104. ALDIZKARIA - 2002ko abuztuaren 28a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Herrilanak eta Zerbitzu Publikoak

692/2002 EBAZPENA, uztailaren 30koa, Herrilan zuzendari nagusiak emana. Honen bidez ebazten da jendaurreko fasea eta behin betikoz onesten da "Mendillorrin, iparraldeko aterabidearen eta Telleriako biribilgunearen artean Bide Berria Bikoizteko" proiektua.

"Mendillorrin, iparraldeko aterabidearen eta Telleriako biribilgunearen artean Bide Berria Bikoizteko" proiektua teknikoki onetsi zen eta jendaurrean jarri apirilaren 16ko 402/2002 Ebazpenaren bidez, eta 2002ko maiatzaren 15ean eman zen argitara Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean (59. zk.).

Ebazpen horrek hasiera ematen zion ukitutako ondasun eta eskubideen desjabetzapen espedienteari, eta jendaurrean jartzen zen, interesatuek iruditzen zitzaizkien ohar eta alegazioak egin zitzaten.

Proiektu, Teknologia eta Obra Hidraulikoen Zerbitzuak adierazi du alegazioen epea bukatuta, ondoko hauek aurkeztu direla:

1. alegazioa. Belén Martinicorena Beruete andrea.

Mendillorriko San Guillén 1-15 zenbakietako jabeen komunitateak uste du proiektua ilegala dela, berdegune publiko bat ukitzen duela eta haren neurriak nabarmenki txikitzen dituela. Gainera, ez da kontuan hartu berdegune hori Iruñeko Udalak hartu zuela, unitatearen jabeen nahitaezko lagapen doakoaren bidez, hirigintzari buruzko legerian agindu bezala.

Hori horrela, esaten du begien bistakoa dela proiektuaren trazaduraren ilegaltasuna eta ez duela ulertzen zergatik ez diren ezkerraldeko lurrak ukitzen, oraindik erabili gabe baitaude.

Hortaz, eskatzen du:

a) Alegazioa onartu eta trazadura alda dadila.

b) Trazadura aldatzen ez bada, Departamentuak zarataren aurkako neurriak har ditzala, bizilagunei zarata eta bibrazioen ondoriozko kalterik ez emateko.

Erantzuna:

a) Bide hau egiteak eremu libre publikoei sortuko dien murriztapena ez da garrantzitsua Mendillorriko Plan Sektorialaren barruan (930.710 metro karratu), non, bestalde, aisa gainditzen diren erreserba horretarako agindutako estandarrak (317.691 metro karratu parke eta eremu libreetan). Gainera, kontuan hartuta jarduketaren interes publiko eta soziala eta beste trazadura bat egiteko zailtasuna, bidezkoa da eremu hori hartzea. Bestalde, Mendillorriko Plan Sektoriala onetsi zenean indarra zuen Nafarroako Errepideen Babesari buruzko Foru Legearen arabera, hartutako eremua gaur egungo bidearen jabari publikoko, zortasuneko eta/edo ukipeneko aldeen barruan dago eta alde horien helburua bideak zabaldu eta hobetzeko jarduketak egitea da, proiektatu denaren antzekoak. Gainera, adierazi behar da Nafarroako Gobernuak 2002ko uztailaren 22an hartutako Erabakiaren bitartez, Mendillorriko U.P.S.aren aldaketa onetsi zela, jarduketa hori burutu ahal izateko.

Beraz, ezin da alegatutakoa onetsi.

b) Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak "N-135 errepideko trafikoak Mendillorriko auzoan, proiektutako bide-bikoizketaren ondoko etxebizitzetan sortutako eragin akustikoaren azterlana" erantsi dio proiektuari. Azterlan horretan kontuan hartu dira 2010. urterako aurreikusitako trafiko-dentsitateak, hala nola abiaduraren gehieneko muga (50 Km/h) eta ibilgailu astunen portzentajea (% 2). Kontuan harturik zarataren mailak 135/1989 Foru Dekretuaren V. kapituluko 21. artikuluan baimendutako gehieneko mailak baino txikiagoak direla LAeq,día eta LAeq,noche indizeetan, azterlan horretan ezartzen da ez dela bidezkoa hots-barrera motako neurri zuzentzaileak hartzea. Dena den, bi gomendio egiten ditu, bata bikoizketa egin ondoren zarataren mailen hasierako jarraipena egitekoa, posiblea bailitzateke trafikoaren ezaugarriak aldatzea, eta bestea drainatzen duen zorua erabiltzekoa.

