104. ALDIZKARIA - 2002ko abuztuaren 28a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Beste Xedapenak

ERABAKIA, 2002ko uztailaren bian Nafarroako Gobernuak hartua. Honen bidez ematen zaio hasiera "Mendillorriko Etxebizitza Eremuaren Udalez gaindiko Plan Sektoriala Aldatzeko" espedienteari, Planaren IV. Faseko E.1.2 kirol ekipamenduaren lurzatian. Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak eta Navarra de Suelo Residencial, S.A. (NASURSA) enpresa publikoak sustatu dute, eta espedientea jendaurrean jartzen da Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintzari buruzko uztailaren 4ko 10/1994 Foru Legean ezarritakoa betetzeko.

Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu Eta Etxebizitza Departamentuak eta Navarra de Suelo Residencial, S.A. (NASURSA) enpresa publikoak sustatu dute, tramitazio eta onespenerako, Planaren IV. Faseko E.1.2 kirol ekipamenduaren lurzatian "Mendillorriko Etxebizitza Eremuaren Udalez gaindiko Plan Sektoriala Aldatzeko" espedientea.

Aldaketa horren xedea Planaren IV. Faseko E.1.2 kirol ekipamenduaren unitateko erabileren barne berrantolamendua da, hala nola hari aplikatzekoak diren arau indardunen aldaketa.

I.-Aldaketaren deskribapena

Aldaketaren xede Mendillorriko Etxebizitza Eremuaren Planaren IV: Faseko kirol erabilerako E.1.2 Unitatearen esparrua da, 28.249 metro koadroko eremua, eta legeria indardunak honako hau ezartzen du alde horretarako:

-Gehienezko eremu okupatua: lurzatiaren eremuaren %100

-Lur gaineko kirol-pistak egiteko izanen da eremu osoa. Deseinuan eremu zolatuak berdegune zabalekin tartekatuko dira, ekipamendua Parkearen irudi osoarekin integratzeko.

-Sestraz beherago eta dokumentazio grafikoaren profilen planoan adierazten denaren arabera kirol-eremu bat egiten ahal da, planoetan jasotako gehienezko okupazioaren barnean. Kasu horretan, eremu horren estalkiak Parke Zentralaren maila berean egon beharko du, eta lorategi tankerako edo kirol pistazko bukaera emanen zaio.

-Sestraz gainetik argi-zuloak eta eskailera-irteerak baizik ez dira nabarmen aterako.

-Sarbide nagusiak F eraikin tipora eta plazara zabalduko da. Ekialderantz ere sarbide garbi bat izanen da, Parke Zentralera begira.

-Kirol-pisten azpian aparkaleku bat egiten ahal da, lurpeko kirol-eremuak hartzen duen Lurzatiaren aldean.

Espediente honek bi aldaketa proposatzen ditu unitate honen barnean.

A) Unitatea beste bitan banatzea:

-V-10 oinezkoentzako bide publikoak, 1.374 metro koadro. L formako eremu lineala, 8 metro zabalekoa, urbanizazioaren IV. Faseko B-5 etxebizitza-eraikinaren ertzean doana hegoaldetik eta mendebaldetik.

-E.1.2 lurzatiaren gainerako zatia, 26.875 metro koadrokoa, kirol ekipamendurako.

B) Arauen aldaketa, idatzizkoa eta irudizkoa, Unitatean indarrean dena, honakoen arabera:

-Erabilera xehetasunak.

-Lurzatiaren mendebaldean kirol-eraikina, dokumentazio grafikoaren arabera.

-Lurpearen aprobetxamendua lurzati osoan (dokumentazio grafikoaren arabera), pista, igerileku edo lur gaineko jolastokiaren aukera.

-Eraikuntzaren altura: Xehetasun Azterlanaren bitartez zehaztekoa.

-Gehienezko okupazioa: lurzatiaren azaleraren %100.

-Lerrokadurak eta sestrak: Xehetasun Azterlanaren bitartez zehaztekoak.

Proposamenaren bukaeran esaten da, aldaketa honen edukiaren aurka dagoen guztirako E.1.2. unitaterako indarrean diren xedapenek aginduko dutela.

II.-Aldaketaren xedea eta justifikazioa

Oinezkoentzako bide-eremu berria (V.10) sortzearen helburu nagusia hau da: B-5 eraikineko etxebizitzetara sartzeko beste bide baten aukera ematea horretarako pentsatutako eremu publiko batetik, eta ez kirol-eremutik.

