105. ALDIZKARIA - 2002ko abuztuaren 30a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Dekretuak

185/2002 FORU DEKRETUA, abuztuaren 19koa, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen plantilla organikoa partez aldatu eta uztailaren 2ko 143/2002 Foru Dekretuaren testuan egindako akats bat zuzentzen duena.

Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuak Lehendakaritzako Zuzendaritza Nagusiari atxikitako lanpostu huts bat birmoldatzea eskatu du, hango plantilla organikoa Departamentuaren funtzionamendu-beharretara egokitzeko.

Bestalde, uztailaren 2ko 143/2002 Foru Dekretuaren testuan, zehazki, artikulu bakarraren 2. ataleko 15.1. puntuan, atzemandako akats bat zuzendu behar dela adierazi du. Aipatu Foru Dekretuaren bidez (2002ko abuztuaren 7ko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALa, 95. zk.), Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen plantilla organikoa aldatu zen, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileek 2002. eta 2003. urteetan izanen dituzten lan baldintzak finkatzearren, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eta sindikatuek sinaturiko Hitzarmenean ezarritakoa betetzeko.

Horrenbestez, Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariak proposaturik eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta biko abuztuaren hemeretzian egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen plantilla organikoan aldaketa hauek egitea:

Bat.-Legelari lanpostu huts bat amortizatzea, funtzionario araubidekoa, A mailakoa, Lehendakaritzako Zuzendaritza Nagusiko Barne Eraentzako Zerbitzuari atxikia eta plantilla organikoan 3.798 zenbakia duena. Lanpostu horretarako behar bezalako zuzkidura ekonomikoa dago indarra duen gastuen aurrekontuko I. kapituluaren kontusailetan.

Bi.-Informazio Sistemetako goi mailako teknikari lanpostu huts bat sortzea, funtzionario araubidekoa, A mailakoa, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuko Nafarroako Aldizkari Ofizialaren Zerbitzuari atxikia, plantilla organikoan 6.893 zenbakia izanen duena. Aurreko atalean amortizatu den lanpostu hutsari dagokion zuzkidura ekonomikoaren kontura finantzatuko da.

2. artikulua. Uztailaren 2ko 143/2002 Foru Dekretuaren testuan, zehazki, artikulu bakarraren 2. ataleko 15.1. puntuan, atzemandako akatsa zuzentzea (2002ko abuztuaren 7ko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALa, 95. zk.). Honela geldituko da: "Errepideetako laguntzaile teknikoen eta sobrestanteen lanpostuei (C mailakoak) arrisku bereziko osagarria esleitzea, 100eko 4koa, betiere lanpostu horietako titularren ohiko eginkizunetan arrisku edo nekagarritasun bereziko lanak baldin badaude. Horretarako, kasuan kasuko departamentuko idazkari teknikoak emandako ziurtagiria aurkeztu beharko da."

AZKEN XEDAPENAK

Lehena.-Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariari ahalmena ematen zaio Foru Dekretu hau garatu eta betearazteko behar diren xedapenak eman ditzan.

Bigarrena.-Foru Dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara eman eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, bi mila eta biko abuztuaren hemeretzian.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.-Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilaria, Rafael Gurrea Induráin.

Iragarkiaren kodea: A0209352