104. ALDIZKARIA - 2002ko abuztuaren 28a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Agintariak eta Langileak

1350/2002 EBAZPENA, uztailaren 23koa, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, organo beraren martxoaren 1eko 269/2002 Ebazpena aldatzen duena. Haren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko gizarte langile izateko 5 lanpostu oposizio-lehiaketa bidez betetzeko deialdia onetsi zen.

Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak martxoaren 1ean emaniko 269/2002 Ebazpenaren bidez Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko gizarte langile izateko 5 lanpostu oposizio-lehiaketa bidez betetzeko deialdia onetsi zen eta 2002ko maiatzaren 13ko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean (58. zk.) eman zen argitara.

Ebazpena argitaratu ondotik ikusi egin da Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiaren 2001eko irailaren 24ko Ebazpena, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen 2000/2001 denboraldiko lan eskaintza publikoa osatzen duten lanpostuetatik, minusbaliatuek betetzeko erreserbatu direnak zehazten dituena, eta erreparatu da deialdiaren lanpostuetako bat minusbaliatuendako erreserba txandan eskaini beharra dagoela eta oinarrien edukian behar diren aldaketak eta egokitzapenak egin behar direla.

Egindako aldaketak direla medio, eskabideak aurkezteko epea, 30 egun naturalekoa, berriz irekiko da.

Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko egitura organikoa aldatzen duen abenduaren 26ko 604/1995 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz.

EBATZI DUT:

1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko gizarte langile izateko 5 lanpostu oposizio-lehiaketa bidez betetzeko deialdia, 2002ko maiatzaren 13ko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean (58. zk.) argitaratua, 1.2, 1.3, 2.1, 3.2 eta 9.1 oinarrietan aldatzea, eta heldu bezala idaztea:

"1.2. Deialdiko lanpostu bat erreserba-txandarako da, minusbalioren bat duten izangaientzat gordea. Gainerako lanpostu hutsak honako hurrenkeraren arabera esleituko dira

a) Lehenbizikoa, hirugarrena, bosgarrena, zazpigarrena eta bederatzigarrena sustapen txanda murriztutik. Txanda horretan sartuko dira Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren edo haren erakunde autonomoen plantillako langile finkoen artetik, deialdian ateratzen denaz beste kategoria batekoak baina maila-talde berekoak edo beheragokoak, eta, betiere, igoera erregulatzeko azaroaren 22ko 347/1993 Foru Dekretuaren 12. artikuluak eta indarra duen Lan Hitzarmenak osatzen dituzten arauei jarraituko zaie.

b) Bigarrena, laugarrena, seigarrena, zortzigarrena eta hamargarrena, txanda irekitik.

Lanpostu hutsak betetzeko hurrenkera lehenbizikotik hasiko da, ez baita aurretik esleitutako lanposturik.

1.3. Txanda murriztuko lanpostu hutsak edo minusbaliatuentzat gordetakoak bete gabe gelditzen badira izangaiek hautapen probak gainditzeko gutxieneko puntuazioa lortu ez dutelako, dagokion txandako izangaiek beteko dituzte, aurreko oinarrian ezarritakoari jarraikiz.

Era berean, igoera txandan eta/edo minusbalioa duten pertsonen txandan, lanpostu hutsak baino gehiago badira probak gainditzen dituzten izangaiak, txanda horietan lanpostu gabe gelditutakoak txanda irekiko izangaiekin lehiatuko dira, zein bere azken puntuazioarekin.

2.1.1. Txanda irekiko izangaiak:

a) Espainiako herritarra izatea, edo Europako Batasuneko beste Estatu batekoa. Orobat, espainiarren eta Europako Batasuneko beste Estatuetako herritarren ezkontideek hartzen ahal dute parte, zuzenbidez bereizita ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bereizita ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira, edo gorakoak, haien kontura biziz gero. Halaber, Europako Elkarteak sinatu eta Espainiak berretsi nazioarteko itunen aplikazio esparruan sartutako lagunek badute parte hartzeko eskubidea, haietan langileen zirkulazio librea aplikagarria bada.

b) Adinez nagusia izatea.

c) Gizarte laguntzailea, Gizarte Langilea edo balio bereko beste bat edukitzea, edo eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunerako eskuratzeko moduan egotea.

d) Dagozkion eginkizunak betetzeko behar den gaitasun fisiko zein psikikoa izatea.

e) Eginkizun publikoetan jarduteko gaitasuna ez kendu ez etena ez izatea eta inongo herri administrazioren zerbitzutik bazterturik egotea.

2.1.2. Sustapen txandako izangaiek, txanda irekiko izangaientzat adierazitakoez gain, honakoak bete beharko dituzte:

a) Nafarroako Foru Komunitatearen edo haren erakunde autonomoen funtzionarioa, estatutupekoa edo lan-kontratatu finkoa izatea eta izangaia dagoen lanpostuan, nondik promozionatu nahi baitu, borondatezko edo behartutako eszedentzian ez egotea.

b) Deitutako lanpostuen maila edo talde berekoa edo beheragokoa izatea eta beste kategoria bat izatea.

c) OLT/DUE titulua izatea, edo eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunerako eskuratzeko moduan egotea, eta Administrazio Publikoetan gutxienez bost urteko antzinatasuna aitortua izatea.

2.1.3. Minusbaliatuen txanda erreserbatuko izangaiek, txanda irekikoentzat ezarritako betebeharrez gain, 100eko 33 edo gehiagoko desgaitasuna frogatu beharko dute.

3.2. Eskabideari erantsita agiri hauek aurkeztuko dira:

a) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren kontuan 18 euro ordaindu izanaren frogagiria, espedientea formalizatu eta azterketa eskubideak izateko.

b) Igoera txandako izangaiek, titulazioaren jatorrizko agiriak edo kopiak, notarioak edo administrazioak konpultsatuak, eta 2.1.2. oinarrian aipatutako baldintzak.

c) Minusbalioren bat dutenen erreserbako txanda; minusbaliatu izatearen frogagiria aurkeztu beharko du, erakunde eskudunek emana.

9.1. Izendapen proposamena argitaratu baino lehen adjudikatuko du administrazio organo eskudunak laneko tokia, probak gainditzen dituzten izangaien eskaerak kontuan hartuta. Betiere, oinarri hauetan ezarri baldintzak beharko dituzte bete, eta hautapen probetan lortu ordenari jarraituko zaio. Lanpostua igoera txandan lortzen dutenei ematen zaie lehentasuna, eta gero txanda irekikoei, minusbalioren bat duten pertsonentzako erreserba barne, zeinek txanda horren barrenean lehentasuna izanen baitute.

Izangai minusbaliaturik bada, eta horrek eragina badu lanpostu bat edo bestea hautatzeko, aukeratzen hasi aurretik, minusbaliarekin hobeki egokitzen direnak adjudikatuko zaizkie, horren gaineko txostena aztertutakoan."

Ebazpen honetan aipatzen ez diren oinarriek edo oinarrien atalek idazketa berbera izanen dute.

2. Eskabideak aurkezteko epe berria irekitzea, 30 egun naturalekoa, Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik aitzina.

3. Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadin manatzea.

4. Ebazpen hau Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Langileriaren Kudeaketa, Sarrera eta Barne Igoerako Zerbitzura eta Deialdiak Izapidatzeko Unitatera eta Osasun Departamentuko Idazkaritza Teknikora igortzea, behar diren ondorioak sor ditzan.

Iruñean, bi mila eta biko uztailaren hogeita hiruan.-Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Víctor Manuel Calleja Gómez.

Iragarkiaren kodea: a0208735