Bide berri horrek, halaber, urbanizazioaren fase desberdinen arteko komunikazioa hobetuko du bere neurrian.

Kirol-eraikuntzari lurzatiaren ipar-ekialdeko kirol-eremuan leku berria sektorera sartzeko biribilgunetik hurbilago ezartzeak, honako helburu hau du: eraikuntza hori hurbiltzea hizpide dugun kirol-unitatea iparraldetik mugatzen duen bideaz beste aldean dagoen aparkatzeko zelaigunera; izan ere, aparkaleku horiek, kirol-eremuaren zerbitzutan egonen baitira etorkizunean. Sestraz gainetik eremuaren barnean eraikitzeko aukera emateak -gaur egun indarrean den arauekin ezinezkoa-, hurrengo instalazioek taxu zentzuzkoago eta funtzionalagoa izatea ekarriko du berekin.

Bestalde, aldaketak ahalbidetzen du lurzati osoaren lurzoruaz baliatzea, honako xede honekin, besteak beste: F lurzatiaren sestratik zuzenean iritsi ahal izatea (B-5 dagoen lurzatia) kirol-eremura, eta horrela IV. Faseko plaza handiarekiko lotura bultzatzea, hain zuzen ere komunikazio hori Planaren arau indardunetan jasoa baitzegoen ("Sarbide nagusiak F eraikin tiporantz eta plazarantz zabaldu behar du").

III.-Hirigintza arloko gogoetak

Aurreikusitako aldaketak kirol-hornidura publikorako eremuaren murrizketa dakar berekin, nahiz eta hori IV. Faseko kirol-erabileraren erreserbaren hutsaren hurrengoko aldaketa besterik ez den.

Horrela, UPSaren lau faseetan kirol-erabilera xede duten eremuak kontatu eta aldaketa honengatik kentzen direnak kontuan hartuz gero, sektore osoarentzat estandar bat lortzen da, 1.000 etxebizitza baino gehiagoko sektoreei (eta hori da aldatzen den UPSaren kasua) erregelamenduz eska dakiekeen gutxieneko erreserba moduluarekin ongi egokitzen dena. Proposatzen den araudiari dagokionez, esan daiteke Erabilera xehea finkatzean, "kirol eraikina" aipatzen dela, eta deskribapen horrek interpretaraz dezake esparruaren garapenean zenbait eraikuntza egiteko aukera baztertua dagoela.

Laburbilduz, aldaketak unitatearen antolamendu zentzuzkoago eta funtzionalago bat dakarrela irizten da, eta sinpleagoa eta ekonomikoagoa eraikuntza aldetik, batez ere indarrean den UPSaren aurreikuspenekin -sestraz behetik eta eustorma baten kontra eraikin bat egitea- alderatuz gero.

Horrenbestez, Lurraldearen Antolamendurako Batzordeak 2002ko uztailaren 19an emandako txostena aintzat harturik, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko uztailaren 4ko 10/1994 Foru Legeari eta aplikatu beharreko gainerako arauei jarraikiz, Nafarroako Gobernuak, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak proposaturik,

ERABAKI DU:

1. Hasiera ematea "Mendillorriko Etxebizitza Eremuaren Udalez gaindiko Plan Sektoriala Aldatzeko" espedienteari, Planaren IV. Faseko E.1.2 kirol ekipamenduaren lurzatian, Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak eta Navarra de Suelo Residencial, S.A.(NASURSA) enpresa publikoak sustatu baitute.

2. Espedientea, gutxienez hilabeteko epean, aldi berean jendaurrean eta instalazioek mugapea ukitzen dioten udalaren entzunaldian jartzea.

3. Hartarako, espedientea Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuan egonen da ikusgai (Alondegi kalea, 1-2, Iruña), eta epe horretan zilegi izanen da idatziz nahi adina alegazio aurkeztea.

4. Erabaki hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea, eta Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari, Navarra de Suelo Residencial, S.A. (NASURSA) enpresa publikoari eta Iruñeko Udalari jakinaraztea, bidezko ondorioetarako.

Iruñean, bi mila eta biko uztailaren bian.-Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilaria. Nafarroako Gobernuko idazkaria, Rafael Gurrea Induráin.

Iragarkiaren kodea: A0207846