Hortaz, proiektua aldatu da, drainatzen duen zorua jarriko baita hasieran proposatutako zoruaren ordez eta, ondorioz, zirkulazioak sorturiko zarata nabarmenki txikituko da.

2. alegazioa. María Teresa Donazar Pascual andrea, Iruñerriko Mankomunitatearen izenean.

Proiektuaren testuaren arabera, "proiektatutako bidea Telleriako biribilgunetik abiatzen da eta Mendillorriren iparraldeko aterabidean bukatzen da, 30 m-ko erradio duen biribilgune batean. Biribilgunearen bazterrean hiri autobusendako bi geltoki ezarri dira."

Geltoki horien diseinua egokia dela uste du, errei osagarrietan proiektatu direlako, dagokien hiri-ekipamendua dutelako (zutoina eta markesina) eta zebra-bide batez loturik daudelako. Hala ere, errei osagarrietarako aurreikusi den zabalera (3 metro) gutxiegitzat hartzen da, ibilgailuek 2,50 metroko zabalera baitute, eta hori zerbitzua emateko oztopo bat izan daiteke.

Hori horrela, eskatzen du:

Proiektua alda dadila, errei osagarri zabalagoak egiteko (4 metro).

Erantzuna:

Aurkeztutako eskaera bideragarria dela ikusita, proiektua aldatu da, errei osagarri zabalagoak egiteko (4 metro).

Aurkeztutako alegazioak aintzat harturik, proiektua aldatu da eta metro batean handitu autobusendako bi geltokiak hartuko dituzten errei osagarrien zabalera. Gainera, PA-12 motako drainatze-zorua paratuko da hasieran proiektaturikoaren ordez.

Proiektuan sartu diren aldaketen ondorioz, aurrekontua 75.829,56 euroan handitu da, eta, hortaz, lanen aurrekontu berria 1.722.204,48 eurokoa da.

Gorago aipatu den bezala, Nafarroako Gobernuak 2002ko uztailaren 22an hartutako Erabakiaren bidez, Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak Mendillorrin sustaturiko U.P.S.aren aldaketa onetsi zuen. Aldaketa hori proiektu honetan aurreikusitako jarduketaren ondorioa da.

Horrenbestez, Proiektu, Teknologia eta Obra Hidraulikoen Zerbitzuak jakinarazi eta proposatuarekin bat, Herrilan, Garraio eta Komunikazio kontseilariak urriaren 7ko 3912/1999 Foru Aginduaren bidez eman dizkidan ahalmenak erabiliz eta Nahitaezko Desjabetzapenari buruzko Legeko 52. artikuluan xedaturikoarekin bat, Zuzendaritza Nagusi honek,

EBATZI DU:

1. "Mendillorrin, iparraldeko aterabidearen eta Telleriako biribilgunearen artean Bide Berria Bikoiztea" izeneko proiektua jendaurrean egoteko epea bukatutzat ematea, aurkeztutako alegazioei erantzuteko Ebazpen honen azalpen zatian azaldu bezala.

2. "Mendillorrin, iparraldeko aterabidearen eta Telleriako biribilgunearen artean Bide Berria Bikoiztea" izeneko proiektua behin betikoz onestea. Proiektuaren aurrekontua 1.722.204,48 eurokoa da.

3. Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean eta Foru Komunitateko bi egunkaritan argitara ematea.

4. Ebazpen honen berri ematea Proiektu, Teknologia eta Obra Hidraulikoen Zerbitzuari, Bide eta Eraikuntza Zerbitzuari, Desjabetzapen Atalari eta Iruñeko Udalari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, bi mila eta biko uztailaren hogeita hamarrean.-Herrilan zuzendari nagusia, Alvaro Miranda Simavilla.

Iragarkiaren kodea: A0208770