104. ALDIZKARIA - 2002ko abuztuaren 28a

III. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

B E R I A I N

Deialdia, zerbitzu anitzetako peoi izateko bi lanpostu oposizio bidez betetzeko

1.-Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da Beriaingo Udaleko zerbitzu anitzetako peoi izateko bi lanpostu oposizio bidez eta lan-kontratu finkoarekin betetzea.

1.2. Lanpostuek indarra duen lan arloko legediaren araberako lansariak izanen dituzte.

1.3. Izendapenaren ondorioz hautatuak gertatzen direnak lan-kontratu mugagabeko langileak izanen dira, ondorio guztietarako, kontratua sinatzen duten egunetik hasita, lan arloko legedian xedatutako probaldia pasa beharko badute ere.

1.4. Lanaldia zerbitzuaren beharretara egokituko da, eta administrazio organo eskudunek noiznahi aldatzen ahalko dute.

1.5. Izendatzen diren izangaiek Beriainen bizi beharko dute.

2.-Eginkizunak.

Izendatuen lan eta egitekoak beren mailari eta kategoriari egokituko zaizkie, eta karrikak garbitzen, lorazaintzan eta mantenimenduan ariko dira, baita Udalaren organo eskudunek manatzen dizkieten egitekoetan ere.

3.-Izangaien betebeharrak.

3.1. Deialdi honetan onartuak izateko, eskabideak aurkezteko epea akitzen den egunean izangaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Adinez nagusia izatea.

b) Nazionalitate espainiarra izatea edo, bestela, Europako Komunitateko herrialderen batekoa.

c) Eginkizunak betetzeko gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.

d) Eskola ziurtagiriaren jabe izatea.

e) Eginkizun publikoak betetzeko ezgaitua edo gabetua ez izatea eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik berezia ez izana.

f) Gutxienez ere B-1 motako gidabaimenaren jabe izatea.

3.2. Aitzineko baldintzak eskabideak aurkezteko epea akitzen den egunerako bete beharko dira, baita oposizioaren prozedura osoan ere, izendapena arte.

4.-Eskabideak.

4.1. Deialdian parte hartu ahal izateko eskabideak Beriaingo Udalaren erregistro orokorrean aurkeztu beharko dira edo, bestela, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko Legean aurreikusten diren bideetariko bat erabiliz. Horretarako, hogeita hamar egun naturaleko epea egonen da, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita, azken egun balioduneko eguerdiko ordu biak arte. Eskabideak deialdi honetako I. eraskinean agertzen den ereduari lotuko zaizkio.

4.2. Eskabideari honako agiri hauek erantsi beharko zaizkio:

a) N.A.N.aren fotokopia.

b) Eskatutako titulazioaren fotokopia.

c) Gidatzeko karnetaren fotokopia.

4.3. Agiri guztien kopiak Udalaren bulegoetan konpultsatu beharko dira.

4.4. Eskabideak aurkezteko ezarritako epea luzaezina izanen da.

5.-Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

5.1. Eskabideak aurkezteko epea akiturik, jaun alkateak izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesten duen ebazpena emanen du, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadila aginduko.

5.2. Izangai baztertuek, behin-behineko zerrenda Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta ondoko hamar egun balioduneko epean, erreklamazioak egin ditzakete eta akatsik baldin bada, zuzendu.

5.3. Erreklamazioak egiteko epea iraganik eta horiek ebatzi ondotik, jaun alkateak onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpena emanen du eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadila aginduko. Ebazpen berean hautaprobak hasteko tokia, eguna eta ordua zehaztuko dira.

6.-Epaimahaia.

6.1. Epaimahaia honakoek osatuko dute:

Mahaiburua: Fernando Ferrándiz Maqueda jauna, Beriaingo Udaleko Langileri Batzordeko arduraduna. Ordezkoa: Tomás Prieto Blanco jauna, Beriaingo Udaleko alkatea.

Mahaikidea: Javier Ordóñez Aranguren jauna, Beriaingo Udaleko Langileri Batzordeko kidea. Ordezkoa: Rodrigo Espinedo Escalada jauna, Beriaingo Udaleko Langileri Batzordeko kidea.

Mahaikidea: Miguel Angel Serrano Gijón jauna, Beriaingo Udaleko langileak ordezkatuz. Ordezkoa: Inés Menéndez Esteban andrea.

Mahaikidea: Cristina Garín Fernández andrea, Beriaingo Udaleko aparejadorea. Ordezkoa: Francisco Ramón Sisniega Sánchez jauna, aparejadorea.

Mahaikide-idazkaria: César Suescun García jauna, Beriaingo Udaleko idazkaria. Ordezkoa: Jesús Izcue Apesteguía jauna, Beriaingo Udaleko administrari-ofiziala.

6.2. Epaimahaia hautaprobak hasi aitzin eratu beharko da.

6.3. Epaimahaia eratzeko eta jarduteko kideen erabateko gehiengoa bederen beharko da.

6.4. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdi honen oinarriak ulertu eta aplikatzean sor daitezkeen afera guztiak.

6.5. Epaimahaiak aholkulari adituak hartu ahalko ditu proba guztietarako nahiz batzuetarako. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetara mugatuko dira, eta esparru horretan baino ez diete lagunduko epaimahaikoei.

