ez diren izangaiak:

a) Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia konpultsatua, edo izangaiaren nazionalitatea eta identitatea frogatzen dituen beste agiri baliokideren batena.

b) Titulazioaren jatorrizko agiria, edo haren kopia, notario edo administrazio bidez konpultsatua.

c) Zinpeko adierazpena, eginkizun publikoetan jarduteko gaitasuna ez diotela kendu ez eten eta ez dagoela inongo herri administrazioren zerbitzutik bazterturik adierazteko.

d) Laneko Arriskuei Aurrea hartzeko Zerbitzuak emandako txostena, interesatuak karguan aritzea eragozten dion gaixotasun edo akats fisiko edo psikikorik ez duela frogatzeko.

e) Nafarroako Foru Eraentza errespetatzeko, Konstituzioari eta legeei men egiteko eta karguaren eginkizunak zintzo betetzeko zina edo agindua.

f) Egoitza-txartela, Europako Batasuneko herritarrentzat.

g) Egoitza-baimena eta lanekoa, Europako Batasunekoak ez diren herritarrentzat.

8.2.2. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren edo haren erakunde autonomoen langile finko diren izangaiak:

a) Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia konpultsatua, edo izangaiaren naziotasuna eta identitatea frogatzen dituen beste agiri baliokideren batena.

b) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko funtzionario, estatutario eta lan-kontratatua dela frogatzen duen ziurtagiria, baita bere espediente pertsonaleko gainerako inguruabarrak ere.

c) Laneko Arriskuei Aurrea hartzeko Zerbitzuak emandako txostena, interesatuak karguan aritzea eragozten dion gaixotasun edo akats fisiko edo psikikorik ez duela frogatzeko.

8.3. Eskabidean ehuneko 33ko minusbaliotasuna edo handiagoa dutela adieraziz gero, izangaiek, aurreko agiriez gainera, minosbaliotasunak deialdiko lanpostuan aritzea ez diela eragozten frogatu behar dute, eskumena duten balorazio eta orientazio taldeek emandako agiriaren bitartez.

8.4. Inork agiri horiek goian adierazitako epean aurkezten ez baditu, behar bezala arrazoitutako ezinbesteko kasuetan izan ezik, ezin izanen dute izendatu eta haren jarduketa guztiak deuseztatu eginen dira, eskabidean gezurra esateagatik izan lezakeen erantzukizuna ezertan galarazi gabe.

8.5. Aurreko atalean azaldutako kasuan, administrazio-organo eskudunak 8.1. oinarrian aipatu zerrendara joko du, oposizio-lehiaketa gainditu dutenen zerrendara alegia, eta hurren-hurrena dagoen izangaia jarriko du baztertutakoaren lekuan.

9.-Izendapena eta lanpostuaz jabetzea.

9.1. Administrazio organo eskudunak, Ebazpen baten bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko funtzionario izendatuko ditu aurreko oinarrietan ezarritako baldintzak betetzen dituzten izangaiak, Analisi Klinikoetako barrutiko sendagile espezialista gisa jardun dezaten.

9.2. Izendapena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.

9.3. Izendatutako izangaiak hilabeteko epean jabetu beharko du lanpostuaz, izendapena jakinarazten diotenetik hasita. Epe horretan lanpostuaz jabetzen ez bada, ezinbesteko kasuetan salbu, Foru Komunitateko Administrazioko funtzionario izateko eskubide oro galduko du.

Hala gertatuz gero, 8.5. atalean ezarritakoa beteko da.

9.4. Funtzionario bihurtu eta, lanpostuan jarduten hasi gabe, norberak eskatuta, lanpostuaz jabetzen den egunetik beretik borondatezko eszendentzia hartzen bada, egun horretan beste Administrazio Publiko baten zerbitzuan ari izateagatik, hutsik gelditzen den lanpostua ere 8.5 atalean ezarritakoaren arabera beteko da.

9.5. Izangaietatik inork ez badu gainditzen oposizio-lehiaketa, eskudun organoak oposizio-lehiaketa bete gabe gelditu dela adierazteko ebazpena emanen du. Ebazpen hori Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.

9.6. Izendapenean eragina izan lezakeen errekurtsoren bat aurkezten bada deialdiaren, oposizio-lehiaketaren nondik-norakoaren edo horren ebazpenaren aurka, izendapena ez da irmoa izanen, eta administrazio bidean nahiz Administrazioarekiko auzietarako jurisdikzioan errekurtsoari buruz eman beharreko ebazpenaren zain eta horren mende geratuko da.

10.-Errekurtsoak.

Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean eta ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretuan ezarritakoarekin bat, ebazpen honen kontra, berau garatzeko ematen diren behin betiko ebazpenen kontra eta defentsarik eza eragiten duten tramite-egintzen kontra, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izanen da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza argitara eman edo jakinarazten den egunetik hasita.

Iruñean, bi mila eta biko ekainaren hogeita seian.-Dagokiona ez egoteagatik, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Administrazio eta Giza Baliabideen zuzendariordea (Nafarroako Gobernuaren Erabakia, 1996ko abenduaren 24koa), Alberto Andérez González.

I. ERANSKINA

Eskabidea

................ jauna/andrea, adin nagusikoa, ......... zk.ko, Nortasun Agiri Nazionalaren (edo nortasun agiri baliokidea) jabe, .............(e)n, (.........) .......... (e)ko .......aren .....(e)an jaioa, nazionalitate ........, helbidea ...........(e)ko (.........) .......... kalean, .................. posta kodea, ......... etxeko telefonoa eta ........... harremanetarakoa

Zure aurrean agertu eta honako hau dio:

-Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren ................ izateko ...... lanpostu betetzeko deialdian, ......... Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen hartan, onar dezatela eskatzen duela, ondotik aipatzen den txandan:

f Txanda irekia

f Igoera txanda

f Minusbaliotasunen bat dutenentzat gordetako txanda

-Karguan aritzea galarazten dion eritasun nahiz akats fisiko edo psikikorik ez duela.

-Indarra duten xedapenetan ezarritako ezintasunik ez duela.

-Ez dela espediente bidez inongo Administrazio Publikoren zerbitzutik baztertua izan, eta ez dagoela desgaitua eginkizun publikoak betetzeko.

-Azterketa eskubideak ordaindu dituela deialdian ezarritako moduan, eta horren gordekina erantsi duela.

-Eskabideak aurkezteko adierazi epea amaitzean, eskatzen diren baldintza guztiak betetzen dituela. Baldintza horiek agiri bidez frogatuko dira deialdian aurreikusi epean eta moduan.

f Baduela minusbaliotasuna, eta horregatik eskatzen duela ondoko egokitzapena, adierazitako arrazoiengatik (beste orri batean zehaztuko dira minusbaliotasunaren nondik norakoak eta eskatzen diren egokitzapenak).

Eskabideari erantsitako orri kopurua ...........

Horiek horrela:

Eskabide hau ontzat hartu eta aipatu deialdian onartua izatea eskatzen du.

Iruñean, 200...(e)ko ..........aren ...........(e)an.

(Sinadura)

II. ERANSKINA

1. atala.-Egindako zerbitzuak. Ondokoak baloratuko dira:

1. Deialdiko lanpostuaren estamentu eta espezialitate beretan administrazio publikoetako zentroetan egindako zerbitzuak: 1,2 puntu, urteko.

2. Edozein Administrazio Publikotan fakultatibo gisa egindako zerbitzuak: 0,6 puntu, urteko.

3. Edozein Administrazio Publikotan beste estamentu batean egindako zerbitzuak: 0,15 puntu, urteko.

4. Lehiaketaren kategoria berean, osasun zentro pribatuetan egindako zerbitzuak, Gizarte Segurantzan alta hartuta eta besteren kontura kotizatuz: 0,47 puntu, urteko.

Ez dira bateragarri aurreko azpiataletako puntuazioak aldi berari buruzkoak direnean; urtero, haietako handiena hartuko da kontuan.

Atal honetan ez da aintzat hartuko 2.2. atalean adierazi denbora; egoiliar gisa egindako zerbitzuak Prestakuntza Espezializatua atalean baino ez dira kontuan hartuko.

Zerbitzu berezietako egoeran egindako zerbitzuak, berriz, egoera horren adierazpenaren unean lanpostuan egiten ari ziren zerbitzuak balira bezala zenbatuko dira.

Atal honetan gehienez ere 17 puntu emanen dira.

Baremo honetan baloratu zerbitzuak urriaren 3kko 463/2001 Foru Aginduaren 9. artikuluan ezarri arauei jarraituz konputatuko dira.

2. atala.-Prestakuntza, irakaskuntza, ikerkuntza eta hizkuntzak:

Deialdiko lanpostuarekin zerikusia duten merezimenduak baino ez dira baloratuko:

1. Unibertsitateko prestakuntza:

1.1. Lizentziaturako gradua bikain notarekin edo aparteko sariarekin, edo ikertzeko gaitasun nahikoa: puntu bat.

1.2. Doktore gradua: 2,5 puntu (Cum Laude: 0,5 puntu gehiago).

2. Prestakuntza espezializatua:

Egonaldia osorik egina izatea, dela MIR egitarauaren bidez dela graduondokoentzako egitarau aintzatetsia duen zentro batean: 5 puntu.