7.-Oposizioaren garapena.

7.1. Lehenbiziko ariketa. Baztergarria.

Lehen proba: matematika oinarrizkoko lau buruketa ebatzi beharko dira idatziz. Probaren balioa: 5 puntu. Proba gainditzeko, gutxienez ere, 2,5 puntu eskuratu behar dira. Proba honek gehienez ere 30 minutu iraunen du.

Bigarren proba: zuzentasun ortografikoaren gaineko hogei galderari erantzun beharko zaie idatziz. Probaren balioa: 5 puntu. Proba gainditzeko, gutxienez ere, 2,5 puntu eskuratu behar dira. Proba honek gehienez ere 20 minutu iraunen du.

Hirugarren proba: Beriaingo errealitatearen gaineko bost galdera laburri erantzun beharko zaie idatziz. Probaren balioa: 15 puntu. Proba gainditzeko, gutxienez ere, 7,5 puntu eskuratu behar dira. Proba honek gehienez ere 30 minutu iraunen du.

7.2. Bigarren ariketa: baztergarria. Proba praktiko bat edo gehiago egin beharko dira, epaimahaiak zehaztu beharrekoak, bete beharreko lanpostuari dagozkion alderdien gainekoak. Ariketaren balioa: 60 puntu. Ariketa gainditzeko, gutxienez ere, 30 puntu eskuratu behar dira.

7.3. Hirugarren ariketa: baztergarria. Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak egin beharreko proba psikoteknikoak. Ariketaren balioa: 10 puntu. Ariketa gainditzeko, gutxienez ere, 5 puntu eskuratu behar dira.

7.4. Laugarren ariketa: buruz buruko elkarrizketa, deialdiko lanpostuarekin ikusteko duten alderdiei buruz. Ariketaren balioa: 5 puntu.

8.-Probetarako deialdia.

8.1. Ariketa bakoitza akiturik, epaimahaiak, hamar eguneko epean, Beriaingo Udaletxeko iragarki oholean argitaratuko du izangaien zerrenda, lortutako puntuazioekin batera, eta bere hartan adieraziko ere oposizioaren hurrengo ariketa egiteko eguna eta tokia, gutxienez 48 ordu lehenago.

8.2. Probetarako deialdi bakarra eginen da, eta izangaiek N.A.N. aldean dutela agertu beharko dute. Agertzen ez diren izangaiak bazterturik geldituko dira.

9.-Epaimahaiaren proposamena.

9.1. Azken ariketaren kalifikazioa akiturik, epaimahaiak argitara emanen du Beriaingo Udaletxeko iragarki oholean gainditu dutenen zerrenda, lortutako puntuazioaren araberakoa, izangai bakoitzak ariketa guztietan eskuraturiko kalifikazioak batuta.

9.2. Epaimahaiak, puntuazio altuena lortu duten izangaien aldeko izendapen proposamena igorriko dio Udalaren osoko bilkurari, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.

10.-Izendapena eta jabetza hartzea.

10.1. Izangai izendatuek izendapena jakinarazi eta hilabeteko epea izanen dute karguaz jabetzeko. Horretarako, nahitaezko baldintza izanen da lanpostuan aritzeko gaitasun fisikoa egiaztatzea, Udalak dioen zentroan emanen duten osasun ziurtagiria aurkeztuz. Aipatu epean eta ezinbesteko kasuak salbu, karguaz jabetzen ez badira, Udalbatzak, osoko bilkuran, gainditu dutenen zerrendan ondo-ondotik heldu den izangaiarekin beteko du hutsunea.

11.-Errekurtsoak.

11.1. Deialdi honen, bere oinarrien edo aplikazio egintzen kontra, errekurtso hauetakoren bat paratu ahal izanen da:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, Beriaingo Udaleko osoko bilkurari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratzen denetik.

c) Administrazioarekiko auzi errekurtsoa, zuzenean Nafarroako Auzitegi Nagusiko arlo bereko Sailari zuzendua, bi hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

Beriainen, bi mila eta biko ekainaren hogeita zortzian. Alkate udalburua, Tomás Prieto Blanco.

I. ERASKINA

Eskabide eredua

Izena: .................., adinez nagusia, N.A.N. zenbakia: ..........., jaioteguna: .............., sorlekua: ................, helbidea: ............ (herria, kalea, zk., posta kodea), telefonoa: ................

Zure aitzinera agertu eta azaltzen dut:

Beriaingo Udaleko zerbitzu anitzetako peoi izateko bi lanpostu oposizio bidez betetzeko deialdira onartua izatea eskatzen dudala.

Karguan aritzea galarazten didan ezintasun fisiko edo psikikorik ez dudala.

Indarra duten xedapenetan ezarritako ezgaitasunik batere ez dudala.

Eskabideak aurkezteko epea akitzean, eskatzen diren baldintza guztiak betetzen ditudala.

Horiek horrela,

Eskabide hau ontzat eman eta, horren indarrez, Beriaingo Udaleko zerbitzu anitzetako peoi izateko bi lanpostu betetzeko deialdira onar nazazula eskatzen dut.

(Data eta sinadura)

Iragarkiaren kodea: A0207368