3. Erakunde edo zentro publikoek eta unibertsitate- zentroek antolatu edo kreditatuko prestakuntza ekintzetan parte hartu izana: 0,025 puntu ikas kredituko (10 ikastorduko). Prestakuntzako ekintzaren ziurtagirian ikastorduen kopururik azaldu ezean, hura kreditu batekoa balitz bezala baloratuko da, eta ikasturte bateko iraupena agertzen bada, 12 kreditukoa balitz bezala. Gehienez 2,5 puntu jaso daitezke.

Orobat, nahiz erakunde antolatzailearen beharkizuna ez bete, prestakuntza baloratu eginen da Administrazioak agindua izan bada edo hark homologatu badu. Horien artean sartzen dira sindikatuek "Administrazio Publikoetako Prestakuntza Iraunkorreko Akordioen" barrenean antolatuak.

MIR espezialitate-egitarauan egindako ikastorduak ez dira kontuan hartuko atal honetan.

4. Kongresu eta jardunaldietan aurkeztutako ponentziak eta berriemateak:

-Nazioartekoa: lehen hiru sinatzaileak: 0,20 puntu. Gainerakoak: 0,05 puntu.

-Naziokoa: lehen hiru sinatzaileak: 0,10 puntu. Gainerakoak, 0,025 puntu.

-Autonomia Erkidegokoa: lehen hiru sinatzaileak: 0,05 puntu. Gainerakoak: 0,0125 puntu.

Gehienez 4 puntu.

5. Administrazio edo erakunde publikoen beka edo sariren bat jaso duten lan zientifikoak edo ikerlanak: 2 puntu, nazioartekoak badira; puntu bat, naziokoak edo erkidegokoak badira; gehienez ere, 3,5 puntu.

6. Aldizkari espezializatuetan argitaratutako idazlanak: lehenbiziko hiru sinatzaileei 0,2 puntu; gainerakoei, 0,05 puntu; gehienez 3 puntu.

7. Argitaratutako liburuak: egile nagusia bada, 0,4 puntu; laguntzailea bada, 0,2 puntu. Gehienez ere, 2 puntu.

8. Frantsesez, ingelesez edo alemanez jakitea, ofizialki egiaztatua, Europako Batasunean erabilera ofizialeko hizkuntzak direnez: 1,6 puntu, hizkuntza bakoitzeko. Hizkuntz Eskola Ofizial batek emandako Gaitasun Agiririk edo ofizialki baliokidetzat jotako titulaziorik ez izatera, Hizkuntza Eskola Ofizial batean gainditu maila bakoitzari dagokion gehieneko puntuazioaren bostetik bat emanen zaio.

9. Irakasle lana sektore publikoko edo unibertsitarioko prestakuntzan: 0,3 puntu, 10 orduko irakastaldia edo kreditu akademikoa. Gehienez ere, 3 puntu.

10. Bekak edo prestakuntzako egonaldiak: 0,2 puntu, hilabetea. Gehienez ere, 2 puntu.

11. Sektore publikoan ofizialki eratu organo zientifiko-teknikoetan, kontsultakoetan edo aholku- emaileetan, gutxienez urtebetez parte hartzea: 0,2 puntu, urte bakoitzeko. Gehienez ere, 2 puntu.

Bateragarriak dira ikerlan beraren berriematea, ponentzia eta argitalpena.

Deialdiko lanpostuan aritzeko gaitasunik ematen ez duten titulu ofizialak ez dira merezimendutzat hartuko.

Atal honetan, denetara, ez da 19,8 puntu baino gehiago emanen.

3. atala.-Euskaraz jakitearen balorazioa:

Eremu euskalduneko lanpostuak eskuratzeko, euskaraz jakitea merezimendu kualifikatu gisa baloratu behar denean, gehienez ere % 10a gehituko zaio frantsesez, ingelesez edo alemanez jakiteagatik ematen den puntuazioari.

Eremu mistoan, euskaraz jakitea merezimendu kualifikatu gisa baloratu behar denean, gehienez ere % 5a gehituko zaio frantsesez, ingelesez edo alemanez jakiteagatik ematen den puntuazioari.

Bi kasuetan, eta Hizkuntz Eskola Ofizial batek emandako Gaitasun Agiririk edo ofizialki baliokidetzat jotako titulaziorik ez bada, Hizkuntza Eskola Ofizial batean gainditu maila bakoitzari dagokion gehieneko puntuazioaren bostetik bat emanen zaio, edo Nafarroako Gobernuak antolatu ikastaroetan gainditu urrats bakoitzari ematen zaion gehieneko puntuazioaren hamabitik bat.

Iragarkiaren kodea: A0207788